Hamarkada: 2000

  • 2001-12-2. Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen hastea erabaki zuen. Eusko Jaurlaritzaren plana da.
  • 2001-11-25. Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolaturik, Euskal Ezkontza antzeztu zuten herriko kaleetan.
  • 2001-11-25. Udal Musika Bandak Felix Gurrutxaga kidea omendu zuen.
  • 2001-11-23. 'Euskara, gu geu gara bidea' kanpaina aurkeztu zuen Udalak.
  • 2001-11-17. Sendoa argitaletxearen bidez, Joxe Lizaso bertsolariaren biografia aurkeztu zuen Joxe Mari Iriondok, udaletxean.
  • 2001-11-3. Urrian Pumori (Nepal) mendian hil ziren Beñat Arrue azpeitiarrari eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarrari agurra egin zieten Izarraitz frontoian eginiko omenaldian.
  • 2001-10-17. Beñat Arrue herritarra hil zen, Pumori gailurrera bidean, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarrarekin eta beste hiru nafarrekin batera.
  • 2001-10-17. Espainiako Polizia Xabier Etxeberria 'Txapi', Jabi Agirre eta Joseba Segurola 'Xegu'-ren etxeetan sartu zen, haiek atxilotzeko asmoz, ETArekin zerikusia zutelakoan. Hirurak ez zeuden etxean.
  • 2001-10-10. Jesus eta Maria komentuko lokaletan buruko gaixotasuna dutenentzako zentro berria inauguratu zuten.
  • 2001-10-2. Azpeitiko etxeetan erabilitako olio zikinen lehen bilketa egin zuten.
  • 2001-9-22. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak Angel Otaegiren biografia aurkeztu zuen, Iban Arregik idatzitakoa. ETAko militantea zen Otaegi eta 1975ean fusilatu egin zuen frankismoak.
  • 2001-9-21. Nuarbe Sokatira Taldeak zilarrezko domina irabazi zuen Suitzan, Europako lur gaineko 640 kilotako Txapelketan.
  • 2001-9-12. Tau Baskonia-Zalgiris Kaunas (Lituania) saskibaloi partida jokatu zuten kiroldegian, Iraurgi Saskibaloi Taldearen 25. urtemuga zela-eta.
  • 2001-7-14. Kanpoko igerilekua zabaldu zuten.
  • 2001-7-7. Joxin Iturriozek idatzitako 'Urolaldeko bertsolariak' liburua aurkeztu zuten.
  • 2001-6-30. Urolako Gay eta Lesbianen Elkarteak kalera begirako lehen pausoa eman zuen.
  • 2001-6-26. Errezildik Azpeitira bidean den Errezil ibaian arrain ugari hilda agertu ziren.
  • 2001-6-13. Suhiltzaileen parke berria inauguratu zuten.
  • 2001-6-1. Azpeitiko I. Erremonte Txapelketa jokatzen hasi ziren.
  • 2001-5-26. Takolo baserriaren inguruan Joxe Urbieta 'Takolo' mendizalearen irudia inauguratu zuten, Diego Cruz azkoitiar artistak eginda.
  • 2001-5-26. Uztarria Kultur Koordinakundeak, Enekoitz Esnaolak idatzitako 'Joxe Takolo' biografia aurkeztu zuen. Elkartearen lehen liburua izan zen. Mendizalea izan zen Joxe Urbieta 'Takolo'.
  • 2001-5-20. Trenaren Museoan, Nazioarteko Museoen Eguna ospatu zuten.
  • 2001-5-5. 'Azpeitia iruditan' liburua aurkeztu zuen Udalak, herriko Argazki Elkarteko kideen artean osatua.
  • 2001-4-28. Hau da! Kultur Elkarteak Euskal Herri Eguna antolatu zuen, eta horrela egin zuen aurkezpena.
  • 2001-4-22. Antonio Oteizaren eskultura jarri zuten Loiolako baratzan.
  • 2001-3-31. Diego Garcia lasterkalari azkoitiarra hil zen Loiolan, entrenatzen ari zela, bihotzekoak jota. Azpeitian bizi zen.
  • 2001-3-28. Lehergailu batek eztanda egin zuen epaitegiko ate aurrean, 22:35ean.
  • 2001-3-17. II. Rallysprintean, Urraki bidean, Iñigo Uria gidari eibartarra hil zen, istripuan.
  • 2001-3-13. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolaturik Urola Erdiko Bertso Astea hasi zen.
  • 2001-3-10. Urola kalean, Tren Museoaren ondoko geltokian, Eusko Trenen autobus bat erre zuten, 22:00ak aldera.
  • 2001-3-6. Garikoitz Etxeberria 'Kafe' atxilotu zuen Espainiako Poliziak, etxean. Haika gazte erakundeko kide izateagatik eraman zuten, ETArekin lotuta.
  • 2001-2-10. Baite Euskara Elkartea sortu zuten, eta orduan egin zuten aurkezpena jendaurrean.
  • 2001-1-21. Sokamutilak baino lehenago iritsi zen zezena Erdi kalearen barrenetik enparantza nagusira. Oso ezohikoa da hori.
  • 2001-1-19. Joxe Arruti 'Oriyo' omendu zuen danborradak.
  • 2001-1-17. Agenda 21 eta Udaltalde egitasmoa aurkeztu zuten Azkoitiko eta Azpeitiko udalek.
  • 2000-12-12. Altor lantegia erre zen.
  • 2000-12-8. Iban Otaegi 'Beixama' pilotariak bigarren mailako Lau t'erdiko Txapelketa irabazi zuen, Enrike Galarza 22-12 hartuta mendean.
  • 2000-11-25. Granadan (Espainia), Espainiako kirol eskalada Kopan, Leire Agirrek lehen postua lortu zuen bigarren proban.
  • 2000-11-8. Xabier Aldayk 'Bazterrekoak' liburua aurkeztu zuen.
  • 2000-10-1. Kilometroak'2000 ospatu zuten herrian, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta.
  • 2000-9-19. Nuarbe Sokatira Taldea Munduko Txapelketan 640 kilotan zilarrezko domina lortu ondoren herrira iritsi zen, eta Udalaren aldetik merezitako ongi-etorria jaso zuen.
  • 2000-9-1. Jokin Urangak Zarauzko XXIV. Lizardi Bertsolari Saria irabazi zuen.
  • 2000-8-12. Joxe Urbieta 'Takolo' mendizale ezaguna hil zen, etxean, bihotzekoak jota. 1980an Everesteko euskal espedizioan parte hartu zuen; orduan lortu zuen euskal mendizale batek lehen aldiz munduko tontorrik handiena (8.848 metro) zapaltzea -Martin Zabaletak-.
  • 2000-7-23. Diego Garcia lasterkalariaren eta Andoni Egaña bertsolariaren arteko lasterka apustua izan zen zezen-plazan, Kilometroak 2000ko ekintzen barne.
  • 2000-7-22. Txakelek 'Azpeitiko Jaiak' liburua aurkeztu zuen.
  • 2000-7-20. Xabier Azkargorta futbol entrenatzaileak, Euskadi Saria jaso zuen kirolean eginiko lanagatik.
  • 2000-6-27. Herriko aldizkariaz Udalak eta Uztarria Kultur Koordinakundeak egindako hitzarmena onartu zuten udalbatzarrean.
  • 2000-5-16. Ibaieder erreta agertu zen, Landetako industriguneko isurketaren batek eraginda.
  • 2000-3-11. Langarbi Barnizatuak tailerra erre zen.
  • 2000-3-7. Elkarri taldeak Bake Konferentzia proiektua aurkeztu zuen Aitonenako aretoan.
  • 2000-2-26. Bertso-Antzerki jaialdia egin zuten Kilometroak 2000ren alde: Joxe, Xebaxtian eta Beñat Lizaso, Imanol Lazkano, Angel eta Andoni Larrañaga, Joxe Agirre, Joxe Luis Gorrotxategi, Xabier Euzkitze, Jokin Uranga, Urko Egaña, Leire Olaizola eta Haritz Etxeberria bertsolariek hartu zuten parte.
  • 2000-2-24. Patxi Altunak, Joxe Inazio Arana azkoitiar olerkariaren 'Egunaria' liburua aurkeztu zuen.
  • 2000-1-25. Azpeitiko Udalak Udalbiltzan sartzea erabaki zuen.
  • 2000-1-14. Segabathor musika taldeak Baionako Gazte Leiho Maketa Lehiaketako hirugarren saria irabazi zuen.
  • 2000-1-6. Miguel Arregi 'Iturbide' panderojolea eta mendizalea hil zen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan