Efemerideak

  • 1638-1-8. Armadak gestioak egin zituen, atzera egin bitartean Hendaiako gazteluan egon ziren 31 herritarren soldatak kobratu ahal izateko; zilarrezko 248 erreal.
  • 1638-1-1. Enparango errota 2.000 errealean Juan Anziari errematatu ziotenean, Kristobal Eizagirrek 200 erreal gehiago eskaini zituen. Baina ongi eginiko errematea zela kontuan izanda, lehena gelditu zen errotarekin, urtebeterako.
  • 1637-11-19. Probintziak jaso zuen zedula erreal baten berri eman zuten, eta erregearen aldetik bi mila soldaduz osatutako taldea prestatzeko eskatu zioten, hurrengo urtean sor zitezkeen ezbeharrei aurre egiteko. Udalaren aldetik herritar bereziei deitzea erabaki zuten, euren iritziak jaso ondoren neurriak hartzeko.
  • 1637-10-19. Herri Batzar nagusian Diputazioak gutun baten bidez adierazi zuen frantziarrak prestatzen ari zirela probintzian zenbait tokitatik sartzeko, eta derrigorrezkoa egiten zela hango armada erretiratzeko mila lagunez osatutako taldea prestatzea. Kanpaiak jotzea erabaki zuten, eta txibulua kaleetan, eta auzoetara albisteak pasatzea herritarrak goizeko zortzietarako Santo Domingo komentuan biltzeko. Agertzen ez zenari heriotza zigorra ezarriko zioten edo ondasun guztiak kenduko zizkioten.
  • 1637-10-2. Gutun baten bidez, Juan Chacon Ponce de Leonek hiru idi pare eskatu zituen, Frantzian zen armadaren garraioa egiteko. Udaletxera deituak izan ondoren eta, zozketa baten bidez, Martin Asurza, Bixente Mendizabal eta Domingo Beristain gelditu ziren euren idiekin agindua betetzekotan.
  • 1637-8-17. Erregeak probintziari emandako agindua betetzeko, itsasertzera hurbil zitekeen etsaiari aurre egitea, derrigorrezkoa zen munizioa erostea eta dirua lortzeko basoak erosi zituenari hiru egunetan ordainketa egiteko adieraztea erabaki zuten.
  • 1637-6-16. Getaria eta Zumaiatik iritsitako albisteek ziotenez, Frantziako itsasontzi eta txalupa asko inguratu ziren portura. Herrira sartu nahi zutela ikusita eta, beraiek biztanle gutxi izanik, laguntza eskatu zuten etsaiei aurre egiteko. Bi herriek, zuten arriskuarekin jabetuta, kanpaiak joz eta pregoiaren bidez zabaldu zuten deia, herritarrak euren armekin arratsaldeko ordubietarako lurraldearen defentsan bidean jar zitetzen.
  • 1637-2-26. Bidanian egindako batzar berezian erregeari beste eskaintza bat egitea erabaki zela adierazi zuten: Frantzian eskuratutako tokiak gorde eta zaintzeko guztira 600 soldadu eskaintzea, herriak 31 prestatzea tokatuz. Hasieran, behintzat, hogei egunerako irten beharko zuten. Eta aurrez ordainduko zieten zerrendan agertzen ziren soldaduei. Horietako bakar batzuk aipatzeko, honakoak agertzen ziren (bakoitzak 32 zilarrezko erreal kobratu zituen): Juan Eleizalde, Inazio Alberdi, Domingo Ondarza, Domingo Eizagirre, Matias Alberdi, Inazio Azpillaga, Bautista Aizarnazabal, Inazio Bizkarra, Juan Zabala, Domingo Zubimendi, Martin Legarda, Mikel Lasa, Martin Arralde, Joxe Aranburu, Inazio Arzalluz, Domingo Ibarzabal, Inazio Urrutia...
  • 1637-1-10. Bixente Lertxundi kapitainak idatzitako gutun baten berri eman zuten: orduan Frantziarekin zen gerrarako Probintziak eskainitako 600 soldaduetako bati -Pedro Astiazarani-, Azpeitiko herriak ez ziola agindutako soldatarik ematen adieraziz, ihes egin eta herriratu zela esanez. Gaiari buruz hitz egin ondoren, kapitainari erantzutea erabaki zuten, esanez erregeak ematen zuen soldata eta Probintziak soldadu bakoitzari emandako zilarrezko bi erreal eta libra eta erdi bizkotxo nahiko soldata zela, herriak ezer gehiago eman gabe. Esan zitzaion, era berean, Astiazaran soldadua orduan gaixo eta nahiko gaizki zegoela. Herriak beteta zuen, beste herriek bezala, bere eginkizuna.
  • 1636-12-10. Erregearen zerbitzuan eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak aginduta herriko konpainiak Frantziara eginiko irteera aztertu zuten. Izan ere, herriak soldaduei ordaintzeko zilarrezko bi mila dukat zentsuan eskuratzea erabaki zuen, eta erdiak lehen unetik Pedro Rezustari eman zizkion, administratzaile izendatuz. Hilaren 12rako kontuen berri ematea eskatu zioten Pedro Rezustari, herriak bi mila dukat itzultzeko erarik egokiena zein zen erabakitzeko.
  • 1636-12-10. Kontuan izanik Frantziara irten baino lehen eta hamabost egunean zehar Manuel Arsuarez kaboa ahalegindu zela herriko konpainiarekin ariketak egiten Donostian, zilarrezko ehun erreal hari ematea erabaki zuten.
  • 1636-10-24. Kontuan izanik herriko konpainia bezperan Frantzian sartu zela probintziko beste konpainia batzuekin batera, gertatzen zenaren berri jakitea erabaki zuten, herriak nola jokatu behar zuen erabakitzeko.
  • 1636-10-23. Herriko soldadu konpainia sartu zen Frantzian, goizez, Gipuzkoako beste batzuekin batera.
  • 1636-9-30. Une hartako gerratean herria bere banderarik gabe zegoenez, eta bere nortasuna agertzeko beste zenbait gauza ere ez zituelako, Joan Anzia erregidoreari agindu zioten Miguel Gerrenzurik agindurik zituen ehun dukatekin Donostiara joan eta behar ziren gauzak eginarazteko.
  • 1636-9-30. Herriko konpainiak beharra bazuen ere, Joan Oñaz erregidoreari agindu zioten berrehun anega gari inguratzeko, eta horretarako harremanetan jarri ziren erretorea, apaizak eta beste zenbait herritar.
  • 1636-9-30. Herriko konpainiaren kaperau moduan izendatu zituzten Bartolome Sokin, Joan Badiola eta Frantzisko Korta apaizak, eta zirujau lanerako, berriz, Martin Landeta gaztea eta Martin Atxaran.
  • 1636-9-14. Hiru egunerako herritik irten behar zuen konpainiarentzat ostatua aurkitzeko langintza eman zioten Pedro Antxietari, berehala irteteko aginduarekin, lehenik Asteasura -aurreneko gaua bertan igaroko zuten konpainiak- eta hurrengo egunean Oiartzunera. Hurrengo egunez, asteazken goizean goiz jende guztia Loiolara joan zedila agintzea erabaki zuten, San Inaziori laguntza eskatzeko. Parrokiko apaizei prozesioan joateko eskatu zieten, eta erretoreari sermoi egokia egiteko, konpainian joango zirenak agurtuz. Konpainiak janaria beharko zuela kontuan izanda, Juan Martin Aginaga batzarrera deitu zuten, eta bere lurraldeko edonori behiren bat edo ahariren bat kendu ahal izateko ahalmen osoa eman zion herriak. Aharia 26 marai libra eta behia hamalau libra ordaintzen ziren.
  • 1636-3-24. Herriko agintariek aho batez erabaki zuten gerra deialdi baterako prest egotea, behar zen dirua zentsuan lortuta.
  • 1636-3-22. Albisteak iritsi ziren, mugan frantziarrak ugaritzen ari zirela, eta Diputazioak herriko biztanleek prest izatea eskatu zuen. Azpeitiko agintariek biztanle guztiei hil honen 24rako deitzea erabaki zuten.
  • 1636-3-11. Korrejidorearen aginduaren berri eman zuten, Espainiako erregearen aldetik otoitz eta errogatibak egitea eskatzen baitzen, beraren eta Frantziako erregearen artean bakea nagusitu zedin. Parrokiko elizgizonei horrela eskatzea erabaki zuten; herriko kaleetan eta hiru egunez jarraian prozesioak egingo zirela, egunean bertan hasita.
  • 1636-3-7. Martin Iraolari eman zioten ahalmena herriaren izenean Sevillako (Espainia) alkabalatan Elola memoriak 1634an sortu zituen interesak kobratzeko; 270.000 marai, hirukiko lehen zatia.
  • 1636-3-7. Lorentzo Agirre idazkariak bere testamentuaren bidez parrokiari utzitako 50 dukat eta ospitaleari utzitako beste hainbeste kobratzeko ahalmena eman zuen herriak.
  • 1635-12-7. Zorionak emanez idatzitako gutunari erantzunez, urte horretako maiatzaren 11n Napolesko erreinuko estatu idazkari Gaspar Rosales 'Egurza'-k bidalitako gutuna irakuri zuen Azpeitiko Udalak. Herriari laguntza eskaini zion hark.
  • 1635-5-11. Alzaga etxe nagusia erre zen gauez eta Pedro Alzaga etxejabeak herriaren basoetan egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen. Baietz esan zioten.
  • 1634-12-14. Alkateak Luis de Castillo korrejidorea gau hartan Azpeitira zetorrela jakin zuela adierazi zuen. Baina bere etorrera jakinarazi ez zuenez, inolako ongi-etorririk ez egitea eta alkatea haren etxera agurtzera joatea erabaki zuen Udalak.
  • 1634-9-28. Nikolas Saez Elolak, Pedro Altuna Arostegik eta honen emazte Petronila Ondarrak sortutako memorien patroi moduan sei emakume aukeratu zituen herriak, Elolaren dotea emateko: Katalina Beristain, Katalina Jauregi, Luzia Alzuru, Ana Garmendia, Maria Krutz Mendikobe eta Maria Eizagirre. Altuna-Ondarra doteetako, berriz, Maria Beltran Eraso, Madalena Orbegozo eta Tekla Etxeberria aukeratu zituzten.
  • 1634-9-11. Pagaola inguruan 720 ikatz zama saldu zizkion herriak Martin Egurzari, 80 maraiko prezioan.
  • 1634-8-25. Parrokien bidez, lehen igandean edo jaiegunean herriko lurretan ziren zubietan gurdiak pasatzea debekatuta zela adieraztea erabaki zuten, gurdiek izugarrizko kalteak egiten baitzituzten.
  • 1634-7-20. Herriak zituen lurralde batzuk soro bihurtzeko baimena eman zieten batzuei, eta ordaintzat bakoitzak hamar zuhaitz landatu zituen.
  • 1634-4-11. Diputazioaren gutun baten bidez, Espainako erregearen zedularen berri eman zuten. Bertan, Hondarribitik Frantziarako muga guztian guardia egitea eskatzen zuen. Herriak, berriz, beharrezkoa bazen, bertara 100 soldadu bidal zitezkeela erantzutea erabaki zuen, baina baldintza bat ere jarri zuen: probintziako diputatuek izan behar zuten soldadu horiek zuzendu eta horiei aginduak emango zizkietenak, eta ez Hondarribiko gobernadorea.
  • 1634-1-3. Domingo Korteberriak Donostiara apezpikuarengana egindako bidaiaren berri eman zuen. Bidaiaren asmoa apezpikuari herriak parrokiko elizgizonekin zituen tirabirak jakinaraztea zen: goizeko mezak, San Agustin egunean kanpaiak jotzea eta beste zenbait gai.
  • 1633-12-8. Bi gutun irakurri zituzten: Domingo Kortaberriarena eta haren bidez herriak apezpikuari bidalitako kartaren erantzuna. Apezpikuak Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna parrokian ospatzeko agindu zuen, baina nahi izanez gero arratsaldean frantziskanen monastegian elizkizuna egiteko aukera azaldu zuen. Guztiaren berri jakin ondoren eta gaiari buruz iritziak jaso ondoren, Elordi lizentziatua eta Antonio Lapaza erregidoreak monastegiko bikarioarekin harremanetan jartzea erabaki zen, eta bikarioari udaletxera deitu zioten. Bikarioari adierazi zioten 1619tik 1624ra bitartean ospatu zen bezala egitea guztia: herria eta apaizak bat eginik prozesioan joatea monastegira, meza nagusia bertan ospatzeko ondoren.
  • 1633-12-4. Herriko fidelak adierazi zuen, erretoreak meza nagusian irakurri zuenean oinarrituta, apezpikuak debekatu egin zuela abenduaren 8ko Andre Maria Sortzez Garbiaren elizkizunak Frantziskotarren monasterioan ospatzea. Egun horretako elizkizunak aurrerantzean parrokian ospatzeko agindua eman zuen, eta agindua sahiestuz gero eskomikua eta hamar dukateko zigorra ezarriko zutela. Frantziskotarren monasterioan ospatu nahi izanez gero, beste egunen batean egiteko proposatu zuen.
  • 1633-12-4. Agindu batek ohitura bat galarazten zuela eta herriko agintariek horren berririk izan gabe erabakitakoa izan zela kontuan izanda, idatzia prestatu eta Domingo Kortaberria apezpikuarengana joatea erabaki zuten, ohitura hura errespetatzeko eskatzera.
  • 1633-12-3. Santiagotarren ordenako Pedro Arriagak eta Domingo Kortaberriak lagunduta agertu zen batzarrean Frantziskotarren bikarioa. Ohikoa zen bezala, Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna euren monasterioan ospatzeko eskatu zuen. Agintariek eskatu bezala egitea erabaki zuten.
  • 1631-12-5. Frantzisko Oiarzabalek enparantzan zituen etxeak erosteaz hitz egin zuten agintarien artean, eta alkateari eskatu zioten etxeak erosteko herritarren aldetik egindako diru laguntza eskaintza kontuan izateko.
  • 1631-11-19. Burdinoletako nagusia eta garraioak egiten zituztenekin bildurik bide publikoetan garraioak egiteko debekuari buruz hitz egiteko, haien aldetik urtean ordainketa batzuk egitea onartu zuten guztien artean, eta lehenena hurrengo urtearen amaieran: burdinola bakoitzeko nagusiak zilarrezko bi dukat eta gurdiaren jabe bakoitzak zilarrezko dukat bat. Bideetan konponketa lanak egiteko erabiliko zuten dirua lortuko zen horrela. Erabakia hartu ondoren, herriaren aldetik debekua altxatu zuten, eta ordaindu beharreko guztiaren zerrenda osatzea agindu zuten.
  • 1631-10-1. Kontuan izanik herritik kanpora saltzen zutela garia eta ogia okinek eta, era horretan produktu horiek garestitzeko arriskua sortzen zenez, bata eta bestea kanpora saltzea debekatu zuten.
  • 1631-8-4. Frantzisko Saez Aranburu kapitainak adierazi zuen gezurra zela herritarrek ostatua emateko aurreko egunean bere soldaduen artean txartelak banatu zituenik. Bide batez, herriari laguntza eskatu zion, bera ordaintzeko prest zela esanez.
  • 1631-8-3. Frantzisko Saez Aranburu herriratzear zen 800 soldaduko taldearekin eta, probintziaren agindua kontuan izanik, taldeko ofizialei bakarrik laguntzea erabaki zuen herriak. Gainontzekoak euren kontura konponduko ziren.
  • 1631-8-3. Kapitain bat txartelak banatzen ari zen soldaduei, herritarren etxeetan ostatua izan zezaten. Ondorioz, horretarako inongo eskubiderik ez zuela adieraztea eta etxeetan soldaduak hartu zituztenei herriak ordainketarik ez egitea erabaki zuten.
  • 1631-7-7. Probintziak 400 soldadu boluntario prestatuko zituen eta, hori herriak ordaindu behar zuenez, guztiaz jakinarazteko hilaren 12an meza nagusiaren ondoren herritar guztiak biltzea erabaki zuten. Dirutza handia zen herriarentzat, bi zatitan banatuta ordaindu behar bazen ere.
  • 1631-5-20. Dastatu, prezioa jarri eta txanda ezagutu bitartean sagardo salketak egitea debekatu zuten.
  • 1631-5-16. Saltzeko sagardoa zutenei udalbatzarrera agertzeko adieraztea erabaki zuten, txandak izendatzeko zozketa egingo zelako.
  • 1631-3-14. Herriaren errotak erabiltzea agindu zuten, aleak xehetzeko, beste nonbaitera eramateak kalteak sortzen zizkiolako herriari.
  • 1631-3-6. Domingotarren Probintzialari herriko komentuko priore Antonio Laskoain fraidea zigortzea eskatzea erabaki zuten. Hauster egunean, bere sermoian, eta denek ulertzeko eran, pertsona partikular batzuk aipatu zituen Laskoainek, hitz gogorrak erabiliz.
  • 1631-2-12. Izarraizpen Zabala baserria erre zitzaion Pedro Zabalari, eta herriak baimena eman zion bere lurraldeetan egurra ebakitzeko.
  • 1630-12-15. Kontuan izanda herriko behartsuek txerriak hazten zituztela -horretarako janaririk izan gabe- eta zenbait lapurreta izan zirela baratza eta soroetan, herritar haiei txerriak haztea debekatzea erabaki zuten.
  • 1630-12-7. Aurreko bi urteetan egin bezala, Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna frantziskotarren monasterioan antolatzeko agindu zieten herriko fidelari eta eskribauari.
  • 1630-11-5. Italian izurritea zabaltzen ari zen eta, alde honetara arerioak ekar zitzakeela kontuan hartuta, herrian guardiak egitea erabaki zuten Bustinzuriko gurutzean, Madalena ermitan eta Enparan errotaren inguruan, postu bakoitzean bi guardia jarririk egunean, txandaka, agintariek prestaturik zuten zerrenda jarraituz. Egunez eta gauez atzerritarrei eta ingurukoei herrian sartzen ez uztea agindu zieten, baldin eta oso ezagunak ez baziren, eta horrela izanik ere alkatearen baimena beharko zuten.
  • 1630-3-2. Herriaren izenean probintziako herriei idaztea erabaki zuten, San Inaziori buruz ez zezaten inolako aldaketarik egin Ordiziako batzar nagusira bitartean. Frantziskotarrek Martin beatua izendatu nahi zuten San Inazioren ordez.
  • 1630-2-20. Agustindarren Probintzialari idaztea erabaki zuten, esanez lehengo batzarrean komenturako priorea aukera zezatela eta ordura arte bezala predikari egokia izan zedila.
  • 1630-2-18. Parrokiko Juan Abalos organojoleak Gasteizen aurkitu zuen lantoki berria, eta derrigorrezkoa ikusirik beste baten beharra, Miguel Apaeztegiri deitu zioten (aurrez Tolosan egon zena). Elizgizonekin hitz egin ondoren, harekin egin zuten eskritura, 30 dukat eskainiz soldata bezala; erdiak herriak ordainduko zizkion eta beste erdiak parrokiak, aurrez apezpikuaren baimena lortuta. Udaletxearen goialdean eman zioten etxebizitza, korrejidorea herriratu bitartean behintzat. Eskritura sinatzeko, Bartolome Sokin, Esteban Berrasoeta eta Adrian Elordi apaizak izendatu zituzten, eta herriak, berriz, Domingo Kortaberria eta Juan Perez Arriaga izendatu zituen.
  • 1629-10-29. Hilaren 17an printzea jaio zela-eta, danborra joz pregoia ematea erabaki zuten, gau hartan suak piztu eta etxe guztietan argiak pizteko eskatuz. Parrokiko eta komentuetako kanpaiak jotzea ere onartu zuten, eta hurrengo egunean prozesioa egitea herriko kaleetan. Gainontzeko jolasak ere antolatuko zituzten.
  • 1629-10-24. Martin Etxeberriak jakinarazi zuen prest zela pregonari lana egiteko herrian. Jabeturik postu horretan zen Joanes Etxeberria nahiko zaharturik eta gaixorik zegoela, honi jubilazioa ematea erabaki zuten, orduan bizi zen etxe berean bizitzen jarraituz eta hil artean soldataren erdia jasorik. Zortzi urterako kontratua egin zioten Martin Etxeberriari.
  • 1629-10-9. Behi eta ahari gutxi zen herriko lurretan haragi hornikuntza egiteko. Horregatik, lehen jaiegunean parrokien bidez hori adieraztea erabaki zuten, eta ganaduak herritik kanpo saltzea debekatu.
  • 1629-9-12. Aurreko urtean hartutako erabakia eta San Miguel egunean agintariek aukeraketa egitean biztanleen artean iskanbilak sortzen zirela kontuan hartuta -batez ere, agintaritza eskura zezaketenek agiriak ez zituztelako aurrez aurkezten, orduan agintzen zen bezala-, Udalak erabaki zuen San Miguel egunean aukeraketan parte hartzea nahi zutenek nortasun agiriak aurkeztu beharko zituztela agintarien aurrean, erabaki hori zabaltzen zen unetik zortzi egunen barruan. Epea igarotzean ez zuten inor ontzat hartuko.
  • 1629-8-23. Alkateak Aranaga etxearen muga harriez Azkoitiko herriarekin hartutako erabakia adierazi zuen. Ontzat hartu zuten egindako akordioa.
  • 1629-8-14. Pedro Mandiolazak parrokiko elizako dorrea amaituta zuenez, lanak ikusteko maisu bat izendatzea eskatu zuen. Herriak Domingo Eizmendi maisu hargina izendatua zuen.
  • 1629-7-13. Probintziak agindu zuen bezala, hilaren 14an parrokien bidez deialdia zabaldu eta hil honen 25ean arma erakusketa egitea erabaki zuten.
  • 1629-4-21. Herrian ospatzen ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan lekuko izango zirenak izendatu zituzten. Herriko agintaritzan zirenak ez ezik beste zenbait herritar berezi ere izango ziren lekuko; tartean, Pedro Egurza, Juan Perez Altuna, Pedro Usabaraza, Juan Lopez Ondarra, Juan Saez Goiaz, Miguelo Gerrenzuri, Pedro Mandiolaza, Juan Larraar, Domingo Kortaberria, Pedro Rezusta, Juan Larralde, Pedro Rekarte, Domingo Alkorta, Pedro Zulaika, Portu, Roteta eta Usabaraza lizentziatuak, Mateo Jauregi eta abar.
  • 1629-3-12. Bolbora, beruna eta metxa erosteko mendiak saltzea erabaki zuten, 150 zilarrezko dukat bitartean.
  • 1629-3-6. Diputazioak agindu zuen herritarrak prest edukitzeko deialdi bati erantzun behar zitzaiola, eta herriak erabaki zuen basoak saltzeko eran zeuden edo ez. Etxez etxe biztanleek zituzten armak ikustea ere onartu zuten.
  • 1629-2-9. Herrian ospatuko ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietarako elizkizunen akordioa egin zuten erretoreak eta herriak.
  • 1629-1-27. Gipuzkoako Batzar Nagusiak ospatutakoan, Juan Goitiarekin hitz egitea erabaki zuten, korrejidorea bere etxean har zezan.
  • 1629-1-27. Batzar Nagusia egiteko, Juan Arandiari bere etxean gela handi bat egokitu zezan eskatu zioten.
  • 1628-12-6. Herri Batzar nagusian eliz musika alderdia bultzatzea erabaki zuten, herritarren mesederako baitzen. Beraz, parrokian ospatuko zituzten elizkizunak indartu eta erarik egokienak aukeratzeko Frantzisko Goitia erretorea eta Domingo Kortaberria etxezainarekin harremanetan jartzea onartu zuten, Pedro Arriaga Ormaegi eta Martin Agirreren bitartez. Horiek esango zieten erabakita zela Juan Abaloz, Santurun Olaskoaga, Domingo Eizaga eta Nikolas Garituri sei dukat ordaintzea, eta datorren urtearen hasieratik beste 11 dukat; urtero zazpina dukat gehituko zituzten. Guztiaren berri jaso eta eskritura egitea erabaki zuten, Iruñeko apezpikuari guztia ontzat hartzeko eskatuz.
  • 1628-9-22. Agindua zabaldurik bazen ere, parrokien bidez agintaritza eskura zezaketenek udaletxera agertu beharko zuten euren agirien berri ematera. Horrela egin zutenak oso gutxi izan ziren, eta berriro agindua ematea erabaki zuten, ostiralera bitarteko epea emanez -aurkezten ez zirenak ez zituzten kontuan hartuko San Miguel egunean aukeraketa egitean-.
  • 1628-9-9. Hilaren 2an hartutako erabakiari erantzunez, eta herriko agintaritza eskuratzeko agiriak erakutsi nahirik, 106 herritar agertu ziren udaletxera.
  • 1628-9-2. San Miguel egunean ospatuko zen agintari aukeraketan parte hartu nahi zuten guztiei zera adieraztea erabaki zen: euren tituluak eta gainontzeko beharrezko agiriak aurkeztera azaldu beharko zutela udaletxera hilaren 4tik 9ra bitartean, hitza eta botoa izan zezaten. Aipaturiko epearen barruan egin gabe gelditzen zirenek ez zuten aukeraketan parte hartzeko eskubiderik izango.
  • 1628-5-18. Italiako Kontseiluan erregearen idazkari Lorentzo Agirrek testamendua egin zuen Madrilen.
  • 1627-10-27. Elizari zabalera handiagoa eman nahirik, Urrestillako elizaren ondoan ziren lurraldeen erosketako eskritura sinatu zuten.
  • 1622-9-12. San Inazio Loiolakoa santu egin zuten.
  • 1622-7-31. Lehen aldiz izan ziren erraldoiak herriko festetan.
  • 1622-7-25. Aita santu Pio XI.ak Jardunaldi Izpiritualen patroi izendatu zuen Loiolako Inazio donea.
  • 1622-3-12. Aita santu Gregorio XV.ak Loiolako Inazio kanonizatu zuen.
  • 1620-5-10. Zumaian ospatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak, eta Loiolako Inazio patroitzat hartzea erabaki zuten.
  • 1619-6-6. Parrokiko Gerrenzuri kaperako erretaula egiteko Joan Arbiza maisurekin eskritura sinatu zuten.
  • 1617-10-30. Pedro Gerranzurik egindako testamentuan agintzen zen bezala, berak sortutako kapera Martin Agirreren eskuetara pasatu zuten.
  • 1613-1-29. Gaztelako Kontseilu Errealak parrokiko apaizei beraien soldata altxatzea agindu zuen, eta eginiko eskaria egokitzat hartu zuten.
  • 1612-1-9. Amerikarako asmoan zela, Juan Berrasoetak testamentua egin zuen Donostian, mila dukat eskainiz Azpeitiko Santo Domingo komenturako.
  • 1610-7-30. Parrokian eta San Inaziori eskainitako aldarearen aurrean Udalak, herritar guztien izenean, santuaren eguna urteetan ospatzeko agindua eman zuen, eta Joan Lopez Ondarra eskribauak guztiaren berri jaso zuen.
  • 1610-7-9. Herriak eginiko eskaerari erantzunez, Iruñeko apezpikuak jaiegun izendatu zuen uztailaren 31.
  • 1609-12-3. Paulo V. aita santuak Loiolako Inazio beatifikatu zuen.
  • 1609-7-27. Loiolako Inazioren beatifikazioa izan zen.
  • 1605-12-2. Alzega azpeitiarra Venezuelako apezpiku izendatu zuten. Yucatango kontadore nagusia izan zen eta alargun gelditu ondoren sartu zen frantziskotar. 1609an hil zen.
  • 1604-5-15. Martin Gerrenzurik bere testamendua egin zuen.
  • 1600-12-26. Enkantean hartu zuen Frantzisko Ugartek herriko alondegia, 258 dukat ordainduta, irabaziak eskuratzekotan dudarik gabe.
  • 1600-6-26. 1593ko eta 1594ko uholdeek Enparan eta Ondarra zubietan eginiko kalteak ezin zituen konpondu Udalak. Hori dela-eta, zentsu batzuk saltzea erabaki zuten.
  • 1600-4-7. Sevillan (Espainia) egon zen Juan Martinez Zandategik adierazi zuen Elolaren kapitalak 1597tik 1599ra bitartean sortu zituen interesak eskuratu zituela, 270.000 marai. Hari ordaindu behar ziotena honoko hau zela esaten zen: 30 egun joan-etorrian, mila marai egun bakoitzeko, eta, 276 egun hirian, egun bakoitzeko hiru dukat, baina bi dukatekin konformatzen zela adierazi zuen.
  • 1600-2-21. Domingotar eta agustindarren arteko auzia, aurrenekoen aldekoa izanik eta herriarentzat interesgarria zelako, Miguel Saez Goiaz Madrilera bidaltzea erabaki zuten. Egunean 600 maraiko soldata izan zuen.
  • 1600-2-5. Kandelaria egunean eta Santo Domingo monastegian ospatutako meza nagusian, Felipe Martinez Uranga alkateak eta beste zenbait pertsonek eginiko eskaintzen berri jakin zutenean, pare bat abokatuekin kontsultatzea erabaki zuten, guztia gertakizun berria izan zelako.
  • 1600-1-2. Miguel Saez Goiazek, Udalaren ordezkari bezala Gorteetan denboraldi bat egin ondoren, San Agustin monastegia sortzeko baimena herriratu zuen.
  • 1599-11-6. Eskuztako gurutzea Baltasar Garagarzaren kontura egin behar zela kontuan eduki behar zela esan zuten, Egimendiko San Pedro ermitako serorarengandik jaso behar zuena herriaren aldetik eskuratuz.
  • 1599-10-10. Izurritea zegoenez, bi gizonezko jarrita guardiak egitea erabaki zuten. Haietako bati herriak hiru erreal ordainduko zizkion egunean, eta besteari herritarrek ordainduko zioten.
  • 1599-8-8. Hilaren 28an ospatuko zen San Agustin egunerako herritarrek hamabi zezen eskaini zituztela adierazi zuten. Zezen horiekin jolastea erabaki zuten, eta korrejidorearentzat eta honen laguntzaileentzat oholtza jarriko zen.
  • 1599-8-8. Herriko haragi hornikuntza egiten zuenari hiltegirako behi eta idiak kaleetan ez ibiltzea agindu zioten, hamar mila maraiko isunaren azpian.
  • 1599-7-16. Herriz kanpo bizi zirenek nahiko lan zuten soroetako uzta jasotzen eta gaizki etortzen zitzaien izurriteagatik guardiak egitea. Beraz, herriak guardiak, oraingoz, barruan ziren biztanleek soilik egitea erabaki zuen. Izurriteak bereganatu zituela iruditzen zitzaien pertsonek Idiagirre baserria erabiltzea erabaki zuten.
  • 1599-6-18. Gasteiz, Logroño (Espainia) eta beste zenbait hiritan izurriteak zeudela jakin zutenez, herriko sarreretan guardiak jartzea erabaki zuten. Sarrera bakoitzean bi guardia egoten ziren egunez, gauez ateak ixtea erabaki zen-eta. Ateak ixtean, parrokiko kanpai txikietako bat jotzen zuten itxieraren berri emateko.
  • 1599-6-14. Zazpi agintari eta 27 herritar berezi bildu ziren, iskanbila izugarriak sortuz bi alkateen artean. Alkateak herritik kanpo zeuden eta herriak beste bat izendatu zuen haien postua betetzeko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan