Javier Maiz eta Javier Lazkano

uztarria.com1 2015ko mar. 18a, 18:00
Javier Maiz eta Javier Lazkano
Antxieta Arkeologia Taldekoek hainbat aurkikuntza egin dute azken hilbeteetan. Hala nola, Zestoako Erlaitz haitzuloan labar arte paleolitikoko grabatuak, Zestoako Danbolinzulo koban 18.000 urte baino gehiago dituzten pinturak eta Azpeitiko Ezkuztan duela 14.500 urte inguruko apaindutako bi haga. Arkeologoak Uztarrian izango dira elkarrizketa digitalean, erabiltzaileen galderei erantzunez.

1. Oiñ seriyo, zuetako zeiñ ai dek kobazuluk pintatzen?
Homo herectus

Denok gara gu artistak, baina gauza hauek serioago hartzen ditugu.

2. Aupa, aspaldi hontan aurkikuntza garrantzitsu eta polittak egin dituzue eta zorionak horregatik! Aurkikuntza hauek eta aurretik topatutakoak kontutan hartuta, Zestoako inguru horrek oraindik altxorrik ba al duela uste duzue? Edo gehiena, edo dena, topatu duzue ya?
Ekain

Ez, ez. Guk, behintzat, badugu gehiago aurkitzeko esperantza. Leku ederra da inguru hori. Kobazulo asko daude eta oraindik badugu gehiago aurkitzeko itxaropena. Jende asko bizi izandako eremua da, garai bateko New York bezala, jaja! Azaldu diren aztarnategiak kontuan hartuta (Irikaitz, Ekain, Erraila, Amalda...), oso gune garrantzitsua dela pentsa daiteke. Guk, behinik behin, bilatzen jarraitzeko asmoa daukagu.

3. Arratsaldeon ta zorionak hai zeaten "lanaatik"! Sartzen zeaten kobazulo hoietan sekula sorpresaik eo sustoik hartu al dezute animalin batekin?
Indiana Jonesen atte

Bai. Pare bat aldiz tokatu zaigu azkonarren bat. Batekin, behintzat, aurrez aurre egin genuen topo. Eta bere terrenoan, ezustean harrapatzen bazaitu, errespetoa ematen du. Ziraunen bat ere tokatu zaigu, baina larritasunik gabe. Eta sustorik gabe, baina 30 metroko leize zulo batean, Aia aldean, zakel bat aurkitu genuen behin.

4. Oin artekuen artien, zein dezute aurkikuntzaik kuttunena, eo zeuentzat bereziyena dana?
Galder

Azkenengo bi hauek, Danbolinzulokoa eta Erlaitzekoa, izango dira berezienak, garrantzitsuenak bai behintzat. Horiek, eta Ezkuztako barillak. Horiez gain, gauza polit asko eta bereziak aurkitu izan ditugu, adibidez fauna aldetik: leopardo baten hezurdura osoa, errinozero hagin bat eta femur zatiak, mamut baten tortoloxa... Jolaserako haunditxoa zen tortoloxa, hori bai...

Javier Maiz: Nik aurrena topatu nuena hiena baten masailezurra izan zen.

Javier Lazkano: Nire lehen aurkikuntza gizaki hezurrak izan ziren, Lastur aldean.

5. Zein izan da orain arte egin duzuen aurkikuntza garrantzitsuena? Eta, zuentzat preziatuena? Segi holaxe!
Bat

Aurrekoan erantzun dugu. Eskerrik asko, hala ere, interesagatik.

6. Kaixo, eta zorionak lehenengo. Zenbatero elkartzen zeate kobatara joateko? Zenbat lagun zarete taldean?
Azpeitikue

Astearteetan bilera egiteko elkartzen gara. Eta kobatara joateko, igandero-igandero. Normalean goiz partean ibiltzen gara. Une honetan zortzi gara taldean: Iñigo Olarte, Jose Ignazio Arrieta, Xabier Azkoitia, Andres Maiz, Iñigo Arizaga, Joseba Iraeta eta gu biok. Bataz beste lau-bost kide joaten gara irteerako, bakoitzak geure egitekoak eta izaten ditugulako. Aipatu nahi genuke, orain arte eta aspaldian 'beteranoak' geundela bakarrik taldean, baina orain bi gazte ere hasi zaizkigu etortzen, Jon Uranga eta Ihintza (barkatu, baina ez gara ba abizenarekin akordatzen!). Laster autobusa beharko dugu!

7. Zer sentitzen duzue aurkikuntza bat egiten duzuen momentuan?
Interesatu bat

Gauza batzukin, aurkitzeko momentuan bertan nahikoa segurantzia izaten duzu, garrantzitsuak direla.

