Zorionak, ‘tia Antxona’

Nerea Epelde - Iban Arregi

Azpeitian bizi izan da beti Antonia Nazabal, senideekin. Beste guztiaren gainetik, telebistan zezenketak ikustea dugu gustokoen. Egunero ateratzen da kalera, mezara joateko, bakar bakarrik gainera.

Urtero joaten da tia Antxona saninazioetako zezenketetara. Argazkia iazkoa da, eta bere eskuinetara iloba Mila ageri da
Urtero joaten da tia Antxona saninazioetako zezenketetara. Argazkia iazkoa da, eta bere eskuinetara iloba Mila ageri da.   

Mezatik bueltan, etxera afaltzera doa berarekin topo egin dugunerako. Egunero moduan, bakarrik egin du miserikordiarako buelta. «Afaltzeko gosetu naiz ja» esan eta makalatik sartu da etxera, mahaira zuzenean. Afaldu eta fregatua egitea berari dagokio, gauero moduan —utzi nahi ez diogun arren, zeinek komentzitu...—; Telediario ikusi eta ohera, 22:30ak aldera.

Ekainaren 7an beteko ditu 100 urte. Eta halakoxe bizia darama tia Antxonak, 100 urte betetzear den batentzako oso ohikoa ez. Bera «oso gustora» bizi dela esan orduko, 100 urteen kontua aditu ere ez duela egin nahi esan digu, «bizitzeko denbora gutxiago geratzen zaidan seinale da-eta».

Tia Antxonak gauza asko ditu gustoko, baina nahien-nahiena telebistan zezenketak ikustea. Horretan dagoenean, eta etxekoek ondo dakite hori, hango kurruska eta oihua! «Gehiena toreroa harrapatzea gustatzen zait, baina minik eman gabe, jakina», dio neska-kozkor gaizto aurpegia jarrita. Saninazioetan ere urtero joaten da zezenketak ikustera, eta aurten ere badu joateko asmorik, «dudarik gabe gainera». Kantatzea da bere beste afizioetako bat. Bere ahots ona lagun, famili arteko bazkarietan izaten da errepertorio bat edo beste. «Gehiena, isil-isilik dago... gustatzen zait».

Afizioak bai, baditu afizioak Tia Antxonak. Baina egunean zehar lan piska bat egitea ere gustatzen zaio, «bestela aspertu egiten naiz-eta». Hala, goizero-goizero bere ohea egiteaz gain, bestelako lanetan ere jarduten du arratsaldetan: «neguan erropa garbiak erradiadoreetan zabaltzen ditut lehortzeko, erropak bildu; eta uda aldera baba handiak eta ilarrak aletu...» .

Lo ere zoragarri egiten du, bere etxekoek diotenez. Bera tarteka kexatzen da, baina albokoek ezetz diote, lo primeran egiten duela, seko. 100 urteak horrela harrapatzeko zer egin duen galdetu diogu, ea ezer berezirik egin duen. Eta berak ezetz, berak bizi normala daramala. Hori bai, otordu bakoitzean ardo tragoxka bat beti ere, «medikuek osasunarentzako ona dela esaten dutelako».

Bejondeizula, Tia Antxona. Zorionak!