Efemerideak

  • 2021-6-26. Azpeitiak zortzigarrenez irabazi zuen esku pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan jokatutako finalean Oiartzun 2-1 mendean hartuta.
  • 2021-6-19. Felix Ugarte elkarteak jaso zuen 2021eko Joxe Takolo beka, 'Izarraizko lurpeko altxorraren bila' espeleologia proiektuarekin.
  • 2021-6-18. Instituzioetako eta kultur arloko ordezkariekin ireki zuten ofizialki Soreasuko Dinamoa sormen gunea.
  • 2021-6-14. Maialen Azkue zarauztarrak irabazi zuen 39. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa.
  • 2021-6-13. 20 urtez azpikoen 3.000 metroko Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen Julen Azpiazu atletak.
  • 2021-6-5. Xabier Iturraldek Euskal Herriko Uztai Txapelketa irabazi zuen, Iosu Valencianorekin bikotea osatuta.
  • 2021-6-5. Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatu eta galdu zuen Julen Egiguren pilotariak. 22-7 irabazio zion Peio Etxeberriak azpeitiarrari Iruñeko Labriten.
  • 2021-5-29. Plaza jendez bete zen herritar talde batek Corrugados Azpeitiaren auziaren harira Nagore Alkorta alkateari babesa adierazteko ekitaldian.
  • 2021-5-28. Jakin fundazioak eta Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak antolatuta, 'Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola' nazio jardunaldia egin zuten Sanagustin kulturgunean.
  • 2021-5-26. Corrugados irekitzeko "negozio plana" aurkeztu zuela eta irekiera ez zuela guztiz baztertzen esan zuen Cristian Lay enpresak.
  • 2021-5-25. Corrugados Azpeitiaren Amue eremuko lantegia desmuntatzen hasi zirela jakinarazi zuen udalak, Eusko Jaurlaritzak Azpeitiko herri erakundeak enpresa horren balizko berrirekitzearan auzian izandako jarreragatik bere "ezinegona" adierazi zuen egun berean.
  • 2021-5-24. Corrugados Azpeitiaren Amueko lantegia ez zuela irekiko jakinarazi zuen Cristian Lay taldeak.
  • 2021-5-23. Ertzaintzak lau gazte atxilotu zituen, goizaldean Izarraizko Atea parkean gertatutako istiluen ondoren. Ehunka lagun elkartu ziren plazan arratsaldean, atxiloketak eta jazarpen poliziala salatzeko.
  • 2021-5-19. Ekindar aurkeztu zuten, energia autokontsumorako Azpeitiko kooperatiba.
  • 2021-5-18. 1766ko Matxinada kaleko lur azpiko aparkaleku publiko berria ireki zuten, herriko bigarrena, Alberdieneko etxe berrien azpian.
  • 2021-5-14. Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa aurkeztu zuen udalak.
  • 2021-5-11. Gai beraren gaineko mozioen bueltan gauzatu zen apirileko udalbatzarretik hamabost egunera, ezohiko udalbatzarra egin zuten EAJren udal taldearen eskariz, Corrugados Azpeitia enpresaren balizko irekieraz lan batzordea eratzeko jeltzaleek egindako eskaera lantzeko. Eskaera atzera bota zuen udalbatzarrak, Udal Gobernuko EH Bilduren ordezkarien botoekin.
  • 2021-5-9. Bertan behera gelditu zen COVID-19agatik Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera.
  • 2021-5-8. Promozio mailako Binakako Pilota Txapelketa irabazi zuen Jon Alberdik. 22-11 menderatu zituzten aurrelari azpeitiarrak eta Salaverrik Elordi eta Garmendia, Logroñoko (Espainia) Adarraga pilotalekuan jokatutako finalean.
  • 2021-5-8. Julen Azpiazuk urrezko domina irabazi zuen 3.000 metroko proban, 20 urtez azpikoen Euskal Herriko Atletismo Txapelketan, Durangon (Bizkaia). Txapelketa berean zilarra lortu zuen Azpiazuk 1.500 metroetan. 18 urtez azpikoetan, zilarra (400 metro) eta brontzea (200 metro) lortu zituen Naiara Tenak, eta Uxue Ortegak zilarra (1.500 metro).
  • 2021-5-5. 'Koiteretzia' aurkeztu zuen Iñaki Segurolak, bere lehen eleberria.
  • 2021-5-2. Sinhue Fernandezek (Lizarte) irabazi zuen txirrindularien Urrakiko Igoeraren 50. edizioa.
  • 2021-5-1. Arabako Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek.
  • 2021-4-28. 'Ni eta Gu. Zazpigarren uhina', bere zazpigarren olerki liburua, plazaratu zuen Pako Aristik.
  • 2021-4-27. Corrugados Azpeitia berrirekitzeko eskaera ofizialik ez zuela jaso berretsi zuen Udal Gobernuak udalbatzarrean, EAJren eta EH Bilduren udal taldeek enpresaren instalazioen inguruan aurkeztutako mozioen eztabaidan.
  • 2021-4-24. Espainiako Urrezko LEB Ligara igotzea lortu zuen Juaristi ISB saskibaloi taldeak, igoera faseko finalaren itzulerako partidan Sant Joan Despin (Bartzelona) Bartzelona B-ri 63-66 irabazita.
  • 2021-4-4. Aberri Egunean, herritar ugari elkartu ziren plazan independentziaren aldeko argazki jendetsua ateratzeko, distantziak mantenduta, COVID-19aren protokoloak betez.
  • 2021-4-3. Jon Guridi eta Unai Marrero futbolariek eta Mikel Labaka taldeko bigarren entrenatzaileak Espainiako Kopa irabazi zuten Realarekin. Txuri-urdinek 1-0 irabazi zioten Athletic-i, Mikel Oiarzabalek penaltitik egindako golarekin, Sevillako (Andaluzia, Espainia) La Cartuja futbol zelaian COVID-19aren murrizketak tarteko ikuslerik gabe jokatu zuten finalean.
  • 2021-3-26. Ostalaritza eta merkataritza guneetan COVID-19a saihesteko egindako inbertsioak diruz laguntzea erabaki zuen udalak.
  • 2021-3-25. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiaren XXVIII. edizioa modu birtualean eta apirilaren 8tik 11ra egingo zutela iragarri zuten antolatzaileek.
  • 2021-3-23. Iurgi Garitagoitiari 44 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Inaxio Uriaren hilketan parte hartzeagatik. Espainiako Auzitegi Nazionalean harekin batera epaitu zuten Ugaitz Errazkin, aldiz, albsolbitu egin zuten.
  • 2021-3-21. Nahia Olaizolak zilarrezko domina eskuratu zuen patinaje artistikoko Espainiako Txapelketan, novice advance gaztetxoen mailan.
  • 2021-3-17. Corrugados enpresaren balizko irekitzearen inguruan aurreko asteetan zabaldutako informazioak argitze aldera, batzar irekia egin zen Soreasu antzokian, udalak deituta.
  • 2021-3-13. Corrugadosen balizko berrikitzearen auzian, "oztopoak" ez jartzeko eta "eman beharreko pausoak emateko" deia egin zion aldundiak Azpeitiko Udalari.
  • 2021-3-12. Corrugados irekitzekotan, herriguneko labea Trukutxora eramatea proposatu zuen Udal Gobernuak, bezperan Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Corrugadosen jabe Cristian Lay enpresarekin bildu ondoren.
  • 2021-3-10. Torturak jasandako azpeitiarrei aitortza egin zien Azpeitiko Udalak.
  • 2021-3-5. 52 urteko garraiolari bat hil zen, lan istripuan, Mendiaraiz enpresan.
  • 2021-3-5. Landaola saria jaso zuen Bertan merkatarien elkarteak Enkarguk proiektuarengatik.
  • 2021-2-26. Biltegia erabat kiskali eta kalte material larriak eragin zituen Irurena berniz enpresan piztutako suak.
  • 2021-2-25. 'Distira eta alderantzia' eleberria kaleratu zuen Joxean Agirrek, 2018an kaleratu zuen 'Ispiluak eta itsasoak' eleberriaren jarraipena.
  • 2021-2-23. Udalak aho batez onartu zuen ostalariei eta merkatariei udal tasarik ez kobratzea, COVID-19aren pandemiak eragindako kalteak arintzeko neurri gisa.
  • 2021-2-19. Ekiola sozietateak sustatutako energia autokontsumorako lehen kooperatiba Azpeitian eratuko zela eta 400 bat familiarentzat autokontsumorako energia ekoizteko plaka fotovoltaikoak jarriko zituztela iragarri zuten EEEk, Kreanek eta Azpeitiko Udalak.
  • 2021-2-14. Sansebastianak bezala, karnabalak ere bertan behera gelditu ziren, COVID-19aren pandemia tarteko.
  • 2021-1-30. Bartzelona menderatuta, Juaristi ISB saskibaloi taldeak Zilarrezko LEB Ligako Kopa irabazi zuen, bigarren urtez jarraian.
  • 2021-1-30. 300dik gora lagun elkartu ziren ostalariek COVID-19aren izurria tarteko bizi zuten egoera salatzeko deitutako manifestazioan.
  • 2021-1-25. Hamabost egunez ekitaldi guztiak bertan behera uztea eta udal instalazioak ixtea erabaki zuen udalak, Azpeitian COVID-19ak 100.000 biztanleko mila positiboren muga gainditu ondoren.
  • 2021-1-24. Iraupen Eskiko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Alaia Juaristik 18 urtez azpikoen mailan, estilo librean zein teknika klasikoan, Larra-Belaguan (Izaba, Nafarroa).
  • 2021-1-23. COVID-19aren eragina arintzeko eta tokiko ekonomia nahiz industria bultzatzeko sustapen plana adostu zuten EH Bilduk eta EAJk elkarlanean. 1,7 milioi euro bideratu zituzten sustapen planera.
  • 2021-1-23. Urtarrilaren hasieran Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujanaren hilketa salatu zuten dozenaka lagunek plazan, Basanderiek talde feministak deituta.
  • 2021-1-22. Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko egitaraua prestatzeko Herri Batzordea eratu zuten Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek (EH Bildu eta EAJ) eta norbanako batzuek.
  • 2021-1-19. Festarik gabe ez ohiko San Sebastian bezperan, emakumeak danborradan atera zirela 40 urte bete ziren egunean, aurkeztu zuten 'Amamaren danborra' dokumentala Soreasu antzokian Paola Motok (zuzendaria) eta Alaitz Olaizolak (gidoigilea). COVID-19ak eragindako neurri murriztaileekin baina festa giroan egin zuten aurkezpena, danbor talde desberdinetako 40 emakume danborjoleren parte-hartzearekin.
  • 2021-1-19. San Sebastian bezperan danborradarik ez zen egin, COVID-19aren pandemia tarteko. Ikastetxeetan, aldiz, egin zituzten barne mailako danborradak. Kaleko festarik ezean, udalak egindako gonbitarekin bat egin zuten hainbat herritarrek, eta leiho eta balkoietan jo zituzten danborradako piezak gauean.
  • 2021-1-18. Euskadiko Triatloi Federazioko presidente izendatu zuten Iban Perez Azpeitiko bizilaguna.
  • 2021-1-14. 'Sotoan gordeak' aurkeztu zuen Miren Gorrotxategik, bere bigarren eleberria, 2019ko (H)ilbeltza bekari esker ondua.
  • 2021-1-13. Danborrada etxeetatik egiteko gonbita egin zuen udalak, COVID-19aren pandemia tarteko ezarritako murrizketen ondorioz festak bertan behera uztea erabaki ondoren.
  • 2021-1-8. COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak jaso zituzten San Martin egoitzako egoiliarrek eta langileek.
  • 2021-1-5. COVID-19aren izurritea tarteko, Errege Magoen ohiko kabalkadarik ez zen izan.
  • 2021-1-2. Urriza nafarra bikotekide zuela, Erremonteko 50. Binakako Txapelketa irabazi zuen Jagoba Labaka azpeitiarrak Galarretan (Hernani. Gipuzkoa), finalean Ansa II.ari eta Joxin Aizpuru azpeitiarrari 40-31 irabazita.
  • 2021-1-1. Azpeitiak 15.000 biztanleren langa gainditu zuen 2020an.
  • 2020-12-26. Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala jokatu zuen Julen Egiguren pilotariak. 22-5 galdu zuen, Elordiren kontra, Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan.
  • 2020-12-26. 'Zerotik hasi' diskoa plazaratu zuen Espartzu taldeak.
  • 2020-12-21. Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak Juan Joxe Agirreren oroimenez antolatutako Zuhaitza argazki lehiaketaren sariak banatu eta erakusketa ireki zuten Betharrameko aretoan. Jose Antonio Fernandez bilbotarrak irabazi zuen lehen saria, 'Fuego' argazkiarekin.
  • 2020-12-21. Festarik ez zen ospatu Santo Tomas egunez, COVID-19aren pandemiarengatik hartutako neurri murriztaileak tarteko.
  • 2020-12-20. Oihana Orbegozok irabazi zuen, Amaia Aldairekin bikotea osatuta, Binakako Emakume Master Cup Laboral Kutxa esku pilota txapelketa, Naroa Agirre eta Patri Espinar 22-15 mendean hartuta. Arrigorriagan (Bizkaia) jokatu zuten finala.
  • 2020-12-20. 'Schubert nunca trabajó en Justicia' liburua kaleratu zuen Miren Alcedok.
  • 2020-12-17. Herriko gizarte zerbitzuak zein baliabideak hobetzeko hitzarmena sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
  • 2020-12-15. Euskararen Urrezko Bikain ziurtagiria jaso zuen Artxara kooperatibak.
  • 2020-12-13. Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren final laurdenetan neurtu zituzten indarrak Julen Egiguren eta Jon Alberdi pilotari azpeitiarrek. Egigurenek irabazi zuen, 22-14, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan.
  • 2020-12-12. Iokin Agirrek Euskadiko Rallysprint Txapelketa irabazi zuen.
  • 2020-12-12. 2020ko Kirol Saririk ez banatzea erabaki zuten udalak eta Kirol Mahaiak, COVID-19aren pandemiaren lehen urtean.
  • 2020-12-11. Lagun Onak Mendi Bazkunak 75. urteurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu zuen.
  • 2020-12-11. 'Gure mintzak' aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko eta inguruko herrietako kultur eta hizkuntza aniztasuna plazaratzea helburu zuen egitasmoak.
  • 2020-12-11. Langile bat hil zen Nuarbeko Errastiola zerrategian izandako lan istripuan.
  • 2020-12-6. Hutsik zegoen etxe baten etxaurrea erori zen 1766ko Matxinada kalean.
  • 2020-12-4. Munategiko bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko lanak bukatu zituzten.
  • 2020-12-3. 'Sed quia sua' saiakera liburua aurkeztu zuen Iñaki Segurolak.
  • 2020-11-28. Zortzi hilabeteko atzerapenarekin ospatu zuten Soreasu antzokian martxon bertan behera utzitako XXX. San Jose trikiti jaialdia. Joxe Mari Iriondo, Mari Karmen Odriozola, Joxe Alkain, Azpeitiko Udala eta Joxe Mari Otermin omendu zituzten.
