Jose Luis Otamendi

uztarria.com1 2012ko urr. 17a, 20:00
Jose Luis Otamendi
Urriaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan, hamabigarrena da Jose Luis Otamendi. Hauteskundeez eta EH Bildu koalizoaren asmoez, zuek egindako galderei erantzuten izango da Otamendi Uztarrian.

1. Gehiengo eta gutxiengo soldaten arteko erlazioa 12ra mugatzea proposatzen duzue. Zenbat enpresa dira EAEn hori betetzen ez dutenak? Hor aurrezten den diruarekin zer egingo litzateke, zenbat diruz ari gara hitzegiten?
Joxe Etxezarreta

Kaixo Joxe. Gure proposamena 1/12ko galga jartzearen aldekoa da, ikusirik gaur egun askozaz handiagoa dela soldaten arteko koska oro har. Ez dakit EAEn zenbat diren enpresa horiek, baina asko eta asko behar dute.
Diru kopuru handiez ari garela ere ez da dudarik, eta gure filosofiak lehentasuna politika sozialak bermatzera garamatza. Alegia, aurreneko helburua herritar guztientzat oinarrizko eskubide sozialak bermatzea izan behar luke, beti ere jendartearen interes orokorrei begiratuta, zerbitzu emateari begira, onura sozialari. Hortik lortutako diruaz gainera, justizia premiei ere erantzuten ariko ginateke.

2. Lana banatzeaz eta 35 orduko lanaldiaz hitzegiten ari zarete, soldatak mantenduta edo jaitsita?
Ainhoa Arregi

Arratsalde on, Ainhoa. Asmoa ez da soldatak jaistea orokorrean, eta beheko mailetan gutxiago.Dagoen aberastasuna neurri berdintzaileagoen bitartez banatuz ia denok irabaztea baizik. Jakina iruzur fiskalari aurre eginez, fortuna handienen aurrean politika fiskal progresiboa ezarriz, murrizketarik ez eginez jendarteko sektore ahulenetan, eta zenbait alorretako gastuak berrikusiz (azpiegitura handiak esaterako, gastu militarrak...) beste modu batez banatzeko poltsa eskuratzean egon daiteke gako nagusietako bat. Lana banatzea da kontua, eta lanak sortzen dituen irabaziak era orekatuagoan banatzea.

3. Kaixo Jose Luis! Hamabigarrena zara EH Bilduren zerrendan eta Gipuzkoan hortxe hortxe ibiliko zaretela diote inkestek. Zerrendan postu horretan egonda lasai ala urduri zaude egun hauetan? Zorte on!
Batbi

Kaixo Batbi. Egia esateko lasai nago nagoen tokian. Ezinezkorik ez dagoela jakinda ere, emaitza ikaragarri onak beharko lirateke 12 legebiltzarkide ateratzeko Gipuzkoan. Halakorik gertatuko balitz ez ginateke haserretuko, noski , oso zaila dirudi hala ere...
Eskerrik asko.

4. Kaixo Jose Luis! Euskal Herriko independentista asko Kataluniara begira ari dira azkenaldian. Egoera ekonomikoak burgesian eraginda, besteak beste, CIUk postura aldatu eta indepentziaren alde lanean jarri du. Euskal Herrian EAJk ez du horrelako jarrerarik hartu. Zergatik izan daiteke hori? (Badakit EAJri egin beharrelko galdera dela, eta egin diot Alexi ere)
Gazte bat

Kaixo Gazte bat! Kataluniak mundu erdia berari begira jarri du azken astetotan, bai, eta uste dut herrien independentzia lortzeko ari garen guztiok poztu gaituela barru barruraino. Katalunian masa kritiko oso indartsu bat agertu da alderdien ohiko dinamika gainditu duena eta jendartearen eskaera indartsuekin bat egitera jarri dituenam ordura arte kontu horietan nagiago zebiltzan zenbait alderdi.
Dinamika sozialak konplexuak dira, eta uste dut gurean ere ari dela aktibatzen mugimendu sozial indartsu bat burujabetzaren inguruan, indarrak batzea da garrantzitsua, batasuna bilatzea alor sozial funtsezkoetan eta nazio eskubideak indartzeari begira. Euskal Herria Bildun independentziaren aldeko hautua jarria dugu helburuen artean, gurea koalizio soberanista eta ezkertiarra da, eta gehiengo zabalagoak lortzeko bidean gaudelakoan ari gara.
EAJk berak argitu beharko du zer bide hartu. Guk garbi daukagu politika soberanistak eta sozialak bultzateko bada, beti egongo garela akordioetarako zabalik.

