Efemerideak

  • 1668-5-4. Barrenportalen edo herriaren beheko sarrera inguruan zen bolatokiaren ingurua egokitzeko, alkateari 60 dukat ematea erabaki zuten.
  • 1668-4-26. Matias Zuezolaren aurkako auzia jarraitzea onartu zuten, parrokiko patronatuari buruz agiri berriak aurkitzean.
  • 1668-2-23. Jakinik Azkoitiko alkateak Matias Inazio Zuazolari Loiolan ongietorria egiteko asmoz ehun gizaseme armatuta zituen, eta Azkoitiko herriari idaztea erabaki zuten, jakinaraziz inolako baimenik ez zuela soldadu konpainia batekin herriratzeko eta are gutxiago jende armatua zuela inguruan, ezta maskaradak edo jolasak bertan egiteko ere.
  • 1668-1-27. Errege egunean agerraldi edo alardera agertu ez zirenei isuna jartzea erabaki zuten. Jatorrizko herritarren eta haien semeei mila marai, eta biztanleei eta semeei, berriz, 500 marai.
  • 1667-12-21. Eguberri bigarren egunez parrokien bidez jakinarazi zieten herritar guztiei Errege egun arratsaldean, euren armak, sokak eta balak zituztela ohiko alardea egiteko enparantzan bildu behar zutela. Sarjentu, Jazinto Egurza, Frantzisko Eizagirre eta Juan Odriozola erregidoreak izendatu zituzten.
  • 1667-12-21. Korrejidorea eta bere Audientzia herrian izango ziren, eta sagardo gutxi zegoen; urtea bukatzerako amaituta izango zen sagardoa. Bera, fidelari bi kupel baino ez saltzea agindu zioten eta bi horiek amaitu orduko beste bi jartzeko salgai jartzea.
  • 1667-10-16. Joakin Mendizabal alkateak jakinarazi zuen kexak zirela, herriko harategia goizean soilik zabaltzen zutelako eta, gainera, haragi gutxi eskainiz. Hornitzaileari goizez eta arratsaldez harategia zabaltzeko agintzea erabaki zuen Udalak, eta behar bezainbeste haragi eskaini behar zuela; bestela, mila maraiko isuna izango zuen.
  • 1667-7-14. Antonio Erkizia izendatu zuen Udalak herriko hamabi soldaduri Hernanira laguntzeko. Hara hilaren 16an irten eta egun berean iritsiko ziren.
  • 1667-7-14. Herriaren lur zati batzuk soro bezala erabiltzeko baimena eman zieten Olaberriko Domingo Aramendiri, Araazko Inazio Eizagirreri, Largarateko Martin Etxezarretari, Eizmendiko Antonio Eizmendiri, Laaarko Bernardo Zuloagari eta Pagaolako Joxe Gurrutxagari.
  • 1667-7-1. Herriko Barrenportal edo beheko sarreraren horma handien kontrako aulkiak erorita zirela-eta, Frantzisko Mendizabali agindu zioten Martin Garatetxea maisuarekin edo beste maisu batekin aulki horiek herriaren kontura berriro egitea, erabat galdu baino lehen.
  • 1667-6-19. Beharrezko bolbora eta gainontzeko munizioak erostea erabaki zuen herriak.
  • 1667-6-19. Prudentzio Goiri izendatu zuten herriko armak garbitu eta zaintzeko soldatapean, herri guztiaren baimenik gabe arma bakar bat ez emateko aginduz inori. Eta Zarautzen ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusietan agindu zuten bezala, herritar guztiek libra bat bolbora, hamabi bala alkabuza edo mosketearentzat eta behar hainbat metxa izan behar zuten. Erabaki hori parrokiaren bitartez jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1667-6-19. Herritar Joseph Iturriagari ebaketa baterako basoak 105.000 errealetan saldu zizkiotela adieraztea erabaki zuten. Eskritura egitean 55.000 erreal ordainduko zituen eta beste guztia lau urtera, %5eko interesarekin. Gainera, Nafarroako zezen bat ekarri beharko zuen Iturriagak San Inazio egunerako.
  • 1667-6-19. Nafarroako beste zezen bat ekartzea erabaki zuten San Inazio egunerako. Toreatzaileak kontratatu zituzten.
  • 1667-5-15. Amuarraina eta aingira libra erreal bat eta erdiko prezioa saltzeko agindua eman zuten, hamar mila maraiko isunarekin.
  • 1667-4-29. Abitaingo harrobitik parrokirako atera zen harria ordaintzea erabaki zuten. Martin Garatetxea eta Antonio Eizmendi maisuek tasatu zuten aurrez.
  • 1667-2-4. Kontuan izanda herriaren lurraldeko zenbait auzo edo zati agintarien artean banatuta zeudela, bertako biztanleak haien deialdiari erantzutera derrigortuta zeudela erabaki zuten, batez ere bideak konpondu eta txukundu behar ziren garaian eta mila maraiko isunaren azpian.
  • 1667-2-4. Hilda zen Joxe Argarainek betetzen zuen postari zerbitzua egiteko, Joseph Abarrategiri deitu zioten. Abarrategirekin bi urterako eskritura egin zuten, herriak urte bakoitzeko 24 dukat ordainduz. Asteazkenetan irten beharko zuen herritik eta larunbatean itzuli Gasteiztik, kartak eraman eta ekarriz.
  • 1667-1-30. Udalbatzar nagusira agertu ez zenari 500 maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1667-1-30. Herriko bi ordulariak konpontzea erabaki zuten.
  • 1667-1-28. Udalak, sei urtean zehar posta garraiatzaile lanerako Joxe Argarainekin tratua egin zuen. Urte bakoitzean 24 dukat ordaindu zizkion.
  • 1667-1-28. Martin Garatetxea maisuari Landetako zubia aurkeztu zuen eran konpontzeko agindu zioten.
  • 1667-1-20. Udalbatzar nagusian, alkateak fidelaren aurka hartutako neurrien berri adierazi zuen, esanez fidela preso zuela, arraina saltzen zuten emakume batzuen kontra egin zuelako. Gaiari buruz euren iritzia jakin nahian Bilboko bi lizentziaturekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Herriaren aginduak eta gainontzeko paperak bidali zizkieten bi lizentziatuei eta, haien iritzia jakin ondoren, beharrezko neurriak hartuko zirela erabaki zuten.
  • 1667-1-14. Herriak izendatutako batzordeak bere iritziz zuhaitz landaketak zeinek egin zitzaketen ezagutzera eman zuen: Gorostortzuko maizterrak 4.000 oinkada; Arangurenekoak 4.000; Etxenagusikoak 4.000; Otzaka-handikoak 2.000; Gomuntzokoak Erdoizta aldean 4.000; Largaratekoak 4.000. Guztira, 22.000 oinkada.
  • 1667-1-14. Orduan fidela zen Frantzisko Latenta, bere etxean preso zegoen alkatearen aginduz. Herriak, gertatzen zena aztertzeko Sebastian donearen egunez, arratsaldean, udalbatzar nagusi bat egitea erabaki zuen, Latentak bere egoera nolabait eteteko herriaren laguntza eskatu baitzuen. Era guztietako iritziak sortu ziren agintarien artean, baina azkenean aipaturiko egun horretan batzar nagusia egitea onartu zuten, gehiengo baten iritzia hori izan baitzen.
  • 1667-1-7. Martin Galarza mandazain altsasuarra Nafarroako ardoaren hornikuntza egitera behartu zuten urte baterako.
  • 1666-12-16. Martin Garatetxea maisu harginari azken uholdeak eramandako Barrenolako zubiari eta Landeta eta Harzubiko zubietan izandako kalteei buruzko iritzia eskatzea erabaki zuten.
  • 1666-10-29. Fidela eta Martin Erkizia erregidoreari eskatu zioten Antonio Altunari herriaren izenean berrehun peso aurreratzeko eskatzea, unean zituen beharrei aurre egiteko.
