Gau luzeeneko jaiak

Aitor Alberdi

Urrestillako festa komisioak buru belarri dihardu jaiak antolatzen. San Juanetan adin guztiek izango dute jaietarako parada. San Juan bezperan hasi eta aste buruan zehar izango dira jaiak.

 
Arbolaren inguruan ekitaldi ugari izaten da festetan
Arbolaren inguruan ekitaldi ugari izaten da festetan.   

Urteko gaurik luzeena hurbiltzen ari dela eta, urrestildarrak buru belarri dihardute, beti bezala alaitasun eta xestraz, bertako festak prestatzen, San Juanak.

Urrestillako festa komisioa hamabi bat gaztek osatzen dute. Egitaraua antolatuta badute ere, festa komisiokoen esanetan, ez da bitxikeri eta inprobisaketarik faltako festetan.

Urrestillako festa komisioaren helburuak, festak indartzea eta urrestildar guztientzako festak antolatzea izan dira batez ere: «Herritar guztiontzat atseginak eta erakargarriak izango diren festak antolatzea da gure nahia. Zahar, heldu, gazte eta txikiak, denok batera ondo pasatzea da lehenik eta behin lortu nahi duguna. Bestalde, herri txikietako festak indartzea da gure erronka nagusia. Herri txikietako festak euskal kulturaren parte direla uste dugu, eta hauek mantendu eta suspertu behar ditugu. Urrestildarrok ondo pasako dugula badakigu ere, gainontzekoak gurekin batera festan parte izan nahi ditugu».

San Juanetarako diru iturriak festa komisioak urtean zehar antolatutako ekintzak eta udaletik jasotako dirulaguntza dira nagusiki. «Festa hauetarako dirua lortu asmoz gabon eskean baserriz-baserri ibili ohi gara eta herritarren borondateari esker diru laguntza garrantzitsua lortzen dugu. Gero Santo Tomas egunean txosna eta karroza kaleratzen ditugu. Urte osoan zehar kamisetak saltzen ditugu eta diru honekin eta udalak ematen digunarekin San Juanak prestatzeari ekiten diogu».

«Urrestilla Herri da»

Egun nahiko ezaguna da urrestildarren pentsakeraren islada den irudi hau. Baina ez da oraingotxea, ez. 1976an Juan Bautista Berasategik margotu zuen. Zerbait berezia nahi zuten eta baita lortu ere! Txillidak ere eskatu omen zuen pegatina bat, desberdina zela-eta.