Barilla topatu nuenean (Javier Lazkano), 'hau posible al da?' pentsatu nuen. Landuta dagoen bezala, orein baten adarrean... ikaragarria da, ze artista ziren. Ezkuztako barillak Izturitzen aurkitutakoen igual-igualak dira, eskola berekoak. Han mordoa aurkitu dituzte, "varilla isturiense" esaten diote barilla mota horri. Eta, begira nola diren gauzak, Izturitzen barilla bakar bat ez dago osorik, eta hemen berriz, bi aurkitu eta biak oso-osorik. Beraz, Euskal Herrian Iparralde eta Hegoaldearen arteko erlazioaz-eta hitz egiten dugunean... begiratu, noiztik datorren harremana, orain dela 14.500 urtetik bai behintzat.

Pinturak, zuk aurkitu beharrean, beraiek aurkitzen zaituzte (Javier Maiz). 'Hemen nagoela!' esanez bezala, hainbeste urte hantxe, norbaitek ikusteko zai. Danbolinzulokoek 18.000 eta 22.000 urte artean dituztela esaten dute, pentsa. Zer sentitu nuen? Ba, 'topatu dizkiagu, eta pake ederra!'.

8. Arkeologia: pasioa edo ogibidea?
Eskerrik asko erantzuneatik!

Hobe pasioa. Ogibidea bagenu, gosez akabatuko ginateke. Indiana Jonesena zientzia fikzioa da.

9. Zuen antzeko taldeekin ba al duzue harremanik? Ba al daude Euskal Herrian hola, herri mailakoak diren arkeologia taldeak?
Jenu

Bai, Azkoitian bada beste bat, Munibe taldea. Eta, bai, azpeitiar eta azkoitiarren arteko harremana badugu Munibekoekin, azpeitiarrek eta azkoitiarrek izaten dutena... Ez, broma da, mutil onak dira! Burdin garaira-eta dedikatzen diren beste talderen batzuk badira, baina gu dedikatzen garen garaira, Paleolitora, dedikatzen den besterik ez. Bueno, guri gizakiaren historiaren edozein aro interesatzen zaigu, baina Paleolitoan zentratuta gaude gehiago. Kobazuloetan asko ibili izan gara, baina azkenaldian gehienbat aire librean gabiltza.

10. Iepa! Bidaiatzeko aukera izatekotan, munduko zein "altxor" ikustea gustatuko litzaizuen? Bejondeizuela, aupa zuek!
Indiana Jones

Marsella inguruan, Mediterraneoan, bada koba oso berezi bat, Cosquer izenekoa. Itsasazpira sartu behar zara, 37 metro ur azpira, kobara iristeko. Koba barruan bertan 160 metro joan behar zara ur azpian, eta lehorrera ateratakoan, margoak daude, margo pila bat. Pinguinoak eta dena daude margotuta. Chauvet, berriz, gure ametsa da. Han daude orain arte aurkitu diren margorik zaharrenak, eta baita hobeto kontserbatuenak ere.

11. Uste al duzue, egiten duzuen lanak merezi duen aitorpena izaten duela?
antton

Gu ez gara inoren aitorpena jasotzeko ibiltzen. Gure afizioa da, gustatzen zaigulako ibiltzen gara honetan. Beste alde batetik, gustora hartzen dira aitorpenak, noski. Denoi gustatzen zaigu hitz onak entzutea, eta norberaren lana aitortzea legezkoa da.

12. Nondik dator zuen afizio hau? Nola hasi zineten?
bat

Javier Lazkano: Andoni Albizuri 'Katxo' ezaguna nuen oso, dantzarietan ibiltzen nintzen ni eta hura txistularia zen. Hura hasi zitzaidan kontatzen nola biltzen ziren, bere etxeko ganbaran. Halaxe hasi nintzen joaten, eta gaur arte.

Javier Maiz: Ni Arantzazun estudiatutakoa naiz eta kobatarako afizioa handik datorkit. Espeleologia asko gustatzen zitzaidan, horretan ibiltzen nintzen, eta Antxietakoekin aurreneko harremana Eperkueneko leizean izan nuen. Handik urte batzuetara hasi nintzen taldekoekin ibiltzen.

13. Kaixo! Zein da aurkitu dezuten gauzaik bitxiyena? Behin mendizalien tabernan aitu nun kistonak ikusten zenituztela zuek kobazulotan? era desberdinetako "zaborrak" esan nahi det? Kondoirik inoiz bilau al dezute?
Maitane ttikiye

Bai, bai, kulero atraktibo batzuk topatu genituen behin, gorriak. Kondoia ere ez zen urruti ibiliko, igual. Parre batzuk egin genituen! Leize batean berrogeitaka ganadu buru ere aurkitu genituen, tonaka kristal ere bai, bizikleta zaharrak, aintzineko zapata batzuk... Garai batean baserrietako zabortegiak izaten ziren leize zuloak.

Agurra

Eskerrik asko galderak bidaltzeagatik. Eta, badakizue, informazioa badaukazue, bitxikeriaren bat, koba baten berri edo, lasai etorri guregana, ez dugu inor jaten eta beti etortzen da ondo.

Gurekin harremanetan jartzeko, berriz, astearte iluntzetan elkartzen gara, Telefonica zaharreko beheko solairuan, aldameneko atetik sartuta.