Zertan aporta dezake gure udalak Udalbiltzan?

Enekoitz Esnaola

Udalbiltza sortu da, baina zer egin dezake udal ordezkariek sortutako erakunde horrek? Lehendabizi azterketa orokorra egingo du. Azpeitiko alkateak, EHk eta EAk diote gurea udal garrantzitsua izan daitekeela.

Udalbiltzako Batzorde Iraunkorra, Bilbon, Euskalduna Jauregian
Udalbiltzako Batzorde Iraunkorra, Bilbon, Euskalduna Jauregian.    (Egunkaria)

Euskal Herri mailako lehen erakundea sortu da». Horixe zioten joan den irailaren 18an Bilbon, Euskalduna Jauregian, Udalbiltzaren sorreran egon ziren guztiek. Eta hala da, Euskal Herriko sei lurraldeak kontuan hartutako erakundea baita Udalbiltza. Sei lurraldeetako udaletako zinegotziak eta alkateak daude –ez guztiak–. Bilbon irailaren 18 hartan 1.776 hautetsi eta auzapezek eman zioten babesa erakunde horri. Aurretik, otsailaren 6an, Iruńean 660 bat kide bildu ziren, udal ordezkarien lehen bileran.

«Iparra eta Hegoa gertuago daude orain», «guztiei irekia», «proiektu nazionala gorpuztu behar da» eta antzeko esaldiak entzun ziren Udalbiltzaren sorreran Bilbon. Han izan ziren Azpeitiko Udaleko ordezkariak ere, eta giro onaren seinale da batera joan zirela EAJ, EH eta EAkoak. Jose Mari Bastida alkateak aurreko Batzorde Iraunkorrean parte hartu zuen, eta Iruńeko Biltzarrean, adibidez, mahai nagusian egon zen. Orain ez dago zuzendaritza berrian. «Izan ere, gure alderdiak erabaki du jende berri bat sartzea, eta ni lehengoan egon nintzenez, ba orain beste batek hartu dit niri lekuko», esan digu Bastidak.

Uztarria Herri Aldizkariak alkatearekin berarekin (EAJ), Miren Odriozola (EH) eta Javier Beobiderekin (EA) hitz egin du Udalbiltzari buruz, ea, erakunde hori hain «garrantzitsua» izanik, Azpeitiko Udalak zertan aporta dezakeen galdetuz. «Lehendabizi, Udalbiltzatik bidalitako mozioa onartuz», dio Miren Odriozolak. Hain zuzen, Udalbiltzak Euskal Herri guztiko udal denei bidali die mozioa, bakoitzak udal gisa atxikimendua adierazteko.

Dena den, Bastidak dioenez, «zaila» da une hauetan jakitea zertan lagundu dezakeen Azpeitiak, «Udalbiltzak oraindik ez duelako ezer zehatzik».

Bost lan talde

Baina horretan ari da erakunde hori. Euskal Herriko azterketa orokorra hasi da egiten. Eta horretarako bost talde sortu dira Batzorde Iraunkorrean: 1. Euskara; 2. Kultura, Kirola eta Komunikazioa; 3. Lurraldearen antolaketa; 4. Hezkuntza eta Irakaskuntza; 5. Garapen ekonomikoa eta soziala.

Udalbiltzak euskara izango du lan, zerbitzu eta komunikazio guztietarako hizkuntza.