Tenporak eta zozomikoteak

Baserrian ikasi du Onintzak tenporen eta zozomikoteen inguruan. Onintza Segurola Matximentako Largarate baserrikoa da. Etxean edota eta bere osaba den Nikolas Segurolari ere galdetu izan dio zalantzaren bat duenean: «Nikolasek lehengo gauzetaz eta asko daki, tenporen inguruan, haizeak eta abar. Bai Nikolasi baita etxekoei ere galdetzen diet. Eta alderantziz etxekoak ere ze eguraldi egingo duen galdetzen didate».

Jendeak tenporetan duen fedea errespetatzeaz gain, begiratu eta tenporen berri eman beharra dagoela azpimarratzen du Onintzak: «Nahiz eta nik asko ez sinistu tenporetan, jendeak fede izugarria du. Aurten fresko eta lehorra gelditu zen udaberria, ordea, apirilean euria besterik ez du egin».

Tenporak nola gelditzen diren eta ze behatu behar den ere badaki Onintzak: «Tenporetan jendeak ze eguraldi gelditzen den hartzen du kontutan, baina haizeak izugarrizko garrantzia du, eguneroko eguraldi iragarpenetan bezala, tenporetan ere hala gertatzen da».

Onintzak berak tenporetan baino zozomikoteetan fede handiagoa du. «Zozomikoteetan gehiago sinisten dut eta normalean txarra gelditzen da».

Onintzaren iritziz egunean eguneko iragarpenak du garrantzia gehien. Bost egun aurretik eta eguraldia iragartzeak eta bete betean asmatzea ezinezkoa da. «Egunean egunekoa da, miraririk ez dago, hemendik bi hilabetera ze eguraldi egingo duen esateko».

Udaberrirako lehorra eta freskoa gelditu zen, datorren urtaroko tenporak ekainean izango dira. Udarako eguraldiaren berri nahi duenak, eta tenporetan fedea duenak ekaina arte zain egon beharko du.