Manuel Unanue

uztarria.com1 2007ko mai. 18a, 13:00
Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan Azpeitiko Udalerako alkategaiei elkarrizketa on-line egiteko eta bideoan mezua helarazteko aukera emango die uztarria.com-ek, denei. EA alderdiko zerrendaburua, Manuel Unanue da. EAk herrirako dituen asmoez eta proposamenez galdetzeko aukera duzu orain uztarria.com-en.

1. Kaixo! ANV-rekin koaliziorik egito prest egongo al ziƱateke?? Edo beti bezela PNV-EA koalizioa izango da? Eskerrikasko
nineu

Erantzuna Uztarriaren aldizkarian esanda bezala, eta iaz egindako elkarrizketa digitalean nabarmendu bezala, oraingo alkateak jokabidea aldatu beharko du, zalantzarik ez dut. Guk denen programak aztertu eta horren arabera jokatuko dugu, lau urterako gutxienekoak adostuz batekin edo bestearekin. Gure lehen helburua Alkatetza lortzea da. Bai, zaila da. Baina gure bigarren helburua udal gobernuan sartzea da, eta ikusi egin beharko besteek zer proposatuko diguten, guk haiei zer... Elkarri ezingo diogu ezinezkoa eskatu, eta adostu behar hori Azpeitiarentzat aberasgarria izango da. Inori aterik ez diogu ixten.

2. Ez al zaizu iruditzen etxebizitzen beharra ez dela betiko? Alegia, gazteek orain beharra daukate, baina hemendik 50 urtera gazte horiek denak 2 etxeren jabe izango dira (asko seme-alaba bakar direlako, eta beste askoren gurasoek bi etxe edo gehiago dituztelako). Ezin ote dira tipo honetako baldintzak ipini BOE etxeetan? "beste etxebizitza bat erosten baduzu, automatikoki udalarena izango da BOE hau, hasierako prezioa + KPI ordainduta", "herentzian etxea tokatzen bazaizu, automatikoki udalarena izango da BOE hau" eta horrelakoak? Bestela, inoiz ez da etxebizitzaren arazoa konponduko: legealdi bakoitzean 500 etxe egin beharko dira.
mariano raxoi

Garbi dago gaur Azpeitian etxe behar latza dagoela eta PNVk, alkatearen bitartez, proposatzen duenak garbi dago ez diola soluzioarik ematen. Izan ere, arazoa gerorako uzten du. Guk horregatik, arazo latza bizi dugulako, ausardiaz erantzun azkarra eman nahi diogu eta Loiolabiden, bi aldetan, etxeak egiteko plana aurkezten dugu. Gainera, hasi udaletxearen lurretatik hasiko gara, eta ez besteen etxetik. BOEtaz diozunarekin, zurekin bat nator. Izan ere, inork etxea saldu nahi badu, udaletxeak erosiko dio haserako prezioa + KPIa ordainduta. Udaletxeak hori egiteko eskubide osoa du. Horrela, guk proposatzen dugun bezala, udaletxeak 500 etxebizitzen kontrola izango luke eta espekulazioari kopeta erakutsiko lioke.

3. KAIXO ETXEETAZ HITZEGIN ETA HITZEGIN ARI ZERATE BAINA ZERGAITIK EZ DUZUE EZER ERE EGIN 4 URTETAN ORAIN KRISTORENAK EGITEKOTAN???? ETA ZERGAITIK HAIZ HAIN PREPOTENTEA??????
mikel azpiazu

Guk lau urte hauetan, erantzukizunez jokatu dugu. Proposamen zehatzak egin ditugu, hala ere, ez dizkigute onartu. Orain hauteskundeak direla eta, berriro eta ahal bada indar gehiagorekin, gure proposamen horiek herriari aldarrikatzen dizkiegu. Herriak ikusiko du zeinek duen arrazoia. Prepotentea nahizela eransten didazu, ez da hori nire asmoa. Halako itxura eman baldin badizut, barkatu. Nik beti ateak irekita dauzkat, etorri eta patxadan hitz egingo dugu.

4. Kaixo Manuel. Loiolako etxeei buruz, aldizkarian zera esaten zenuen: "Alkateak hemen emandako hitza jan egin du. Zergatik? Interes pribatuek herri interesei gain hartu al diete?" Galdera edo akusazio fuertea da hori. Zerbait gehiago esaterik bai horri buruz? Eskerrik asko.
lourdes

Hemerotekara joan besterik ez duzu alkateak Loiolako bi aldeek, 2005eko abenduan bertan, tratamentu berdina izango zutela agindu zuela ikusteko. Guk parte hartu genuen eztabaida hartan eta orduan ere, bi aldeak batera planifikatu behar zirela azpimarratu genuen. Aurreko erantzunarekin lotuta, alkateak herriaren interesak ez dituela defendatzen garbi gelditzen da. Bestela, Loiolabideren bi alderdiak batera planifikatuko zituen, nahiz eta bere garapena faseka egin. Beti gogoan izanda, udaletxea bera lurren jabea dela. Ondorenak zerorrek atera.

5. Zure alderdiak kudeatuko duen Administrazioak noiz eskainiko ditu zerbitzu guztiak euskaraz? Eta noiz lan egingo du euskaraz?
Kontseilua

Kontseilauri erantzunez. Hemen sakoneko arazoa euskara erabiltzearena da. Hizkuntza bat hiltzen da dakigunok ez dugulako erabiltzen. Legeak garrantzia du baina lege borobilak eginda arazoa ez da konpontzen. Guk hizkuntzan, euskararekiko diskriminazio positiboa aldarrikatzen dugu.

6. Kaixo Manuel! Zer pentsatzen duzu Tontxu Camposek aurkeztu duen Euskal Currulumean, Euskal Herria hitzik ez agertzea, hau da, Euskal Herria pastela bailitzan banatuta duten estatu espainol eta frantzesak zazpi lurraldeak bat direla ukatzea? Ez al zaizu iruditzen gure umeei beste errealitate inposatu bat erakutsi nahi dietela? PNV, PSOE-kin horrelako akordio kolaborazionistetara heldu da, zure alderdi EA horretarako gai izango al zen? Eskerrikasko.
Mikel Uzkudun

Zure galderak harrituta utzi nau. Guk alderdian garbi daukagu Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta dagoela. Zuk egiten duzun interpretazioa ez dator gurearekin bat. Ikastetxe gehienetako irakasleekin adostutako lege bat uste dut ondo egitekoaren bermea edo garantia baduela.

7. Plazako biztanle bat naiz. Gure etxe inguruan aparkatu ahal izateko egunero OTA ordaindu behar izaten dut. Orain arte ez digute soluziorik ematen, bueno bai, OTA gehiago jarriko dutela eta orduan agian emango digutela txartelen bat (bueno hori ere ordainduta). Eta bitartean beraiek (eta zu barne zeren zu ere udalean zaude), plaza erreserbatuak dituzte. Hau al da kanpainan aipatzen duzuten berdintasuna?? Zer da hau botereak ematen duen pribilegio bat?? Eskerrikasko.
aitor

Guk lanorduetan bakarrik erabiltzen ditugu hiru plaza horiek. 17 kontzejal garela ez ahaztu. Plazako biztanleekin beste tratamentu bat adostu beharko genukeela, zalantzarik ez.

8. Euskal Herria kalean, haurtzaindegi ondoan dagoen terreno horretan, zer egiteko asmoa dezute?. Ondo iruitzen altzazue, orain bezela ,obratako lurren bertederoa izatea (zikinkeria), edo ta kamionen aparkaleku (zarata goizeko 4-tatik). Loiolabidekoek jardin eta maternidadea izateko, zer, kategori gehiago? Proposamena: haurtzaindegia alboan izanik, umeentzako jolas lekua, eta bertan txupeteari monumentua. Horrela bada, botoa zuentzat.
Ramon

Dudarik gabe, ez zaigu ondo iruditzen obretako lanen bertederoa izatea. Zure proposamena askoz hobea da. Hitza ematen dizut proposamen hori kontuan hartuko dudala. Leku horretaz behin baino gehiagotan aritu gara duen baino funtzionalitate gehiago emateko asmoz.

9. Kamionak-trailerrak aparkatzeko zer leku, zer baldintzetan, eta NOIZKO proposatzen dezue? Lau urteetan arazoari konponbiderik ez dezute usaindu ere (zuen erantzuna: bai, alkatien mahai ganien zeok).
JOXE ARANALDE

Nire ustez, zuek alkatearekin bilera bat baino gehiago egin dituzue. Gurekin behintzat ez. Nik soluzio magikorik ez daukat, baina arazoari elkarrekin soluzio bat bilatzeko prest nago. Beraz, proposamena egiteko eskatuko nizuke eta horretaz hitz egingo dugu.

10. Egin zure kiniela: zenbat zinegotzi lortuko ditu alderdi bakoitzak?
andoni

Nik kinielarik ez dut egiten eta igarlea ez naiz. Baina itxaropentsu nago. Jende askorengandik erantzun baikorrak hartzen ari naiz eta zurea ere espero dut.

11. Udaletxeak bariantea egiteko asmoa dauka trafikoaren aitzakipean. Baina bariantearen memoriak garbi dio %80 baino gehiago herri mailakoa dela eta ez pasokoa. Ez al da bariantea alperrikakoa? Zuentzako zein izan daiteke soluzioa?
Barianterik ez

Bariantea beharrezkoa da. Hori gero N-1ekin lotu behar dugu Azpeitia sozial eta ekonomikoarekin pentsatu egin behar da. Geroa orainarekin uztartu behar da.

12. Gero, beste alderdiekin negoziatzean, programatik ze izango da zuentzat ezinbestekoena?
Txomin

Etxebizitza programa adostu, eta orain arte inork galdetu ez badu ere, ezindu eta adin nagusikoentzat zerbitzu sozial osatu bat adostu baina Azpeitia erdi-erdian beharko luke, diskriminaziorik gabe. Eta hirugarrenez, herriko talde eta elkarteen partaidetza landu erabakiak hartzerakoan udaletxean, bizkarra inori eman gabe. Demokrazia behetik gora egin behar da.

13. Azpeitian gero eta etorkin gehiago daude Non egiten dute lan? Non bizi dira? Zein da egoera zuzena?
Mhamadu Al-jari

Guretzako azpeitiarrak Azpeitian lan eta bizi garen guztiok gara. Ez diogu begiratzen jatorriari, ez arrazari eta ez alderdiko karnetari. Denon artean egiten dugu herria, hau da herria egitEA.

Agurra

Eskerrik asko egin dizkidazuen galdera eta proposamenengatik. Herrigintzan aurrera denon artean itxaropenarekin egingo dugu. EA denon artean etorkizuneko Azpeitia hobe bat egiten dugun.