Mendiko IV. Argazki Rallya igandean

Uztarria

Mendiko IV. Argazki Rallya jokatuko da igande honetan (azaroak 7). Lagun Onak Mendi Bazkunarekin batera antolatu du Azpeitiko Argazki Elkarteak. Jende askok eman ohi izena.

Azpeitiko Argazki Elkarteak urteko bere ekintzarik jendetsuena antolatuko igande honetan: Mendiko IV. Argazki Rallya. Udaberrian ere antolatzen du beste rally bat bat elkarteak, «baina udazkeneko honetan jende gehiagok ematen du izena, Lagun Onak Mendi Bazkunarekin batera antolatzen dugulako», dio Jose Ramon Larrañaga, elkarteko lehendakariak. Ez da ohikoa herri bateko argazki elkarte batek urtean bi rally antolatzea, Azpeitikoa baita urtean horrelako bi ekintza antolatzen dituen Euskal Herriko elkarte bakarra.

Igande honetan bertan eman ahal izango da izena, goizeko zortziak eta erdietatik hamarrak bitartean Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan (Eliz Kale, 21). Rallyaren beraren iraupena goizeko zortziak eta erdietatik eguerdiko ordu biak artekoa da, eta ibilbidea (Elosiaga-Eizmendi-Elosiaga) bi ordutan egiten dela dio antolatzaileak. Izena ematerakoan 1.500 pezeta ordaindu beharko dira; hamalau urte baino gutxiagoko gaztetxoek 500 pezeta. Zenbateko horretan 36 diapositibako karretea eta hamaiketakoa eskaintzen dira.

Sari banaketa abenduaren 11n

Partehartzaileek hilaren 25erako entregatu beharko dituzte diapositibarik onenak. Sari banaketa, berriz, abenduaren 11n egingo da, Enparanen, eta diapositiba emanaldia ere egingo da orduan. 30.000 pezeta eta garaikurra jasoko ditu nagusien irabazleak. Gaztetxoetakoak 5.000 pezetako balea eta garaikurra.