Hamarkada: 1820

  • 1820-10-4. Loiolako San Inazioren zilarrezko irudia santutegitik parrokira eramateari buruz parrokiko apaizekin harremanetan jartzea erabaki zuten, hurrengo eguneko goizeko zortzietan prozesioan joanez basilikan agertzeko eskatuz. Asmoa, bertan herri meza ospatu ondoren irudia herriratzea zen.
  • 1820-8-28. Udalak politiko nagusiari erantzun zion berak ordainduta herrian bi eskola baino ez zirela: mutikoena eta neskena. Herriak Latinaren katedra izateko erreal baimena bazuen ere, unean irakaslerik gabe zen.
  • 1820-8-14. Jesuitak egotzi egin zituztela adierazi zuen dekretu berria eman zuten.
  • 1820-7-9. Urrestillako alkateak ez zuen nahi izan kobratutako zergarik ordaintzea. Herriak bidalitakoei ordezkariek eurei xentimorik ez emateko agindua zutela jakinarazi zuten, nahiz eta Politiko Nagusiaren aginduaren berri izan. Gertatutakoaren berri emanez Politiko Nagusiari idaztea erabaki zuten.
  • 1820-6-20. Espainiako Konstituzioak agintzen zuen eran, udal ordenantzak osatzea erabaki zuten. Horretarako batzordea izendatu zuten.
  • 1820-6-10. Politiko Nagusiari erantzutea erabaki zuten, Urrestilla eta Azpeitiaren arteko lurren mugaketa egin gabe zegoelako. Mendien erdiak oraindik neurtu gabe zeuden, eta Urrestillako Udalari ezinezkoa egiten zitzaion zergak kobratzea egoera horretan. Horrez gain, Politiko Nagusiari adieraztea erabaki zen Udalak lehenaz gaian beste bi laurden gehiagoko zerga kobratzen zuela ardo pitxar bakoitzeko. Diru hori helburu partikularretarako erabiltzen zuten susmoa zegoen.
  • 1820-6-10. Politiko Nagusiak herri milizia osatzeko egindako deialdi zintzilikatzea erabaki zuten, aurkeztu nahi zuen boluntariorik baldin bazegoen ere. Zortzi eguneko epea eman zieten eskaera zuzentzeko udaletxera. Ondoren, euren zerrenda osatu eta sor zitezkeen gastuei aurre egiteko herriak bere aldetik neurriak hartuko zituen.
  • 1820-6-3. Herri milizia nazionalaren arautegia bidali zuen Politiko Nagusiak. Bertan, milizia martxan jartzeko armak, janzkiak eta abar behar zirela zehaztu zuen. Herriari ezinezkoa zitzaion gastu horiek ordaintzea, udal langileen soldatak ere ezin zituen-eta ordaindu. Beraz, Politiko Nagusiari galdetzea erabaki zuten nondik eta nola lortu behar zuten dirua milizia martxan jartzeko.
  • 1820-4-10. Aurreko egunean botoen bidez izendatutakoek aukeratu zuten udal berria. Inazio Bixente Errazti jarri zen alkatetzan.
  • 1820-4-9. Espainiako Konstituzioa gogoan izanik, eta politiko nagusiak bidalitako agindua beteta, herritarrek euren botoa eman zuten alkatea, errejidoreak eta gainontzeko agintariak aukeratzeko.
  • 1820-4-8. Korrejidorearengandik baimena jaso zuen Urrestillak, Udala osatzeko.
  • 1820-4-2. Herritar bereziekin eginiko batzarrean honakoa erabaki zuten: hurrengo goizean, 11:00etan, Espainiako Konstituzioa irakurtzea udaletxeko balkoitik, kanpaiak jotzea ilunabarrean herria argitzeko, eta zetorren igandean, hari zin egitea.
  • 1820-4-1. Politiko nagusiarengandik agindu bat baino gehiago jaso ondoren, herritar berezienekin udalbatzar bat egitea erabaki zuten, konstituzio berriari zin egin eta ezagutzera emateko.
  • 1820-2-12. Inauterietako zekorketei buruz erantzuna eman zuen Diputazioak, garbi utziz ez zuela herriak gaizki jokatu enparantza itxi eta jaialdia han ospatzea erabakitzean. Urteko 2.800 erreal seinalatu zituen, aurrekontuan arautegiak agertu bezala, eta diru hura nahi bezala gastatzeko zen. Gauzak horrela, herriak berehala korrejidoreari idaztea erabaki zuen, esanez herriak baimen osoa zuela 2.800 erreal horiek nahi bezala banatzeko.
  • 1820-2-9. Azkoitian zegoen korrejidoreak idatzitako gutuna irakurri zuten. Bertan, Azpeitiko Udalak, bezperan egindako batzarrean, inauterietan zekorketak egiteko enparantza nagusia ixtea erabaki zuela bide zuzenetik jakin zuela zioen korrejidoreak. Herritarren dirua horrela gastatzea ezinezkoa zela adierazten zuen eta, azken batean, azpeitiarren ideia aurrera eramatea debekatzen zuen. Agintariei korrejidoreak Gipuzkoako herrietan horrelako debekuak jartzeko ahalmenik ez zuela iruditu zitzaien, eta gutunaren kopia Probintziari bidaltzea erabaki zuten, nola erantzun jakiteko.
  • 1820-2-8. Cadiz (Espainia) hiritik iritsitako albiste onak gogoan izanik, ahalik eta gutxien gastatuz karnabaletan zekorketa antolatzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan