“Futboleko jendeak badu zeresana eta ezin du futbola bakarrik eskaini”

Igor Aramendi - Enekoitz Esnaola

Puntako hainbat futbol talde edo selekzio entrenatu ditu Xabier Azkargorta azpeitiarrak (Espanyol, Sevilla, Bolivia, Txile...), eta orain liburu bat idatzi du: Futbolsofia. Hemen izan da Gabonetan izan da, eta tarte bat egin digu.

 

Liburu idatzi berri duzu: Futbolsofia. Oso liburu humanoa da.

Jendeak esaten du futbol mundua ez dela oso kultuegia, eta nik jendearen uste horrekin hautsi egin nahi dut. Eta erakutsi nahi dut futboleko jendeak, futboletik aparte, beste gauza askoren inguruan zer esana badugula.

Zuk diozu futbolaria, gizakia dela beste edozer baino lehen. Eta futbola zer da?

Azken batean futbola, futbola da. Nik uste gauza batzuek hain handiak direla, azkenean hitzak berak definitzen duela bera. Gero, futbola bereizten hasiz gero, ba arlo asko daude, eta haietako bat da politika. Jendeak esaten du ez nahasteko futbola eta politika, baina hori ezin da; futbola eta politika nahastuta daude. Politikoak gauza asko izango dira, baina tontoak ez dira, eta badakite zenbat jende mugitzen duen kirol honek.

Zuk uste horrenbeste hazi dela futbola komunikabideak buru-belarri sartu zirenetik?

Era batera bai hasi dela. Alegia, garai batean futbola etxeetara ez zen horrenbeste sartzen, eta orduan ere futbolaz zekien jende ugari bazegoen ere, jende batek futbolariak ez zituen ezagutzen. Gaur egun bai, sukaldean dituelako futbolariak, telebisten bidez. Baina beste gauza bat: jendea ez da lehen baino gehiago joaten futbolera.

Horrenbeste jendek segitzea futbola eta hain gutxik ezagutzea benetan kirol hori, horrek ez al du arriskutsu bihurtzen futbola? Kontrolaezina?

Nik uste ez dela arrisku-tsua. Izan ere, barruan gaudenok ez gaude erotuta. Hor arrisku bat dago soilik: profesionalok erotzea.

Baina gaur egun futbolean futbolekoa ez den jende asko dago.

Nik esango nuke ezegonkortasun arazo bat dagoela hor. Gaur egun jende batek izugarrizko presa dauka aberasteko, eta orduan horretarako bide erraza eta azkarra ikusten dute futbolean. Eta izugarrizko diru pila mugitzen da. Eta nik hau esaten dut beti: zelai batean elkarren ondoan daude Real Madrideko Anelka eta Rayoko Ferron, eta Anelka kostatu da 5.500 milioi pezeta eta Ferron 50, baina zero horien denen aldea zelaian inoiz ez da egongo. Nork egiten du aldea? Komunikabideek. Beraz, erokeria baino gehiago, ezegonkortasuna dago hor.

Horrek norabide egokia hartzen ez badu, pott egiteko arriskua?

Bai, beste arlo denek bezalaxe.

Liburuko aipu bat: Nolako hutsunea gizartean hamabost egunean hedabide bakar bat ere futbolaz ari ez balitz!. Zer gertatuko litzateke hamaseigarren egunean?

Ez ginateke helduko hamabosgarren egunera ere.

Futboleko gizona zara, eta berotasuna eta etsipena dira zure ustez futbolean gehien erabiltzen diren kontzeptuak. Kontzeptu negatiboak dira, ezta?

Bai, baina negatibitate horren barruan solte dauden indar batzuk dira, eta horiek bideratuz gero, izugarrizko indar ona dute haiek. Hori argindarra bezala da: menditik indar handiz datorren ura ez bideratuz gero, txikizioa egingo dizu, eta, gainera, indarrik ez duzu; baina ondo bideratuz gero, indarra izango duzu, eta, gainera, txikiziorik ez.

Beharko ondo bideratu berotasuna eta etsipena futbolean, ezen gizarte frustrazio askok babeslekua aurkitu du futbolaren munduan diozu.

Bideratu beharra dago, nola ez. Baina frustrazio kontu hori bestaldera ere gertatzen da. Badago jende bat igande iluntzean ez dela pertsona bera Realak galdu edo irabazi.

Futbola maite duzu, baina dezente kritikatzen duzu. Adibidez, diozu gezurrak eta amarruak daudela futbolean.

Ni Ingalaterrako Munduko Txapelketan hasi nintzen ohartzen horretaz. 1966a zen. Jende guztiak esaten zuen Ingalaterrak irabazi behar zuela titulua. Hasieran ez nuen hain garbi ikusten. Gero ikusi nuenean Argentinako kapitaina, Ratin, bere banderatxoarekin zegoenean jende dena isil-isilik zegoela, eta ohartzen zara Malvinetako kontua zegoela hor. Inozentzia galtzen duzu.

Jokalariak ere kritika-tzen dituzu. Beraien erara bizi direla, hitzaldiak ez dituztela aguantatzen...

