Kulturaz eztabaidan

Euskal kultura orokorrean ondo ezagutzen dute hiru solaskideek, baita Azpeitiko kultur egoera ere. Herri aldizkariaren sorrera, Azpeitiko kultur azpiegiturak, Kultur Etxea, udalaren papera... izan dituzte hizpide Uztarriak antolatu mahainguruan.

 

Gaian sartu orduko, hiru gonbidatuek –Maria Jesus Aranburuk, Joxe Luis Aizpuruk eta Laxaro Azkunek– kulturaz zer ulertzen duten diote. Eta hasieratik ikuspegi desberdina somatzen da, euskal kulturari dagokionean behintzat. Azpeitiko kultur egoeraren gainean ere ikuspuntu desberdinak izango dituztela nabari da. Hirurek kulturarekiko harremana modu desberdinean bizi dute, eta hori hitz egiterakoan ere nabari da.

«Azpeitian badaude zenbait talde handitzen ari direnak. Eta talde haiek sortzen dutena kanpora ateratzeko, kontrastatzeko, azpiegiturak behar dituzte; antzokia, musika aretoa...». Maria Jesus Aranbururen hitz horiekin hiru solaskideak herri mailara jaitsi dira. Euskal kulturaren funtzioa, kontsumo-kultura eta kultura baztertua bezalako kontzeptuak alde batera utzi eta herriko egoera hartu dute hizpide. Joxe Luis Aizpururen hitzetan, Azpeitiko Udalak oraindik egiteko ugari du bide horretan: «Herrian taldeek lana egiten dute, baina gero bideak falta zaizkie kanpoan erakusteko. Sortzen dena kanalizatzen lagundu behar du udalak; hori da bere egitekoa».

Laxaro Azkuneren ustez, horren harira, «Azpeitiko Udalak ez du dagokion ardurarik hartu gai horretan; sona duten ekintzetan busti ohi da, baina besteetan ez». Udaleko agintarien lana «erraza ez» dela izango dio Azkunek, baina taldeek pairatzen duten egoera «kezkagarria» iruditzen zaio.

‘Etxafuego efektua’

Joxe Luis Aizpuruk «Azpeitian kultura arloan ematen den etxafuego efektua» azpimarratu du: «Urteko une batzuetan gauza handi eta ikusgarri gutxi batzuk egiten dira, baina urtean zehar lehortea dugu». Maria Jesusek etxafuegoaren adibidearekin jarraituz hartu du hitza. Haren arabera, «herrian noizbehinka etxafuegoak egitea beharrezkoa da». Dena dela, taldeei laguntzak ematea ere beharrezko ikusten du Maria Jesusek.

Laxaro Azkunek, herriko taldeek behar duten laguntza azpimarratu ondoren, «etxafuego edo kontzentrazio efektuak ere» funtzionatzen duela esan du: «Jendea biltzea bilatzen da, eta jendeak erantzutea nahi bada, propaganda egin behar da; Antzerki Topaketetan, esate baterako».

Kultur Etxea eta herri aldizkaria

«Ez dakit etxe bakar bat izateak garrantzirik duen. Kontua ez da Kultur Etxe bat izatea, orokorrean tresnak izatea baizik, taldeei biltzeko edo manifestatzeko guneak ematea». Hitzon bidez, Kultur Etxearen kontra agertu da Maria Jesus Aranburu. Ez, ordea, beste bi solaskideak. Laxaro Azkunek bi abantaila nagusi ikusten dizkio Kultur Etxe bati: «Batetik, taldeek leku fisikoa izango lukete; bestetik, taldeen komunikazioa lagunduko luke Kultur Etxe batek».

Joxe Luis Aizpuru ere bide horretatik mintzatu da: «Azpeitian taldeak sakabanatuta daude, ez dute elkarren berri. Bada garaia erreferentzia toki bat izateko». Baina Maria Jesus Aranburuk dio ezetz, komunikazio horretan toki fisikoak halako eraginik ez duela.

Eta herri aldizkaria ezin aipatzeke utzi. Hiru solaskideek ikusten dute herri aldizkari baten beharra. Horretan ados daude. Laxarok aldizkariaren efektu positiboak bata bestearen atzetik azpimarratu ditu: «Gertuko albisteak kontatzean, jendeari euskaraz irakurtzeko ohitura sartuko zaio. Bestetik, kultur ekintza eta dinamikak islatzen baditu, izugarri aberasgarria da hori. Eta herritik sortua denez, plurala behar du izan, guztiek lekua izan behar dute».

Maria Jesusek ere «beharrezko» jotzen du herri aldizkari bat, «baina edozein komunikabidek bete behar dituen baldintzak bete behar ditu: irekia izan behar du, era guztietako informazioa zabaldu behar du... Aldizkaria ondo egiten bada, denok iritzia emateko aukera badugu, inork ezingo du ezbaian jarri».

Joxe Luisen arabera, berriz, aipatutako abantailez gain, «aldizkaria eztabaidak sortzeko bide bat izan daiteke».

Euskal Herriko kultur politikaz, politikaz orokorrean... Hirurek beste kontu asko ere izan zituzten Uztarriak antolatu mahainguruan. Baina kultura izan zen gairik nagusiena, eta garbi ikusi zen, elkarri entzunda, gauza askotan azkenean uste baino alde txikiagoak daudela guztion artean.

Sosak

Hiru solaskideek beharrezko ikusten dute udalak herri aldizkaria laguntzea. Maria Jesus Aranbururen hitzok ondo definitzen dute hiruren jarrera: «Baldin eta herrian proiektu bat badago –aldizkari hau, kasu–, udalak tresnak jarri behar ditu, proportzio baten barruan; herriaren adierazpen bati ezin dio bizkarrik eman».