Patxi Juaristi eta Ander Alkorta

uztarria.com1 2012ko urt. 12a, 20:00
Patxi Juaristi eta Ander Alkorta
Duela aste batzuk hasi zen lanean Azpeitia Zero Zabor taldea. Taldearen helburua "Zero Zabor programa herrian martxan jartzea" da, eta horrela "hondakinen arazo larriari aurre egitea". Patxi Juaristi eta Ander Alkorta Azpeitia Zero Zaborreko kideak dira.

1. Azpeiti zabor herria. Hiru hitzetan, hori bihurtu da eta orain planteatzen diran irteerekin, horrela jarraitzeko papeleta asko ditu. Azpeitia Zero Zaborren lehenengo lana, Lapatx ixtea izan beharko luke. Geurea gutxi dela eta KANPOTIK EKARRI ZABORRA??? con 2 cohones!!!
...Gauza ederra da eta , kaka guztiontzat

Lehenik esan Azpeitia Zero Zaborren (AZZ) helburu nagusia Zero Zabor programa bultzatzea eta herriko egunerokotasunera zabaltzen laguntzea dela. Norabide hortan Lapatx-eko afera soluzio integral baten baitan aztertu beharreko gaia dela uste dugu, hau da kontua ez da Lapatx itxi eta beste herri batean baldintza berdinetako zabortegi bat ezartzea, aterabidea aurkitzea baizik.

2. Atez atekoa jartzea erabakiko balu udalak, aurretik egin beharko al luke galdeketa?
Mila

Edozein aldaketaren aurrean zenbat eta parte hartze zabalagoa izan lortuko diren emaitzak aberasgarriagoak izango dira gure ustez. Bide horretan AZZ-ren asmo nagusietako bat herritarrei ahalik eta informazio gehien helarazi eta parte hartzea sustatzea da. Zentzu horretan galdeketa tresna bat gehiago dela ulertzen dugu.

3. Zero zabor taldearen logoaren eta bilduren logoaren antzekotasuna, nahita egindakoa edo kasualitatez?
Mikel

Zero Zabor mugimenduak munduan zehar erabiltzen dituen logoa eta izena hartu ditugu eredutzat, gu ere mugimendu horren parte garela deritzogulako. Mugimendu hau Bildu sortu baino lehenagokoa da; ez dakiguna da Bilduk nahita sortu duen antzeko logoa edo kasualitate hutsa izan den ;)

4. Zero zabor, hau da, zaborrik ez... hoi ez al da utopia bat?
Ekain

Bai, utopia bat da eta utopia guztiak bezala beti hobetuz joan beharreko bide bat markatzen du. Datorren urtean egungo zabor kopurua murriztea lortzen badugu eta urtez urte bide hori jarraituz bagoaz, ez al da denontzako positiboa izango?

5. Atsaldeon! Atez atekue al da zuek bultzatzen dezuena? Ez al da Azpeiti "haundigiye" holako bilketa bat eiteko? Ondo izen
Artola

Guk bultzatzen duguna Zero Zabor programa integrala da. Horren baitan hondakinak gaika biltzeak izugarrizko garrantzia du eta beraz hau lortzeko sistema egokiena zein den aztertu behar dela uste dugu.

Argitze aldera:
"Atez ate" terminoak gauza bat adierazten du, bilketa atean egiten dela, gaur egun Azpeitiko eta Donostiako alde zaharrean hala egiten da eta ez dugu uste modu eraginkorrena denik Zero Zabor helburua lortze bidean.

Guk bultzatu nahi duguna gaikako bilketa sistema eraginkor bat aurkitu eta martxan jartzea da, eta noski kontuan hartu beharko dira gure herriak dituen ezaugarriak.

6. Aupa zuek! Lapatxekin ze ein ber dala uste dezute? Ta letu det Hernani ta Usurbilen ibili zeatela hango zabor bilketa sistemak ezautzen, Azpeitirako baliyo debela uste al dezue? Animo ta segi holaxe!! pozte naiz ta zaborran problemie konpontzen sayatzeko talde bat izetiekin
Etxekalte

Ahal bada itxi, gure helburu nagusia zaborrik ez sortzea baita. Hernani eta Usurbilen ezarri diren sistemak ikusten izan gara beti baitago zer ikasia.

Dena den garbi dugu herri bakoitzak bere behar eta berezitasunak kontuan izan behar dituela. Azpeitian herriari egokien datorkion eredu propio bat eraiki beharko dugu eta lan hau denon artean burutzea da AZZ-k duen helburuetako bat.

7. Pardelak birziklatzeko modurik ba al dago?
Martin

Pardel berrerabilgarriak erabiliz gero bai!

8. Azpeitian badugu labe bat, Corrugados; txatarra funditzen du altzairua ateratzeko. Zubietako Errauskailuak Corrugadosen plantak baino zenbat gehiago edo gutxiago kutxatuko luke? Errauskailuaren depurazio sistema Corrugadosena baino 10 aldiz txikiagoa dimentsionatua dagoenez eta emisioen legea bientzat berdina izaki, Errauskailuak nere ustez 10 aldiz gutxiago kontaminatuko luke. (metal pisutsuak, altzairutegikoak baino arinagoak dira, dioxiona eta furanoak altzairutegitik ere irteten dira) Ez dut esan nahi errauskailuak ez duenik kutxatzen, baina zenbat kutxatzen du, sortu nahi duzuen alarma soziala justifikatua al da?
Igor

Ez dugu uste talde honetako inork alarmarik piztu duenik. Zentzu honetan gure helburua gai honen inguruko ahalik eta informazio zabalena herriratzea da, herritarrok kriterioz eztabaidatzeko gaitasuna izan dezagun.Une honetan gure ustez arazo larri bat herritar asko topikoz eta arinkeriaz beteriko eztabaidan murgilduta ikustea da.

Gu ez gara sartuko alde edo kontrako posizioetan. Gure ustez alternatiba desberdinak daude eta denak aztertu behar lirateke.

9. Zero zaborrek ze iritzi du industria hondakinei buruz eta enbalajeei buruz? Hor sortzen da nire ustez hondakin gehiena, beraz, zer neurri proposatzen dizutuzue aurreko 2 puntuei buruz? Zerbait aplikatu daiteke epe motzean? Ze irtenbide ikusten duzue gauzatuko dela etorkizunera Gipuzkoan orokorrean? Atez-atekoa zabalduko da, edo 5.edukiontzia...e.a. Zer diote Udaletxeek eta Diputazioak?
Xabier Bastida

Gauza asko dira aztertu beharrekoak. Zero Zabor programaren inplantazio integral baten barruan enbalajea, industri hondakinak... etxeetan sorturiko hondakinen modu berean jarraitzen duten zikloa berrikusi beharko da.

Ez dago sekreturik, ahal den einean hondakina murriztu, ezin bada berrerabili eta besterik ezean berziklatu.

10. Atez atekue jartzeko prozesue nola izengo litzeke? Zuek hasi dezuen proiekto hontatik udalien onartzeaiño zamat denbora pasau laizke? beinga suerte on ta animo!
herritar bat

Zein prozesu aurrera eraman herritar guztion artean adostea da guk nahi duguna. Gaur egungo egoera ikusirik zero zabor programa martxan jartzeko ez dago denbora gehiago luzatu beharrik, gure ustez nahikoa eta gehiegi itxoin dugu.

11. Materia organikoa birziklatzeko konpostaia plantei buruz hitzegiten da. Zergatik ez da txerritegi munizipal baten pentsatzen, 5garren kontenedoreko materia dena txerri jana da. Txerritegia emateko pertsona bat nahikoa da eta San Martinetan reziklatzen dugunontzat odolki txorizo, eta txerri txuleta mordo bat. Txerri ximaurrakin egin daiteke gero konpostaia.
Joxemai

Guk ez dugu inongo aukerarik baztertzen. Eraginkorrena bada, zergatik ez?

12. Kaixo! Posible ahal da alde batekoek errausgailuari gauza guztiak txarrak aurkitzea, eta beste aldekoek atez atekoei, edota zero zabor iniziatiba hauetatik irten daitezkeen iritziei buruz dena geizki ikustea? GAia politizatua dago, eta azkenean, ez al ditugu denok ordainduko zaborrekin serikusirik ez duten ondorioz lortutako ikusezinak? Nire aldetik sorterik onena opa dizuet. Ezin dut xinistu gaur egun Azpeitian norbait egotea zero zaborren ideiekin bat egiten ez duena, ezta ordea, errauskailuak kaltea bakarrik ekarriko duela ere. Nire ustez politika alde batera lagatzea lortzen baduzue, zerbait egin daiteke. Zorionak talde honetan murgildu zareten guztioi eta sorte on!
Azpeitiar bat

Ados gaude diozunarekin. Antzeko irakurketa egiten dugu taldean.

