Udal eta foru hauteskundeak 2019

Amaia Etxeberria

Uztarria.eus 2019ko mai. 16a, 17:19
Amaia Etxeberria
Datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan, Azpeitiko EAJren alkategaia da Amaia Etxeberria.

1. Kaixo Amaia, Gaur egun, gaztion artien lokalak die elkartzeko puntuek. Egoera hau kezkagarriye deritzotz, izene gero eta gazte gehio lokaletan eote gea kalien eo tabernan baten zein terrazan baten eonberrien. Lokalik gabe emateu mundue bukaber dula, eta ez iruitzen mundue bukaberrien lokalakin herriye ta kalien biziye bukatzen ai danik? Astebukaera askotan herriye hilda dagoela emateu, eta txokatze zait gazte danak etxien eotie. Zein irtenbide ikusteiozue egoera honi aurre eiteko? Gure aurreko generaziyuek beste era batea ibiltze ziela entzunda dauket, eta aberasgarriyo dala iruitze zait nei.
gazte bat

Kaixo, gazte!
Ni ere kalean hezitakoa naiz, eta oroitzapen oso onak ditut kuadrilla ezberdinen artean genuen harreman onaz. Gaur egungo egoera ez da berdina, arrazoi duzu. Ama naizen aldetik, kezkatzen nau egoera honek, eta horregatik, ditugun baliabideak gaur egunera egokitu behar direla uste dut, gazteengana hurbildu, haiek dituzten beharrak eta nahiak jaso eta horiei erantzuna eman.

2. Azpeitian jaio izana balore gisa nabarmendu duzu programan. Egun, ordea, asko gara hurbileko nahiz urruneko hiri edo herrietan jaiotako azpeitiarrak. Nola egingo duzu lan herri-kohesioaren alde? Zein pausu emango dituzu norabide horretan?
Nerea

Kaixo, Nerea

Niretzat Azpeitian bizi garen guztiok gara azpeitiar, non jaio edo hezi kontuan izan gabe. Herritar guztion alde lan egiteko aurkezten naiz, eta beraz, baita herri-kohesioaren alde.

3. Kaixo! Ezkusta aldien, kostatik herrira sartzeakuen, kantera "politt" bat daket herrira ongi etorriye ematen. Eremu hori txukuntzeko plangintzaik badakezute? Eskerrik asko!
Manex

Kaixo, Manex

Udalera iritsiz gero, herriko gainerako azpiegiturekin bezala, gune hori ere aztertzeko konpromisoa ere hartzen dut.

4. Azpeiti herri luze eta zabala da,alde zaharra berritzeari eman dio lehentasuna Udalak, baiño ze gertatzea auzoekin? Damaso, Soreasu, Xanjuendegi, Landeta eta Loiolabide adibidez? Udaletxea edo Anbulategira juteko zenbar pauso egin behar dituzte? Arrasaten edo Axkoitin badute Urbano edo Herribusa, hemen zegatik ez?
Begoña

Kaixo, Begoña

Alde zaharra berritzeko konpromisoarekin batera, herriko gainerako auzoak ere kontuan ditugu. Lanketa bat egiten hasita gaude, eta zure proposamena lanketa horretara gehituko dugu.

5. Arratsalde on! Bi galdera: 1- ZER DERITZOZU AZPEITIA HERRI HEZITAILETAZ? 2- NOLAKO KULTURA NAHI DUZU AZPEITIARRON EREDUTZAT IZATEA, ETA GAUZATZEKO, ZEIN PROPOSAMEN DITUZU?
Felix

Kaixo, Felix

1) Aniztasuna, parekidetasuna, auzolana, euskara, parte hartzea, zaintza... bultzatzen ditu Herri Hezitzaile programak, eta guk balio horiek gure oinarrietan ditugu. Gainera, herriko kultur eta ingurumen ondarea babesten ditunez, ados gaude.

2) Kultur eredu anitza nahi dugu, azpeitiar guztiak ordezkatuko dituena. Horretarako, Soreasu, Sanagustin eta gainerako kultur azpiegiturak sormen gune gisa indartu nahi ditugu. Herri aberatsa dugu azpiegitura aldetik eta horiei zukua ateratzen jarraitzea ezinbestekoa da.

6. Bastida eta Etxezarretarekin ikusi berri zaitut gaur ateratako argazki batzuetan. Beldurgarria iruditzen zait Azpeitiko eta EAJko garairik trakets eta ilunenenak errepresentatzen dituzten bi kargu publiko ohi lagun horiek bidelagun dituzula ikusteak. Bastida al da zure erreferentzia?
Aitor

Kaixo, Aitor

Nik bidelagun ditut EAJ-PNV-rengan sinesten duten pertsona guztiak, pertsona guztiek merezi dutelako errespetua. Bestelako iritziak edo ikuspuntuak dituztenak ere bai. Erakutsi bezala, elkarlanerako arazorik ez dut.

7. Kaixo Amaia Zuen programan diozue, kalitatezko hezkuntza bultzatuko duzuela. Zehaztuko zenuke gehiago? Kontzertatuen alde zaudete? Publikoaren alde? Zer egingo duzue Azpeitiko eskola publikoa indartzeko? Zehaztasunez mesedez! Ayo
Irakasle

Kaixo, irakasle

Heziketa anitzaren aldekoa naiz. Bakoitzak erabaki behar du beren seme-alaben hezkuntza zein norabidean bideratu. Hori erabaki pertsonala da. Udaletik herriko eskaintza guztiak izango ditugu kontuan, hezkuntza sendo eta anitz bat lortzea delako gure helburua.

8. Kaixo Amaia! Zemouz kanpainako azken egunek? Zuen programan eztezute ezer jaso nazio ereduen inguruen. Nun kokatzezu zuk Euskal Herriye? Azpeitiyen Gure Esku Dagok galdeketie in zunien, jun al zinen botatzea? Horrekin lotuta, zer iritzi daukezu kataluniako prozesuen inguruen? (Badakit eztala hemen kiston sakon erantzuteko galderie, motxien erantzuteko aukerie eukiko bazenu, nehikue). Eskerrik asko.
Karmel Arregi

Kaixo,

Kanpaina martxa onean doa, gure proposamenak helarazteko egunak dira eta ilusioz nago. Mila esker galdetzeagatik!

Ni alderdi abertzale baten izenean aurkezten naiz, beraz, Euskal Herria gure erdigunea da. Gure Eskuren galdeketan parte hartu nuen, eta gaurko ekitaldian ere bertan izango naiz, erabakitze eskubidea garrantzizkoa iruditzen zaidalako.

Kataluniako prozesuari buruz motzean hitz egitea zaila da, nahi baduzu, egun batean kafe bat hartzera gonbidatzen zaitut, eta lasai hitz egitera. Ondo izan!

9. Kaixo Amaia! Azken urtietan pakien ingurun eman dien urratsak ikusite, ezin da ukau sufrimentun betikoratzie ahalbideratzen duen dispertsiyue presente daola Euskal Herriyen. Azpeitin bertan dauzkeu bi adibide garbi. Dispertsiyukin bukatzie danon esku daonez, zuk eta zure alderdiyek, tartekako itxurakeyez gain zeoze eiteko asmoik ba al dakezue? Gure herriko bi preson senidiek astebururo harea ta honea ibili ez daitezen ze pauso emateko prest zaudete? Eztit baliyo esatie eztala zuen eskumena, hau danon esku dao!
denak gogoan

Kaixo,

Niretzat azpeitiar guztiak dira garrantzitsuak, eta senide horiei entzuteko prest nago, eta naiz eta zuk esan dena denon esku dagoela, eskumen batzuk ez daude nire esku. Hala ere, esandakoa, edonori entzuteko prest nago.

10. EAJk eta EH Bilduk zinegotzi kopuru bea eukiz geo. Beharko bazenukete, prest al zeundekete PSOEn babesakin, EH Bilduri alkatetza kentzeko? Erantzun BAI eo EZ.
Erdun Garmendipe

Kaixo, Erdun

Momentua iristen denean eta emaitzak ikusitakoan aztertu beharko da.

11. Aupa! Impostuak? Azpeitiko IBI-a...? Merekeo bai?? Jjj! Laster jasoko deu ta!
Pablo

Kaixo, Pablo

Uste dut gaia sakonago aztertzekoa dela. Orain arte ez badute jetsi...

12. Zerbait egingo dezute zakurren kateipe eramateko dagoen moda honekin?...kateipe, kakak...bereziki Etxebeltz inguruan...ez dago eskubiderik. udaltzaingoak vista gorda zerbait gertatu harte... Agur!
Begoña

Kaixo, Begoña

Nik ere badut txakurra, eta ez nago ados kalean, txakurrak lotu gabe eramatearekin, eta ezta bere kaka ez jasotzearekin. Horretarako gune batzuk zehaztu beharko dira, txakurrak aske lasai ibili daitezen. Txakurrek badute jabea, eta haien ardura da kakak jasotzea.

13. Kaixo Amaia. Galdera zuzena: zuk irabazten badezu, udaletxeak euskeraz eta erderaz eskainituko ditu zerbitzuak, bidaltzen dituen panfletoak..etab? Edo orain bezala "denon artean"...baina ez denontzat... Sorte eta animo!
Markel

Kaixo, Markel

Gure lehentasuna euskara izango da, baina herritar guztiek ez dakite euskaraz, eta udal baten lehentasuna herritar guztiak informatzea izan behar da. Horregatik, jakinarazpen ofizialak elebitan izango dira

14. Zer iritzi duzu Kataluniako prozesuaren inguruko auziari buruz?
Maitane

Kaixo, Maitane

Begoñari esan bezala, nahi baduzu zu ere etorri gurekin kafea hartzera eta hitz egingo dugu. Ez da motzean erantzuteko gaia.

