Aritz Arzallus eta Xabier Aranburu

uztarria.com1 2007ko abe. 27a, 13:00
Aritz Arzallus eta Xabier Aranburu
Euskal presoen eskubideen alde baraualdia antolatu dute abenduaren 28tik 31ra.

1. Nola ikusten duzue zuen burua, giza eskubideen aldeko talde bat bezala? edo konflikto politiko bateko alde bateko biktimen defendatzaile modura?
Igor

Lehenik eta behin, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak gara. Abendu bukaerako baraualdi hau, baldintza larrienak edota erasorik gogorrenak jasaten ari diren presoen egoera salatu nahi dugu. Estatu espainiarrak nahiz frantziarrak, larriki gaixorik diren eta zigorra beterik duten presoak bahiturik dituzte. Eta bestalde, bi Estatuek dispertsio politika hiltzailea erabiltzen dute presoen eta beraien senideen sufrimendua areagotzeko.
Galderari erantzunez, euskal preso politikoak gatazka politikoa konpontzen ahalegintzeagatik daude preso. Presoek ere beraien eskubideak dituzte, eta instituzio publikoek bermatu beharrean ukatu egiten badituzte, eskubide urraketa horri aurre egin eta euskal preso politikoen eskubideak defendatuko ditugu.

2. Zenbat pertsonak hartuko dute parte baraualdian?
aritz

Oraingoz 22 lagun izena emanda, baina oraindik garaiz zaudete. Konpromiso minimo hauek hartu eta betetzeko momentua da.

3. Benetan zerbaitetarako balio al dute ekimen hauek?
neu

Ekimen guztiek balio dute zerbaitetarako. Ekimen batek bakarrik ezer gutxi egingo du, baina Euskal Herri guztiko ekimen multzoak? Ekimenetan orduan eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta eragin handiagoa, bai herri mailan eta baita nazio mailan ere.
Antolatu dugun baraualdia ez da zulo batean sartu eta ura edanez etzanda egoteko. Kalera irtengo gara, informazioa zabalduko dugu, kontzentrazioak burutuko ditugu, Udaleko alderdiekin aldebikoak egingo ditugu... Zuk pentsa ezazu Euskal Herriko herri bakoitzean modu horretako ekimenean 100 lagunek parte hartzen dutela, "benetan zerbaitetarako balio al dute ekimen hauek"?

4. Jendi animatze al da 3 eguneko baraualdiye itea?
Eider

Egon beharko lukeena baino gutxiago. Zu animatzen al zara?

5. Presoen eskubideen alde zaudete baino beste ETAren biktimen alde ez dezue egiten. Kontraesan galanta ez? Ze sinesgarritasun dauke zuen lanak?
Mikel

Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak gara, ze kontraesan du presoen eskubideen alde egoteak?
Baraualdia, euskal preso politikoen eskubideen aldekoa da, kontraesanik gabeko ekimena. Sinesten al duzu?

6. Herri honetan,eta gauzak dauden bezela.Ez al gara biktimez betetako gizarte bat egiten ari?Euskal gizarte guztia ez al da biktima,eta ez batzuk bakarrik?
Irati

Lehenik eta behin, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak izateagatik, euskal preso politikoen eskubidean defendatzen ditugu.
Bestalde, dudarik ez euskal gizarte guztia garela estatu zapaltzaileen biktima. Ez dugu aukerarik gure herriaren etorkizuna erabakitzeko. Horren ordez, eguneroko errezeta: polizi nazional eta autonomiko errepresibo torturatzaileak, politiko iruzurgile eta diruzaleak, epaile inkisidoreak, ilegalizazioak, debekuak, espetxe politika hiltzaileak...

7. Ze ekimen antolatu dituzue gabonetarako?
leire

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (Etxerat, Euskal presoak Euskal Herrira! Azpeitiko topagunea eta Askatasuna) hainbat ekimen antolatu ditu gabonetarako:
- Abenduak 28: azken ostirala, maindire ilera bariantean arratsaldeko 19:00etan. Hilero izaten den ekimena.
- Abenduak 28ko 19:00etatik, abenduak 31ko 12:00etara BARAUALDI MASIBOA.
- Abenduak 31 MANIFESTAZIOA 19:00etan igerilekutik hasita.
- Urtarrilak 1 1:00ean brindisa plazan.
- Urtarrilak 1 9:00tan Erlora mendi irteera.
AZALDU DANOK.

8. ETAren su-etenien presuen gaie zeatik egon zan / zenuten bigarren planuen bezela?
Joxemai

Guretzako, Amnistiaren Aldeko Mugimenduarentzako lehen planoan egon da beti presoen gaia. ETAk su-etena martxan jarri bazuen ere, estatu espainiar eta frantziarraren aldetik espetxe politika hiltzailean ez baitute su etenik eman.

9. Merezi du presuen alde baraualdia egitea? Ez dago tresna bezela agortue?
Maria

Lehen erantzun dugun bezala ekimen guztiak dira garrantzitsuak. Ekimen berritzailerik edo ideia berririk izanez gero bota lasai.

10. Nik txikiten ezautu nian Jose Antonio Cau. Preso ziok oin. Azpeitiarra dek hare ta ez dezue azpeitiar presun zerrendan sartzen
uztarria.com1

Nahiz eta Azpeitin jaio zen, txiki-txikitatik bere bizia Baionan egin du. Horregatik Baionako euskal preso politikoen zerrendan sartzen da, naturalena hala delako.

11. Adibidez, Kaferen familiak zenbateko gastua dauka urtean hura bisitatzeko? Galizian dago Kafe preso.
Mireia

5.760 euro inguru urtean bi lagun joanez gero astero.
63.840 km inguru urtean bisitatzeko.

12. Herritarrak Gabonetan bakarrik gogoratzen al dira presoek bizi duten egoeraz?
aner

Gu saiatzen gara urteko egun guztietan presoek bizi duten egoeraren berri ematen.

13. ETAren indarkeria gaitzesteko adierazpenik egitea pentsatu al duzue inoiz?
maite

Ez. Amnistiaren Aldeko Mugimendua gara, guri dagokiguna euskal preso politikoen eskubideen defentsa egitea da.

14. Ze eskaera zehatz egin dizkiyozue udal berriyei?
Inaxito

Euskal presoak Euskal Herrira Azpeitiko Topagunetik udaleko alderdi guztiei egin dizkiogun eskaerak:
- Berdura plazako balkoian Azpeitiko presoen argazkiak jartzea.
- Udaletxeko balkoian "Euskal presoak Euskal Herrira" maindirea jartzea.
Baraualdiko egunetan berriro alderdi guztiekin egoteko asmoa dugu. Benetan herritarron ordezkariak badira, iritzia emateaz gain konpromiso zehatzak hartu behar dituzte.

15. Hik Artza zenbagarren baraualdiye dek? Hik Xabi?
Kolega bat

Guk pentsatzeiau ein ditugunak kontatzie baino garrantzitsuo dala jakitie, presoek duten egoera larri hontan, zenbat gehiyo eiteko prest gauden jakitie. Hiretzakore baziek galderie.

16. Bakea lortzeko itxaropenik ba al duzue? Zein da jarraitu beharreko bidea?
uxue

Itxaropenik ez da galdu behar. Euskal preso eta iheslari politiko eta euskal herritarroi dagozkigun eskubideak defendatzen jarraitu behar dugu. Euskal herriak du hitza eta erabakia, Amnistia eta askatasuna. Borroka da bide bakarra.

17. Nolakoa izaten da 4 bat eguneko baraualdiaren ondorena? Zaintzen al da jendea geo jateko orduen?
Goxeti

Baraualdia amaitu ondoren hamaiketakoa egiten dugu Oilo-soro elkartean. Salda hartzetik hasten gara baina txorixo eta haragi egosiarekin amaitzen dugu. Xuabe jaten hasi behar dela esaten dute baina...

18. Gaur egun, ba al dauka zentzurik ETAren indarkeriak?
urtzi

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren borrokak zentzua duela dakigu.

19. Azpeitiko preso politikoen egoera zein da, gaur egun?
marije

Sakabanaketa politika hiltzailearen ondorioz, Azpeitiko preso guztiak bi estatutan sakabanatuta dauzkate:
ESTATU ESPAINIARREAN ESPETXERATUAK

- Juan Karlos Arruti "Paterra": Puerto I-eko espetxean dago preso, herritik 1.132 km-tara. 18 urte daramatza kartzelan. Duela hiru urte pasatxo (2004/09/16), zigorraren 3/4ak bete zituen eta beraz kalean aske egon behar luke. Bixita eskubidea 10 lagunetara murriztua du.

- Gotzon Aranburu: Villenako espetxean dago preso, herritik 760 km-tara. Beste kideengandik modulo desberdin batean daukate bakarturik. Bixita eskubidea 10 lagunetara murriztua du.

- Garikoitz Etxeberria "Kafe": Bonxe-ko espetxean dago preso, herritik 675 km-tara. Beste kideengandik modulo desberdin batean daukate bakarturik. Bixita eskubidea 10 lagunetara murriztua du.

ESTATU FRANTZIARREAN ESPATXERATUAK

- Jabier Agirre Odriozola: Poissy-ko espetxean dago preso, herritik 951 km-tara.

- Joseba Segurola Kerejeta "Xegu". Osny-ko espetxean dago preso, herritik 880 km-tara.

- Xabier Etxeberria "Txapi": Muret-ko espetxean dago preso, herritik 349 km-tara.

- Iker Iparragirre: Bois d´Arcy-ko espetxean dago preso, herritik 910 km-tara. Lagunen eta anaiaren bixitak onartu gabe ditu oraindik.

HERRIKO IHESLARIEN EGOERA

- Maria Anjeles Artola. 1979tik 28 urte daramatza herritik kanpo. 1984tik Venezuelan aurkitzen da.

- Iñaki Etxarte. 1981etik 26 urte daramatza herritik kanpo. Azken 20 urteetan Kuban aurkitzen da.

- Juan Manuel Bereziartua "Pakea". 29 urte daramatza herritik kanpo. 1978tik Venezuelan aurkitzen da.

20. Zuen eskakizunean azkeneko urtietan, aurrera edo atzera egin da?
Iñaki

Aurrera, ia herri oso batek aldarriarekin bat egiten duelako. Herriak eskatzen duena, azkenean agintariek pausoa emanez bete egin beharko dute.

21. Noiz presuek etxien? Kalkulo bat...
Jone

Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena eman ez dezaten. Denon esku dago, agian hurrengo urtean, agian 5 urtera, 10...
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak lortu arte borrokan jarraituko du.

Agurra

Eskerrik asko galderak egiten interesatu zaretenoi. Egia esan galdera asko testuingurutik kanpo zeuden. Guri dagokiguna erantzun dugu.
Eta bukatzeko, euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan jarri ezazu zure aletxoa. Aio eta baraualdian ikusiko gara.