5. Korrugadoseko langileen borroka goraipatuz idatzi bat atera zenuen; bainan 60 langile bidalita plantila 240ra jaistea onartuaz eman zion diru laguntza Gallardori Jaurlaritzak (PSE) eta Diputazioak (Bildu)k, ez al da hori kontraesana? Manifestazioan baino, instituzioetan laguntzea ez al da hobe?
Marije Mujika

Kaixo Marije.
Hasteko azpimarratu nahi dut eredugarria iruditzen zaidala Korrugadoseko langileak 4 hilabete eta bi egun gogor hauetan guztietan eramaten ari diren borroka. Duintasuna eta auto-antolaketa zer den badugu non ikasi.
Barka Marije, baina nik dauzkadan datuen arabera, eta oker ez banago, enpresako zuzendaritzari 5 milioiko laguntza hori, 2012 urte hasieran 100 langile kaleratu ondoren, 2016ra arte beste inor ez kaleratzekotan eman zitzaion. Eta hori horrela bada, hor badago iruzur zantzu nabarmen samarra, eta erakundeok kargu hartu beharko liokete zuzendaritzari, nik uste.
Manisfetazioak edo instituzioen laguntza diozu. Bietatik tira behar delakoan nago. Industria eta ekonomia aurrera aterako badugu, lana eta borroka egin beharko da, bai kalean eta bai erakundeetan. Hemen lan egitea eta erabakitzea lortu beharko litzateke. Ekonomia errealari arreta eman, dirua jendearen beharrei begira baliatu, eta ez espekulatzeko eta batzuen gabezia eta miseriaren kontura gutxi batzuk aberasteko.

6. Azpeitian egurraren sektorea lur jota dago, zein dira enpresa horientzat proposatzen dituzuen soluzioak?
Unai Gajate

Kaixo Unai!
Urola Erdiko Enplegu Plana martxan dagoela jakin dugu berriki. Hor eskualdeko udalez gain, hainbat eta hainbat gizarte eragile ere ari dira lanean lekuko ekonomia suspertzeko xedez . Zuk aipatu bezala, egurraren sektorea ere egoera larrian dagoela bistan da, eta balizko irtenbideak bi alderditatik ikusten ditut: bata azterketa sektoriala egin eta horiek pizteko, biziberritzeko, eraldatzeko politikak, eta bestea, berriz, eskualde mailako planak.
Aurren aurrena eragileen iritzia hartu beharko da haintzat, eta hortik abiatuta berrikuntza, ikerketa, tokiko ekonomia pizteko planak burutu, ekonomia soziala (enpresa txiki eta ertainak, kooperazioaren kultura) justizia soziala (fiskalitatea, lana banatu).
Dagoenetik hasi eta ausardiaz aurre egin egoerari. Lehen ere egoera zailetatik ateratzen jakin izan dugu eta elkar hartuta asmatuko dugu berriz ere, jendea baita daukagun kapitalik onena, ekonomiaren eta etorkizunerako bermerik seguruena. Soluzioak elkarrekin bilatu behar ditugu, elkartasunetik.

7. Eredu berria bultzatuko duzuela diozue. Eredu berri horretan gazteengana iristeko bideak kontuan hartu al dituzue? Ez al zaizu iruditzen gazte asko eta asko politikatik gero eta urrunago daudela?
June

Kaixo June. Egia da gazteak politika modu batzuetatik gero eta urrunago ikusten ditugula, baina guk beste politika egiteko molde bat eskaini nahi dugu. Laura Mintegik joan den larunbatean Barakaldon esan bezala, hanka bat kalean eta bestea er4akundeetan ari nahi dugu. Politikan gaude, kalean gaude eta herri mugimenduetan gaude, ez dugu nahi politika instituzionalaren besaulkietan lokartu eta lizundu. Gazteak oso kontutan hartu nahi ditu Euskal Heria Bilduk, jendartearen parte inportantea da, inportante diren bezala beste adin tarteetako kolektibo batzuk eta gizarte talde eta sektore asko.
Bestelako gizarte eredu bati begira ari bagara, jendarte parte hartzailea behar dugu, eta gazteek ere eurei dagozkien arazo espezifikoez arduratzea eskaini eta eskatu beharko zaie. Aukerak eman jendeari eta ardurak hartzea eskatu. Hasteko jendeari zein kezka zein arazo zein ilusio dituen galdetzetik hasi behar dela uste dugu, eta ondoren jokalekuak bilatu, tresnak bilatu, lana elkarrekin egin.
Milesker June!

8. Hitzako elkarrizketan "desgarapena"z hitzegiten duzu, zer da eta nola emango litzateke?
Ion Agirre

Desgarapena edo garapen eza adierazi nuenean, zera esan nahi nuen: bizi garen sakoneko krisi egoera, krisi sitemikoa deitzen duten horretan, ezin dugula orain arteko garapen eredu suntsitzailearekin jarraitu. Ari bagara esaten lana banatu behar dela, fiskalitatea zorroztu behar dela, kontsumoa arduratsua bultzatu behar dugula, elikadura mailan bertakoari lehentasuna eman behar zaiola...defenditzen ari gara orain artekoak ez duela mundua amildegi ertzera eramatea besterik ekarri, jendarte insolidario eta berekoi batean murgiltzen ari garela, eta gutxiagorekin bizitzen jarri beharko dugula denok hobeto bizitzeko, mundu mailako hartu eman zuzenagoak finkatzeko, Inork ez dezan beste inor zapaldu , ez hemen eta ez beste inon, ez bertakoa eta ez beste inongoa...
Milesker Ion!

9. Kaixo Oto! Asko eskatzie ez baldin bada, jaiko hauteskundetako emaitzen ze aurreikuspen eitezu? Ze porra egingo zenuke?
lolita

Kaixo Lolita!
Barkatuko didazu, baina ez naiz ausartzen porrarik egiten. Espero dut Gasteizko Legebiltzarrean indar aurrerakoien eta abertzaleen nagusitasuna nabarmena izatea, legebiltzar hori balia dezagun pauso handi bat emateko Euskal Herri osoaren askatasun sozial eta politikoaren norabidean.

10. Bilduk Donostian AHT trenaren geltokia egitea "onartu du" autobusaren aitzakian. Zer egingo dezute makroproyecto honekin Eusko Jaurlaritzara heltzearekin bat? Zein izango da Bankuei STOP esan eta beste moduko gizarte bat hasi ahal izateko giltza? Sorterik onena opa dizuet hasi duzuen bide berrian.
Bat

Kaixo bat. Geltoki bat, berez ez da geltoki bat besterik, gero ikusi beharko da AHTrik izango den hor geratzeko. Makroproiektuak ez dira gure lehentasunen artean satzen. Uste dut gorago aipatu dudala, zerbitzu sozialak bermatzeko modu on bat izan daitekeela diru horiek erabiltzea. Dena dena prozesu parte hartzaileen bidez pentsatu eta birpentsatu beharko dira gure azpiegitura politikak ere.
Bankaren izaera soziala indartu beharko da, banka publikoa eta soziala sustatu, eta espekulazio tresna izateari uz diezaion lortu. Bankak kreditu eta inbertsioa bideratuko dituen zerbitzu izaera berreskuratu behar du, ekonomia errealari begira beti ere.

Eskerrik asko!

11. Zer egingo zenuketen Ertzaintzakin Eusko Jaurlaritza zuena bada? Ez dut politikoetan xinesten eta beldurra dut dirua ateratzeko sistema bat besterik ez izatea.
ni

Kaixo ni. Libre zara politikoez eta politikaz nahi duzuna pentsatzeko, nik ez dizut kontra egingo. Uste dut inoren burua zuritzen jardutea baino, ari garen lekuan ahalik eta serioen eta zintzoen jokatzea dela gure lana.
Ertzaintzarekin zer egingo genukeen? Gauza handirik ez dakit baina, polizia politiko eta errepresibotik duena bertan behera utziko eta herritarren zebitzuko polizia zibil eta desmilitarizatu baten alde behintzat egingo genukeela esan dizazuket seguru.

12. Otamendi, Barne Ministro berria. PPek antolatutako manifestaldi bateak ertzaintzaren pelotaka batek Espainiar hauetako bat hiltzen du. Denak barne ministroaren zain... Nola jarraituko luke historiak? Sorte on!
yeye

Kaixo Yeye. Hasteko, eta zorionez, ez da inolaz ere aurreikusten barne ministeriorik balizko Euskal Herria Bilduko gobernu batean... "Herritar Askatasunak" izendatutako saila arduratuko litzateke askatasunez.
Segurtasun kontuek, polizia ereduak Euskal Herri mailako eztabaida sakon bat eskatzen duela uste dugu.
Zuk planteatzen duzun egoera hori guztiz ezinezkoa da, ez bada literatur ariketa gisa, eta hala hartuz gero izan dezake segida, baina bestela ez.
Barkatu, eta esker mila.

13. kaixo jose luis ze emaitza espero dituzu igandien? nik espero dek jasotzezuen babes guztiye independentziyen aldeko pauso senduek emateko erabiliko dezutela. pnvko epel hauek eztebe espainiatik dibortziatzeik nahi, espainian eroso daude, baino herritarrak ezin deu geyo hola jarraitu. espainitik ezer onik etzaigu etortzen, parue, rekortiek, torturak eta dispertsiyue. animo ta ia zure parlamentuen sartze zean, seinale ona izengoa.
iepalaa

Kaixo Iepalaa.
Euskal Herria Bildu da eredu berri bat proposatzen duen aukera nagusi bakarra, beste alderdi handiak kapitalaren eta merkatuen menpeko ikusten ditugu. Emaitza onak izango dira baldin eta aldaketa sozial eta aldaketa politikoen alde lan sakon bat egiteko moduko ordezkaritza lortzen badugu. Igande iluntzean hori gertatzea espero dut.
Eskerrik asko animoengatik!

14. Zer iruditzen zaizu batzuk plurienpleoa edukitzea eta beste batzuek lanik ez edukitzea? Ez al litzateke kontrolatu beharko?
Idoia -Goikoetxea

Kaixo Idoia. Zalantzak ditut. Ez dakit arazo nagusia hori den, edo ez diren gehiago laneko diru sarrerak kontrolatu beharko liratekeenak, eta lan baldintza kaxkar eta prekarioak. Izan ere, badakigu gaur egun pertsona askok lan bat baino gehiago eginda ere soldata duin bat lortzeko zailtasunak dituena. Egoerak ondo aztetu beharra dago.
Lana eta aberastasuna banatzearen filosofiaren barruan oreka bilatzera jo beharko litzatekeela esan nahi baduzu, guztiz ados zurekin.

15. Aupa Oto!atsaldeon, bueno nahi niki galdetzie ikusita bildu daon lekuetan"gobernatzen"eta kambiyo haundik ez dala ikusi iƱuene,zergatik bilduri bozkatu?
Jon

Aupa Jon! Ez gaizki hartu baina gauzak horrela ikusten badituzu, uste dut ez zenukeela Euskal Herria Bilduren alde bozkatu behar.
Hala ere bi kontu. Bata: bizi dugun une politikoa aspaldi ezagutu ez dugun bezalakoa da. Aukera politiko guztiak daude lehian, eta gaur urtebete Aieteko deklarazio onartu eta handik gutxira ETAren borroka armatua uzteko erabakia etorri zen. Horrek berekin lehen ez zeuden aukera batzuk badakartzalakoan gaude, maila politikoan (askatasuna, gatazkaren konponbiderako urratsak, presoak eta errpresaliatuen aldeko mugimendua aktibatzea ...) eta sozialean. Beste kontua: Bildu indar soberanisten eta aurrerakoein hiruko koalizioa da, eta Euskal Herria Bildun indar gehiago ere batu dira. Nik uste gehiengo soberanista eta ezkerreko horren eraikuntzan aurrera egiten ari dela Euskal Herria, eta zenbait jende animatu eta mobilizatzeko motibo eder bat izan daitekeela. Lehen ezinezkoa zirudien batasun hori gero eta zabalagoa da eta, horrenbestez, helburu handiei ekiteko aukera ere bai.
Eskerrikasko Jon.

Agurra

Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet galderak egin dizkidazuen guztioi, eta Uztarriari ere bai, hemen agertzeko eman didan aukeragatik. Bukatzeko hauteskunde hauen kariz idatzi dudan testu bat nahiko nuke txertatu despedida gisa.

IRITSIKO DA EGUNA

iritsi da gure gaurko eguna

iritsi da gure gaurko aldia

suerteko

zorioneko gara

eta orain laino mugan ikusi ahal den

bide zabal hori pagatu duten guztiekin

zordun gara

zubiak kaleak etxeak hor badaude

sukaldeak arropak kantuak hor badira

hango eta hemengo jende askok

gure aurretik horretan jardun duelako da

horregatik daukagu eskura

hainbeste ondare eta hainbeste ardura

hau da gure gaurko aldia

heldu da gure gaurko eguna

eta lehen beste hainbatetan gertatu bezala

berriz ekibokatzen bagara

jendartearen seinaleak

kafe hondarrak

edo txorien hegaldiak

gaizki irakurtzen baditugu

agian azken aukera izango da

baina ez diogu beldurrik

beste behin erratu eta porrot egiteari

ezin baitugu

asmatzeko aukerarik txikiena joaten utzi

gaurko hau gure azken ekina gertatuko balitz ere

ezin baitugu irabazteko aukera galdu

gure aldi da

heldu da gure gaurko txanda

honaino ekarri gaituzten

erabaki zuzen eta eskuzabalak ditugu begira

egin ditugun makur eta injustiziak:

hainbeste bazterketa bidegabe izan dira

hainbeste hildakoak eta arima hautsiak?

larri zauritutako denbora batean bizi gara oraindik

larri zauritutako denbora batean

baina badakigu honek behar duela

garai berri baten atalasea eta hastapena

behar bada izango zen

orain gauden honetara lehenago ailegatzeko era

baina ez dugu jakin nola

berandu ibili ginen

edo ez genuen asmatu orduan

eta errakuntza eta aukera galdu horien guztien zama

bihotzean dakargula gatoz

iraganak eta geroak oinordetzan

laga diguten orain honekin:

orain hau baino ez daukagu?

eta azkena gerta badaiteke ere

ez diogu beldurrik beste porrot bati

izan ere hain dugu premia handia irabazteko

norbaitek noizbait zerbait irabaz dezan hemen

eta hain gertu dakusagu eskueran

aro hobeago baten aukera

elkar bana daitekeen aro baten aukera

inork inor sekula zapalduko ez duena?

egin diezaiogun gure ahalegin zintzoenaren promesa

egin diezaiogun gure ahalegin kezkatuenaren promesa

aldi hau pagatu duten guztien ohoreari

aldiro bizi izan dugun egokiera

izan da geneukan onena

geneukan bakarra

baina oraingo orain honek

aurrekoen aldean geroaz beteago

orain artekoek baino orainago dirudi

gure oraineko orainak gaur

eta ez dugu ekin gabe igarotzen utziko

hainbestekoa du herri honek irabazteko premia

hain karu pagatu du mendeetan

hain karu pagatzen da bizi garen munduetan?

iritsi da orain hau

hau da gure aldia

hauxe da gaur daukagun orain bakarra

egin dezagun gure ahalegin zintzoenaren promesa

egin dezagun gure ahalegin kezkatuenaren promesa

ez daukagu hondarrekoz galtzeko beldurrik

ez dugu irabazteko beldurrik

hemen norbaitek noizbait zerbait irabaz dezan

premia gorria baizik

gaur da gaur guztietan gaurkoena

orain da orain guztietan orainena

iritsi da gure gaurko eguna

iritsi da gure gaurko aldia

eta hala ere adiskideok

hala ere

iritsiko da eguna!