Eguraldiaren berriemaile

Nerea Uranga

Onintza Segurolak Euskadi Irratian eguraldiaren berri ematen du. Etxetik, metereologoekin hitzegin mapak behatu eta iragarpenak egiten ditu. Lan zaila dela dio.

Onintzak etxean duen pantailatik behatzen ditu mapak
Onintzak etxean duen pantailatik behatzen ditu mapak.    (Nerea Uranga)

Onintza Segurola kazetaritza ikasketak egiten ari zela hasi zen irratian lanean, zortzi urte daramatza Euskadi Irratian eta telebistan informatiboetan ere jardun izan du. «Kazetaritzako hirugarren mailan nenbilela hasi nintzen Euskadi Irratian, gabonetan, udan-eta ordezkapenak egiten. Denetik egin dut irratian, informatiboetan, kiroletan, programetan-eta. Aurten ETB-ko infomatiboetan bi hilabetez aritu naiz».

Hilabete batzuk badira Euskadi Irratian eguraldiaren berri ematen hasi zela. Egunero, astegun eta asteburu, goizeko bostak eta erdietan hasten da lanean, metereologoekin hitz egin, etxean EITBk jarritako pantailan mapak begiratu eta Iurretako metereologia zentruarekin harremanetan jartzen da. Eguraldiaren iragarpena prest duenean, Euskadiko Irratian eguraldiaren berri ematen du eguardi artean eta arratsaldean. «Metereologoekin hitz egin, mapak kontsultatu, tenperaturak eta zenbat euri egin duen jaso, beti eguraldiaren berri eman baino lehen ohetik jeiki eta kanpoan ze eguraldi egiten duen begiratzen dut. Etxetik irten orduko ere zerura begiratzen dut».

‘Eguraldi-emakumea’

Betidanik interesatu izan zaizkio eguraldi kontuak Onintzari. «Odile Kruzetak eguraldiaren berri ematearena eskaini zidanean, niri eskaini izanaren arrazoietako bat ni baserritarra izatea zela azaldu zidan, baserritarra izateari garrantzia ematen diote. Baserritarrek asko begiratzen diote eguraldiari, belarretarako-eta. Nik neuk ikusi dut gure baserrian, han beti entzun ditut tenporak eta zozomikotearen kontuak».

Metereologa ez bada ere, eguraldi-emakumea dela dio Onintza Segurolak. «Ni metereologa ez naiz, baina beti interesatu izan zait eguraldia. Lan hau eskaini zidatenean ere, arduradunek uste zuten emakumeak ere gai garela eguraldiaren berri emateko, besteak bezain ondo egin nezakeela uste zuten».

Iragarpen zailak

Euskal Herria txikia bada ere, bertako eguraldiaren berri ematea zaila dela iritzi dio Onintzak. Euskal Herrian kilometro gutxitan eguraldi desberdina egiten duela dio: «Oso oso zaila da Euskal Herriko eguraldiaren berri ematea. Euskal Herria oso txikia da, baina denetik dago. Andoainen urdin egon daiteke eta Lasarten euria. Askotan eguraldi bat iragarri eta jendeak bere parean ez badu ikusten akabo. Kilometro gutxitan asko aldatzen da».

Konpromiso handiko lana

Eguraldiaren berriemailearentzat badira iragarpenak konpromisu handia eskatzen duten egunak, jai egunak eta oporraldiak. Eguraldia iragartzeak errespontsabilitate handia eskatzen du, jendea egunero adi baita. Onintzak ere badaki, jende askok belarria jarria duela berak zer iragarriko Euskadi Irratietako uhinetatik barrena. «Herri Urratseko eguna-eta errespontsabilitate handikoak dira. Asteburutan berriz, jendea ostegunetik hasten da galdezka, ea asteburuan ze eguraldi egingo duen-eta. Ordea, egun batzuk aurreragotik ez da garbi ikusten ze eguraldi egingo duen, 10etik 8 ez da garbia. Ze eguraldi egingo duen 24 ordu aurretik jakiten da».

Uda gertu den einean, jendea eguraldiaren berri izateko irrikitan da. Udan jendeak izaten duen jakinminaren berri jaso du Onintzak Pello Zabala eta Andoni Aizpururen ahotik. «Uda gerturatzen doala-eta baserritarrak adi daude eguraldiaren berriei. Txarrena, uda garaia dela uste dut. Euskal Herria ez da Andaluzia bezala, hemen mendiak eta daude. Eta haizea aldatzea nahikoa da eguraldia aldatzeko». Ea bada, uda denon gustokoa iragartzen digun Onintzak.