“Hizkuntza bat edo bestea hitz egiteak asko adierazten du”

Nerea Uranga

Euskara Patronatuak Josu Goenaga azpeitiarraren «Azpeitiko gazteen jarrera euskararen inguruan. Ikerketa soziolinguistikoa» ikerketa proposamena aukeratu du Iturri Zahar bekara aurkeztu diren lanen artean.

 

Nolatan aurkeztu zara Euskara Patronatoaren Iturri Zahar bekara?

Egunkarien bidez izan nuen Euskara Patronatuaren Iturri Zahar lehiaketaren berri. Uste nuen gainera, proiektu majo bat banuela, horretan Patxi Juaristi unibertsitateko irakasleak lagundu zidan. Eskuartean nuen proiektua lehiaketako gaiaren, Azpeitiko euskararen, inguruan zerbait egiteko aukera egokia zela ikusten nuen. Soziologia aldetik aztertzeko gai egokia zela uste nuen. Proiektua bekara aurkeztu eta zain egon naiz, esan didaten arte niri eman didala epaimahaiak. Oso gustora nago.

Azterketa soziologia arlotik egingo duzu eta aztergai gazteak izango dituzu, ezta hala?

Bai, hala da, baina nik DBHko gazteak aztertuko ditut, 18 urte bitartekoak.

Zergatik aukeratu dituzu gazteen artean 18 urte bitartekoak?

Hasiera batean haurrekin pentsatu nuen. Ordea, umeak gehienbat etxeko hizkuntza hitz egiten dute. Hizkuntzak berak gauza asko adierazten ditu, badu zeresanik euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiteak bere konotazioak ditu. Gauza askogatik gertatzen da hizkuntza bat edota bestea erabiltzea.

Gazteak bai, umeak ez eta helduak zergatik ez?

Gazteak ikertzeak aukera asko ematen ditu. Ikastetxeetara joan eta denak artaldean topatu ditzaket. Helduak berriz sakabanatuak daude. Eta azken finean gazteak dira etorkizuna eta hori garrantzitsua da.

Ikerketa, soziolinguistikoa da.

Nik egin ditudan ikasketetan, hizkuntza soziologikoa-eta ikasi ditut. Esaterako, ikerketa historiko bati ez nioke inola helduko, horretarako teknikak-eta ez ditudalako ezagutzen. Aldiz, hizkuntza soziologikoa, soziologi arlokoa da eta arloa gehiago ezagutzen dut. Gainera, nire ustez ikerketa hau baliogarria izan daiteke, prezedente on bat dela uste dut, gero beste herri antzeko ikerketa bat egiteko ere.

Nola ekingo diozu lanari?

Proiektuaren memorian azaldu bezala, teknika estatistikoak erabiliko ditut eta ondoren datuen interpretazioa egingo dut.

Zer teknika dira horiek?

Hiru teknika erabiliko ditut lanerako: bata inkestak izango dira, eskolatik eta ikasgeletatik pasako ditut inkestak eta gero emaitzak ordenagailu bidez landuko ditut, eragiketa desberdinak eginez. Adibidez, ikusi zein den gaztearen jatorria, ea gurasoen jatorriak baldintzatzen duen gazteak euskara edota gaztelania erabiltzeko. Baiezkoa bada zenbatean. Baita ere, sakoneko elkarrizketak egingo ditut, ikasle, guraso eta ikasleekin. Eta behaketa zuzena da erabiliko dudan hirugarren teknika, honetarako gazteen artean sartu behar dut, beraien artean, baina sartu gabe. Hiru azterketa hauek leku desberdinetan eta beraiek ibiltzen diren lekuetan egin behar ditut. Euskararen inguruan ze jarrera duten eta noiz hitz egiten duten jaso behar dut.

Lan txukun bat egiten bada, udalak argitaratzeko asmoa azaldu du. Argitaratzea gustatuko al litzaizuke?

Argitaratzeko lan txukun bat egin beharko dut, eta horretan saiatuko naiz. Ilusioa egingo lidake argitaratua ikusteak, ni neu oso liburuzalea bainaiz.

Iosu, eta zuk zeuk nola ikusten duzu euskara Azpeitian eta azpeitiarren artean?

Azpeitia euskalduntze mailan eredu bat da 10.000 biztanle gainetiko herrien artean. Azpeitiarrok gehienbat euskaraz hitz egitera jotzen dugu, osasun ona ikusten diot euskarari herri mailan. Gazteak gehiago edo gutxiago, baina, gai ikusten ditut euskaraz ulertu eta hitz egiteko eta hori uste dut oso datu positiboa dela.