13. Lelengo ta behiñ zoriondu euki dezuen iniziatiba honeatik, iruitzezik erabateko apoyue eukikozuela herriatarran partetik, aber pixkanaka jendie kontzientziatzean haiñ importantie dan kontu honekin! ba hori, hortziek nere galderie; zaborra negoziyo bat dek dana bezela ez?
kapitaiñ planet

Zalantzarik gabe dirua tartean den bitartean interesak eta ustelkeriarako aukerak beti izango dira. Horregaitik gure ustez oso garrantzitsua da kudeaketa gardena izatea. Denok exijitu beharreko zerbait da!

14. Apa!!Nere ustez zaborran inguruko gayek herritarroi etzaxkigu garbi azaldu o oindiken agintariyek plan zehatza eztakebe inda. 1-Erraustegiyekin edo organikuekin % 100 birziklatzie ezinezkue da, beti eongoa zatimat ezindana birziklau. Horrekin ze iteko asmue dao?zabortegiye??Europar batasunak esan du 2016rako zabortegiyek itxi behar dila ez?? animo!!
Irtenbidea Orain!

Argi dago beti egongo dela zerbait. Zero Zaborren helburua zati hori ahalik eta txikiena izatea da. Horrekin zer egin jakiteko aukera desberdinak mahai gainean jarri beharko dira. Garbi dagoena da errazago emango zaiola irteera zaborrari %10 izanda, %70 izanda baino!

15. Organikue biltzeko nahiko lan edo propaganda in alda? Azpeitin organikuen bilketie %25 inguruen daola ustet, maila hori lenbailen iyotzeko ze irtenbide dao?
Organikue!

Balorazio asko egin daitezke. Bigarren galdera horri erantzuna bilatzen ari gara gu azken finean. Bilatze horretan gure esku dagoen informazio guztia herritarren esku jarriko dugu. Irtenbideak aurkitzeko parte hartzea zenbat eta handiagoa izan hainbat hobe, animatu zu ere!

16. Atez ateko zabor bilketa ze iruitzezatzue? Nere ustez alde onak ta txarrak baditu. alde batetik inkomoduo da, sistema berri honta moldau inber gea. Bestetik, birziklatzea "derriortu" itegaitu, honek birziklatze tasak asko iyotzie ekarriyez
Atez ateko bilketa

Bilketa sistema bat gehiago da "atez ate" deitzen diozun hori (ikus lehenago 5.galderako azalpena). "Derrigortu" hitza gehiagizkoa dela uste dugu, denok sortu eta sufritzen ditugu egungo kudeaketaren ondorioak. Beraz, denok batera eman behar diogu irtenbidea.

17. Kontenedore pillo bat dauzkagu kaleetan, baño usten dut oraindik ez gaudela guztiz kontzientziatuta gauzak ondo bereizteaz birziklatzeko. Papel-kristal-olio-organiko... gain beste eguneroko gauza pillo bat nora bota adierazten duen gida bat zer iruditzen? Bonbilla bat nora? Walkman bat nora? Aurikular xume batzuk nora? Trapu edo tela zati bat nora?... Baita ere ondo legoke, kontenedoreetatik kanpo laga behar diren gauzak nora eraman daitezkeen ere zailkatzea.
Azpeitiarra

Denoi tokatu izan zaizkigun egoerak dira, zalantza etab. Guk ekarpenak egin arren, ezinbesteko ikusten dugu instituzioetatik bitartekoak bideratzea, formazioa barne.

18. Usurbilen eta Hernanin izan zarete, ekimen hauek herritarrei zabaltzeko asmorik ba al duzue?
Jakinmin

Momentuz, bisita bakoitzaren "kronikak" publikatuko ditugu. Gerora, ez dugu baztertzen leku ezberdinetara bisitak antolatzea herritar guztientzat.

19. %80 berziklatzeko aukerie omentzeok? ta beste %20ekin ze planteatzezue?
Xaibor

Lehen erantzun diogu galdera honi (14. galderan).

20. Zer arrazoi ikusten duzue gaur egun ontzi kanpoan gelditzen den kartoiak(normalean haundiak eta kalitate onekoak)hondakin arrunteko kamioira botatzen dituztenean,,, ontzitik kanpo daudelako..eta goxoki denda inguruetan gertatzen den zikinkeria.... hezkuntza arazoa bakarrik da? eskerrik asko
amek

Hezkuntza, kultura, jendarte eredua, kontsumoa, bilketa sistema, kontzientzia,... puff! Garbi dago ez dela hezkuntza arazoa soilik.

21. Epa, "Azpeitia Zero Zabor" taldie sortu danetik eindako ekintzatako bat Hernani ta Usurbilea eindako erteerak izen dituk, biyek atez ateko sistemie inplementau deben herriyek. Zero Zabor filosofiyek %100 eite al dik bat atez ateko bilketiekin, eta alderantziz? Hau dek, beherrezkue al dek atez ateko bilketa sistemie inplementatzie herri baten Zero Zabor kontzeptuekin bat eiteko? Nik atez ateko bilketien kontuei, bai alde bai kontra eiteiyoben iritziyetan arazoi politiko (eo partidista) gehiyo ikusi diat oin arte analisi sakonak baino, horregatik nere galderie. Zorte on taldiekin!
Xabi

Gu Usurbil edo Hernanira joan izanaren arrazoiak honakoak dira: Zero Zabor programa martxan jarri izana, dituzten bilketa sistemek emaitz ikusgarria lortu izana eta azkenik, ezaugarri oso ezberdinak dituzten herriak direla. Biltzeko sistema ere ezberdina dutela ikusi ahal izan dugu, nahiz eta izen bera erabili.

Politizazioaren kontua, 12. galderan aipatzen da.

22. Herri batzutan oliyue reziklatzeko kontenedoriek daude, hemen holako zeoze jartzeko asmoik ba al dao?
Aupa

Azpeitian ere baditugu: Sanjuandegin, Eroski aurrean; Loiolabidean, PRAT aurrean...

23. Aupa bikote! oso ondo ziok herritar danok sentsibilizatzie arazo honekin baño zabor bolumenai beituta, azpeiti mailan, zenek zakek portzentai haundiyo, etxietan sortzeanak o enpresak sortutakuk? ISO 14000 bezelako diploma asko eongok baño etzekiat zemateaño kunplitzean.
zarama

Ez dakigu, baina eremu guztietan eman beharko dira urratsak irtenbidea integrala izateko.

24. Gure etxien, papela urdiñea, plastikue horira, beira berdea ta organikue marrira botatzeiau baño gero benetan bakoitze bere lekua jutealda? lapatxek organiko dana ezindula gestionau irakurri nian oindala ez asko prentsan, hala al da?
mikel

Lehenengo galderaren erantzunik ez dugu, baietz espero dugu! Bigarrenari dagokionez, egia da gainezka eginda dagoela. Guk dakigunez, beste konpostaje planta batzuetara bideratzeko gestioak egiten hasiak dira. Dena den, epe laburrean zerbait egin beharko da arazoa larria baita, lan asko dago egiteko!

25. Beste kontu bat, nik uste nian gaur egungo gaztiek gure gurasuek baño garbiyo hituala ta zaborrakin beste modu batea kontzientziauta zaudeala baño... ikusi altzenuten nola geldiu zan azpeiti kilometruk ta geo?
mikel berriz

Azterketek diotenez, 50 urtetik gorako emakumeak dira kontzientzia gehien dutenak eta gaizkien egiten dutenak berriz gazteak! Baina ikerketek diotena alde batera utziaz, denok dugu hemen zer esana eta zer ikasia.

26. Deba Garaian atez atekoa jartzen ari dira, 210.000 gastatu behar omen dituzte jendeari basura nola eta noiz atera esplikatzen. Ez al zaizue iruditzen bostgarren kontenedoreak ere formazioan horrenbeste inbertituta atez atekoaren emaitza berdina lor dezaketela?.
Igor

Orain arteko emaitzek kontrakoa diote. Dena den, zergatik ez dugu eztabaidatzen zein den Azpeitiko errealitatera ondoen egokitzen den sistema? Hori besterik ez da gu planteatzen ari garena.

27. Martin Garitanok dionez, birziklatzen ez dena, deposito inerteetan gordeko litzateke. Ze bolumen okupatuko luke deposito "inerte" horrek? (Horrek ez du haurren pardel asko aldatu...) Konturatzen al zarete horiek erraustuta bolumen hori %90ean murrizten dela? (pisuan %75)
Iker

Martin Garitanok gauza bat dio eta zuk beste bat. Zenbat buru hainbat aburu. Zergatik ez dugu denon artean patxadaz eztabaidatzen? Agian biok duzue arrazoi!

28. Atez ateko bilketarako bidea hasi duzue, zero zabor taldea sortu duzue eta orain "Bildu"ko udalak, Usurbilgo "Bildu"k sortutako, "Bildu"ko jendeak bakarrik lana egiten duen eta "Bildu"k ipinitako atez ateko sistema kudeatzen duen GARBITANIA enpresari emango dio Azpeitiari buruz egiteko estudioa. ( http://h1hernani.wordpress.com/2011/05/06/el-chiringuito-garbitania-a-mayor-abundamiento/ ) Koherentea al da gero Atez ateko sistemarekin diru pila irabazten duen enpresak esatea zein sistema den onena? Hori ez al da prebarikazioa, koetxo eta horrelako delitutan sartzen? Ez al da Otsoari artaldea non ipini galdetzea? Zer diozue zarauzko PSEk atera duen INVEMAk eginiko estudioari buruz?
Igor

Guk ez dugu atez ateko bidea hasi, ez dugu harremanik Garbitaniarekin... eta lehen ere esan dugu kudeaketa guztian gardentasuna garrantzitsua dela. Dena den, guri ez dagokigu gauza hauek bermatzea, zuri bezalaxe, ardura dutenei exijitzea dagokigu.

"Zarauzko PSEk atera duen INVEMAk eginiko estudioari buruz" ez dakigu ezer. Interesgarria bada, eskertuko genizuke informazio hori gure helbide elektronikora bidaltzea (azpeitiazz@hotmail.com)

29. Azkenengo 20 urteetan errauskailuen dioxinen emisioa pilla bat jatsi da, datu bat ematekotan, Alemaniako "Berdeen" partiduak (ekologistak) gestionatutako "Ministerio del Medio Ambientek" esanda:"1990an, Alemanian isuritako dioxinen %33a errauskailuena zen, 2000. urtean %1era ez da iristen" 1985etik hona Alemaniako Errauskailu kopurua bikoiztu egin da, 2005 etik 2007ra beste 7 gehiago egin zirelarik, ez al zaizue iruditzen errauskailuaren kontaminazio mailaren inguruan exajeratzen ari zaretela?
Mikel

Gu ez gara "exajeratzen" ari, ez dugulako ezer esan oraindik. 8 eta 14. galderetan duzu erantzun osoagoa.

30. Asteburuan Hernanin eta Usurbilen izan zinetela irakurri nuen, Atez Ateko sistemak nola funtzionatzen zuen ikusten. Zer iritzi duzue bilketa sistema honi buruz? Azpeitin gauzagarria izan daiteke ezta?
txiprixtin

Interesgarria dela deritzogu. Era berean, sistema bere horretan kopiatzea akats larria litzateke gure ustez. Azpeitin gauzagarria den sistema bat ezarri beharko dugu denon artean.

31. Nire uztez birziklapena bultzatu behar da eta horregatik erabiltzen dut kontenedore marroia. Ala ere Atez atekoaren kontra nago, zergatik? Jendea behartu egiten delako, jendearen basura rebisatzen ari dira jendeak ondo reziklatzen duen edo ez ikusteko. Pardelak erabiltzen dituzten agureak, egunero injekzioak behar dituen jendeak... Intimitatea non dago? Birziklaia % handiagoa duela atez atekoak? bai, baina ze preziotan? Kontenedore marroiaren erabileran formatu behar da jendea, portalez portal esplikatu eta erabiltzera bultzatu. (orain arte nahi zuena bakarrik joaten zen informazioa jasotzera). Noiztik argazkian zaudeten ezkertiar danok inposaketaren alde? Ez al da ba politika ezkertiarra, informatzea, pedagogia...
Joxemai

Badirudi badituzula ekarpenak egiteko, hori ona da gure ustez. Denon artean, herrirako sistemarik egokiena eraiki behar dugu.