15. Atzo lan istripuan herritar bat hil zen. Lan baldintzen inguruan, zer egiteko asmoa duzu alkate baldin bazara? Zein neurri hartuko dituzu?
Leire

Kaixo, Leire

Gure lehentasunetako bat dira langileen lan baldintza onak. Udalak ez du eskumenik alor horretan, baina eskumena duten erakundeekin harreman zuzena izateko lan egingo dugu.

16. Kaixo Amaia, Zuen diskurtsuen kontraesan batzuk ikusten ditutelako eta horiexek argitzeko animatu naiz idaztera. Zergatik Sanagustingo mahai inguruan esan zenuen udalak azken urteetan lan ona egin duela eta gainera elkarlanean eginiko lana izan dela. Eta, ondoren, etbn ikusi genuen plazako mitinean esaten zenuen azpeitiak erreferentzialtasuna galdu duela eta atzera egin duela? Zer da benetan pentsatzen duzuna? Eskerrik asko.
June Lazkano

Kaixo, June

Ez dut uste kontraesanik dagoenik. Beti esan dugu udalak lan ona egin duela, landutako proiektu ia gehienetan EAJ-ren ikuspuntua, iritzia eta proposamenak kontuan hartu direlako. Azken bi legealditan amaitu diren proiektuak EAJ-PNVk martxan jarritakoak izan dira (Basazabal, azoka plaza, Soreasu...) Baina etorkizunera begirako proiekturik ez du jarri mahai gainean egungo udalak. Eta horrek kezkatzen gaitu. Eta hori da aldatu nahi duguna.

17. Iepa Azpeitin 73 pertsona izan gea torturauek azken hamarkadatan. Neuri PSOEko Gobernuen aginpeko poliziyek torturau ninduten. Atzo Gorka Lupiañezi egindako torturak berretsi zitun ONUk http://gara.naiz.eus/paperezkoa/20071221/54461/es/Lupianez-Me-violaron-palo-sometieron-50-sesiones-bolsa-dia Gorka re PSOEn garaian torturau zeben. Tortura gainditzie oso zaile da eta bereziki zalle da gu torturau giztuztela ukatzen dan momentuen eta gu torturau gintuztenak libre daudela ikusita. Eta Amaia, benetan esango dizut EAJ PSOEkin eskuz esku ikustie oso mingarriye iten zaitela. Alkatetza iriste bazea badaukezu asmoik torturie jasan deun azpeitiarrai begira keinu txiki bat badare iteko? Gure mine gainditzea begira pauso bat izango litzeke. Aio
Torturatu1

Kaixo,

Ni indarkeria mota guztien aurka nago, tortura barne, eta beti gaitzetsiko ditut indarkeria mota guztiak.

18. Kaixo, Azpeitiak kulturalki erreferentzia galdu duela esan zenuen. Hau esateko zertan oinarritzen zara, Zertan galdu du erreferentzia? Hau horrela bada, zer proposatzen duzue erreferentzia hori berreskuratzeko? Sanagustin kulturgunean ze aldaketa proposatzen dituzue edo bere horretan ustea aurreikusten duzue?
Ion

Kaixo, Ion

Azpeitia aitzindaria izan da kultur gaietan, eta nahiz eta azken urteetan kultur ekitaldi kopurua altua izan den, aintzindaritasun hori galdu du. Hori berreskuratu behar dugu Azpeitiko kultur talde guztiekin, elkarrekin lan eginda, eta horretarako baliabide bikainak ditugu: Sanagustin, Soreasu...

19. Kaixo Amaia: Familia ugariei laguntzarik ematea aurreikusten al du udalak? Asko gara 3 seme-alaba ditugun familiak eta gaur egun hutsaren hurrena da Eusko Jaurlaritzatik jasotzen dugun laguntza ekonomikoa. Herri mailan, IBIaren urteko kuotan deskontu txiki bat beste laguntzarik ez dugu. Eskolaz kanpoko ekitzetarako diru laguntzak errenta oso oso baxua dutenentzat bakarrik bermatzen dira. Zein da EAJ-ren ikuspuntua eta asmoa alor honetan? Mila esker.
LUIXMARI

Kaixo, Luixmar

Zer esango dizut ba nik... 3 seme-alaben ama naiz eta! Oso ondo ulertzen dizut, eta ahal den neurrian gaia aztertzen saiatuko naiz.