  • 1666-10-22. Antonio Erkizia erregidoreak jakinarazi zuen Joan Kereizeta herritarrari bere ondasun gehienak erre zitzaizkiola Urdazubi baserria suteak hartzean, eta harentzat herriko kaleetan limosna eskatzeko baimena eskatu zuen, errebaletan eta lurraldeko baserrietan ohikoa zen bezala. Erregidoreari eskatu zioten Kereizetarekin batera irteteko jaiegun batean limosna eskean, eta eskribauak agiria prestatuko zuela horretarako -parrokiko erretoreari erregutu zioten, bestalde, elizaren bidez zabal zezala-.
  • 1666-10-20. Hilario Zabalak ordainketa eskritura sinatu zuen, Urrestillako parrokiko Errosario Kofradiaren alboko aldarea egin zuelako.
  • 1666-10-8. Pregoiak egiten zituen Vicente Ferrer aragoiarra (Espainia) udaletxera deitu zuten, eta bi urtean herriari zerbitzua eskaintzeko eskritura egitea erabaki zuten, herriaren aldetik urtean 300 erreal ordainduta -pregoiak ematean jaso zitzakeen beste zenbait txanponekin batera-. Janzki bat egingo zioten, gainera, Ferrerrek berak eskatzean.
  • 1666-10-1. Herriko kale eta kantoietan bando bat ematea erabaki zuten, aginduz inork ez zezala saldu ardorik etxe partikularretan, baizik eta herrian ziren lau tabernetan bakarrik. 50 dukateko isuna ezarriko zioten agindua betetzen ez zuenari.
  • 1666-9-24. Ustekabean elurrik gabe gelditu zela adierazi zuen Inazio Odriozola hornitzaileak, nahikoa jaso zuela uste bazuen ere. Herriari esan zion beste herri batzuetako hornitzaileekin gestioak egiten ari zela behar zena inguratzeko, hutsegitea barkatzeko eskatuz. Emandako hitza bete beharko zuela esatea erabaki zuten, nahi zuen tokitik elurra ekarrita, baita zerbait gehiago ordaindu behar bazen ere.
  • 1666-9-18. Herriko lurretan soroak egin eta erabiltzeko baimena emandakoei Kapelamioza tokitik Otzaka-Munoa bitartean agindutako zuhaitz landaketak egiteko eskatzea erabaki zuten, eta zuhaitzek bi hosto egitean herriari eskaintzeko.
  • 1666-5-28. Beduara joaten ziren mandazainei Zestoan pasatzean inolako oinarririk gabe ordainketa batzuk egitea eskatzen zietela jakitean, herriko erregidore bat bertaratzea erabaki zuten, gertatzen zenaren berri jakiteko.
  • 1666-2-12. Izarraitz mendiari buruz zenbait gauza jakin nahian zen herria, eta Jauregi eta Betelu erregidoreak azterketa batzuk egin ondoren zera adierazi zuten: duela 21 urte bertan ziren zuhaitzak ikatzetarako moztu zirela eta Deba aldera, berriz, orain 11 urte atera zirela zuhaitzak, guztira 800 zama ikatz gutxi gorabehera, eta unean, toki berean ari zirela ebakitzen.
  • 1666-2-5. Urte baterako Gasteizera postari lana egiteko Mikel Argarainekin egin zuen kontratua herriak. Asteazken edo ostegunetan irtengo zuen herritik eta larunbat eguerdian itzuliko zen, herriak 24 dukat ordainduko zizkion urtean -erdia orduantxe bertan eta gainontzekoa irailean-.
  • 1665-8-24. Alkateak Herri Batzar nagusian adierazi zuen parrokiari buruzko zenbait agiri zahar ezkutatuta zirela nonbaiten, eta haiek topatzeko nuntzioaren aldetik Paulina bat lortzea egokia zela. Nuntzioa Madrildik herriratu zen, eta bere bitartez Simancasko (Espainia) Artxiboan, Iruñean edo beste nonbaiten aurki zitezkeen agiriak herriratzeko behar ziren gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1665-8-12. Hildako zezenaren haragiak 290 libra pisatu zituela eta 119 libra 84 errealean saldu zirela adierazi zuten. Gainontzekoak ibaira bota zirela jakinarazi zuten, 171 libra saldu ezinean gelditu baitziren.
  • 1665-6-19. Erregearen agindu batekin Diputazioko gutuna jaso zuten. Bertan soldadu iheslariak eta arloteek atxilotzeko agindu zuten. Erantzutea erabaki zen.
  • 1665-6-15. Arrantza egiteko ibaia gelditu zutenak askatzea erabaki zuten, lau errealeko isuna ordainduta.
  • 1665-6-5. Herri Batzarrean mendi eta basoak ikatzerako saltzea erabaki zuten, herriak zituen zorrak ordaintzeko. 60 boto jaso zituen batzarrean.
  • 1665-4-23. Erregeak berriro probintziari soldadu eskaera zuzendu ziola jakitean, udalbatzar nagusira agertu ziren 77 herritarren artean bozketa egin eta Agustin Eizagirre errejidoreak egindako proposamena onartu zuten. Beraz, erregeari oraingo honetan probintzia zerbitzurik eman gabe uzteko eskaera zuzentzea erabaki zuten, ezinezkoa egiten zitzaiola adieraziz, zorretan murgildurik baitzen.
  • 1665-3-20. Pedro Beltran Oiarzabali hauxe agindu zioten: Probintziako Batzar Nagusiak ospatzen ziren bitartean, korrejidorearentzat etxe bat aurkitzeko.
  • 1665-3-8. Enparantza nagusia zabaltzeko tokia eman zuenez, Santo Domingo komentuari obra batzuk egiteko baimena eman zioten.
  • 1665-2-20. Usurbilera iritsi ziren lau zezenak herrian ospatu behar ziren, Gipuzkoako Batzar Nagusietara ekartzea ezinezkoa zela ikusita. Hango eskribauari horren berri ematea erabaki zuten, hau adieraziz: haien jabeari esateko gauzak bertan behera uzteko. Nafarroatik hiru zezen ekartzeko erabakia hartu zuen herriak, horrela egiteko aginduz Inazio Odriozola eta eskribauari.
  • 1665-2-13. Herriak Santo Domingo komentuko arkuak egin zituen Martin Garatetxea maisuari zor zizkion 550 dukat ordaindu zizkion.
  • 1665-2-11. Aldare nagusiaren Ebanjelio aldean, Errosarioko Andre Mariaren erretaula bat egiteko Hilario Zabalia arkitektuarekin eskritura egin zuten Urrestillako bikarioa zen Frantzisko Korta eta Errosarioko Andre Mariaren kofradiako buru Pedro Urangak.
  • 1665-2-6. Santo Domingo komentuko arkuak eta torila egiteko harria ateratzeko baimena eskatu eta Azkoitiko herriaren baimena mugatua zela ikusita, berriro idaztea erabaki zuten.
  • 1665-1-30. Martin Garatetxea maisuari torilak egiteko lana eman zioten, herrian ospatuko ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietarako prest izateko.
  • 1665-1-30. Agustin Eizagirre erregidoreak Gasteizen Batzar Nagusietarako su artifizialak ekartzeko egin zuen tratuaren berri eman zuen eta horien itxura ere erakutsi zuen.
  • 1664-12-28. Herri Batzar nagusian Santo Domingo komentuari buruz hitz egin zuten: herriak komentuaren baratzaren jabetza lortzea nahi zuen, enparantza zabaltzeko. Behin eta berriz zuzendu zuen eskaera, eta jakinarazi zuten fraideek baratzaren zati bat emateko prest zirela, ordainduz gero. Agintari eta Inazio Agirre, Saloguen lizentziatua eta Frantzisko Mendizabali eskatzea erabaki zuten komentuko priore eta fraideekin erosteko bide egokia aurkitzeko, behar bada diruan zentsuan hartuta edo nahi zen erara eta muga gabe.
  • 1664-12-28. Kontuan izanik herritar asko gelditu zirela batzarrera agertu gabe, haietako bakoitzari berrehun maraiko isuna kobratzea onartu zuten.
  • 1664-10-10. Aurreko urtean agintaritzan izandakoei bi egunen barruan kontuen berri emateko albistea pasatzea erabaki zuten, bakoitzarentzat bostehun maraiko isuna izendatuz horrela egiten ez bazuten.
  • 1664-9-28. Enparan etxeari herriak 32.055 marai ordaindu zizkiola esan zuten, bere errotaren zortzi eta erdikoaren erdia erosteko. Beste 16.042 marai ordaindu zizkioten Bikuña etxeari, errota bertan zuen beste hainbesteko zatia erosteko.
  • 1663-7-1. Anaia Aranburuk diseinatutako eliza egiteko Frantziskanek Martin Garate eta Juan Larraar hargin maisuekin eskritura sinatu zuten.
  • 1660-4-8. Julian Rotetak eginiko eskaerari erantzunez, Logroñoko (Espainia) inkisidoreak Aita Joxe Antxietaren margo bat jartzeko baimena eman zuen. Urrestillako elizan eta epistola aldean jarriko zuten.
  • 1658-2-9. Urrestillako parrokiko etxezain Inazio Gaztañaondok bere izenean eta bertako biztanleen izenean Azpeitiko alkatearen jokaera salatu zuen, honek etxezaintzarako aukeraketa egin behar zeneko bileran egon nahi zuelako. Ozaeta Gallastegi eskribauaren aurrean egin zuen kexaren aurkezpena, esanez Azpeitiko alkateak horrelako aukeraketa egin behar zenean ez zuela zerikusirik, eta ondoren kopia bat alkateari ematea eskatu zuen.
  • 1657-9-25. San Agustin komentuari honek behar zuen egurra ebakitzeko baimena ematea erabaki zuten, herriarekin eginik zuen eskritura kontuan izanik baina Larrar basoan ebakuntzarik egin gabe.
  • 1657-9-16. Herri Batzar nagusian alkateak esan zuen San Agustin komentuko prioreak eraikin berria egitea proposatu zuela, unean zena zantar zegoelako, eta gaiari buruz erabakiren bat hartzeko egin zuela deialdia. Herriak eginiko eskritura irakurri eta gero, agintariei erabaki bat hartzeko ahalmena eman zieten, komentuari buruz eginda zeuden agiri guztiak aztertu ondoren.
  • 1657-5-24. Gipuzkoako azken Batzar Nagusietan mazero ibili zirenei ordaindu egin zieten.
  • 1656-11-3. Herritarrak haserrea zeuden, sagardorik ez zutelako salgai jarri nahi bera zutenek. Hori gogoan izanik, Udalak Martin Erkizia eta Lorentzo Iruretari deitu zien, eta agindu zien sagardoa zutenen zerrenda osatzeko berehala, zozketa baten ondoren salgai jar zezaten txandak izendatuz.
  • 1656-8-25. Enparan zubia egiten ari zen Joan Ansola hargin maisua eta bere lanerako egurra eskatu zuen. Herriak behar zuena ematea erabaki zuen.
  • 1656-8-11. Domingo Betelu zirujauak, herrian bertan ezkondu zenez eta maila ona zuenez, herritar egin nahi zuela jakinarazi zuen eta behar zen informazio eskaera egiteko azaldu zuen. Herriko eskribauari Bidanian eta behar zen tokietan bere berri jakiteko egin beharrekoa egiteko agindu zioten.
  • 1656-7-24. Joan Ansola maisuak adierazi zuen derrigorrezkoa zela zimendu berriak ateratzea parrokiko elizako sei pilareak egiteko, lehengo zaharrak behar bezalakoak ez baitziren. Eskribauaren aurrean eskritura sinatzea erabaki zuten, bere iritzia idatzirik gera zedin.
  • 1656-6-16. Ibarluze etxearen lurraldean baserri bat egiteko egurra eskatu zuen Inazio Atxaranek, eta baimena eman zioten.
  • 1656-6-2. Urrestillako parrokiko etxezainaren eskaera onartu zuten: Susparainera herriaren basoetako egurra eramatea ordaintzea.
  • 1656-5-26. Inazio Atxaran izendatu zuten herriari tokatzen zitzaizkion zazpi soldadu Tolosara eramateko. Bueltan beharreko agiria ekarriko zuen.
  • 1656-5-14. Gipuzkoak 160 soldadu eskaini zuenez eta haietako zazpi herriari tokatzen zitzaizkiola kontuan izanik, mendiak erosi zituenekin harremanetan jartzea erabaki zuten edo, bestela, dirua zentsuan hartzea.
  • 1656-4-17. Unean Enparan zubiak agertzen zuen hondamena parrokiko obrak egiten zituzten maisuei kontsultatzea erabaki zuten, euren iritzia jasotzeko.
  • 1656-4-17. Malardategi zubia botatzea erabaki zuten, hemendik jaso zitekeen materialak Enparan zubirako ez zuelako balio.
  • 1656-4-7. Gipuzkoako Batzar Nagusiak herrian ospatuko zirela kontuan izanik, Julian Roteta eta Pedro Antxieta errejidoreei sei zezen inguratzea eskatu zieten maiatzaren 8an egingo zen zezenketarako.
  • 1656-3-31. Pedro Larrea maisuak adierazi zuen Elolaren Ikastetxea prest zuela, eskatutakoa baino material gehiago jarri bazituen ere, eta herriak erabaki zuen maisu bat izendatzeko azterketa egitea.
  • 1656-3-27. Eskribauak adierazi zuen, alkatearen aginduz eta fraide eta herritarren aurrean inolako iskanbilarik gabe, nolatan jarri zuten Juan Apaeztegia eta bere ofizialek herriko armarria San Agustin komentuaren sarrerako ate gainean, urreztatu eta margotu ondoren.
  • 1656-3-7. Parrokiko obra handiak berehala hasteko asmoarekin herriratu zen Joan Ansola maisuak eginiko eskaerari erantzunez, herriak hari 500 dukat ematea erabaki zuen.
  • 1656-2-27. Aurreko urtean alkate izan zen Inazio Agirre jaunari auzia jarria zioten herriko agustindarrek, horien komentuan lapurreta egin zuen preso batek ihes egin zuenean. Ondorengo alkateak adierazi zuen egokia iruditzen zitzaiola Agirre jaunaren alde herriak ahaleginak egitea, honen erruz ez baitzuen ihes egin, baizik eta kartzelako alkaiderik ez zegoelako orduan herrian. Gaiari buruz Ozaeta eta Gallastegi lizentziatuek emandako iritzia irakurri zuten ondoren, eta zera jakinarazi zuten: ez zela egokia herriak parte hartzea eta bere laguntza eskaintzea. Alkateak adierazi zuen orduan unean bi preso nahiko zaindu beharrekoak bazirela herriko kartzelan eta derrigorrezkoa egiten zela alkaide bat izendatzea ahalik eta azkarren, bere gain beste auzi bat inork jarri baino lehen. Postua hartu nahi zuenarentzat, elizaren bidez deialdia egitea erabaki zuten. Bitartean, Iñigo Alzaga fidela eta Pedro Antxieta erregidorea saiatu ziren herriak nola joka zezakeen jakiten.
  • 1656-2-18. Bidaniko San Bartolome elizan hilaren 21ean izango zen batzar berezia zela-eta, erabaki zuten erregeari erregutuz adieraztea oraingoz behintzat probintziari soldadu gehiago ez eskatzeko.
  • 1656-2-11. Sagardo saltzaileek pitxarra 12 maraiko prezioan ez zutelako saldu nahi, 14ra altxatu zuten agintariek urte guztirako.
  • 1656-2-5. Parrokiko obrak jarraitzeko eta zazpi urteren barruan amaitzekotan, eskritura egin zuten Joan Ansola maisu hargin eibartartarrarekin. Lehenengo, mila erreal eman zizkioten bere sendiarekin herrira etor zedin. Eta martxoaren lehen egunerako langileak ekarri eta beste 500 dukat eman zizkioten.
  • 1656-1-24. Ikusita herrian izango ziren batzar nagusietara zetozen musikari batzuk herritarrek euren etxeetan ez zituztela hartu nahi, fidelari haientzat ostatua aurkitzeko agindu zioten, herriak ordainduz.
  • 1656-1-8. Inazio Sarasuak 184 dukat ordainduz, Soreasu errota hartu zuen, urtebeterako.
  • 1656-1-4. Herriak parrokiko obra handia egiteko hitzarmena egina zuen Joan Ansola maisuarekin. Eibarren eta Elgoibarren iritziak jaso ondoren, ezagutzera eman zuten Ansolak lanerako zuen trebetasuna. Ondoren, maisuarekin eskritura egitea erabaki zuten agintariek.
  • 1656-1-4. Bostehun maraiko multa jarri zioten Nuarbeko tabernari Martin Etxanizi, aurrez agintarien aldetik ikusi eta salneurria jarri gabeko ardoa saldu zuelako. Gainera, debekatu egin zioten aurrerantzean berdin jokatzea.
  • 1656-1-4. Maiatzean herrian ospatuko zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusietarako guztia prestatuta eduki nahian, herriak elizkizunetarako predikariak aukeratu zituen: Frantzisko Zelaiaran lizentziatua eta erretorea Andre Mariaren sermoia egiteko; Miguel Otaola fraide herritarra, Felipe eta Santiago deunen sermoirako; hirugarren egunean, Gurutze eguna ospatzeko, herriko Santo Domingo komentuko Juan Troconiz fraidea; eta azken egunerako, San Inazioren ospakizunerako, Domingo Goiaz fraide herritarra.
  • 1656-1-4. Joan Ansola maisuari udalbatzarrera sartzeko baimena eman zioten, eta honek adierazi zuen parrokiko lanak egiteko eskritura sinatzeko asmoan etorri zela. 1.000 erreal eskatu zituen bere etxebizitza herrian egokiturik izan zezan martxoaren aurrenerako. Eskribauari berehala paper guztiak presta zitzan agindu zioten, hurrengo egunean bertan egin zezan.
  • 1656-1-2. Eskritura baten bidez eta 228 dukat ordainduz, Enparango errota Frantzisko Arbeztainek hartu zuen urtebeterako.
  • 1655-10-22. Alkateak, fidelak eta Pedro Antxieta erregidoreak jakinarazi zuten prestaturik zeukatela parrokian egin beharreko lanen zerrenda, eta herrietako hargin maisuei albisteak pasatu zien, gutunekin batera. Lehen almodena egun bezala izendatu zuten aurtengo Santu Guztien eguna eta errematea egiteko, berriz, azaroaren 3a.
  • 1655-10-15. Batzordea izendatu zuten parrokiko elizan egin behar ziren lanak ikusi ondoren errematean jartzeko. Bi mila dukat eskaini zituzten orduan, eta beste laurehun, berriz, urtero, obra guztia ordaindu bitartean. Sei pilare altxatu, gangak estali eta beste zenbait lan aurrera eramatea erabaki zuten.
  • 1654-10-23. Joan Anzia erregidoreak Erdi kaleko etxeen aurreko espaloietan arriskua zela jakinarazi zuen -batez ere, Eliz kale aldera zirenetan-, eta etxeen arteko karkabak zikin zeudela, gaixotasunak sortzeko arriskua izanik. Etxebizitza bakoitzeko biztanleei hamabost egunen barruan garbitzeko agindu zieten eta, bestela, herriak berak egingo zuela esan zieten, gero haiei ordainaraziz.
  • 1654-9-8. Herri Batzar nagusian esan zuten Azpeitia eta Azkoitia artean lapur asko zebilela, arriskuan izanik biztanleak. Herritar edonori herriko lurraldean lapurra harrapatu eta kartzelara ekartzeko ahalmena ematea erabaki zuten; herriaren aldetik, gainera, 50 erreal ordainduz.
  • 1654-9-4. Alkateak jakinarazi zuen herria eta Azkoitia bitartean lapurrak zebiltzala. Beldurrez zeuden biztanleak batetik bestera ibiltzeko, eta derrigorrezkoa izan zen neurriak hartzea. Herri Batzarrera deitzea erabaki zuten hilaren 8rako, goizeko bederatzietarako.
  • 1654-8-29. Zelaiaran parrokiko erretorearekin sortutako eztabaida nolabait moztu nahirik eta herritarren artean bakea izan zedin, Udalak Andre Mariaren Natibitate eguneko elizkizuna San Agustin komentuko elizan ospatzea erabaki zuen.
  • 1654-8-28. Herriak Andre Mariaren Natibitate eguneko sermoia San Agustin komentuko prioreak parrokian egitea erabakia zuen. Erabakia jakinarazteko udaltzaina bidali zuten. Alkateak udaltzainaren bidez jakin zuen Zelaiaran erretoreak erabakia ez zuela entzun ere nahi izan, bazkaltzen ari zela erantzunez. Pedro Beltran Oiarzabal eta Joseph Roteta erregidoreak bidaltzea erabaki zuten, eta gainontzeko agintariak udaletxean gelditu ziren. Horiek ere itzultzean adierazi zuten erretoreak, beste nonbaiten zela esanez, ez zuela ezer entzun nahi izan. Berriro joan ziren bi lagunak; oraingoan atea jo gabe erretorearen etxe barnera sartzeko baimena zuten gainontzeko agintariengandik, eta itzulitakoan erretoreak beste herritar batzuekin karta jokoan zela eta bizkarra emanez entzun zituela jakinarazi zuten. Gertatuaren berri herritar bereziei ematea erabaki zuten, batzarrean.
  • 1654-8-2. Herri Batzarrean alkateak herriaren ekonomia egoera larria jakinarazi zuen, eta saldutako basoak kobratzeko izendatuta ziren Iñigo Alzaga eta Martin Eleizaldek, oraingoz Diputazioaren gastuak ordaintzeko 400 erreal aurreratzea erabaki zuten.
  • 1654-5-24. Harategia ikusi ondoren, egunez ateak zabalik edukitzea erabaki zuten zerbitzua eskaintzeko, eta kale batetik besterako pasabidea utzirik jendearentzat.
  • 1654-5-17. Mendiak erosi zituztenei ordainketa zati bat eskatzea erabaki zuten, herriari tokatzen zitzaizkion soldaduei ordaintzeko.
  • 1654-5-17. Harategiko obrak ikusteko batzordea izendatu zuten, ondoren ordainketa egiteko horrela irudituz gero.
  • 1654-4-2. Herriko erretore eta apaizek eginiko salaketaren ondoren, apezpikuaren bikarioak parrokiko etxezainari bertan egiten ziren obrei buruzko kontuak eskatu zizkion. Herriak Juan Ruiz Bikuña izendatzea erabaki zuen bere izenean, bikarioaren aurrean ager zezan betidanik gaiari buruz informatzeko izan zuen eskubidea.
  • 1654-2-27. Alkateak korrejidorearen aginduaren berri eman zuen; hau da, herria egiten ari zen harategia berehala gelditu behar zela, maisu batek proiektu bat egin eta aurrekontuaren berri eman bitartean. Eta aurrez enkantean jarri behar zela, edonork aukera izan zezan langintza hori egiteko. Agindua betetzea erabaki zuen herriak.
  • 1654-2-6. Herritar bereziei deitu zieten udalbatzarrera, erregeak eginiko soldadu eskaerari buruz hitz egiteko, eta bertan erabaki zuten otsailaren 10an Bidanian egingo zen batzar berezian herriaren iritzia agertzea, soldadu gehiagorik ez eskainiz erregeari.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan