Julian Eizmendi

uztarria.com1 2007ko mai. 23a, 13:00
Julian Eizmendi
Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan Azpeitiko Udalerako alkategaiei elkarrizketa on-line egiteko eta bideoan mezua helarazteko aukera emango die uztarria.com-ek, denei. EAJ alderdiko zerrendaburua, Julian Eizmendi da. EAJk herrirako dituen asmoez eta proposamenez galdetzeko aukera duzu orain uztarria.com-en.

1. Uztarria.com erorita egon da, zerbitzariaren arazoak direla tarteko. Elkarrizketa on-line berandu hasi da hori dela-eta. Barkatu eragozpenak.
uztarria.com

 

2. Zure alderdiko buru den Josu Jon Imazek PPrekin paktua egiteko ateak irekita utzi dituen bitartean, ezker abertzalekoei garrapata eta parasito deitu die. Zer diozu?
JoxeMai

Normalizazio politikoa lortzeko ezinbestekoa da ahal den alderdi gehien mahai inguru baten biltzea, eta adostasunak ahalik eta zabalena behar luke izan. Alderdi politiko guztiak egin behar lukete ahalegin hori. Denak dira, bere heinean, Herri honen isla.
Egun, denok dakigu zein diferentzia handi ditugun PPrekin.Prentsan atera diren esaldiak kontestutik ateratakoak dira. Gure alderdia zikintzeko behin eta berriz erabiltzen ari direnak.
Aterabide politikoa Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko duen ahalmenaren gauzapenean beharko du izan.

3. noiz edo noiz tokatu izan zait pleno baterara joan behar izatea herrian gertatutako zenbait ekintza larriren bueltan nire kezkak azaltzera eta hirengandik jasotako tratua lotsagarria hiruditzen zaidak zenbait alditan entzutera bakarrik mugatu izan aizelako inungo kezkarik agertu gabe eta inungo irtenbide edo konpontzeko borondateik agertu gabe,hirean jarrautuz, pleno orretan zeuden erabakiak 10 minututan erabakiz.ez al duk herritarren esanei kasurik egin behar ?zergatik kaitok ez dizkik plenoak emititzen ? zerbait ezkutatzeko?
plenoak behar bezala

Errespetutsua izaten saiatzen naiz, entzun eta neure iritzia ematen. Plenoak, berriz, egun jakinetan izaten dira, publikoak eta kazetariak azaltzen dira gertatutakoaren berri emateko.

4. Zure alderdiak kudeatuko duen Administrazioak noiz eskainiko ditu zerbitzu guztiak euskaraz? Eta noiz lan egingo du euskaraz?
Kontseilua

EBPNren barruan Udal barneko Plana dago eta aplikatzen ari gara eta hein handi batean helburuak lortzen ari gara.

5. Administrazioak aurrekontuaren zer portzentaia erabiliko du euskararen normalizaziorako?
Kontseilua

Azpeitiko Udala euskara alorrean eredua da Euskal Herri osoan. Baliabide eta ahalegin garrantzitsuak eskaintzen ditu alor honetan.

6. Zer aldaketa egingo ditu corpus juridikoan? Udalak euskararen aldeko arautegi edo ordenantzarik ezarriko du, edo daudenak hobetuko ditu?
Kontseilua

Ordenantza indarrean dago auziperatua egon arren eta bere aplikazioan aurrera jarraituko dugu.

7. Oraingoan jakin denez, eta Imazen esanetan,ahal duzuen guztia egiten saiatu da PNV ezker abertzalea hauteskundetatik kanpo uzteko. Nola sentitzen zara faxismoa bultzatzen ari den alderdi baten ordezkari?
Onintza Letamendia

EAJ-PNV alderdi legearen aurka egon da eta dago. Egoera politikoaren erantzule eta normalizazioa politikoan aurrera ez egiteko oztopo nagusia ETA da, ez gure alderdia. Denok berari zuzendu behar ginateke behin betiko indarkeria politikoa uzteko.

8. Egin zure kiniela: zenbat zinegotzi lortuko ditu alderdi bakoitzak?
andoni

Ez dut kinielarik egin.

9. Datozen zortzi urterako onartu berri dituken norma subsidiaioak aprobatzeko, ezker abertzalea udaletik kanpo izateaz baliaturik aprobatu dituk. Ezker abartzalea udalean balego ezingo hituan norma horiek horrela aprobatu. Hori ez al dek ielgalizazioaz aprobetxatzea? Zer zilegitasun diabe aprobauteko norma horiek demokrazian?
Jon

Arau Osagarriak onartzeko gehiengo absolutua behar izaten da eta hori edozein kasutan lortuko zen; hau da, Habeari tokatuko litzaizkiokeen boskak kontutan hartuta ere.

10. Lapatxek metanoa legezkoa baino 14 aldiz gehiago isurtzen omen du europako indizearen arabera, Martxielek altzairu hauts toxikoa eta orain Bastidak izugarrizko kiratsa. Ez al genuke denok Azkoitira bizitzera joatea hobe, gainera etxebizitza merkeagoak egonda?
Lorea

Ingurumen alorrean lan asko egiten ari gara, kezkatzen gaituen gaia da.
Gipuzkoako Mankomunitateak, duela gutxi , zaborren arazoari buruz adostu dugun akordioaren baitan Lapatxeko zabortegia 2009ko uztailean itxiko litzateke; Corrugadosek ahalegin handiak egin ditu eta egiten ari da ingurumen aldetik eta bere behin betiko aldaketan (Lasaora), 6-8 urteren barruan izateko, urrats garrantzitsuak ematen ari gara; Piensos Bastida ere handitzen ari da eta obrak egingo ditu neurri zuzentzaileak hartzeko, bai zaratak eta bai usainak ekiditeko; beste hainbat enpresa ere ari dira neurri zuzentzaileak ezartzen (adibidez, Ibai Ondo fundizioa).
Dena den aipatu beharra dago kutsadura gehiena trafikoak sortzen duela, eta arlo honetan ere, hor dugu esperientzia pilotoa martxan (industria guneetarako autobusa), bidegorriak?. Puntu honetan norbanakoen sentsibilizazioa oso inportantea da.

11. PP rekin bat egiteko prest agertu da Imaz. Eta al duen guztia egin omen du ASB eta ANV ilegalizatzeko. PNV ren zerrendaburu izanik, ez al dizu guzti hori onartu beharrak beldurrik eta burukominik ematen, kalean eta herrian?
Marije Uria

Galdera hau lehenengoarekin erantzun da geratzen da.

12. Iepa Julian. Orain arte ni EAJ-PNVko boto emalea izan naiz. Orain, Josu Jon (Madrilen) entzuten dut eta..."biktimen omenaldia" ikusten dut eta...tortura egoeren aurrean Miren Azkarate ez dut ikusten eta...Irungo kontu zikinak jakin ditut eta...AHTaren obrak martxan jarri diren arren, oraindik informaziorik ez dut jaso eta...Azpeitiko etxe-bizitza arazoari zuek emandako "irtenbidea" batere etzait gustatu eta...herritarron parte hartzea udalean oso zalantzan ikusi izan dut eta...igandean botoa EAE-ANVri emango diot. Edo, nola konbentzituko ninduzuke?
Xabier

Aterabide politikoa Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko duen ahalmenaren gauzapenean beharko du izan; indarkeria guztien aurka gaude. AHTren alde, herri baten garapenerako ezinbestekoa da komunikabide onak izatea, garraio publikoa sustatzea?.Etxebizitzaren arazoari aterabide egokia ematen ari garelakoan gaude: aurrerantzean eraikitzen diren erdiak baino gehiago babestuak izango dira, urtebeteren barruan 330 baino gehiago zozketatuko ditugu. Herritarren partaidetza hobetzeko proposamen zehatzak egin ditugu gure programan: auzoetako ordezkariak sortuz, herri gune sakabanatuetan (Urrestilla, Nuarbe, Matxinbenta, Loiola, Lasao?) batzordeak sustatuz udalarekin bitartekari lanak egiteko

13. Proposamen bat. Adostutako egutegi batean: alderdi guztiek proposamenak egin sahiesbidearen (bariantea) inguruan. Informazio ezberdina herritarron eskura jarri. Ondoren herri-galdeketa egin eta emaitzak onartu. Prest al zaude?
Mikel

Azpiegitura nagusiak egin edo ez egin herri galdeketen baitan ezin dugu utzi. Horren arabera eginda dauden batzuk, eta ontzat ematen direnak, ez ziren inoiz egingo (Leizarango autobia adibidez).

14. Julian, jakin dudanez, EAE-ANVko zerrendaburuak (Iñaki Errazkin) gai ezberdinen inguruko eztabaida publikoa (Kaito telebistan edo) egiteko proposamena jarri du mahai gainean. Proposamen oso interesgarria, nire iritziz. Zer erantzun eman duzu (eman baduzu)?zergaitik?
Iban

Duela pare bat egun izan nuen horren berri eta era informalean, lagun batek esanda. Ez nigana eta ez nire alderdiarengana ez da inor zuzendu. Gauza hauek seriotasun gehiagorekin eta aurrerapen gehiagorekin antolatu behar dira.

15. Zergatik bete Loiola aldea etxez? Etorkizuna ez duzula hipotekatu nahi esan duzu askotan, baina ez al da hori bera nahikoa hipoteka, Loiolaren bilakaera guztia baldintzatzen duena? Eskerrik asko.
lourdes

Arau Osagarrien irizpide nagusia izan da terrenorik ez errekalifikatzea, errekalifikazio berriak egin aurretik kalifikatutako lurrak ondo aprobetxatzea. Etxebeltz-Izarra eremua aspalditik dago kalifikatua eta orain aterabidea eman diogu. Irizpide hau jarraitzea da etorkizuna ez hipotekatzea.

16. Plazako biztanle bat naiz. Gure etxe inguruan aparkatu ahal izateko egunero OTA ordaindu behar izaten dut. Orain arte ez digute soluziorik ematen, bueno bai, OTA gehiago jarriko dutela eta orduan agian emango digutela txartelen bat (bueno hori ere ordainduta). Eta bitartean zuek, plaza erreserbatuak dituzte. Hau al da kanpainan aipatzen duzuten berdintasuna?? Zer da hau botereak ematen duen pribilegio bat?? Eskerrikasko.
aitor

Alde Zaharrean peatonalizazioa bultzatzen ari gara, leku eroso bat bihurtu behar dugu; baina, erabaki nagusiak hartu aurretik soluzioak eskaini behar ditugu (Soreasun 270 aparkaleku, Enparantza azpian aztertzen ari gara) eta, nola ez, interesatuekin kontatu. Enparantzan dauden erreserbatuak hiru dira eta 17 zinegotzi gara, ez dut uzte gehiegizkoa denik, gainera, lan ordutan bakarrik erabiltzen ditugu.

17. Kaixo Julian, ANV indartsu dator. Alkatetza galtzeko beldurrik bai?
Arantxa

Beldurrik ez, kezka bai. Herriak du hitza.

18. Azken hiruhilabeteko uraren erreziboa jaso berria dut. 8 m kubiko kontsumitu arren 30 m kubiko ordaindu ditut. Hau da, 6,16 ? ordaindu beharrean, 23,10 ? ordaintzera behartzen nau zuk gidatzen duzun udalak. Euskal Gobernutik bidaltzen diguten mezua < uraren kontsumoa ardura handiarekin erabiltzeko, alferrik ez galtzeko> eta beste hainbat aholku. Azpeitian, aldiz, guztiz aurkakoa da , zuen politikari esker < ura parrastaka> ibiltzera bultzatzen gaituzue. Zertarako begiratuko dut 30 m kubiko ordaindu behar ba dut? Gipuzku osoan inon ez dute kobratzen minimorik, kontsumitutakoa baizik. Kuota hau onartu zenutenean ez al zenuten pentsatu jende asko dagoela hilaren azkenera justu-justu ailegatzen dela soldata xume bat kobratzen duelako?
Begoña

Gutxiengo bat denek ordaindu behar dute, azpiegiturak ere kanon horretatik ordaintzen baitira. Gure mandatoan sistema progresiboa ezarri dugu, hau da, gutxiengotik gora gehiago kontsumitzen duenak gehiago ordaintzen du. Ala eta guztiz uraren kanonarekin kostuen %70 estaltzen da, hortik gorakoa aurrekontuetatik ordaintzen da. Ezin duenak ordaindu jo dezake Gizarte Zerbitzuetara laguntza jasotzeko.

19. San Markos-eko zabortegira eramaten zituzten zaborrak orain Azpeitiko Lapatxera ekartzen dituzte, laster gainezka edukiko dugu. Donostiarrak eta ingurukoak zorte galanta, usain txarrak besteentzako? Honekin lotuta, herrian ditugun kontenedore antigual horiek noiz pentsatzen dituzu aldatzea, nik Donostian dituzten berdinak nahi nituzke, pedalarekin irekitzen direnak. Hemengoak ireki ezinik eta txerri eginda daude leku gehienetan, ia noiz aldatzen dituzuen, bestela laster gera zaintiratu batekin.
Eguzki

.- Gipuzkoako Mankomunitateak, duela gutxi , zaborren arazoari buruz adostu dugun akordioaren baitan Lapatxeko zabortegia 2009ko uztailean itxiko litzateke. Epe horretan San Markoseko zaborrak banatu beharko dira Lapatx, Sasieta eta Urtetan artean. Akordio horretan Donostiako udalak bere urrats urbanistikoak eman beharko ditu adostutako egutegia betez, hemendik bost urteetara, erraustegia martxan ipintzeko. Gipuzkoan urtean 400.000 tonatik gora zabor sortzen da. Birziklapenak, berrerabilerak eta murrizketa ahaleginak egin arren %80 joaten da zabortegietara; konpostaren alorrean ere urratsak ematen ari gara. Epe erdi batetara lorpen handia izango litzateke %80 hori %60-50ra jaistea. Zer egiten da birziklatu eta berrerabili ezin den zaborrarekin? Oraindik Lapatxera ez da San Markosetik zaborrik etorri.

20. Kaixo Julian! Azken agintealdian bi herritar TORTURATUAK izan dira eta beste bat, KAFE, bahitu egin dute berriro. Beste indarkeria mota batzuen aurrean kondena zorrotzak eta konzentrazioak antolatu dituzuen bezala, kasu hauetan zergaitik ez duzue berdin jokatu????? (mesedez ETA ez aipatu erantzunean, zuen jarrera baita interesatzen zaidana)
Julen Agirre

Ados al gaude era guztietako indarkeriak salatzeko?

21. Ibarretxeren aldeko manifestazioak egin dituzue BILBON, injustizia bat salatzeko. Baina beste manifestazio batzuetara joan garenean, pilitakadaka eta borrakdaka hartu gaituzte ertzainek (urtarril eta otsailean 70 zauritu eragin zituztelarik). ZER ESANGO ZENIOKE BERE SEMEA EUSKAL HERRIAN EGOTEA ESKATZEN ARI DEN AMONARI, PILOTAKADA BAT BOTATZERA DOAN ERTZAINARI?? ZUK ERE ZURE ALDERDIAK BEZALA ERTZAINTZARI BABES OSOA ESKAINTZEN ALDIOZU??
Julen Arrieta

Gai guztietan saiatu gara adostasun handienak lortzen. Gobernua osatzeko ardura baldin badugu, programak ipini beharko ditugu mahai gaienean eta printzipio politiko nagusietan ados egon: normalizazio politikoan aurrera jarraitzeko ahaleginak egiten dituztenekin eta indarkeriaren aurrean postura garbia dutenekin.

22. egunon julian! josu jon imaz prest dago pp rekin paktatzeko rajoi monkloara iristen bada. hau eaj-pnv ren bozkatzaile garen askori ez zaigu ongi iruditu. zure iritzia nahi dut bestela botoa aldatzeko asmotan nago eta.
belen etxezarreta

Lehenengoan erantzun da.

23. Berriro alkate irtengo zara seguro! Eta gero, zer? Zure ustez ez al luke limite bat egon behar kargu publikoetarako, bi legegintzaldi edo? Animo
zau

Eskerrik asko animuengatik, denen beharrean gaude une honetan. Alkate izateko erantzukizuna hartu nuenean garbi utzi nuen gehienez 8 urterako izango zela. Ez dakit hemendik hilabetera alkate izango naizen, baina bai hemendik 4 urteetara ez naizela alkate-gai izango.

24. Zuen programan diozue garraio publikoaren erabilpena sustatu behar dela. Egia esan, hau irakurrita adarra jotzen ari zaretela ematen du. Azpeitian dugun garraio publikoa negargarria da, Donostiara joateko astegunetan nahiko ondo baina asteburuetan oso gaizki. Eta gainontzeko lekuetara joateko EZER EZ, inkomunikazio totala daukagu, eta horregatik autoa hartzera behartuta gaude. EAJ boterean dagoenetik ez du ezer egin garraio publiko on bat ipintzeko, zer diozu horretaz?
Egunero autoa hartzea behartuta dagoen auto-gidari bat

Gai honetaz gure programan esaten dugun bezala, Eskualdeko Mugikortasun Plana burutzen ari gara bailarako udalen eta Foru Aldundiaren artean; udalerrien arteko komunikazioa nahiz hiriburuekikoa hobetzeko eta guztia kudeatzeko Eskualdeko Mugikortasunaren Bulegoa bultzatuko dugu.

25. Epa Julian! Herrian gauza on asko egin dituzu.Zorionak, benetan. Nere galdera agian pixka bat ezerosoa egingo zaizu baina espero dut erantzungo didazula. Gaur egun , oso nabarmena da PNV alderdian bi sektore oso desberdin daudela. Bata bestearen trapu zaharrak ateratzen ari dela boterearengatik, (Xabier Arzallusek esana, berak mafia hitza erabili zuen). Ez zait batere gustatzen Josu Jon Imaz, baterez. Uste dut gure alderdia zikintzen ari dela. Nire etxekoak nirekin bat egitne dute gai honetan. Uste dut, Josu Jon Imaz PNVri ematen ari den irudia ez dela benetakoa. Espainiar koalizioak bilatzen dihardu. Askotan ez du PNVkoa ematen! Ez da izan behar oso argia pentsatzeko horrek herri honen sufrimendua denboran luzatuko duela. Beldur handia ematen didate gure alderdia bide txarretik eramaten duten horiek. Zer iruditzen zaizu? Nire botoa zuretzat.
Joxe Ramon

Guk, alderdikideok, badakigu alderdia zikintzeko ahaleginetan ari direla; baina, baita ere badakigu, egitasmo politiko bakarra dugula, alderdiko organoetan aho batez onartutakoa. Horri eutsi behar diogu

26. Egin kontu, Espainiako Ligako azken partida dela. PNVk lortu ditu mantentzeko behar dituen puntuak. ANVk ez. Ezta PSOEk ere. Azken partidua PNV-ANV da. ANVk irabazten badu, mailari eutsiko dio, eta PSOEk maila galduko du. ANVk ez badu irabazten, maila galduko du, PSOEren mesedetan. Zu, PNVren aldagelan zaude, zer erabaki bultzatuko zenuke... 1)Partida irabazi, ezker abertzalea ondoratu eta "aurrez lanak egin izan balituzte, ez ziren jeitsiko.Ez da gure errua. Guk gure betebeharra bete dugu" esan eta partida irabazteagaitik PSOEk emandako dirusaria (prima) jaso. 2)Partida irabazteko ahaleginik ez egin, eta ezker abertzaleari eskua luzatu, "euskaldunon artean elkar lagundu behar dugu" argudiatuz. Eta PSOE bigarren mailara bidali, nahiz eta hori (partida nahita galtzea) "etikoki" ez zuzena izan.
Xanti

20.goan erantzun da

27. Kaixo. Hauteskunde kanpainan zehar asko hitz egin da gardentasunaz, instituzioak herritarrei hurbiltzeaz e.a. Bide horretan guztiz logikoa den eta herri batzuetan jada egiten ari diren neurri bat proposatu nahi nizuke. Gure kasuan Kaito telebistaren bidez, egiten dituzuen pleno guziak zuzenean botatzea. Aurrez, udalak bando bidez honen berri emango luke, herritarrak plenoa ikustera animatuz. Zer iruditzen zaizu datorren irailetik aurrera neurri hau martxan jartzea?
Maite

2.goan erantzun da

28. ANVk eztabaida publikorako gonbita egin dizue. Oraindik badago denbora, adibidez ongi legoke ostiralean 9etan burutzea. Animatzen al zarete?
Garikoitz

Hau ere beste batean erantzun da.

29. Garikoitz Etxeberria "Kafe" espetxetik atera zenean zure poza adierazi zenion dei batean. Ondoren, gure artean bi urtez egon ondoren ertzaintzak atxilotu eta gartzelaratu zuen, sorterritik urrunduz. Ba al dakizu momentu honetan non dagoen? Eta zein baldintzatan dagoen?
Bere lagun bat.

SEGIk ez luke ilegalizatuta egon behar.Edozein, kartzelatik ateratzen denean, noski, poza sentitzen dut. Ez dakit une honetan non dagoen.

30. Lagun batek aipatu zidana komentatu nahi nizun. Azpeitian promotora eta konstruktorak agintzen zutela aipatu zuen hasteko, baina Bastidaren aroan Munok zituen pribilegioak, orain Altuna y Uriak omen ditu. Altuna y Uriarekin ederki konpontzen zarela esan al daiteke?
Miren.

Promotore guztiekin egon behar izaten dut eta egoten naiz. Obren kontrataziorako kontratazio-mahai bat dugu, non alderdi politiko guztien ordezkariak dauden, eta oker ez banago, mandato osoan hartu diren erabaki guztiak aho batez izan dira.

31. Zenbat kobratzen duzu?
Miren

EUDELek aurreikusitakoa. Nire behin betiko errenta aitorpena udaleko iragarki taulan eskegiko dut.

32. Erraxkin da Manueltxon artean "rollitoa" dagoela ematen du. Jeloskor al zaude?
Miren

Hau beste batean erantzun da.

33. Aitor Gorrotxategi politikoki lurperatu duzuela esan zidan zuen alderdikide batek. 8 urtean hainbeste lan egin duen gazteak zer egin du ba zuen gustokoa izan ez dena?
Ion

Zerrendak egiterakoan ipini genituen irizpideekin (aurrenetako 10etan jende berria egotea, gizon-emakumeen arteko parekotasuna?) horrela irten du zerrendak. Aitorrek lan bikaina egin du eta berak badaki berarekin kontatzen jarraitzen dugula.

34. Azpeitian gaztetxea erreferente kultural bat bilakatu da bi urtean. Ekimen asko eta jendetsuak utzi dizkigu. Zein da zure iritzia gaztetxeari buruz? Ze harreman izan duzu urte hauetan?
Gazte 1

Gaztetxearen arazoari aterabidea eman diogu. Funtzionamendu irizpideak ezartzerakoan nik parte hartu nuen, fundamentala auzoan istilurik ez sortzea.

35. Babes ofizialeko etxeetan ezin izan dut izena eman nire soldata minimora iristen ez delako. Alokairuan ezinezkoa da etxe bat aurkitzea herrian. Zergatik eman beharko nizuke bozka?
mikel

Babes ofizialetarako eskaintzak urtero izatea espero dugu, gutxiengo irabaziak urtean 9.000 _ takoa behar du izan, legez. BIZIGUNE programan apuntatzea gomendatuko nizuke, batez beste hilean 200 _ko alokairua ordaintzen ari dira. Bestalde "Agirren" martxan ditugu 18 VPO alokairu sozialean eskaintzeko.

36. PNVren azkenak ikusita: - Haziendako blokearen erreketa pasa den urtean eta honekin loturik Irungomhaziendako lapurreta, PNVko goi karguen zuzeneko inplikazioa. Zein fidagarritasun eskaintzen didazu ?
Bravo

Auziaz Foru Aldundiak duen jarrerarekin erabat ados nago. Ikerketarekin aurrera egin behar da azken muturreraino. Niretzako pertsonaren balore nagusienak duintasuna, zuzentasuna eta erantzukizuna dira, bizitzako arlo guztietan bezalaxe politikan ere. Pertsona guztiek bezala baditut akatsak, baina politikan ez nabil diruagatik. Inork ez dezala hori zalantzan ipini.

37. Segiko kartelak jartzeagatik ertzaintza gazteak entzutegi nazionalera bidaltzen ari da. Zer iruditzen zaizu?
Leire

Lehen ere erantzun dugu.

38. Kaixo , nik aparkalekuen arazoari ze irtenbide emango diozuen nahiko nuke jakin
kotxe baten jabea

Gure mandatoan lur-azaleran 250 bat plaza prestatu ditugu eta lur-azpikoak 270 martxan ditugu. Bide honetatik jarraitzeko asmoa dugu gure programan zehaztu dugun bezala.

39. Kulturan, Uztarriak zein beste hainbat herriko taldek proposaturiko basozabal kultur etxea zigortua izan da. Berdin kafe antzokia. Esku zigortzailea ez ote da ageriegi gelditu?
uztarria.com1

Kultur arloan aterabide bikaina emango dugu Soreasu eta San Agustinekin. Denek ados ez egon arren eragile gehienak gustura daude.

40. Julian,Bi galdera: -Herrian enplegua sustatzeko ez dut ikusten proposamenik ikusten zuen progrman. Eta Udalean lanpostu berriak sortzeko asmorik ba al duzue? -Etxebeltz-Izrran 600 pertsonek eman dute izena, 208 etxe daude. Zer egin behar dugu beste 400ek epe motzera? Azkoitira edo Zestoara joan
Xabier Etxeberria

Gure mandatoan 13 lanpostu bete dira behin betiko izaerekin. Datorren mandatoan ere eskaintza publikoa egiteko beharra egongo da.

Nahiz eta ETXEBIDEn 600 batek izena eman, gure eskaintzaren baldintzak betetzen dituzten eskaera erreala, teknikoek diotenez, 400 batekoa izan daiteke; oraindik ez dauzkagu behin betiko datoak.
Alor honetan arazoari aterabide garrantzitsua ematen ari gara. Urtebeteren barruan 330 etxe babestu zozketatuta behar dute izan. Aurrerantzean egiten diren erdiak baino gehiago babestuak izango dira.

41. Zubiola kanpora joan da. Eta kezka dago herrian, Azpeitia batez ere herri industriala delako. Larre eta Larrin aipatzen dira zuen programan, baina, eperik ematerik bai? Eske orain dela 4 urte ere ez al ziren izen berdinak aipatzen? Eskerrik asko.
industriaz

Larrin duela 4 urte nekazal eremua zen. Gaur egun industriala da eta plan partziala onartuta dauka eta hiritartze proiektua martxan daukagu. SPRILUR lurrak erosten ari da eta gauzak ondo baldin badoaz Saninazioetarako makinak lanean izan behar dute. Egindako plangintzarekin Azpeitiak nahiko lur industrial izango du, pribatu eta publikoa, aurrerantzean dauden beharrei erantzuteko.

42. Loiolako etxebizitzak direla eta, EAk esan du, zuek interes pribatuak defendatu dituzuen bezala, beraiek interes publikoak defendatuko dituztela. Zer esan behar dezu gai honen aurrean?
Alde zaharreko bizi lagun bat

EAk bi gauza leporatzen dizkit: hitza jatea eta interes pribatuak publikoen gainetik ipintzea.
Aurrenekoaz honakoa garbi utzi nahi nuke, naiz eta behin baino gehiagotan adierazpenak eman izan ditudan: justu gu sartu aurretik Arau Osagarrien abantzea onartu zen, horren arabera egin ziren aurreneko azterketak eta atera zitzaizkigun etxebizitza kopurua gehiegizkoa iruditu zitzaigun. Arauak 8 urtetarako aurreikuspena egin behar dute eta epe horretarako 2000 etxebizitza inguru atera zitzaizkigun. Teknikoen arabera etxe kopuruaren "horquilla" 1000/1500 artekoa izan behar zuen. Ikusi genuen terreno berriak kalifikatu beharrik ez zegoela, jadanik kalifikatutakoekin (horien artean zegoen Etxebeltz-Izarra) nahiko etxe genuela, 1250 inguru. Ezin dugu etorkizuna hipotekatu. Datu bat emango dut, eraikuntzaren urte indartsuenetan 1994-2002 urteetan, 800 pasatxo etxe egin ziren, bataz beste urteko 100 bat.
Bestalde, ezin dugu ahaztu Corrugadosen leku aldaketaz urrats sendoak ematen ari garela, datorren mandatoa garrantzitsua izango da behin betiko bultzada emateko eta gauzak ondo baldin badoaz aldaketak 6/8 urteren barruan burutu behar du. Orduan daudenek erabaki beharko dute herria zein aldera hazi behar duen. Etorkizuna ez dugu hipotekatu behar.
Hauek izan ziren gure posturaren arrazoiak eta inork ez dezala beste ezer ikusi.
Arlo hau bukatzeko, EAk esaten du Loiolabiden 1000 etxebizitza egin behar direla eta horietatik 500/550 babestuak. Plenoan esan nion bezala babestuak, legea aplikatuta, 700 pasatxo behar dute izan; azaldu dituen zenbakiak Leku Ederrek proposatzen zituztenak dira.

Bigarrenaz, hau da interes pribatuak publikoen gainetik ditudanaz, errespetua eskatzen dut.
Pleno aretoan 21 ordezkari esertzen gara, nire uztez denak herriaren alde egiten dute lan eta sekula inorengatik kontrakorik ez dut esan.
Ni gazte-gaztetatik nabil politikan eta niretzat pertsonaren balorerik nagusiena duintasuna da. Gurasoek beti esan didate pertsona zuzena eta arduratsua izateko bizitzan eta saiatzen naiz horrela izaten eta nire seme-alabei ere hori erakusten. Pertsona bezala izango ditu akatsak baina inork ez dezala nire duintasuna zalantzan ipini.

43. kaixo Julian, azpeitia herriko ordenantzak zahartuta daude (tabernak, dendak,... ) beraz, berritzeko asmorik bai? azken 10 urte hauetan irten diren negozio berrien berri ba al duzue ? nohizko aktualizatzea pentsatzen duzue ? Noren ardura da jakitea negozio bakoitza ze epigrafetan dagoen ? teknikariena ? ez erantzun aditu nahi duguna baizik eta egia !!! esker mila
Pedro

Gure mandatoan ordenantza dezente egin ditugu: zaratarena, animaliena, euskararena? Horiek betetzen lan asko dago. Tabernari buruzkoa aldatu genuen eta orain beste aldaketa bat martxan dago. Saiatzen gara sortzen diren beharren arabera ordenantzak egokitzen.

44. Herri nahiaren arabera Habeari zegokion zinegotzi kargu bat zuen esku egon da lau urtez. Azkoitiko kasua ikusita, zinegotzi kargu hori legalki ezker abertzaleari ematea bazegoela guztiok genekien. Zergatik mantendu duzue zuen esku?
iñigo etxaniz

Ezker Abertzaleak isla legala behar luke udaletan.

45. Denok dakigu hauteskunde hauek ez direla demokratikoak, anormalak direla. Eta zuek ala ere zuen kanpaina normaltasun osoz hari zarete egiten... zer diozu horretaz?
Ane Lopategi

EAJ-PNV ez da egoeraren erantzulea, aurreko erantzunetan adierazi dudan bezala.

46. Udala UEMAn sartzeko asmorik bai? Edo aukera hori aztertzeko asmorik?
Euskaltzale

EUDEL mailan eta euskara alorrean sare bat egiteko hausnarketa egiten ari dira.

47. Herri mugimenduarekin tirabira franko izan dituzue azken lau urteotan... zerbait egingo zenuten behar ez bezala ezta?
Ana Etxezarreta

Egunero erabaki asko hartzea tokatzen zaigu eta gutxitan izaten dira denen gustukoak.

48. Maiatzak 26an Elkartasun eguna ospatuko da azpeitian. Trabak jarri omen dituzue, azken egunerarte ez duzue baimenik eman... zer dela eta?
Ander Aristi

Elkartasun eguna nire uztez ez da data egokienean antolatu, kontutan hartuta hauteskunde bezpera dela. Dena dela "Junta Electoral"ak baimena eman du eta horrela egingo da.

49. Kaixo Julian, egia ote Manuelek dioena, Etxebeltz Izarra gunean urbanizazio lanak egiteko enpresa eraikitzailea oraindik ez dago aukeratua, BOG-eko deialdian agertzen zen bezala oraindik epea irekita baitago. Beraz orain lanean diharduten makinak eta enpresa zertan dabiltza ? Manuelek dioena baina argumentazio pisuzkoago bat izatea espero nuke, berak zioen, "Urbanizazioa egingo duen enpresarentzat prestaketa lanetan". Nork eta nola hautatua izan da erabaki hau, lizitazio publikorik gabe.
Xabier

Etxebeltz-Izarran urbanizazio aurreko lanak egiten ari dira, jabeek eskatuta eta lizentzia legalarekin. Urbanizazioa egingo duen enpresa datorren hilean aukeratuko da. Etxebeltz-Izarra aurrera doa.

50. Etxebeltz Izarrako "urbanizazio prestaketa lanak", urbanizazio entrepresa aukeratu artean gelditu egin behar badute, ez ote kasualitate handiegia hauteskunde bezperetan hastea? non entzun da urbanizaziorako prestaketa lanik egiten denik? ez ote du honek hauteskunde trikimailu itxurarik, etxe guzietara zabalduriko liburuxkarekin batera?
Jon

Erantzun da.

Agurra

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.
Erronka handiak ditugu; gobernu sendoa behar dugu. Eman konfiantza gure ekipoari. Bide onetik goaz.