Mendizaleen buelta

Iban Arregi

Hilaren 21ean Lizarrustin hasi eta Otzaurten bukatuko da Gipuzkoako Itzuliko azken etapa. Orain dela 11 urteko esperientziak animatu ditu. Itzuliari datorren urtean ekingo diote berriro.

Lagun Onak Mendi Bazkunak aurten antolatutako irteera bateko irudia
Lagun Onak Mendi Bazkunak aurten antolatutako irteera bateko irudia.    (Lagun Onak M.B.)

Azaroaren 21ean, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, Gipuzkoako Itzuliko zazpigarren eta aurtengoari dagokionez azkenengo etapa egingo da. Bukaerako etapa hori Lizarrustin hasi eta Otzaurten bukatuko da. Urteko azkena da, baina itzuli osoa egiteko hurrengo urtea ere beharko dute.

Angel Mari Etxeberria, Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakariarekin, hitz egin dugu itzuli horren inguruan. «Lagun Onak-ek duela 11 urte egin zuen Gipuzkoako Itzulia; garai hartako Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Munizipalak liburu bat atera zuen, ibilbideak-eta erakusten zituena. Eta liburu hark zehazten zituen etapei jarraituz egin zen itzuli hura». Ekimen haren arrakastak bultzatuta, elkarteak «jendea animatzeko» zerbait berezia egitea erabaki zuen, eta Gipuzkoako Itzulia prestatu.

Mendiaz gozatzeko bide berria eskura jarri dute mendizaleek. Eta partaidetza aldetik gustora dauden arren, oraindik zertan hobeturik badagoela dio Etxeberriak, herritarrei mezu argia luzatuz.