Olatz Izagirre eta Luis Alberdi

Olatz Izagirre eta Luis Alberdi
Irailaren 20an, 21ean eta 22an azoka berezia egingo da Azpeitian. "Herritarrok eta herritarrontzako antolatutakoa" izan nahi du Azoka Herritik ekimenak, eta Azpeitiko ekonomia sustatzen laguntzeko bide bat. Herriko hainbat erakunde, talde eta eragile daude tartean. Horiek ordezkatuz, proiektuaren abiapuntuez eta irailerako antolatu nahi dutenaz hitz egiteko, Olatz Izagirre eta Luis Alberdi Uztarrian izango dira uztailaren 26an, ostirala, 18:00etatik 19:00etara, elkarrizketa digitalean. Animatu eta bidali zuen galderak!

1. Lehenengo zorionak antolatu dezuen ekimenaatik! Zenbat taldek hartuko debe parte azoka berezi hortan? Eta nahi dunak bere postue jartzie eukiko al du? Eskerrik asko!
Iep

Aupa!

Ezin dugu taldeen kopuru zehatza eman,oraindik deialdia irekia dagoelako. Talde zein eragile ezberdinak izena ematen ari dira. Aurreratu dezakeguna da asko izango direla, eta herriko sektore eta taldeetan interes handia sortu duela ekimenak.

Aurrez esan bezala azokan parte hartzeko aukera irekia dago, eta hori bilatzen dugu, beti ere azokaren izaerarekin bat etorrita. Herriko ekoizpenari, komertzioari eta sorkuntzari bide eman nahi diogu, eta honekin loturiko talde eta eremuek lekua dute azokan. Gurekin harremanetan jartzeko helbide honetara mezu bat bidali dezake nahi duenak: azoka.herritik@gmail.com

2. Kaixo! Ezer baino lehen zorionak iniziatiba berri honengatik. Galdera bat, oraindik bertan parte hartzeko aukera dago? Norekin jarri behar naiz harremanetan?
Jone

Aupa, Jone!

Printzipioz oraindik irekia dago parte hartzeko aukera, aurreko galderan aipatu dugun modura. Halere, parte hartu nahi duenari lehenbailen gurekin harremanetan jartzeko eskatuko genioke, parte hartze handia aurre ikusten dugulako, eta programa ere nahikoa aurreratua dagoelako. Aurreko galderan emandako kontaktuan jarri zaitezkete gurekin harremanetan.

3. Azpeitiko ekonomiari bultsakada edo Azpeitiko dendari batsueri? Geroa behituta,zer,nola pentsadesue egitea bultsakada ori ?
jose alkorta

Aupa, Jose!

Dendariez gain baserritarrak, artisauak, kultur sortzaileak, bigarren eskuko produktuen salerosketan dabiltzanak, bidezko merkataritzan dabiltzanak eta gehiago izango dira azoka honetan. Herriko ekonomiari bultzadatxo bat eman nahi diogu, elkarlanerako loturak indartuz, iraunkorra izan nahi duen bide baten logikan. Kasu hontan, kontsumo lokala bultzatzea da xedeetako bat, herrian eta herritik sortutako ekoizpena indartze aldera.

Jakitun gara Azpeitiko egoera ekonomikoa oso larria dela, eta egun batetik bestera ez diogula soluzioa jarriko. Ekimenak muga batzuk ditu, eta ez dio egoera orokorrari erantzun oso bat emango. Bide horretan pauso bat izan nahi du azokak, lehen aipatu dugun logikak. Aldaketa txiki askoren baturatik etorriko dira aldaketa handiak. Argi dugu, beraz, ekimen txiki hauek fruituak eman ditzaketela.

Aurrera begira azoka honen izaera hedatzea da gure asmoa. Herriko kontsumoa bultzatzea, herriko taldeen elkarlanetik ekimen berriak sortzea, herritarrak kontzientziatzea, eta herritarrak gure ekonomiaren eta herriaren antolaketan protagonista bihurtzea.

4. Merkataritzai dagokioyonez, herriko bai dendai eta bai eroslien mentalidadie aldatzeko beherra daola iruitze zat nei. Ekimen honek hortan lagundu lezakela uste al dezute? Beste neurrik hartzeko asmoik bai?
Ibil

Aupa, Ibil!

Ez dakigu zehazki zertaz ari zaren mentalitate aldaketaz hitz egiten duzunean. Argi dago egoera ekonomikoa larria dela, eta herritar gehienok pairatzen ari garela ondorioak. Aldaketa, beraz, beharrezkoa da. Aldaketa horretan denok dugu zer pentsatua eta zeregina.

Azokaren helburuetako bat hori da, herriko eremu ezberdinak batu eta asteburu honetan herritarrengana hurbiltzea. Momentuz azoka hau antolatzeko lanetan ari gara, baina argi dugu asteburutik haragoko dinamikak sortu behar direla azoka honen logikan. Beraz, azokatik ekimen berriak jaioko direla sinistuak gaude.

5. Iepa! Nundik sortu zitzaizuen azoka hori antolatzeko ideie? Erdi Arokue ez eitie zergatik erabaki zenuen? Antolakuntziei dagokiyonien erantzun ona ai al da izeten proiektue?
Bat

Aupa, Bat!

Erdi Aroko azokak erantzun ona izan du orain arte. Baina bizi dugun egoera zein den ikusita, azoka horren izaerari eta helburuei buelta pare ematea beharrezkoa ikusi genuen. Lehenik eta behin, Alde Zaharreko mahaitik atera zen ideia, eta ondoren herriko eragileei zabaldu zitzaien gogoeta. Adostasun handia egon da hasieratik aldaketaren behar honetan. Berrikuntzaren aldeko apostua egin dugu, herriko ekonomiari eta sorkuntzari bide berriak eskaini asmoz.

Bai, oso erantzun ona izaten ari da, harrituak gaude. Talde pila batek erakutsi du interesa ekimenean. Parte hartzea handia izango dela ziur gaude.

6. Ez al dago azoka honekin kontsumismoa bultzatzeko arriskua? Hausnartu duzue honen inguruan?
Mikel

Aupa, Mikel!

Behin eta berriz aipatu dugu kontsumoaren ideia, eta gure aldetik kontsumoa eta kontsumismoa bereizten ditugula azaldu nahi dugu. Herriko ekonomiaren onuran, herritarren beharren araberako kontsumoa bultzatu nahi dugu, burujabea izango dena, eta kontsumismo itsutik aldenduko dena. Adibidez, honi erantzuteko bigarren eskuko produktuen salerosketa bultzatu da azokan, etxe askotan soberan dauden eta beste batzutan falta diren produktuak modu eskuragarrian jartzeko. Bide honetan ere urratsa eman nahi dugu, produktuen berrerabilera bultzatuz. Gure kontsumo ereduari galdera ikur bat jarri nahi diogu ekimenaren bueltan.

7. Kaixo! Hemen nere galderie: zer ein ber du azokan parte hartu edo puestue jarri nahi dunak? Taldiek eta ai zeate lanien, baino norbanakuek eukiko al debe euren produktuek saltzeko aukeraik? Eskerrik asko!
Azpeitikue

Aupa, Azpeitikue!

Gurekin harremanetan jarri nahi duenak aurrez emandako kontaktura mezu bat bidaltzea da egokiena. Printzipioz norbanakoek ere aukera dute bertan parte hartzeko, beti ere azokaren izaerarekin bat etorrita.

8. Iraileko azoka hori alde zaharrean egingo da, edo herriko beste toki batzutan ere jarriko duzue zerbait?
Arin

Aupa, Arin!

Azokaren ideia alde zaharreko mahatik atera zen. Bertan alde zaharreko bizilagun, merkatari eta kultur eragileek parte hartzen dute. Alde zaharraren biziberritzean ere kokatzen dugu azoka hau, herriko gune garrantzitsu bat dela ulertzen baitugu. Baina lehen esan bezala Azpeiti osoko eragile eta sektoreak ari dira bertan parte hartzen. Azoka alde zaharrean kokatuko bada ere, herri osora begira eta herri osoari irekia izatea da gure nahia.

9. Iepa! Ekimen ona iruditzen zait zuena. Irailekoa ondo atera ezkero, urtean behin baino gehiagotan egiteko modukoa iruditzen al zaizue?
Leire

Aupa, Leire!

Bide berriak ireki nahi ditugu eta azoka esperimentu bat izango da zentzu honetan. Urtean behin baino gehiagotan egitea baino, azoka honen izaera eta helburuak egunerokora eraman nahi ditugu. Elkarlanerako bide berriak ireki nahi ditu azokak herriko sektore ekonomikoen artean. Azoka egin eta gero balorazio sakon bat egingo dugu, sortu diren aukerak aztertuko ditugu, eta hortik dinamika berriak sortuko direla pentsatzen dugu.

Agurra

Milesker galderak bidali dituzuen guztioi zuen interesagatik. Amaitzeko, herritarrak azoka hontan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu modu batera edo bestera. Egoera larria da, baina herritarrak batu eta elkarlanerako bideak jorratuz asko egin dezakegula uste dugu. Zentzu honetan, azokaren arrakasta ere herritarron esku egongo da. Milesker berriz ere, eta ondo pasa herriko festak!


Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide