Iban Arregi

uztarria.com1 2013ko uzt. 12a, 17:00
Iban Arregi
Ekainaren 1ean izendatu zuten Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkari. Kargu berriaz eta beste euskarazko hedabideez-eta hitz egiteko, Arregi Uztarrian izango da.

1. Auupa Iban. Oker ez banao, Uztarrian hasi zenuen zure ibilbidea. Ze inportantzia izan du horrek zuregan?
Jexux

Aupa Jexux. EGUNKARIAn kazetari moduan hasi nintzen garai bertsuan sortu genuen Uztarria Kultur Koordinadora, bai. Eta handik gutxira aldizkaria. Niretzat oso garai aberasgarria izan zen, asko ikasi nuen, asko bizi. Lagun onak egin nituen garai horretan, oraindik mantentzen ditudanak, baina batik bat Azpeitiarentzat garrantzitsua izan den eta den tresna baten sorreran parte hartu izan dudala pentsatzen dut, horrela sentitzen dut. Hutsune handia zegoen garai hartan, eta 15 urte eta gero emaitza batzuk hor daude: San Agustin eta kultur mahaia, Uztarria bera, uztarria.com....

2. Kaixo Iban! Zorionak lelengo, eta hemen galdera: Zer nolako etorkizuna ikusten diezu euskarazko hedabideei? Bide honetik doazela uste al duzu?
Maripertxenta

Kaixo Maripertxenta. Euskarazko hedabideen egoera eta etorkizuna zaila da, gezurra esango nuke kontrakoa esango banu. Beti izan da egoera zaila, eta orain krisiarekin are eta zailagoa da egoera. Eta hurrengo urteak ez dira errazagoak izango. Hala ere, benetan uste dut oro har bide onetik doazela euskarazko hedabideak, aurrera egiteko erronka nagusiak ondo identifikatuak dituztelako, eta erronka horietan aurrera egiten ari direlako: eraginkorrak izateko lanean ari dira, elkarlanean ari dira, sareak osatzen ari dira, teknologikoki pausoak ematen ari dira.... Horretaz gain, badugu abantaila bat gainontzeko hedabideekin alderatuta: hizkuntz komunitate baten beharrei erantzuteko sortu ginen, funtzio sozial nabarmena dugu, komunikazioari ez ezik hizkuntzari lotuta ere badagoena, eta komunitate horrek argi erakutsi digu beharrezkoak direla euskal hedabideak, hedabide sare propioa behar duela herri honek, baldin eta garatuko bada.Eta hori berme bat da sektorearen etorkizunerako.

3. Iepa Iban! Zein dira euskal komunikabideek aurrera begira lortu beharreko erronkak?
Bazan

Iepa Bazan. Aurreko galderan pixka bat aritu naiz horretaz, baina laburbilduz lau aipatuko nituzke, horrela boteprontoan:

- Hasteko, ez dugu ahaztu behar zein den gure helburua (komunikazioa eta hizkuntz normalizazioa), eta hori lortzeko eraginkorrak izan behar dugu, erreferenteak.

- Berrikuntza behar beharrezkoa da, bere arlo guztietan: teknologikoa, antolaketa aldetik, prozesuak eta abar.

- Elkarlana sektoreko eragileen artean.

- Komunitatearekiko lotura. Inoiz baino gehiago, lan egin behar dugu komunitateak bere egiteko euskal hedabideak eta alderantziz, euskal hedabideek bere egiteko komunitatea.

- Kalitateko informazioa. Informazioa da gure herramienta nagusia, eta kalitatekoa izan behar du horrek, gertukoa, erakargarria. Bestela ez dugu lortuko erreferente izatea. Eta informazioaren lanketa honetan, jakina, kontuan hartu behar ditugu zein diren gure herriaren baloreak, kultur-ereduak, identitatea.

4. Zein ikuspegi duzu herrietako hedabide txikiez eta hoien etorkizunaz? Suerte ibilbide berrian!
Iepa

Iepa:Herritako hedabide txikiek ere zaila dute etorkizuna, baina aurreko galdera batean esan dudan moduan, euren bermerik handiena da funtzio sozial oso-oso garrantzitsua betetzen dutela, herri batek behar-beharrezko dituelako komunikazio-tresna propioak, gertukoak, eraginkorrak. Behin hori esanda, eta ikusita etorkizuna zeinen zail datorren (krisia, erakundeen egoera zaila, berrikuntza teknologikoak murgildu beharra....), oso argi daukat herrietako hedabide txikiek bilatu behar dituztela sinergiak eta elkarlan-eremuak euren artean. Pixka bat ezagutzen dut zer den herrietako hedabide txikien ibilia, eta badakit oso zaila dela halakoetan burua altxatzea eta etorkizunaz hausnartzea, teknologian inbertitzea, berrikuntza-prozesuetan sakontzea, fintantziazio bide berriak bilatzea.... Eta hori egin ezean gaizki ibili gaitezkeela uste dut.... Baina sinergia horiek guztien helburuak zein izan behar duen ere ez dugu ahaztu behar: tokiko hedabide eraginkorrak edukitzea, erdarazkoen gainetik erreferente izango direnak.

5. Ardura hartu ondorengo lehen asteak zer moduzkoak izan dira?
Maria

Kaixo Maria:

Aurreneko hilabetea oso arraroa izan da, ez nagoelako ohitua elkarrizketetara, ekitaldi publikoetan hitzaldiak ematera.... Baina behin aurreneko hilabetea pasatuta, nahiko lasai nagoela esan dezaket. Ardura handia da, koziente naiz horretaz, baina taldea egina dago, talde-dinamika oso sendoa daukagu Berrian, oso lan-talde ona, eta horrek lasaitasun handia ematen dit, benetan. Baina tentsio dezente ere pasatu dut aurreneko aste horietan, ez dizut gezurrik esango.

6. Uztarrian ibili hintzean urte askoan Iban. Ze arrasto utzi zian?
ainara agirre l.

Kaixo Ainara:

Ba aurreneko galderan erantzun dudan moduan, oso arrasto sakona eta aberasgarria, oso ona. Herri-mugimendu bat izan dun Uztarria betidanik, eta horrek eskatzen din jende askorekin egotea, harreman asko izatea batekin eta bestearekin.... Herria ezagutzeko balio izan zidan, onerako eta txarrerako. Nik beti esan izan dinat ahal dela denok parte hartu beharko genukeela arlo bateko edo besteko herri-mugimenduren batean, balore aldetik oso aberasgarria dela uste dut, konpromiso eta inplikazio maila handia eskatzen duelako. Denbora asko kendu zidan niri ere Uztarriak, ordu asko, eta buruko min bat baino gehiago ere bai, jakina.... Baina ematen duena askoz ere gehiago dun, horrela bizi izan dinat behintzat nik.

Agurra

Besterik gabe, eskerrik asko denei eta nahi duzuen arte