20. Kaixo Amaia, zure kanpainako koherentzi faltak asko preokupau nau eta jakin nahiko nuke: Maiatzak 27tik Aurrera ze Amaia ikusiko deu? Asteartien San Agustinen ikusi genuna ala asteazkenien herriko plazan ikusi genuna?
June

Kaixo, June

Lehen ere erantzun dut, ez dago koherentzi faltarik. Maiatzaren 27tik aurrera betiko Amaia izango naiz, herriarentzat eta herritarrentzat lan egin nahi duen azpeitiar bat.

21. Bariantea egitea aurreikusten al duzue? Nondik? Eskerrikasko!
Mikel

Kaixo, Mikel

Bariantearen gaiaren inguruan esan ez degula esan egingo degunik, baizik eta gaia berriz esku artera ekarriko dugula, gaur egungo beharretara nola egokitu dezakegun aztertzen hasteko.

22. Zure twitter kontuan letu dut azkoitiarren garapena azken lau urteotan eredugarria dela. Azpeitia geldo dagoela diozu, ordea. ZEr egin da Azkoitian eredugarria izateko Azpeitian ez dena egin?
Jon

Kaixo, Jon

Azkoitian etorkizunera begira hainbat proiektu jarri dira martxan, beste batzuk gauzatzen ari dira eta beste batzuk amaitu dituzte. Azpeitian, ordea, orain 8 urte aurretik zeuden proiektuak amaitu dira, baina etorkizunerako proiekturik ez da martxan jarri.

23. Zu alkate bazara, zer ekarpen zehatz egingo duzu elkarbizitzan eta memoriaren berreskurapenean?
Maialen

Kaixo, Mailen

Orain arte bezala, elkarbizitza ezinbestekoa da guretzat. Programan ere hala dugu jasota, elkarbizitza delako gure politika orokor eta zehatz guztien oinarria. Definitzen gaituen gobernantza ereduan urratsak ematen jarraituko dugu.

24. Behin baino gehiagotan entzun dizut azken 8 urteotan EHBilduk EAJk martxan jarritako proiektuak bideratu besterik ez duela egin. Serio uste duzu herritarrok azoka plaza, Soreasu, Basazabal, Kultur sorkuntzarako proiektuak, egingo diren etxebizitza babestu guztiak.... Bastidaren garaitik datozela sinesten dugula?
Lorea

Kaixo,

Nik ez dut esan Bastidaren garaitik datozenik. Gero ere beste alkate batzuk izan ditu Azpeitiak. Baina proiektu hoiek danak orain 8 urte baino lehenagotik daude martxan.

25. Azpeitia geldo dagoela diozue zuek, baina 8 urtean oposiziotik publikoki behintzat ez diozue kritika handiegirik eta ekarpenik egin EHBilduri. Azpeitian bizi denak berriz, bestelako pertzeptzioa du 8 urte hauetan Azpeitia izan denaz. Soreasu, Basazabal, azoka plaza, kultur dinamika, babes soziala handitu.... izango da zer egina, baina zeri erreparatuta esaten duzue geldo aldia izan dela?
Naiara

Kaixo, Naiara

Antzeko galdera bati erantzun berri diot

26. Kaixo, Amaia: Zure deklarazioetan entzun dut, Azpeitiak erreferentzia galdu duela eta kultura aipatu zenuen adierazgarri gisa. Entzun dizut Soreasuri eta Basazabali ere beste buelta bat eman nahi diozutela. Kulturan hartuko dituzuen lau neurri zehatz zerrendatzerik izango zenuke erreferentzialtasun hori lortzeko?
Saioa

Kaixo, Saioa

Galdera honi erantzuna aurreko galderen erantzunetan aurkituko duzu

27. Kaixo Amaia, emakume eta gizonezkuen berdintasunaren alde zaudela pentsatzen det. Baino zure alderdiyek beste era batea jokatzen dut. Nire galdera da, zer iritsi daukezu Hondarribiko alardie buruz?
Miren

Kaixo,

Noski, gizonen eta emakumeen berdintasunen alde nago. Hondarribiko alardeari buruz, berriz, uste dut denentzako lekua dagoela

28. Alde Zaharreko etxe blokeetako azken pisutan tximini parrilla inprobisatuak edukitzeari zer deritzozu? Legezkoa iruditzen al zaizu egoera hau? Kontutan hartu ondoko etxebizitzetara zikin eta usainak heltzen direla.
Joxemi

Kaixo,

Baldin badaude, aztertu egin beharko da zein egoeratan, eta horren arabera jokatu

29. Hauteskundeak irabazi eta udal gobernua agintean jartzen bazarate; zuen soldatak igoko dituzue?
Berdin

Kaixo,

EH Bilduk egin duen neurri berean, noski.

30. Zer iritzi dauzkazu zezenketei buruz? Galdeketarik egiterik aurreikusten duzu?
Inixio

Kaixo,

Zezenketak Azpeitiaren zati dira, eta beraz, gainerako guztia bezala, errespetagarria. Herritarren gehiengo batek eskatzen badu, orduan egingo da galdeketa.

