Udalaren diru laguntzak amateurren euskarazko lanei

Uztarria

Udalak 2000ko Antzerki Topaketen barnean deialdi bat ireki du. Helburua euskal talde amateurren antzezlanak jendaurrean estreinatzeko aukera ematea da. Jendeak gehien gustatzen zaiona aukeratuko du.

Euskal Antzerki Topaketen irudia
Euskal Antzerki Topaketen irudia.    (Iñaki Agirre)

Proiektu berriak aurkezteko epea, 2000ko ekainaren 1etik 2000ko uztailaren 1a artekoa izango da. Era berean, azken erabakia, irailean, prentsa eta komunikabideen bidez plazaratuko da.

Azpeitiko Udalaren eskeintza honako hau da: Udalak produkzio berriaren gastuaren zati bat subentzionatuko du. Antzerki taldeak, aldez aurretik, kontratuaren sinadurarekin batera, diru laguntza horren %60 jasoko du , eta gainerako %40 berriz, emanaldiaren ondoren. Publizitate-zabalkundeari dagokionez, Azpeitiko Udalak plazaratuko dituen kultura programa guztietan azalduko da, baita Euskadiko Euskal Antzerki Topaketetako eskuprogrametan eta egingo diren Irrati programetan ere.

Diru laguntza eskuratu nahi izanez gero, hainbat baldintza bete beharko dira, besteak beste, antzezlana Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen barnean estrenatzea , antzerki lana euskaraz izatea, proiektua Azpeitiko Udaletxean epearen barnean aurkeztea eta antzerki taldeak udalaren erabakiak onartzea.

Azpeitiko Udalaren Kultura Batzordeak eta Arte eta Diseinu Zentroak antolatutako aurtengo Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketara 25 lagun eta 32 lan aurkeztu dira. Aurkeztu diren lanen erakusketa Udaletxearen beheko solairuan izango da maiatzaren 21etik hasi eta ekainaren 4a bitartean. Astelehenetik ostiralera, arratsaldeko seietatik zortzietara. Larunbatetan ere erakusketa goiz eta arratsaldez ikusteko aukera izango da, eguerdiko 12:00etatik 13:00era eta arratsaldeko seietatik zortzietara. Igandeetan berriz, eguerdi partean:12:00etatik 14:00etara.

Aurten lehen aldiz, ikuslegoak gehien gustatzen zaion kartela aukeratuko du eta, horretarako hain zuzen ere, erakusketan bertan txartel batzuk izango dira botoa eman ahal izateko.