  • 2020-11-28. Bigarren Euskaraldiko bertso paper lehiaketaren sariak banatu zituzten udaletxean. Oier Labiano eta Oier Etxeberria izan ziren sarituak.
  • 2020-11-25. 2.118 lagunek eman zuten izena Azpeitian Euskaraldiaren bigarren ediziorako.
  • 2020-11-24. Joxe Aranburu aktorea hil zen.
  • 2020-11-23. Korta Saria jaso zuen Jose Luis Larrañaga enpresariak, Sarralle Taldearen sortzaileetakoak.
  • 2020-11-20. Horman Poster kolektiboaren 'Antigone edo ezetzaren beharra' antzezlanak jaso zuen 38. Euskal Antzerki Topaketen Ikusleen Saria.
  • 2020-11-17. 'Panpina' liburua aurkeztu zuen Erika Olaizolak, berak sortutako izen bereko antzezlanaren inguruan
  • 2020-11-17. Gipuzkoako Foru Aldundian karguz aldatu zuten Jabier Larrañaga: bost urtez Ogasun eta Finantza diputatu izan ondoren, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu izendatu zuten azpeitiarra.
  • 2020-11-17. Ignazio Arregi oñatiarra hil zen, Loiolan. Jesuita eta kazetaria, Loiolako Herri Irratiaren eta Eusko Irratiaren sortzaileetakoa eta zuzendaria izan zen, baita Vatikano Irratiko albistegietako zuzendaria ere.
  • 2020-11-11. Elmubas enpresak 145 lanpostu sortzea aurreikusten zuela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Azpeitiko lantegira bisita egin zuen egunean.
  • 2020-11-9. Aitor Zubizarretak Lagun Onak futbol klubaren gizonen talde nagusiaren entrenatzaile izateari utzi zion.
  • 2020-11-7. Elkarretaratze jendetsua egin zuten plazan, herriko ostalariek deituta, COVID-19a zela-eta agindutako ostalaritza guneen itxiera salatzeko.
  • 2020-11-5. Larringo eremuan industrialdea garatzeko hitzarmena sinatu zuten udalak eta Sprilur Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak, proiektua elkarrekin gauzatzeko.
  • 2020-11-2. Xanti Rodriguezek 'Ospel', bere bigarren film laburra, aurkeztu zuen Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astearen barruan.
  • 2020-10-29. Done Jakue kaleko udal sustapeneko etxebizitzak eraikitzen hasi ziren.
  • 2020-10-28. Mecanizados Gurrutxaga eta Alberdi Mekanizatuak enpresek bat egin zuten.
  • 2020-10-23. Auzo-taxi zerbitzua martxan jarri zuen udalak.
  • 2020-10-23. Malen Amenabarren ilustrazioekin osatutako 'Bi txantxangorri haritz adarrean' liburua aurkeztu zuten Markina-Xemeinen (Bizkaia).
  • 2020-10-20. Espainiako Vueltaren lehen etapa Azpeititik igaro zen.
  • 2020-10-19. Azpeitiko baheketa masiboak 32 positibo azaleratu zituela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.
  • 2020-10-18. Iñaki Irigoien gidari iruindarra hil egin zen Urrakiko XXXVIII. Igoerako entrenamendu saioan.
  • 2020-10-18. Alaia Juaristi patinatzaileak Rollerskien Espainiako Txapelketa irabazi zuen, 18 urtez azpiko patinatzaileen moldalitatean.
  • 2020-10-15. PCR proben baheketa masiboa egin zuen Osakidetzak Izarraitz pilotalekuan.
  • 2020-10-14. Urriaren erdian, Ibai-Eder urtegia inoiz baino beteago zegoela azaldu zuen Gipuzkoako Urakek; urtegiaren edukieraren %67,32 zegoen beteta.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan