Kilometroak helburu

Enekoitz Esnaola

Diego Garciak eta Andoni Egañak lasterka apustua dute 25ean, Azpeitiko zezenplazan, Kilometroak’00-ren alde. Diegok bost kilometro egin baino lehenago, Egañak hiru eta erdi egin beharko ditu. Uztarriak biak bildu ditu.

 
  (Iñaki Uranga)

Lehenengo aldia diat zezenplaza honetan sartzen naizela, baina uste diat ondo moldatuko naizela», bota du plazan sartuko orduko Andoni Egañak; Martxialeneko keari begira dela esan du, ordea. Dena den, sasoiko dago Egaña, fin-fin. Zarautzen, Astin, makina bat aldiz entrenatzen da eta datozen egunetan «serie serio» batzuk egingo dituela ere badio. Baina hilaren 25ean Egañak berak ere kea botako du Diego Garciaren kontra, azken hau hasi baita ondo jartzen, pare bat hilabetean giharretako arazoekin egon ostean.

Kilometroak’00-ren alde ariko dira biak, Azpeitiko zezenplazan, eguerdiko hamabietan hasiko den jaialdian —aizkolariak, harrijasotzaileak eta abar ere egongo dira—, eta hauxe dute apustua: Diego Garciak bost kilometro egin beharko ditu (50 itzuli) Egañak hiru kilometro eta erdi egin aurretik (35 itzuli). Xebaxtian Lizaso antolatzaileak badu faboritoa: Egaña. Baina berriro ke kontuak atera dira: «Hurrengo egun hauetan, ordea, gutxiago erre beharko hukek», esan dio Egañari berari.

Egaña-eta hitz eta pitz ari diren bitartean, Diego Garciak bereari ekin dio: plazan lasterka hasteari. «Nahiko ondo zagok, gogorra». Hura lasterka ikusita, Egaña ez da pentsatzen jarri noiz hasi pausoa luzatzen, berak ere probatu egin nahi duelako terreno berria, eta gustura geratu da. «Baina ez zekiat 35 buelta emango ditudan, Diego. 32-33, hortxe ibiliko nauk. Ito egiten bainauk. Orain ibili dituk ba Juanito Oiarzabal-eta Everesten, ba ni ere haien bezala ibiliko nauk bukaeran, oxigenorik gabe». Baina apustua galtzen badu ere, Egañak dio kontent geratuko dela. «Munduko errekorra lortuko diat: zezenplazako hiru kilometro eta erdikoa».

Diego lehen ere lasterka eginda da Azpeitiko zezen-plazan, eta ez omen dio kontrarioari batere aholkurik emango. «Esaten den bezala, kontrarioari urik ere ez». Irabaztera aterako da Diego, lehenago galduta dagoelako beste apustu bat Egañarekin: orain dela bi urte, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian —Egañak ez zuen egin Diegok egindako denboraren bikoitza—. «Oraingoan nik irabaziko diat, hori seguru. Gainera, pare bat hilabetean korrika ezin eginda egon nauk, eta gogoz nagok», dio Diegok.

Gainera, moralarekin dago; batetik, martxoan Seulen ikaragarrizko maratoia egin zuelako —bigarren bukatu zuen—, eta, bestetik, abuztuaren 27an Japonian mararoi bat korritzeko egundoko eskaintza ekonomikoa jaso duelako. Orduan izango du Diegok bere azken maratoia. Urrian 39 urte beteko ditu, eta ba omen du erretiroa hartzeko garaia. Egañak ere urrian beteko ditu 39 urte, eta behin esan zuen 40 urtetik aurrera ez dela bertsotan ikusten. Ez ote du erabaki hori hartuko!

Badaezpada lehenago saiatu beharko da baten bat bi hauen arteko bertso apusturen bat antolatzen. Zaila izango da, ordea. Izan ere, arazo bat omen dago, Egañak dioenez. «Diegok lehengoan esan zian Seulen arazo bat izan zuela azkeneko kilometroetan berekin batera zihoanarekin, ez omen zirelako elkar ulertzen. Ba Diegori eta bioi horixe gertatzen zaiguk afariren batean bertsotan hasten garenean: ez garela ulertzen. Horregatik ez diagu jokatzen bertsotan apusturik».

Bestela mundial ulertzen dira. Baita ulertuko ere, salbuespen batekin: hilaren 25ean ordu laurden batez kontrarioak izango dira.