Hamarkada: 1920

  • 1923-9-3. Udal guztiei Probintziako Batzordeak bidaltzen zien ofizioaren berri eman zuten, azaroaren 2ko Espainiako loteriarekin batera egingo zen zozketan parte hartzeko eskatuz, Azpeititik Loiolako Santutegira bitarteko etorbidea egiteko diru laguntza biltzeko. Ehun billete erostea erabaki zuten, 1.500 pezeta ordainduz.
  • 1923-7-30. Herriko agintarientzat hamabost intsignia bidali zituen Bilboko L. Anduiza etxeari ordainketa egitea erabaki zuten.
  • 1923-7-23. Fernando Olaizola 'Etxaiz' eskultorea jaio zen.
  • 1923-7-16. Hilaren 9an Altxor Publikoko zuzendari nagusiak alkateari herritik Loiolara bitarteko errepidea egiteko dirua lortzeko, hiru auto eta hiru lote ganaduren zozketa egiteko emandako baimenaren berri adierazi zuten.
  • 1923-7-9. Martzelo Gibert arkitektuak emandako agiriaren berri adierazi zuten. Bertan Gregorio Segurola kontratistak lana amaitu zuenez -Bikuña etxea lurreratuta baitzen-, 25.050 pezeta ordaintzeko eskatzen zen. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1923-7-9. Alkateak Karetxeren alargunarekin egindako gestioaren berri jakinarazi zuen. Lazaretoa egiteko lurraldea erosi nahi zuten eta orube guztia erosteko 30.000 pezeta eskatzen zituen. Gehiegizkoa iruditu eta desjabetza martxan jartzea erabaki zuten.
  • 1923-7-8. Union Azpeitiana taldeak Aranako futbol zelaia inauguratu zuen.
  • 1923-7-2. Union Azpeitiana elkarteko presidenteak Udala uztailaren 8an ospatuko zen kirol jaialdira gonbidatu zuen. Jaialdian Arana inguruko kirol zelaia inauguratuko zuten eta Udalak joatea erabaki zuen.
  • 1923-6-27. Alkateak herritik Loiolara bitarteko errepidearen egoera zein zen adierazi zuen. Zozketa bidez dirutza lortzea egokia izango zela zioen, eta horretarako baimena eskatzeko prestaturiko idatzia aurkeztu zuen. Aho batez egokitzat hartu zuen Udalak.
  • 1923-6-4. Bi zinegotzik agertu zuten Gorpuz ondorengo egunean San Inazio kalean ospatzen zen prozesioaren garrantzia, bere jatorria aita santu Paulo III.ak herriari emandako Bulda zela agertuz. Korporazioan eta Musika Bandarekin prozesioan parte hartzea proposatu zuen, Loiolako erretorea, Guardia Zibilaren komandantea eta Mikeleteen burua gonbidatzea, eta udaletxeko balkoiak apaintzea. Ontzat hartu zuten mozioa.
  • 1923-5-23. Karetxeren alargunarekin egin zituen gestioen berri eman zuen alkateak, haren lurralde zati batean Lazaretoa egiteko. Andreak, Iriagirre baserria eta bere lur guztiak saldu nahi zituen 30.000 pezetan, baina herrika ez zuen orube osoa behar. Beraz, hiru mila pezeta eskaini zizkioten 750 metro koadro zituen zati batengatik. Azkenaldian gestioak egiten ari zela esaten zuen alkateak, orube osoa erosi nahi zuen norbait aurkitzeko.
  • 1923-5-23. Mariaren Sierbak altxatu nahi zuten nobiziagoko lanek ekainean hasi behar zuten albistea jasota, eta bertatik lur asko kendu beharko zela jakinaren gainean izanik, Udalari egokia iruditu zitzaion trenaren geltokira egin behar zen bidera eramatea. Lekaimeen zuzendariarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, konponketara iristeko asmoz.
  • 1923-5-16. Herriko agintariek ekintza ofizialetan erabili behar zituzten ezaugarriei buruz egin zituen gestioen berri eman zuen alkateak. Egokienak Bilboko L. Anduiza etxeak ematen zituela aitortu zuen, urteko San Inazio festetarako aurreratzen bazituen ere, hurrengo urtean kobratzea berdin izanik. Erostea erabaki zuten.
  • 1923-5-7. Ganaduen hiltegi zaharra eraikina erosi nahi zuen bakarra Nikolas Arrieta zen eta hari saltzea erabaki zuen herriak.
  • 1923-5-7. S.D. Union Azpeitiana taldearekin bilera batzuk egin zituela adierazi zuen Etxeberriak, eta urtean behin diru kontuen berri adierazi beharko zuela erabaki zuten.
  • 1923-4-23. Gergorio Segurolak 25.050 pezetaren truke Bikuña etxea botatzeko proposamena aurkeztu zuen, eta herriak onartu egin zuen.
  • 1923-4-18. Probintziako Batzordeak Urola trenaren geltokirako bidea %65ean ordainduko zuela adierazi zuen, oinarritzat 133.477'18 pezeta harturik eta Bizkarrondok eginiko proiektua aurrera eramateko askatasunarekin.
  • 1923-4-4. Santa Ana enparantzako Bikuña etxea lurreratzeko baldintzak onartu zituzten.
  • 1923-3-21. Ganaduen hiltegi zaharra salgai jartzea erabaki zuten. Enkanterako prezioa 15.000 pezetan jarri zen.
  • 1923-3-21. Union Azpeitiana Elkartearen eskaerari erantzunez, futbol zelaia alokatzea erabaki zuten, baldin eta urtean 500 pezetatik gora ez bazen behintzat, kontuan izanik 14 urtez beherako ume guztiak ibil zitezkeela bertan.
  • 1923-3-21. Gauzainentzat herriak Orbea Hermanos enpresan erositako lau errebolberrak iritsi zirela adierazi zuten.
  • 1923-3-12. Ogasun Batzordera pasatu zen Union Azpeitiana Kirol Elkarteak bere sorrerako lehen gastuei aurre egiteko eginiko diru laguntza eskaera.
  • 1923-2-26. Orbea Anaiak fabrikatik herriko gauzainentzat lau errebolber erostea erabaki zuten.
  • 1923-2-26. Nikolas Bizkarrondok Urola trenaren geltokira egin beharko zen bidearen proiektua aurkeztu zuen, eta herriak onartu egin zuen.
  • 1923-2-14. Alkateak San Millango markesari herriak bere lurraldeak erosteko 50.000 pezeta ordaindu zizkiola jakinarazi zuen. Gero, bere etxea bota zen, Urola trenaren geltokira bide egoki bat egiteko.
  • 1923-2-5. Herriaren armarria edo Loiolakoa edo antzeko zerbait izan zezakeen domina batzuk erostea erabaki zuten. Horiek herriko zinegotziek korporazioan joan behar zuten guztietan zintzilikatuta eman beharko zituzten, probintziko beste udaletako kideek bezala.
  • 1923-1-12. Urola ibaia hornitzeko 6.000 amuarrain arrautza inguratzea erabaki zuten.
  • 1923-1-8. Herrian biztanlegoa gehitu egin zela ikusita eta trenbidean lanean ezezagun asko zela-eta, gauzainek armak erabiltzea erabaki zen.
  • 1923-1-3. Arregi baserrian sutea izan zenean, lanean ahalegindu zirenei emandako ogi eta ardo zatikoak edo errazioak ordaintzea erabaki zuten agintariek.
  • 1922-12-27. Lehiaketa baten bidez udal iturgin bat izendatzeko baldintzak onartu zituzten.
  • 1922-12-4. Zinegotzi batzuek proposatu zuten herriak hiltegi berria zuenez, zaharra enkantean saltzea. Bozketa ondoren zaharra saltzeko baimena lortzea erabaki zuten.
  • 1922-10-25. Aho batez erabaki zuten Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluko presidenteari telegrama bidaltzea, 1839ko urriaren 25eko legea indarrean zelako protesta eginez, Euskal Herriak zituen eskubideen aurkakoa zelako. Udaletxeko balkoian bandera erdizka zintzilikatzea erabaki zuten.
  • 1922-10-9. Alkateak adierazi zuen gestioak egiten ari zela herrian Lazareto bat egiteko, eta Karitateko Alaben zuzendariarekin eta errukietxeko juntarekin izan zituen harremanen berri eman nahi zuela. Hara zihoazen gaixoak zaintzeko bi lekaime jarriko zituzten, baldin eta herriak mila pezeta gehiagoko laguntza ematen bazien urtean. Alkatearen hitzak gustura entzun ondoren, herriko Osasun Juntarekin hitz egin eta Lazaretoa non egin zitekeen erabakitzeko ahalmen osoa eman zioten herriari.
  • 1922-10-2. Alkateak jakinarazi zuen aldaketa batzuk egin nahi zituela San Millango markesak bere Bikuña etxeaz Udalak prestatutako agirian, eta bozketa bidez erabaki zuten aldaketa horiek ontzat hartzea.
  • 1922-9-25. Herri guztiko etxebizitzetan ur kontadoreak jarri zituztela adierazi zuen alkateak, sei edo zazpitan izan ezik, eta nola irakurri eta zer eratan kobratu behar zen erabakitzeko garaia zela hura. Zerbitzu hori egoki egin zezakeen pertsona bat aukeratzeko ahalmena eman zioten alkateari.
  • 1922-9-22. Zumarragatik Zumaiara bitarteko trenaren zuzendari Manuel Alonso Zabalak planoa bidali zuen, herriko geltokia non izango den zioena; hain justu, Enparangain baserriaren lurretan zihoan, Urola ibaiaren bestaldean, eta derrigorrezkoa zen, bertarako bide egokia egiteko, zubi bat altxatzea San Millango markesaren lurretan. Udalak zubia egitea erabaki zuen, Nikolas Bizkarrondo ingeniariaren zuzendaritzapean, eta Diputazioari laguntza eskatzea horretarako. Horrez gain, erabaki zuten Probintziako Batzordeari eskaera zuzentzea berehala zubiaren zimenduak ateratzeko, eguraldi txarra egiten hasi aurretik.
  • 1922-8-7. Aurreko batzarrera agertu ez ziren Barrena eta Alberdi zinegotziek Etxeberriak elizkizunei egindako zentsurarekin bat egin zuten.
  • 1922-8-2. Etxeberria zinegotziak adierazi zuen herriak gaizki hartu zuela aurreko bi egunetako elizkizunetara Udala korporazioan ez azaltzea eta, beste hiru zinegotzi ere iritzi berekoak zirenez, horixe idaztea erabaki zen. Baina ondoren, Goenaga zinegotziak jakinarazi zuen azkeneko udal hauteskundeetan gertatutakoagatik apezpikua, Diputazioa eta Senante diputatuaren aurkako protesta izan zela guztia. Etxebarriak orduan berehala erantzun zion, baina alkateak bien arteko eztabaida bat-batean moztu zuen. Azken batean, Lapazaran, Astigarraga eta Agirre zinegotziek eta Kasto Orbegozo alkateak bat egin zuten Etxeberriaren protestarekin.
  • 1922-7-12. Alkateak jakinarazi zuen bost urtean indar elektrikoa Urrestillara eramateko Oñatibia eta Semea enpresarekin egin zuela eskritura.
  • 1922-7-12. Dantza helduari buruz alkateak zinegotzien iritzia jaso nahi zuen, aurreko igandeetan Eskuztako zelaian gertatu ziren iskanbilak kontuan izanda. Udalak aho batez erabaki zuen ohiturari jarraitzea, eta baltseoa debekatzea.
  • 1922-5-22. Joxe Etxezarretak plebizitua egitea proposatu zuen, aurretik erabakita egon arren, trenaren geltokiak non izan behar zuen erabakitzeko. Baina aho batez erabaki zuten horrelakorik ez egitea.
  • 1922-5-17. Gregorio Segurola izendatu zuten zezen-plazako torilak egiteko.
  • 1922-5-1. Udaletxeko lehen solairua egokitzeko egin behar ziren lanen espedientea martxan jartzea erabaki zuten.
  • 1922-4-24. Belaetxe baserriaren inguruan ziren antzinako igeltsu harrobi zuloek arriskua zutela-eta, lurraldearen jabeari horiek betetzea edo gutxienez euren jiran harresi bat jartzea eskatzea erabaki zuten.
  • 1922-4-24. Olarue baserria erretzean eginiko gastuak ordaindu egin zituzten.
  • 1922-3-27. Loiolako hiribidean eta Ormaetxeko ermitatik hurbil etxebizitza bat egiteko baimena eman zioten Miguel Zubeldiari.
  • 1922-2-27. Marokon ziren herritar soldaduei otsailaren 23an jokatutako apustuan lortutako irabazia bidaltzea erabaki zuten.
  • 1922-2-26. Belaetxe baserria menderatu zuen suak, gauez.
  • 1921-12-30. Rikardo Beobide Zendoia salesiar erlijiosoa, musikaria eta idazlea hil zen.
  • 1921-7-31. Parrokiko erretorearekin zuten tirabiraren ondoren, meza nagusiari boikota egin zioten herriko abeslariek.
  • 1920-12-20. Juan Agirre eta beste herritar batzuek idi demak jokatzeko debekua bertan behera utzi zedin Diputazioan gestioak egiteko eskatu zioten Udalari. Herritar horiek eta Udalak elkarrekin eginiko idatzi bat Diputaziora bidaltzea erabaki zuten.
  • 1920-10-4. Nuarbera ura ekartzeko baldintzak eta aurrekontuak onartu zituen Udalak, eta garbitokian aldaketak egitea.
  • 1920-8-16. Zumarragatik Zumaiara bitartean egingo zen Urola trenaren proiektua ontzat hartu zutela jakinarazi zuten.
  • 1920-7-28. Inazio Fernandez Eleizgaraik hil honen 31n Feliz Ortiz San Pelayori eskainiko zioten omenaldi kontzertura gonbidatu zuen Udala, baita abuztuaren lehen egunean errukietxeari laguntza eskaintzeko egingo zen bigarren kontzertura ere. Aho batez erabaki zuten gonbitea ontzat hartzea eta ohiko zergarik ez kobratzea.
  • 1920-7-19. Aho batez erabaki zuen Udalak uztailaren 21ean emandako legearen aurka protestatuz Espainiako Gobernuko ministroek Kontseiluko presidenteari telegrama bat bidaltzea, 1876ko Euskal Herriko foruak eta askatasuna ezerezean uzten zituelako. Foruen mendeurrena betetzen zen.
  • 1920-7-7. Kros lasterketa bat antolatzeko 350 pezeta eskatu zituen Danak-Bat elkarteko presidente Joakin Oiarzabalek, eta Udalak baiezkoa eman zion.
  • 1920-7-7. Alkateak Inazio Perez Arregi diputatuak Madrildik bidalitako telefonemaren berri jakinarazi zuen. Bertan Espainiako Gobernuko Bizkortze Ministroak Urola trenaren aurrekontua ontzat hartu zuela esan eta bigarren aldiz enkantean jartzea erabaki zuela esaten zuen. Udalak Manuel Alonso Zabala eta Alberto Matxinbarrena ingeniariei gestioak egiten eman zuten laguntzagatik aho batez eskerrak ematea erabaki zuen.
  • 1920-5-31. Urola trenari buruzko gestioak Madrilen nahiko ongi zirela esanez idatzi zuen Inazio Perez Arregik.
  • 1920-4-26. Julian Elorza Diputazioko presidenteak eta Inazio Perez Arregi Diputazioko presidenteordeak bidalitako telegrama jaso zuten. Bertan, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak Urola trena aurrera ateratzeko aurrekontua eta ustiatzea sinatuta zutela azaltzen zen. Aho batez eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1920-4-11. Mariaren Zerbitzari lekaimeek kapera berria inauguratu zuten, agintariak lekuko zirela.
  • 1920-4-7. Joxe Frantzisko Oñatibiari ura sartzeko baimena eman zioten, Urrestillan zumitz fabrika martxan jartzeko.
  • 1920-3-31. Gasteizko alkateak Urola trenari buruz eginiko aldaketa proposamenari erantzutea erabaki zuten. Azpeitiko Udalak, Zumarragakoak, Urretxukoak, Azkoitikoak, Zestoakoak eta Zumaiakoak Gipuzkoako Diputazioaren eskuetan utzi zuten gaia.
  • 1920-3-24. Erabakirik hartu gabe utzi zen Gasteizko alkateak Urolako trenaren proiektua aldatzeko eskatuz -Zumarragan irteera izan beharrean Mekolalden izatea hobe zela adieraziz- Bizkortze Ministerioara bidalitako gutuna.
  • 1920-1-26. Frantzisko Larrañagari, hark Azpeitiko parrokirako eta agintariak esertzeko egin zituen hamasei lagunentzako bi aulki handiak ordaintzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan