Aitor Bengoetxea

uztarria.com1 2008ko urr. 22a, 19:00
Aitor Bengoetxea
Ostegunean(urriaren 23an)hasiko da aurtengo Triku Festie. Bertan, herriko nahiz kanpoko talde ugari entzuteko aukera izango da lau egunetan zehar. Aitor Bengoetxea da antolatzaileetako bat.

1. 12 tribu kenduta, beste talde guztiak kanpokoak dira, hain urrutira joan behar da musika ona bilatzeko?
xabi

Aupa Xabi,

Hasteko esan, 12 Tribu ezik DJ_Amsia ere Triku Elakarteko kide dugula...beraz, badira bi.

Bestetik, Triku Festaz aparte musika programatzeko aukerak ugaldu egin dira azken aldian eta urtean zehar ere izaten da herriko hainbat talde entzuteko parada(SanJuandegiko festetan, Urrestillako festetan, Asteburu Musikaletan, San Inazioetan...). Egia esan, Azpeitiko talde batek New York-eko batek edo Abaltzizketako batek bezain musika interesgarria egin dezake, berdin du bere jatorria, eskeintzen duena interesatzen zaigu...

2. Zenbat jende ibiltze zeate Triku Festie antolatzen?
satorra

Urtero-urtero deialdi zabala egiten dugu elkartean (65 bat pertsonen artean), eta animatzen direnek osatzen dute urte horretako antolakuntza taldea. Normalean bost edo sei pertsona izaten gara urte guztian zehar lanean dihardugunak, eta jaialdia gauzatzen den egunetan elkarteko jende gehiago gerturatzen zaigu esku bat botatzera.

3. Aupa! Ze irizpiden arabera aukeratzeituzue taldiek?
Aitziber

Egia esan, gustu eta intuizio kontua izaten da.
Urtero biltzen garenok lanean hasi aurretik kriterio batzuek jarri ohi ditugu baina hauek urtetik urtera aldatu daitezke antolakuntzako jendearen arabera. Zerbait interesgarria, desberdina, berezia eskeintzen duten taldeak ekartzen saiatzen gara, baina badakizu hori oso subjetiboa da, zenbat buru hainbat aburu!!

4. Ez al da barra txikiye geratzen?
Ana Larrañaga

Aupa Ana,
Nire ustez bestela ere badira nahiko barra eta taberna herrian...nigatik txikiagoa ere jarriko nuke, eskuko frigogailu bat eta kitto!

5. Triku festie ez al zan herriko talde ezberdinek herriko tabernatan ezautzea emateko ekimena izen.Haseratik antolakuntzan azpeitiko musika talde ezberdinek jardute zeben,oain Triku elkartiek jarduten du.zeinek,ze taldek osatzen du triku musika elkartie?
Gorka

Arratsaldeon Gorka,

Triku Festaren sorrera oso bapatekoa izan zen, intuitiboa, institiboa kasik. Herriko taldee lana herrian agertzeko eta herrian musikarekiko saletasuna pizteko sortu zen, baina inongo lema edo banderarik gabe, modu sanoan. Gainera hasierako urtean etzuen izenik ere, etzen Triku Festie bezala iragarri. Handik hiru urtera edo Urrestillako entsegu lokaletan biltzen ginen talde horiek beraiek Triku Musika Elkartea osatu genuen. Egun, garai artako jende bera badabil antolakuntzan, jende berria ere sartu da, eta orain parte hartzen ez duenik ere bada, baina oso modu naturalean, guztia bezala sortu-garatu-eta hil...

Amaitzeko esan, egun Triku Musika Elkartearen baitan 65 pertsona gaudela gutxi gorabehera, 14 musika talde (bakarlariak barne)edo.

6. Triku Festako azken urteotako egitaraua ez al da ausart xamarra? Harrera ona al du herrian?
gaizka

Kaixo Gaizka,

Ausarta? hori norberak neurtzen du, bakoitzaren gustuen eta joeren araberan dago. Pertsonalki, oraindik proposamen "ausartagoak" programatzearen aldekoa naiz, baina ulertzen dut zenbaitentzat ausartegia izatea.

Orain nirea da galdera:
Aurreko asteburuan zenbait bodegetako ardo desberdin pila zegoen plazan dastatzeko ardo dastaketaren ekimena zela eta...Hori ez al da ausart Xamarra?
Niretzat bai.

Egia esan, nik uste nahikoa harrera ona duela herrian eta ez naiz hortaz kexu. Guk, hasteko, geuri interesgarria egiten zaigun jaialdia osatzen saiatzen gara, gero zenbait eta jende gehiagori gustatu, ba hobe.

7. kartelari buruz, hainbeste sikodelia beharrezko zen, gaiñera ia ezerrez ulertzeko?
iñio

Iñio,

Hire izenak berak ere badik "sikodelia".
Kartela eta eskuorrien kontuan ere urtero zerbait desberdina egiten saiatzen gaituk, eta egia esan ez duk batere erraza. Informazio asko, egunak, orduak, taldeak, babesleen logoak...puff, ez dakik zenbat buruko min.

Urteetako erreferentzialtasun bat izanik, ordea, aurtengoan pixka bat haratago joan gaituk eta jostagarriagoa egin diagu, badik bere sekretua. Gainera, hori egiten ere dibertitzen ez baldin bagaituk gaizki goaztik!

8. Aupa Aitor, Zorionak hasteko egiten duzuen lanagatik. Nire kezka honakoa da: Euskara esparru guztietan baztertua egon da urte luzez eta horren ondorioz dago egun dagoen egoeran. Nire ustez euskarak espazioak berreskuratu behar ditu inoiz normalduko bada. Urte honetako egitaraua ikusita taldeen artean euskararen presentzia oso oso urria dela esango nuke (taldeen izenak irakurrita hori iruditu zait). Ez al duzue uste garrantzitsua dela honelako ekimenetan euskararen presentzia bermatzea? Animo eta zorte on asteburuan.
Ainhoa

Kaixo Ainhoa,

Interesgarria planteamendua inondik ere. Horrek, ordu luzeetako eztabaida merezi du gutxienez, benetan. Ulertzekoa da zure kezka ,baina baditut zalantza bat baina gehiago. Momentuan burura datorkidan zalantza sorta botako dizut, labur-labur:

- Nik uste Triku Festie jaialdian euskararen erabilera nagusitzen dela eta presentzia nabarmena duela. Lan taldeko harremanetan, publizitatean, karpako barran, prentsa oharretan...denetan euskara nagusitzen da. Neu naiz lehena hori betearazten, benetan.

- Musikak badu hitzez transmititu ezin den beste hizkuntza bat. Kitarren sokek, bateriaren kolpeek ez dute euskaraz, espainieraz, edo eta beste hizkuntzetaz ulertzen.

- Sarri, kanpoko talde batek gehiago "esaten" dizu euskal talde batek baino. Tristea litzateke euskara ez den hizkuntza baten hitzegiteagatik proposamen interesgarri bat baztertzea.

- Eta taldeak abeslaririk ez balu? instrumentala balitz? zein hizkuntzetan joko luke?

- Askotan, gehiegitan, euskaraz abesten duten eta euskaltzaletzat ditugun talde askok eta askok espainolez diahardute oholtzatik jeitsiala. Horrek euskararen presentzia bermatzen al du?

- ...

Ikusten duzu ahinoa, luzerako jotzen du honek. Gehiago solasteko gogoa baduzu pasa karpatik eta hitz egingo dugu honetaz lasai eta luze. Euskaraz noski!

9. Kaixo! Azpeitian kontzertuak antolatzen dituztenean (udaletxeak, tabernariek...) plaza hutsik egoten da beti, askotan lotsa eta dena ematen du. Adb. azkena Etsaik ekarri zutenean bezala. Zergaitik gertatzen da hau? Kontzertu ezkazak antolatzen direlako edo Azpeitian ez dagoelako kontzertuak entzuteko ohiturarik? Zuek Ohitura ez ohitura behintzat lortzen dezute karpa betetzea! Zorionak eta segi horrela lanean!! Aguurr!!
aitor

Aupa tokaio,

Etzakiat zer erantzun, heuk esan duk dena.
Egia duk, badela garaia kontu hauetan arreta gehiago jartzeko. Sarri, betelana egitearren programatzen duk, konpromezuz, edo etzakiat ze milagroren esperoan ustez plaza beteko duen talde "potente" bat ekarriaz. Pertsonalki ez nauk kultur eredu horren aldekoa inolaz ere. Askoz ere interes eta dedikazio handiagoaz egin beharreko lana dela uste diat, kultura ez baituk aisialdia solik, kulturak hezi ere egiten dik eta sarri gaizki hezi ere...

10. Joño! hi noizko Queens of stone age triku festan? ondo jundayela.
Bizer

Aupa Bizer,

Hik ere ez huen gaur moztuko ezta? Bagaituk bi.
Queens Of The Stone Ageko kideak bardenetako desertuan zeudek entsaiatzen, eta beharbada kontzertu sorpresaren bat eskeiniko ditek azpeitiko kaleetan, je,je.

Argi ibili Joshua Home eta bere kideekin!

Nicotine, balium, bekodine, marihuana, extasis and alkohol...

11. Aurtengo Triku Festako talde guztien artean zein da gehien gustatzen zaizuna?
azpeitiarra

Azpeitiarra,
erraza galdera, zaila erantzuna.
Nahikoa programazio bariatua osatu dugu aurtengoan eta denetarik dugu, ez nuke asmatuko erantzuten. Ez naiz batere mitozalea eta guztiei ematen diet aukera. Gainera sarri gutxien espero duzun horrek harritzen zaitu. Beno, pixka bat bustitzearren, esan, Dälek taldeak kontzertu interesgarria eskainiko duenaren susmoa dudala.

12. Sekulako meritua duzue, oso jaialdi txukuna da Triku Festie. Aurtengo jaialdiko ekitaldirik gomendatzerik bai?
uztarria.com1

Arratsaldeon,

Gomendatu, gomendatu...dena. Zer esango dut ba nik.
Guztiek dute bere punttua. Talde guztien lanak ezagutzen ditut noski, baina zuzenekoa desberdina da. Pintxo mordo bat duen tabernako barraren aurrean bezala sentitzen naiz, denetik dastatzeko gogoz, eta hozkada egin aurretik ezin esan ba zein den hobea. Gainera programazioa egitean orokorrean duen oreka ere begiratzen dugu. Beraz, ez da komeni aurreneko platera soilik jan eta mahaitik aldegitea. Jan denetik, eta hitz egingo diagu afalostean.

Hik zer nahiago duk gazia ala gozoa?

13. Nola beteko dezue 36.000 euroko aurrekontue?
Mielmai

Mielmai, 36.000 euroko aurrekontua? non? non sinatu behar da?

Egia esan, askok horrela pentsatzen ez duen arren diruz nahiko larri ibiltzen gara, taldekide batek dioen moduan "malabarismo finantzieroak" eginez.
Gainera taldeen kontratazioaz gain, inprentako gastuak, karparen alokairua, soinu ekipoa, garraioa, taldeentzako janaria, eta beste hainbeste gastu izaten ditugu, banan-bana luparekin begiratu beharrekoak. Makina bat kontzertu egin dira azpeitian guk jaialdi guztirako izaten dugun aurrekontuaren bikoitzarekin...eta gure lana musutruk izaten duk.

14. Nola sortu zen Triku Festie?
usoa

Aupa Usoa,

Barkatu baina ia ordu eta erdi daramat galderei erantzuten eta zurea amaiera aldean suertatu da.
Gainera, aurretik 5. galderan Gorkari eman diodan erantzunarekin aski dela uste dut. Azken finean, herriko lau "melomano" saltseroren egonezina bideratzeko modu bat izan zen.

15. Zorionak! Zorionik ematen al dizue udalak?
Eneko

Kaixo Eneko,

Milesker, benetan. Udalak, udalak...denetarik dago hor ere. Batzuek zoriontzen gaituzte eta beste zenbaitek berriz ezta hori ere. Baina beno, udalaren eskaintzen digun laguntzaz ez gara kexu.
Egia esan, orokorrean udalak gehiagotan zoriondu beharko lituzke herriko kultur espresio desberdinen atzean eten gabe urte guztian zehar lanean dabiltzan kultur eragileak.

16. Zein talde ikustie gomendauko zizuke? kartelan ta diseinue oso oso ona, asko gustau zait. Ekarritako taldiena geotxo esango deu.
olatz

Aupa Olatz.

Mertzi kartelarenarengaitik! Taldeen inguruko gomendioaren inguruan etzekinat nola erantzun. Aurrez, beste zenbait erantzunetan aipatu dinaten moduan denetik zegon eta bakoitzak badin bere proposamen pertsonala. Igandeko eskaintza asteburua aho gustu onarekin amaitu eta astea hobekiago asteko modukoa izango dela uste dinat.

On egin!

Agurra

Beno, kostata baina erantzun ditut galdera guztiak. Milesker galderak egin eta elkarrizketa jarraitu duzuen guztiei.
Banoa karpara korrika batean, han ere izango da zereginik eta.
Ongi izan eta Triku Festan ikusiko gara nahi baduzue behintzat.

Amaitzeko hona nire galdera:
Zein talde, bakarlari edo proposamen musikal ekarriko zenukete datorren urteko ediziora?

Proposamenak trikufestie@gmail.com helbidera bidali, gustu handiz jasoko ditugu.
Ayo!

Aitor Bengoetxea