31. Independentziyen alde al zaude? Eskerrik asko
Xabier

Kaixo, Xabier

Bai.

32. PSOE-k Azpeitiko kanpoko hautagai bat aurkezten du, Zein da zure balioespena? Uste al duzu oraindik Azpeitiko inor ez dela aurkezten beldurragatik eta oraindik asko falta dela benetako normalizazio politiko bat lortzeko?
Kukuharri

Kaixo,

Demokratikoa da nahi duenak nahi duen udalerritan alkatetzara aurkeztea. Normalizazioari buruz esan, nire ustez badagoela normalizazioa

33. Azken urteetan herriko eragile ezberdinak, ikastetxeak eta udala, Azpeitia Herri Hezitzailea ekimena garatzen ari gara elkarlanean. Zer iritzi duzu baloreen hezkuntzan eta ardura konpartituan oinarritzen den filosofia honi buruz?
Maite

Kaixo, Maite

Aurreko galderetan aurkituko duzu erantzuna

34. Ze egingo du zuen taldeak ikastetxe eta ikastolako hitzarmebekin? Eskerrikasko erantzuteatik
Julene

Kaixo,

Orain gutxi sinatu dira hitzarmenak, gure babesarekin

35. Kaixo. Zuen programa/proposamenak entzun ahal izan ditudanetan, lehentasun gisa industria eta kultura “biziberritzea” adierazi izan dituzu. Zein neurri konkretu proposatzen ditu zure hautagaitzak indartze hau aurrera eramateko?
Xabi

Kaixo,

Hutsik dauden pabiloiei berriro erabilera eman, aukera ezberdinak uztartuz, eta industria eremuetako azpiegiturak egokitu industiaren beharrei erantzun eta industria erakartzen saiatzeko

36. Zer asmo duzue zaharren egoitzarekin? Pribatizatzea?
Azpeitiar petue

Kaixo,

Azpeitiko zaharren egoitza pribatua da. Hala ere, gure beste lehentasunetako bat gizarte politika aktiboak bultzatzea da. Foru Aldundiarekin eskutik goaz, benetan behar bat dagoela ikusten dugulako

37. Zu emakume izanda, zer iritzi duzu Hondarribiko edo Irungo Alardeetan gertatzen denaz?
Joxean

Kaixo,

Galdera honi aurretik erantzun diot

38. Herriko zenbait gaztek esklabetako ezker hegala okupatu dutela eta, udalaren orain arteko mutismo ta konfrontazio jarrera ikusirik, zein izango da zure jarrera honen aurrean? Zuen etxebizitza politika zertan desberdintzen da Bilduk-k izan duenarekin? Esklabak-iturzulo bezalako proiektuak ote dira zuen udalaren ardatz?
Mikel

Kaixo, Mikel

Ez nago ados okupazioarekin, baina hori ere Azpeitiaren zati denez, beraiekin eseri eta dituzten beharrak entzuteko prest nago. Orain arte, gai honi buruz jakin duguna Uztarriak emandako informazioa baino ez da izan.

39. Azken urteetan lan haundia egin da lehen sektorea indartzeko Azoka Plaza berritu eta proiektu ezberdinekin edukiz betez. Zein izango dira hurrengo pausoak?
Eli

Kaixo,

Lehen sektorea indartzen jarraitzea ezinbestekoa da, eta bertako erakundeekin elkarlanean jarraitzea nahitaezkoa sektoreak dituen beharrei erantzun ahal izateko, udalak dituen eskumenak kontuan hartuta eta aldundiarekin bat eginda.

40. Goenako bidea ondo ipintzerik bai? Zergaitk iruitze zait baserri bidiekin ahaztu ite zeatela!
Itxaso

Kaixo,

Kontuan hartuko dut zure ekarpena. Eskumen hori aldundiarena edo udalarena den ikusi beharko da, herri bide denak ez direlako udalarenak. Baina aldundiarekin elkarlanean gaudenez, gaia bideratzen saiatuko gara.

41. Arratsalde on! Herri barruen Frantziskanatako terrenuek dazkeu, erabilera ezberdin asko emateko moduen. Ze aurreikustezu terreno hoietako?
Joxe

Kaixo,

Bai, eremu ederra da, baina pribatua da.

42. Kaixo! Irabazi ezkero, Uztarriak dituen dirulaguntzekin jarraitzeko asmoik bai?
Ane

Kaixo,

Herriko gainerako taldeekin dugun jokabide bera izango dugu.

43. Nola izan da taldea osatzearen prosezua eta nola diseinatu duzue kanpaina?
Jokin

Kaixo,

Herriaren alde lan egiteko prest zeuden hainbat herritarrekin bildu gara azken hilabeteetan, eta dinamika horretatik sortu da taldea. Dinamika horretan landutako gaiak herritarrei zabaltzea da kanpainaren helburua, eta hori jomuga jarrita diseinatu da.

44. Kaixo, Amaia! Zuen mitinean esan zenuten ez zaretela konformatzen Azpeitia geldoarekin, eta nik ez dut ulertzen idea hori. Azpeitia zerbait bada, herri mugitua da. Nik batik bat kirol mundua ezagutzen dut: pilotako partiduak astero ume guztientzat, saskibaloian etxean zein kanpoan... baina bestelako eragileek ere tope egiten dute lan: gure esku dagok herri galdeketa egin zuen (lehenengotako herria izan ginen), arropa bankua dugu, bigarren eskuko denda, euskaraldian jende pilla batek hartu zuen parte, eskolak ere armonia oso onean ibiltzen dira lanean... ez dut esaten hori udaletxeak in duenik, baina nire ustez erraxtu egin du. Herrian zein herritik kanpo oso altiboak garela esaten dute denek. Giro ona dagoen herria da, eta ia edozer egin dezakegu: zenbat zine, kontzertu, antzerki, azoka... orduan, nahi nuen jakin zeatiken diozun herri geldoa dela. Uste dut aurrera egin dela herritarrek bizimodu publikoan duten parte hartzean. Baina nire iritzia da... zuk beste begi batzuekin ikusiko dugu igual, eta zure iritzia nahi dut jakin. Aurrez, mila esker.
Maitane

Kaixo Maitane

Nik ez dut esan Azpeitia herri geldoa denik, geldo doala baizik. Ez dira gauza berdina. Azpeitik gehiago eman dezake, baina ez kultura aldetik bakarrik, zentzu askotan: ekonomian, gizarte gaietan... Herri indartsue daukagu, baina uste dut gehiago eman dezakeela, eta hori da guk bultzatu eta lortu nahi duguna.

45. Zuen programan azpeitiko garraiobideak sustatzea proposatzen duzue. Zein izango lirateke zehazki hobekuntza horiek? Eta Azpeitia Donostiaz aparte beste hiribururen batekin zuzenean lotzeko aukerarik egongo ahal litzateke?
Nekane aizpuru

Kaixo, Nekane

Gure programan herriko azpiegiturak hobetzen saiatzea jasotzen da.

46. Kaixo :) Zure eta zure alderdiaren jarrera jakin nahiko nuke Esklabetan gertatzen ari denaren inguruan, Krisiaren Seme Alabak deituriko mugimenduaren baitan. Zer egiteko asmoa duzue? Gertatzen dena ixilpean mantendu nahiak gardentasun falta erakusten du eta bozkatu aurretik jakin nahi dira erantzunak.
Ernio

Kaixo,

Ados nago zurekin, gardentasun falta dago gai honen inguruan. Guk ere ez dugu jaso gai honen inguruko daturik, nahiz eta udaleko zati garen, beraz, ez dut daturik gai honen inguruan zehaztasunez erantzuteko. Hala ere, lehen esan bezala, dituzten beharrak entzuteko prest nago, baina ez okupazioaren bidetik.

47. Kaixo Amaia Zein EAJ aurkituko dugu azpeitiarrok, zuek irabazi ezkero?Sanagustiñen elkarlana defendatu eta Bilduko lana aitortu zuena edo hurrengo egunean plazan agertu zana, lenoko fantasmak ateaz eta bestien lana kakaztuz? Eskerrik asko
Marga

Kaixo, Marga

Lehenik eta behin, nik inoiz ez dut inoren lanik kakaztu. Herrairen alde egiten den guztia errespetatzen dut. Sanagustienen egin genuen mahai inguruan Bilduren lana aitortu nuen, orduan esan bezala, EAJk egindako proposamen eta ekarpen asko kontuan hartu dituztelako, eta elkarrekin gauzatu ditugulako. Guk geuk proposatutako ez badugu onartzen... Plazan, berriz, honakoa esan nuen: Azpeitiak orain arte eman duena baino gehiago eman dezakeela, eta hori da gure helburua, Azpeitia indartzea, kudeaketa on bat egitea, eta dituen aukera guztiak ahalik eta gehien aprobetxatzea.

48. Zein etorkizun du azpeitiko sokamuturrak EAJren arabera?
501urte

Kaixo,

500 urte egin ditu, beraz, orain artekoa bezalakoa. Sokamuturra Azpeitiaren ezaugarrietako bat da, eta zezenketak bezala, errespetagarria.

49. Orain 25 urte atzerako bariante proiektu batekin zatoz. Irakurri duzu ARGIA ko Pello Zubiriaren "Hormigoiak itoko gaitu: materialik suntsitzaileena garapenaren kokaina". Alderdi politikoek duten hormigoiarekiko menpekotasuna edo adikzioa aipatzen da. Politikariek zein bero bultzatzen dituzten gizartearentzat etekinik ez duten azpegitura erraldoiak, enpresarien dirulaguntzetan oinarritzen diren agintariez mintzo da, guzti horri herrialde mailako lapurreta deitu izan zaio beste leku batzutan. Hormigoia giza ekositemaren ondamendian, bizidunon extinzioan, klima aldaketan izaten ari den protagonismoaz ere idazten du. Ez diozu opa ondorengoei zuk izan duzun ingurumenik, ezta existentziarik ere? Iraganaren begirada kritiko bat noiz egin behar du EAJ k?
Jon

Kaixo, Jon

Herri erdigunean sortzen diren trafiko eta zirkulazio arazoei erantzuteko aukeretako bat da bariantea. Lehen esan bezala, nik ez dut esan bariantea egingo dugunik, proiektua berreskuratu eta gaur egun dituen aukerak aztertuko ditugula baizik.

50. Gazte jende gutxi mahai-inguruan, gazte jende gutxi zuen mitinean... Zerbait adierazten al dizu horrek?
Joxpito

Kaixo, Joxepito

Ba ez, bakoitza libre da nahi duen lekura, mahai ingurutara, mitiñetara joateko, gaztea izan, heldua izan...

51. Zer iruditzen Uztarriak Bilduri ematen dion xaboia? Interesa akaso?
Zapelatxa

Kaixo, Zapelatxa

Bakoitzak ikusi beharko du zein jarrera hartzen duen, ni ez naiz inor inoren sentsazioak baloratzeko. Baina ez zara lehena antzekoa esaten didana.

52. Azpeitiako kultur dinamika geldo dagoela diozue, indarberritu behar dela. Ze proposamen "zehatz" dituzue?
Aitor

Kaixo, Aitor

Aurreko galderetan aurkituko duzu erantzuna

53. Kaixo. Herriguneko trafikoa arintzeko saihesbidea aipatu duzue? non egingo duzue?
Aitor

Kaixo,

Aurreko galderetan duzu erantzuna

54. Ze plan duzue Azpeitiko mugikortasunari buruz? ondo ikusten duzue autobusak loiolabidetik zear sartzea slalom partikularra eginaz ala egokiagoa da abenidatik zehar joatea? Aztertuko dugu erantzuteak ez du balio...
NINEUBA

Kaixo,

Gure lehentasuna beti izan da garraio publikoa erdigunetik ateratzea. Gaur egungo egoera udalak herritarren iritziak kontuan izanda hartutako dela pentsatu nahi dut. Baina ikusten dudanez denak ez zaudete ados, beraz, ikuspuntu ezberdinak baloratu beharko lirateke.

55. Kaixo, Korrika Azpeititik pasa zenean zergaitik ez zenuten kilometrorik erosi alderdi bezala, Azpeitiko hainbat alderdi, eragile, ikastetxea... Egin zuten bezala?? Agur bat,
Aitor

Kaixo, Aitor

Alderdiak hartutako erabakia da, beraz, alderdiko mahai politikoari galdetu beharko diozu.

56. Ze asmo dezue gazte lokalakin iteko?
Plazakue

Kaixo,

Udalak badu zehaztuta bide orri bat lokalei dagokionez. Gazteekin elkarlanean bide orri hori definituko dugu, aurrera eramango dugun programa bat zehazteko.

57. Zein neurri planteatzen dituzue lehen sektorea indartzeko? Gazteak sektorera hurbiltzeko proposamen zehatzik?
Eli

Kaixo,

Aldundiak dinamika ugari ditu gazteak lehen sektorera gerturatzeko, eta guk ere helburu horrekin bat egiten dugunez, aldundiarekin eskutik emanda joango gara ahalik eta erraztasun gehien emateko

58. Azpeitiko taberna askotan lasai erretzen dela ikusten dut. Ze neurri hartuko dituzue tabernetan erre ez dadin?
Felix Etxabe

Kaixo,

Lege bat dago, eta legeak betearazteko daudenez, udalak dituen eskumenetatik lan egingo dugu

59. azpeitiko plazan ambiente eotia garrantsitsua da, baino futbol zelai haundi baten bihurtu da.ezin da pausorik eman baloi baten golpea jasotzeko arriskua baitago. Debekatu behar ahal dezue baloia plazan? eta beste gauza bat Loiolako Abenidan esklaba aldetik zakkarontzi bat bea eztao eskerrik asko
mª jose

Kaixo,

Kontuan hartuko ditut zure ekarpenak eta mahai gainean jartzen duzun zure ikuspuntua. Gaiak sakontasun gehiago behar du, agian debekua ez delako biderik egokiena. Zakarrontzien inguruan, jaso dut zure ekarpena eta kontuan izango dut.

60. Oineztuko aldezue parte zarra?
Plazakue

Kaixo,

Programan jasota dugun bezala, Alde Zaharra egokitzea da gure asmoa, aparkaldi mugatuko proiektu batekin, egoilarren txartelarekin... denek izan dezakete lekua Alde Zaharrean: oinezkoek, merkatariek, tabernariek... denen beharrak hartu behar dira kontuan

61. Tabernetako langile eta bezeroek arnasten dugun aireari buruzko galdera: Leku publikoetan erretzea arautzen duen legea betearazteko asmorik ba al duzu??? Mesedez erantzun zehatza eskatuko dizut.
Herritar soil bat

Kaixo,

Aurreko galdera batean erantzun dut

62. Gatazka politikoaren ondorioz herrian badira preso dauden bi lagun. Hauekin harremanetan jartzeko intentsiorik?
andoni

Kaixo,

Herritarrak diren neurrian, beharren bat izanez gero haiei ere entzuteko prest nago

63. Kaixo Amaia. Bariantian gaie aipau dezu kanpainan behin da berriz, geyegi zehaztu gabe. Karmelo Etxegarai ikastolako guraso gisa bi eraikinek komunikauko ditun bide seguru eta zuzena eskauko nuke, itzulinguruka ibili berrik ez izateko, ume nahiz heldu oinezkoon beharrak lehenetsiyez. Aukera hau aztertzeko asmoik bai?
Maider

Kaixo,

Ni ere Karmelo Etxegaraiko guraso izan naiz, eta badakit zein egoera bizi duzuen. Gainerako proposamenak bezalaxe, zurea ere kontuan hartuko dut.

64. Diozuenez Markel Olano eta Cya-k zuen empresen alde egin omen duzue azken urteotan, beraz zer esan nahi duzue Corrugados Azpeitia ez zela zuen lantegia? Zeren eta ezer gutxi egin zenueten eta duzue txatargune honen inguruan ,ez?
corruptados

Kaixo,

Corrugados Azpeitiko lantegia izan da beti, azpeitiar guztiok ezagutu dugu, baina pribatua da. Urte asko daramatzagu gai honi irtenbide bat eman nahian, hortan ari gara, eta hortan jarraituko dugu, erraza ez izan arren.

65. 6. Galderaren harira, udaletxea utziko duten zinegotzien arrastorik ez da izan kanpainan Aitor Gorrotxategi kanpoan uzteak adibidez, azken 8 urteko oposizio konstruktiboari amaiera ematearen adierazgarri al da? Zer jarrera hartuko duzie udalean? Konfrontazioarena Bastidaren garaian bezala? Eskerrikasko
Ainhoa

Kaixo,

Behin eta berriz esan dugun bezala, bizikidetza eta elkarbizitza dira gure ardatza eta oinarria, eta orain arte bezala, bide horretan jarraituko dugu.

66. Emakumien eta gizonezkuen berdintazunen alde eongo zea, baina ikusite zure alderdiyen posturie Hondarribiko alardie buruz. Zuk zer iritsi daukezun jakitie nahi nuke.
Nekane

Kaixo,

Lehen erantzun diot galdera honi

67. Erraustegiari buruz galdetu nahi nizuke. Zure seme alaben ikastola erraustegutik 500 metrotara eongo balitzeke, lasai eongo zinake beraien osasunekin?
Mikel

Kaixo,

Azpeitik hondakinen ingurun asko eman dio Gipuzkoari urte askotan Lapatxekin. Uste dut gai honetan beste batzuen txanda dela orain.

68. Hondarribiko alardean denentzako lekua dagoela erantzun didazu. Plastiko beltzen atzean daudenen irainak entzutea ere normala irudituko zaizu orduan. Orain Bai badakit nola pentsatzen duzun
Miren

Kaixo,

Nork esan du irainak onartzen ditudala? Nik ez. Ez jarri nire ahoan nik esan ez dudanik.

69. Kaixo Amaia! Erantzun berri duzu Frantziskanetako terrenosk ederrak, baina pribatuak direla. Landeta eremuan hutsik dauden pabiloiak ere hala dira ez? Baina ez al zuen ba zuen alderdiak halako plangintza bat, proiektu berriak gauzatzeko hoietan?
Elene

Kaixo,

Bai, baitugu proiektuak esku artean, kontuan hartu beharko dira zein eremu diren pribatuak eta zein ez, eta poliki poliki gauzatzen joan, denekin elkarlanean

Agurra

Amaitu zaigu zuen galderak erantzuteko tartea. Eskerrik asko denoi. Erantzun eman ahal izan ez dizuedanoi edo beste galderarik baduzue eta egin nahi badidazue, aetxeberria.eaj@gmail.com helbidera bidali diezadakezue. Ahal dudan neurrian, erantzuten saiatuko naiz.

Eskerrik asko guztioi!!