Lurdes Agirrezabal

uztarria.com1 2005ko api. 1a, 20:00
Lurdes Agirrezabal
Aukera Guztiak hautesle elkartea ETArekin eta honen inguruarekin lotu nahi izan dute Espainiako Estatuaren abokatuak eta fiskalak, eta ez diete utzi nahi izan hauteskudeetara aurkezten. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, berriz, azken epaia atzo eman zuen eta baliogabetu egin ditu zerrendak.

1. Kaixo Lurdes. Atzo jakin genuen ezin izango zaretela aurkeztu. Espero al zenuen erabaki hori?orain zer egingo duzue?
Ni

Geure burua aurkeztu genuenean ez genuen espero. Gero denbora aurrera joan ahala, komunikabide batzuen jarrera ikusita eta Conde Pumpidoren adierazpenak ikusita (gu ezagutu baino lehen) harrituta eta haserretuta jaso dugu erabakia.

Lehenengo pausoa gaur eman dugu, alderdien legearen aurka agertu ziren alderdiekin bilduta, beraiek ere zein urrats eman behar dituzten ikusteko. Eta Europara joko dugu. Momentuz behintzat EHAK-k gure proposamenak bereganatu egin dituenez kanpainan egongo dira.

2. Lehendakariarekin ere egin zenuten bilera. Gaur goizean Azkarragak ere adierazpen gogorrak egin ditu. Benetan uste al duzu Ibarretxek eta EAJ nahikoa egin dutela Aukera Guztiak ez ilegalizatzeko?
Kaixo

Egin dutenarekin pozten baldin bagara ere, oraindik pentsatzen dugu beste zerbait gehiago egiteko badagoela, jakinda zenbait herritarrek aukerarik ez dutela, ez aurkezteko eta ez botoa emateko erabaki politiko baten ondorioz.

3. Lotsagarria izan den arren ,hauteskundeetan aurkezteko aukerarik ezean,nola islatuko da zuen presentzia euskal gizartean?.Zer ekimen bultzatuko dituzue gatazka honetatik irteteko.
ander

Momentuz badago alderdi bat, txikia izan arren, bereganatu egin dituena gure lau proposamenak eta horrek pozten gaitu. Hemendik aurrera ikusiko da hori nola gauzatzen den.

4. Eta orain zer egin behar dezue?
Txomin

Aurrekoekin galdera erantzun dudala uste dut.

5. Zer ba eman dezu aurpegia? Zorionak, horregatik.
Ane

Aspalditik nuen gogoa hemen gertatzen denarekin zerbait egiteko. Herri ekimen bat sortu da eta bat egin dut berarekin, jendarteari adierazteko eta ikusteko eskubide zibil eta politikoen defentsan aritu behar garela.

6. Presiorik jaso al duzue?
Joxe

Presio handiak jaso ditugu, batetik kandidatura guztien ikerketa poliziala egin delako, bestetik, 30.000 sinaduren ikerketa egin delako eta azkenik komunikabide batzuen mehatxu pean ere egon garelako. Baina, aldi berean jendearen babes handia sentitu dugu.

7. Azpeitiko alkatearen-eta babesik jaso al duzu?
Inixio

Bere babes pertsonala ez.

8. Europatik zerbait egingo dutela uste al duzu?
Imanol

Gure ustez arrazoia emango digute, baina, agian beranduegi izango da. Dauden urrats guztiak nahi ditugu jorratu

9. Nolatan ausartu zara politikan sartzen? Salto handia ez al da irakaskuntzik politikara eginikoa?
Maite

Aukera Guztiak ez da alderdi politiko bat, herri ekimen bat baizik. Beraz, ikusita defizit demokratiko bat dagoela ausartu nintzen politikan sartzera. Badago saltoa irakaskuntzatik, baina politika ere egunero egiten da.

10. Gaur goizean egin duzuen bilera horretan zein jarrera azaldu dute Batasunak eta Aralarrek?
felixa

Jarrera positiboa. Hala ere, lehen esanda bezala, positiboena EHAK-k egin duena izan da eta orain besteak zer egiten duten ikusi beharko da. Beraiei, bai pribatuan eta orain publiko, gure eskerrak eman nahi dizkiegu eduki duten jarreragatik.

Esan behar da Batasuna ere gu bezala ilegalizatua dagoela, eta hartu beharreko erabakia ez dela Aralarrek hartu behar duen berdina izango.

11. Euskal Herrian egoera anormala bizitzen ari garenetik badira urte batzuk. Alderdi guztiek EHAKrentzat boza eskatzea, edo bestela plantoa egitea proposatzen dut nik. Horrela ez bada, batzuek ez dute ezer egingo beraien eserlekuei eta poltsikoei eragiten ez dien bitartean. Horrelakorik egiterik pentsatu al duzue?
pello

Guk gaurko alderdiekin egin dugun bileran hitzetatik edo adierazpenetatik haratago joateko eskatu diegu. Horietako batek egin du. Besteena, ikusteko dago eta balorapen bat egiteko geratu dira.

EAJ/PNV, EA eta IUK adierazi digu bilera horretara kanpaina elektorala zela eta ez zela, ezin zutela agertu, eta beste egun batera aldatzen zutela bilera. Momentuz bilera horrek eman duena prentsaren bitartez adierazi dugu eta hemendik aurrera bakoitzak jakingo du zer egin behar duen. Gure iritziz oso garrantzizkoa da ere jendearteak nola erantzungo dion gertatutakoari.

12. Batzuk diote behin ere baino parlamentu "demokratikoagoa" izango dela hurrengo hau. Aukera Guztiak legez kanpo, Batasuna legez kanpo... oraindik sinesten al duzu demokrazian?
Maite

Egia da alderdietako buruzagi batzuk adierazi dutela orain osatuko den parlamentua oso demokratikoa izango dela. Agian, demokraziaren definizioan egongo dira alde nagusiak. Nire ustez ilegalizatuta dauden bitartean, bai Batasuna eta bai Aukera Guztiak, eta herritar batzuk jokoz kanpo geratzen diren bitartean defizit demokratiko baten aurrean gaude. Eta hori begibistakoa da, Egibarrek esan zuen bezala. Beraz, ilegalizazioaren ondoren sortuko den parlamentua ez da demokratikoa izango.

13. Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko, nork egin behar du zer?
periko

Egin beharra jendarte guztiari tokatzen zaio, eta honek erakutsi behar dio alderdien eta beren proiektu politikoen gainetik daudela eskubideak, zeren eta ezin dugu proiektuez hitz egin demokrazia falta dagoenean.

14. Irakasle gogorra eta genio bizikoa izan zara. Genio berdina erakutsiko al duzu politikan ere?
Maite

Nik lehengo bera izaten jarraitzen dut, zurekin egon nintzenean baino zaharxeago, baina berdina.

15. Lehendabizi, zorionak egin dezuten lanagaitik. Gaur EHAK taldearen babesa jaso duzue eta oso interesagarria iruditzen zait, nere galdera da, gaur egin dezute bilera beste hainbat taldeekin, hauen pozisioa zer izan da, alegia, zalatzez gain beste zerbait eskeini dizute?
BegoƱa

Eskerrik asko zu bezelako askoren babesak eman digulako indarra. Zure galdera aurrekoekin erantzunda geratu da, hala uste dut.

16. "EAJ/PNV, EA eta IUK adierazi digu bilera horretara kanpaina elektorala zela eta ez zela, ezin zutela agertu, eta beste egun batera aldatzen zutela bilera". Hau esan duzu. Hasteko, komentario bat, nik: batzuek beti beren interesei begira (nola ez! herriaren hoberako ari direla esanda). Ta jarraitzeko, zuretzat: beste egunik jarri al dute? Interesik azaldu al dute? Bilera hori egingo dela uste al duzu? Zer espero duzu alderdi horiengandik?
Pello

Ez dakit bilerarik egingo dugun edo ez, baina nire buruari galdera hauxe egiten diot: Herri ekimen bat ilegalizatuta geratu da eta alderdi horien kanpaina elektoralek lehentasuna eduki dute gure bilerak baino.

Herri ekimen bat ilegalizatzea oso larritzat jotzen dut, beraz, norberak atera ditzala nahi dituen ondorioak.

17. Fiskalak eta Estatuko abokatuak emandako frogekin argi geratu da ETAren ingurukoak zaretela. Hori jakinda, nolatan aurkeztu zarete?
pepe

Aukera Guztiakek garbi adierazi du hasieratik ez duela ETArekin eta Batasunarekin zerikusirik. Gure ilegalizazioa erabaki politikoa izan da, gure herrian hainbat eta hainbat gertakarikin gertatu den bezala, eta ez dago urrutira joan beharrik: adibidez, 'egunkariaren' itxiera.

Aukera Guztiak herri ekimenak lau proposamen garbi zituen eta ez zuen programa politikorik.

18. Uste al duzu EHAK taldeari utziko diotela aurkezten?
Antonio

Momentuz behintzat partidu legala da. Hemendik aurrera ikusiko da zer gertatuko den, ze zenbait komunikabide hasi dira, baita ere, hala nolako loturak egiten, ohitura ez galtzeko.

19. Pentsatu Ibarretxe naizela. Zer esango zenidake?
Onintza

"Egoera honen aurrean zer egin behar duzu Ibarretxe jauna?" galdetuko nioke.

20. Poza ematen dit. Hauteskunde honetan emakumek protagonista! AGko eledun izateko emakumea izan behar al da?
Miriam

Ni ere oso gustura nago aurpegia eman dugunak emakumeak izatearekin. Agian, hausnarketa bat eskatzen du horrek. AGko zerrendak ikusten badituzu legeak agintzen duen bezala eginda daude eta printzipioz ez dago betorik; denek dute lekua.

Agurra

Eskerrik asko solasaldi txiki honengatik eta espero dut hurrengo batean beste egoera hobeago baten aurrean aurkituko garela.

Aprobetxatu nahi dut eskainitako tarte hau Aukera Guztiaken alde sinadura eta babesa eman diguten guztiei gure eskerrik beroenak emateko.