“Batik bat gauzak lortzeak ematen du poza, ez edukitzeak”

Igor Aramendi - Josu Azpillaga

Azpeitian pasa du uda Joseba Lazkanok, oporretan, baina apenas gelditu den; Venezuelan ezagututako lagunen bisitak, buruan duen proiekturako dirua lortu nahia eta beste hainbat kontu izan ditu. Gurekin ere izan zen, kafe bat hartuz. Venezuelan da. orain.

 

Zenbat urte dira Venezuelara joan zinenetik?

Ni, 20 urterekin joan nintzen, duela 44 bat, urte eta erdi Loiolan nobizio bezala eginda.

Zergatik herrialde hura?

Jesuitek hemengo ardurarekin probintzi bat genuen han, eta beste bat Indian, gaur egun gehiago baditu ere, eta horregatik izan da normala gi-puzkoar eta nafarrak hara joatea. Bizkaitar eta arabakoak aldiz, Ertamerikara joan izan dira (Jon Sobrino, Ellacuria...). Bertako jendearen gizatasunak gure biziei zentzua eman die, eta oso pozik nago hara joan izanaz.

Ez zara han dagoen Azpeitiar bakarra izango.

Ez horixe! Guztira, garai batean 16 jesuita azpeitiar egon ginen,eta oraindik ere 11 gelditzen gara.

Baina urte guzti hauetan ez zara Venezuelan bakarrik egon, ezta?

Ez. Lehenengo urtea egin ondoren, Kolonbian lau urte egin nituen, Venezuelako Maracaiboko ikastetxe batean hiru, Erroman beste lau, Galesen beste urtebete, Venezuelara berriro eta gero, soziologia ikastera, Deustura etorri nintzen. Garai hartan, Francoren denboran, soziologia oso gaizki ikusia zegoen, ezkertiartzat hartua baitzen. Hura bukatu eta Venezuelara itzuli nintzen.

Azaldu iezagiuzu zertan aritu zaren han.

Jesuitek bertan daukagun gizarte zentro batean egin izan dut lan, CIAS-en (Centro de Investigación y Acción Social). Horren inguruan profesional taldetxo bat biltzen ginen: antropologoak, soziologak, ekonomistak eta abar. Era askotako lanak egiten genituen, baina SIC izena duen aldizkari batek ematen zigun batasuna batik bat: Venezuelako giro sozial, politiko, kulturala aztertu eta proposamenak egiten genituen. 31 urtez lan egin izan dut; haietatik 24 erredakzio buru, orain dela urtebete arte, hain justu.

Eta orain?

Azken urtebetean Fé y Alegría izeneko mugimenduan ari naiz.

Hezkuntza munduan.

Bai. Fé y Alegría, munduan jesuitek zuzendutako hezkuntza lanik handiena izango da, seguruenik: 13 herrialdeetara iristen da eta programa ezberdinen bitartez milioi bat lagunengana; haietatik 250.000 Venezuelakoak dira. Mugimenduaren barruko ikastetxe batzutan alfabetazio eta lehen mailako eskolak ematen dira soilik, eta hori zenbait lekutan ez da gutxi. Hala ere, gehienbat lanera bideratutako hezkuntza zuzendu nahi dugu, bai eskola-tailerren bidez, eta baita eskoletatik kanpo gelditu diren gazteei irrati bidezko klaseak emanez ere.

Zer bereiztasun ditu Fe y Alegríak beste hezkuntza proiektuekiko?

Bereizgarri nabarmenena herriaren parte hartzea dela iruditzen zait. Pasadizo bat aipatzen dugu guk, sinbolikoki. Fé y Alegría, Universidad Católica jesuiten unibertsitatetik sortu zen, bertako jendea –aberatsen semealabak, gehienbat– auzorik pobreenetara joaten hasi zenean. Hango hezkuntza premiaren aurrean proiektu bat egin zuten, eta klaseak emateko lokal baten beharraren aurrean gertatu ziren. Hori ikusirik, bertako gizon batek bera, emaztea eta bere zortzi umeak bizitzeko zazpi urtetan bere kasa eraiki zuen etxetxo bat eskaini zien, eta bera lehengo txabola miserablean bizitzen gelditu zen. Horrek erakusten du zer den Fé y Alegría: herria konbokatzeko gaitasuna duen erakundea.

Konbokatzeko gaitasuna izatea garrantzitsua da, orduan.

Bai, eta horren falta handia dago gaur egun. Nik bizi izan ditudan urte batzutan, 70. hamarkadan-eta, Kubako iraultzak, sandinismoak, sozialismoak eta antzeko hitz handiek jendea motibatzen zuten. Egun hitz handi haiek ez dute inor motibatzen, hortan ezkorra bihurtu da jendea.

Txoke handia nabarituko duzu hango bizimodutik honakora.

Ni joan nintzenean, ez pentsa! Hemen ere larre motxagoan ohituak ginen. Pentsa, nik lehenengo telebista Venezuelan ikusi nuen, hemendik joan berritan. Baina gaur egun diferentzia izugarria dago.

Zertan?

Beste bizimodu bat da hangoa. Egunotan Venezuelan bi urtez bolondres egon den neska batekin hitz egin dut, eta berriro hara joateko zain dagoela esan dit, hemen ez omen delako eroso aurkitzen. Eta gauza material guztiak izango ditu! Askotan pobretasun horrek berak bizitzari beste zentzu bat bilatzen laguntzen digu.

Askotan entzuten da pobre-zoriontsuaren kontua, baina ulertzeak lanak ematen ditu.

Hara!: oraingo gazteen generazioa eta gurea oso desberdinak izan dira. Gure generazioa gauzak lortzen jardun duena izan da, eta gaurkoarekin hori ez da horrenbeste gertatu, askoz aukera handiagoak izan baitituzte eskura. Eta gauzak edukitzeak satisfazioa eman badezake ere, batik bat gauzak lortzeak ematen du satisfazio hori. Han ere antzeko zerbait gertatzen dela esan daiteke. Zenbat zorionkide aurkitzen dituzte, euren pobretasunean, baina elkartasun eta laguntasun giroan? Bizitzako zoriontasuna ez dator dirutik bakarrik.

Baina askotan ematen du herrialde haiek daramaten bidean helburu bakarra ere hemengoa lortzea dutela, akats barruan dituela.

Arrisku hori bada, eta pena izugarria litzateke. Ni Venezuela hobetzeko intentzio guztiarekin ari naiz lanean nire bizitza osoan, baina herrialde hura Europa bezala ikusteak sekulako kezkak emango lizkidake. Hemengo gizartearen barruan ere gauza on asko dago, baita gizatasun eta elkartasuna ere, baina hango bizitzeko kultura hura galdu eta konpetentzia-kultura honen barru-an ikusterik ez nuke inondik ere nahiko.

Zer aldaketa nabarmendu dituzu Azpeitian azken bisitaldi honetan?

Azken bisitalditik hona konstrukzioan sumatu dut alde nabarmena, eta ekonomian ere mugimendu dezentea antzeman dut. Gero, oraingo bisitaldian jende dezente ikustea tokatu zait taldeetan-eta lanean. Eta, oro har, politikoki giroa asko aldatu da. Zerbait berria sortzen ari den inpresioarekin noa.