Egiten diet, bai, kritika bat, baina baita ere esaten dut jokalaria dela futbolean dagoen gauzarik onena eta garbiena. Baina, bai, jokalaria sarritan bere munduan bizi da.

Jokalariak ez al dira gehiegi saiatzen?

Entrenatzaile batek gaur egun eskubide osoa dauka goizez eta arratsaldez entrenamendua jartzeko, baina jokalariekin arazoak izan ditzake entrenatzaile horrek. Uste dut jokalari profesionalak gehiago saiatu beharko liratekeela.

Zuk diozu aldagelak ipurdia erretzen diela jokalariei, segituan ospa egiten dutelako. Baina gero Albert Camus idazlearen eta futbol-praktikatzailearen esaldi bat jarri duzu liburuan: Giza moralitate eta obligazioei buruz zehazkiro dakidan guztia ikasi dut futbolean. Nola ezkontzen dira zuk aipatutakoa eta Camusen iritzia?

Camus frantziarra zen, eta Aljerian bizi zen. Eta hark dio garai hartan berak bizi izan zituen elkartasun keinuak futbolean bizi izan zituela, aljeriarrekin nahasten zen une bakarra futbol ordua zelako. Futbola da oraindik ere klaseak eta arrazak nahasten dituena edo ez dituena bereizten, ekipoan horrelako jendeak batera jokatzen duelako.

Baina puntako futbolean ez du ematen elkartasun handirik dagoenik.

Talde txiki batetik handi batera pasatutako jokalari batek hauxe esaten du beti: “Lehengo taldeko lagun-giroa botatzen dut faltan, afari haiek...”. Talde handietan bukatzen da entrenamendua, jokalariek hartzen dute autoa, eta bakoitza bere etxera. Lehen detaile gehiago zeuden puntako futbolean. Adibidez, orain dela hamasei urte, eta neu entrenatzaile nintzela, klubetan zuzendari moduko bat egoten zen eta haren arduretako bat zen jokalariak nolabait zaintzea, eta jokalari baten emaztearen urtebetetzeak baziren, zuzendari hark lora sorta bat bidaliko zion jokalari haren emazteari, eta horrek lagun-giro bat sortzen zuen taldean. Gaur egun galtzen ari da hori. Baina galdera bat: bizitzako beste arloetan ere ez al da ari hori gertatzen? Nik uste baietz. Esaterako, lehen lantokiko afari gehiago egiten ziren, edo lehen sarriago egiten zen txikiteoa.

Herri handietan eta txikietan gertatzen den bezala, futbol talde handietan txikiagoa izango da elkartasuna eta lagun-giroa talde txikietan baino. Baina umeek-eta ekipo handietako jokalariak dituzte eredu.

Hala da, eta, tamalez, gaur egun jokalari gazteek heldutasun falta handia dute, 20 urterako oso-oso aberatsak direlako eta gero eta gutxiago kezkatzen direlako kaleko arazoez.

Liburuan batik bat Boliviaz aritu zara. Zergatik?

Nik han ikasi nuen zer gogorra den bizitzea. Han jendeak lo egiteko tokia eta janaria izanez gero, handik aurrerakoa ongi-etorria. Han badago oso-oso jende aberatsa, baina baita oso-oso pobrea ere, asko gainera, eta hango aroa bukatu eta gero beste era batera ikusten ditut gauzak. Bizitzako detaile txikiak askoz gehiago baloratzen ditut harrezkero.

Boliviara ondo egokitzeko ingurua ezagutu beharra izan zenuela diozu.

Ezinbestekoa zen hango gizartea ezagutzea, eta Amazoniara eta abar joan nintzen propio. Dena den, nik hori beti egin izan dut, joandako toki guztietan. Esaterako, Kataluniara joan entrenatzera eta seigarren hilabeterako banekien katalanez hitz egiten. Sevillan ere egon nintzen, eta egon seguru hango Aste Santuaz andaluziar askok ez dakizkiten gauzak dakizkidala nik. Baina Bolivian jaso nuen inpakto hori ez dut inon eduki.

Ezin nintzen besterik gabe entrenatzera mugatu, diozu.

Agian euskalduna izateak ere badauka zerikusirik. Kanpotik Euskal Herrira etortzen den jendea saiatzen bada geure ohiturak onartzen eta euskara ikasten, guk asko baloratzen dugu hori. Horregatik gustatzen zait niri toki batera joan eta eskaintzen sartzea eta ez exijitzen.

Boliviako kartzeletan izan zinen, Unicef-eko kanpaina bat egin zenuen...

Komunikabide bat delako futbola, eta han, Bolivian, neuk egindako gauza batzuek egundoko arreta jasotzen zuten hango gizartean, eta toki eta une batzuetan futbol entrenatzaileoi jaramon handiagoa egiten digute gobernuko presidenteari baino. Gogoratzen naiz behin Boliviako telebistan nola egin nuen iragarki bat umeen diarrea mozteko, urtean 25.000 ume hiltzen baitzen han. Begira zer arazo! Futboleko jende batek ezin du futbola bakarrik eskaini, zeresana baduelako.