Dena den, ez al zara zeu politizazioan erori dena? Normalizatu dezagun eztabaida hau denon onerako ;)

32. "Comunidad economica europeak" errauskailuetako energia, energia berdetzat dauka, seguru mendietan (gazumen adibidez) errota heolikoak ere ez dituzuela nahi. Orain arte bezala Frantziako zentral nuklearretako energia erabili behar al dugu? Zein da zuen energia politika?
Nere

Gure taldean ez dugu jorratzen energia politika, zeharka ez bada behintzat.

Hala ere, gu bion (Patxi eta Ander) iritziz, errauskailuaren energia ez litzateke kontsideratu behar energia berde gisa, zentral termiko arrunt batetik ez baita bereizten. Bestalde, energi iturri guztiek dituzte aldeko eta kontrako faktoreak. Zaborraren kasuan bezala, irtenbideak integrala izan beharko luke, kontsumoak murriztuz, iturriak dibertsfikatuz, ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eraginez etab.

33. Azpeitian dauden 8000 inguru autok, urtean 20000tona CO2 ixurtzen dute, errauskailu batek baino 8 aldiz gehiago. Ala ere lantegietarako autobusa kentzea erabaki da jendeak erabiltzen ez zuelako, ez al zen hobe lantegietako aparkalekuetan OTA jartzea? horrela jendeak autobusa erabiliko zuen. Nahiago dut autobusa erabiltzea ate aurreko txintxilikarioa baino.
Iñaki

Batek ez du bestea kentzen. Bestalde, guk ez dugu ez "txintxilikario" eta ez bestelako aukerarik aipatu oraindik. Guztion artean hitzartu beharreko zerbait izan behar du gure ustez.

Hala ere zure ideia interesgarria iruditu zaigu.

34. Diputazioko web horriko link bat da hau, Greenpeace-en estudio bat, non Austriako inzineradoren kontaminazio maila zenbatekoa den jartzen duen. Datuak ikusita,azkoitian hainbat urtetan, DEPURAZIO SISTEMARIK GABE egon den altzairutegiak baino EHUN aldiz gutxiago kutxatuko luke. http://www.gipuzkoa.net/incineradora/IncineradorasAustria.pdf Beste estudio honetan irakurtzen da non, errauskailu batetik irteten den dioxina kopurua, Lapatx moduko "vertedero batek" sortzen duen dioxina kopurua baino txikiagoa dela. http://www.istas.net/portada/cops7.pdf Zer iruditzen?
Igor

Aurretik gaizki egindakoak ez du orain gaizki egitea justifikatzen. Aukera guztiak aztertu beharko dira eta eztabaida sustatu.

35. Badirudi asken asteotan pauso batzuk ematen ari direla zaborraren gaiaren inguruan. Horietako bat, igandeetan zabor bilketaren zerbitzua kentzea. Zer iritzi duzue gai honen inguruan?? Ta ni alde zaharrean bizi naizenez, zer deritzozue hemen egiten den bilketa, hau da, inongo bereizketarik egin gabe zaborrak lapatxera bideratzeaz?? Animo eta jakin jende asko dagoela zuen borrokarekin bat egiten duena. ZORIONAK!
erdikaletik

Igandetako erabakiak ez du funtsik, irtenbide integral baten baitan kokatua ez badago. Badirudi, gastuak murriztea izan dela helburua.

Alde zaharreko bilketa sistema, zaharkitua eta desegokia iruditzen zaigu. Guztion artean hobetu dezakegu!

36. Zergatik uste duzue berziklatzen duela hain jende gutxik Azpeitian? Zakarrontziak birziklatzen diren ontzi eta produktuz beteta ikusten dira. Gogo falta, kontzientzio falta...
Hondakin

Inguruko herriealdeekin alderatuz, ez dugu uste jende gutxik birziklatzen duenik Azpeitian, espainiar Estatuko batez bestekoaren gainetik dago adibidez.

Hala ere hobetu badaiteke, zergatik ez dugu egingo?

Agurra

Eskerrik asko galdera bidali diguzuenoi, gustu handiz erantzun dizuegu. Gaiaren inguruan eztabaida pizten ari gara eta hori da garrantzitsuena.

Egin dezagun lana eskuz esku, denon artean aurrera egingo dugu eta!