Hamarkada: 1880

  • 1882-6-28. Zestoako, Azkoitiko eta Zumaiako idatziak jaso zituzten. Herriok eskerrak eman zituzten trenbideaz iritziak jasotzeko deitu zituztelako. Hurrengo asteartean egingo zen bilerara deitzea erabaki zuten.
  • 1882-5-22. Gasteiztik irten eta Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia bitarteko trenbide batek sor zezakeen abantailaren berri ematen ahalegindu zen alkatea, herritar askoren eskaria jaso ondoren. Geldirik egotea kaltegarria zenez, bilera deitzea proposatu zuen. Herrietako udalak ez ezik, herritar berezienak deitu zituen. Proposamena ontzat hartu zuten, eta aipaturiko herrietako alkateei berehala idaztea erabaki zuten.
  • 1882-5-15. Unean trinketea zegoen tokian frontoi berria egiteko proiektua aurkeztu zuen herritarren artean sortutako batzordeak, eta Udalak beste batzorde bat izendatzea erabaki zuen, bata eta bestea harremanetan jarri eta proiektu berria aurkez zezaten.
  • 1882-2-13. Inauteri asteartean kaleratzen zen zezenaz gain (tabernariek itxitura jartzen zuten), beste zezen bat kaleratzea erabaki zuten.
  • 1882-1-2. Madalena ermitaren kanpoko harresia ahalik eta azkarren jartzea eskatu zioten Joxe Inazio Aizpuru erregidoreari.
  • 1881-7-11. Benefizentzia Juntak eskatu zuen kanpoko merkatariei San Agustin eta Santo Domingo arkupeetan postuak ez jartzeko agindua ezerezean uztea, eta horrela erabaki zuen Udalak. Ondorengo goizean bandoaren bidez erabakia jakinarazi zuten.
  • 1881-7-5. Aurrez ezerezean utzitako agintariak herriratu ziren, eta utzitako postuak eskuratu zituzten.
  • 1881-7-4. Kontrabandoa zaintzeko Joxe Mari LarraƱaga eta Joxe Ramon Arozena izendatu zituzten. Bakoitzari egunean sei erreal ordaintzea erabaki zuten. Herriko udaltzainei ere libre zituzten orduetan lan bera egitea eskatu zieten, eta horiei egunean bi erreal gehiago ordaintzea eskatu zuten.
  • 1881-7-4. Atanasio Galarretari 'Kartzela' etxeko denda alokatzea erabaki zuten, Estanko Nazionala jartzeko.
  • 1881-6-13. Benefizentzia junta kexatu egin zen alkateak hartutako erabakiaren aurrean. Erabaki horretan atzerritarrei debekatu egiten zitzaien postuak jartzea San Agustin eta Santo Domingo arkuetan. Debeku hori altxatzea eskatu zuten. Izan ere, bertatik jasotako dirua errukietxearentzat izaten zen. Udalak beharrezko neurriak hartuko zituela esan zuen, galdutako dirua beste bide batetik eskuratzeko. Urkiola zinegotzia ere ez zegoen ados alkateak hartutako erabakiarekin, atzerriko merkatariak antzinatik etortzen zirelako. Herriko eta kanpoko merkatariek eskubide berak zituztela esatean eta iritzi desberdinak agertzean, bozketa egin zuten eta Urkiolaren nahiak galdu egin zuen.
  • 1881-6-6. Notarioak ekainaren 15ean gobernadorearen aginduz agintaritzan zirenek sinatutako idatzia aurkeztu zuen. Bertan orduan ziren agintariei beraien postuak uzteko eskatu zuten, baina ezezkoa erantzun zieten.
  • 1881-4-20. Gobernadorearen eskaera erantzunez, alkateak aurrez herrian agintaritzan izan zirenen lanaren berri jakinarazi zuen.
  • 1881-4-15. Aurreko egunean emandako agindu bati esker aurrez zegoen Udala ezerezean uztean, udal ordetasun berria gobernadoreak izendatutakoek osatu zuten.
  • 1881-3-16. Ogasun ministroari Santo Domingoko kuartela eskatzea erabaki zuten, bertan kartzela berria egiteko.
  • 1881-3-13. Urrestillako Kosme Damian Olaskoaga eta Azpiazu monsignore eta fraidea hil ziren herrian. Frantziskanen laguntzailea bertako elizan hilobiratu zuten.
  • 1881-3-9. Joxe Mari Gurrutxaga 'Txokolo Zaharra' jaio zen Nuarbe auzoan.
  • 1881-2-7. Harzubitik Enparan etxera bitarteko bidean karaitza bota eta konpontzea erabaki zuten.
  • 1881-1-18. Apezpikuak Nuarbe auzoan igande eta jai egunetan izan ohi zen meza debekatuta zuen eta Udalak berriro baimena eman zezan gestioak egitea erabaki zuen.
  • 1880-11-16. Serafin Tapia kexu zen, egunaren edozein ordutan eta kalean txerriak hil eta erretzen zituztela esanez. Udalak bandoa ematea erabaki zuen, horrelako ekintzak debekatuz.
  • 1880-11-8. Gaspar Bereziartuak, beste herritar batzuekin batera, gurdiak zarata atera gabe ibiltzeko debekua Udalak ezerezean utzi zezala eskatu zuen. Izan ere, haien ustez, herri barruan ez ezik, istripuak izateko arrisku handia zegoen noiznahi, gurdiaren azpian sartu eta ardatza olioztatzea. Diputazioa jakinean jartzea erabaki zuten, berak gaiari buruz zerikusia zuela-eta.
  • 1880-9-22. Agustin Etxeberria bigarren mailako heziketa eskolarako irakaslearen eskaerari erantzunez, bete beharreko baldintzen berri eman zuten.
  • 1880-8-20. Bando baten bidez, ogia Sistema Metriko Dezimala erabiliz kiloka saldu behar zela erabaki zuten, okinek behar bezalako pisua zeukaten ogiak saltzea ezinezkoa baitzen.
  • 1880-8-8. Zinegotzi batzuek adierazi zuten okindegietan behar bezalako pisu gabeko ogia saltzen zelako kexa handiak zirela herrian eta, txandatuz, astean behin okindegiak bisitatzeko baimena eman zieten.
  • 1880-7-26. Parrokian zen San Inazioren zilarrezko irudia abuztuaren lehen egunean egingo zen prozesioan Loiolako Santutegira eramatea erabaki zuten. Jesusen Lagundiari eskainiko zioten gordetzeko, baina herriaren jabego izaten jarraituz. Parrokiko apaizak egingo zen eskritura partaide izatera gonbidatu zituzten.
  • 1880-7-5. Joxe Inazio Aizpuruk Madalena ermitaren aurrean burdinsarea jartzea eskatu zuen, Udalak 1879ko urtarrilaren 13an hartutako erabaki batean oinarrituta. Agintariek proiektua ez zutela ahaztuta erantzun zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan