Hamarkada: 1670

  • 1671-1-30. Martin Garatetxea maisua kexatu egin zen, urteak baitziren Santo Domingo monastegiko arkuak egin eta herriak 500 dukat eman zizkiola, baina monastegia beste 50 dukat ordaintzekotan gelditu zen eta oraindik ez zizkion ordaindu. Herria monastegiko buruarekin harremanetan jarri zen.
  • 1671-1-30. Herriko botikari Frantzisko Pablo Leon izendatu zuten.
  • 1671-1-23. Agustina Villarrealek eta herriko beste zenbait labezainek ogia erretzeko prezioa altxatzeko eskaera egin zuten. Gurdi bat egur, aurrez lau erreal ordaintzen zuten, eta gero bost erreal eta erdi ordaintzen zituzten. Orduan esaten zutena egia zela ikusita, altxatzea erabaki zen anega ogia erretzea.
  • 1671-1-15. Herritar Domingo GaztaƱaondo apaiza agertu zen udalbatzarrean, Frantzisko Zelaiaran batxilerra ondoren zuela. Zelaiaran lehen meza emateko prest zela-eta, herriak baimena eman eta horretarako eguna izenda zezan eskaera egin zuen. Kandelaria eguna izendatuko zioten meza berria emateko.
  • 1670-12-5. Parrokiko diru kontuei buruz herriak zenbait erabaki hartu zituen, berak izendatzen baitzituen etxezainak.
  • 1670-12-4. Maisu flamenkoak Elola kaperako organoa ez zegoela konpontzerik adierazi zuen. Ondorioz, Frantzisko Igarazi, Juan Otxoa Urangari eta Frantzisko IbaƱez Garagarzari Sevillara (Espainia) idaztea erabaki zuten, ordaindutako dirua eskuratzeko gestioak egin zitzaten edota organo berria bidal ziezaioten.
  • 1670-11-3. Kexa zenez herrian harakinak ardia saltzen zeudenez ahariaren tokian -eta honen prezioan, gainera- herriko fidelari gertatzen zenaren berri jakiteko agindu zioten, zigorra ezartzeko.
  • 1670-10-24. Kosme Iratzetak Sistiaga aldean egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen, Kataingo teilariaren teilatua egiteko. Udalak baimena eman zion.
  • 1670-8-21. Manuel Eleizalde erregidoreak, Frantzisko Korta apaizaren ordezkari bezala, parrokiko lehen pilarean eta Ebanjelio aldera San Joseren aldarea jartzeko baimena eskatu zuen. Herriak baiezkoa eman zuen.
  • 1670-8-16. Parrokiko eliza egiten aritu ziren Joan Ansola eta Martin Garatetxea maisuak, eta Juan Setian Aguero izendatu zuten maisutzat eurek egindako lanak ikusteko, eta herriak Simon de Pedrosa izendatu zuen.
  • 1670-7-24. Baimena eman zioten Pedro Arteagari San Pedroren aldare bat parrokiko elizako Epistola aldeko lehen pilarean jartzeko.
  • 1670-7-18. Herriko ibaietan, inolako baimenik gabe, murgilean arrantza asko egiten zela ikusita, neurriak hartu nahirik era guztietako herritarrei -helduei bezala gazteei ere- arrantza debekatzea erabaki zuten. Herriko agintarien baimenik gabe ezingo zuen inork murgilean eta eskuekin arrantzan egin, mila maraiko isunaren azpian, eta gazteen ordez gurasoek edo jabeek ordainduko zuten isuna. Parrokien bidez adieraztea erabaki zuten debekua, guztien jakingarri izan zedin.
  • 1670-7-4. Antonio Eizmendik bere ostatuan eta etxean Pedro De las Cuevas eta honen lagun kanpai-egileak egindako gastua ordaintzea eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak, parrokiko kanpaia fundituta baitzen.
  • 1670-7-4. Herriak izendatua zuen Martin Garatetxea maisuarekin batera Barrenolako zubia egin zuen Bernardo Aranburu maisuari han egindako lana ikus zezan beste maisu bat izendatzeko eskatu zioten.
  • 1670-6-13. Igerate burdinola egokitzeko egurra eskatu zuen Frantzisko Antonio Atxagak. Baiezkoa eman zioten, beharrezkoa ordainduz.
  • 1670-4-18. Izarraitz aldean Azautza baserritik hasi eta Olazko ermita arteko bidea egokitzea eta inguruan lurrak zituztenek ubideak garbitzea erabaki zuten.
  • 1670-4-11. Urbieta eta Ugartea zubiak, Eder Iturritik Badiolegi bitarteko bidea, Ondarre zubia eta Landetatik herrira bitarteko bidea bi alderdietatik konpontzea erabaki zuten.
  • 1670-3-14. Kexak ziren Malkorra errementariko presak kalteak sortzen zituelako inguruko bidean, eta haren jabe Jazinta Arriagari, Antonio Altunaren alargunari zera agindu zioten: kalteak konpontzeko beharrezko neurriak lehenbailehen hartzeko.
  • 1670-2-25. Martin Garatetxeak parrokian eginiko lanak aztertzeko Miguel Abaria maisua izendatu zuen herriak eta, bide batez, Garatetxea eta honen lagun Joan Ansola maisuari ordezkari bat izendatzeko eskatu zieten.
  • 1670-2-12. Haragi hornikuntza egiten zuenari 500 maraiko isuna ezartzea erabaki zuten, saltzen jartzen zuen generoa txarra zelako. Domingo Berroeta zen hornitzailea, eta haren emazteak ere berriro zigorra merezi duela esan zuten. Kartzelaratzea merezi zuen batzuen iritziz, bere gelan gordeta zuen haragia ateratzeko agindu ziotenean ez zuelako horrela egiterik nahi izan, haragi gehiago ez zuela esanez. Alkateak, ondorengo egunetan, emakumeari ere zigorra ezarriko ziola erantzun zuen.
  • 1670-1-31. Madrilen erregearen gortean zegoen Frantzisko Mendizabal herritarrari idaztea erabaki zuten, eskerrak emanez parrokiaren patronatuari zegokion auzien lekuko izan zelako eta, bide batez, eskaera luzatuz gestioak egiten jarrai zezan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan