Efemerideak

  • 2005-6-18. Juanito Bikendi aktore azpeitiarra hil zen.
  • 2005-6-6. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Pasaiako sarraskiaren auzia berriro zabaltzea erabaki zuen. Preskripzio epea agortua zelakoan, iazko ekainean artxibatu zuten kasua. Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an Pasaian Komando Autonomo Antikapitalistetako kide Dionisio Aizpuru 'Kurro' eta Pedro Mari Isart 'Pelitxo' azpeitiarrak eta Rafael Delas 'Txapas' eta Jose Maria Izura 'Pelu' iruindarrak tiroz hil zituen.
  • 2005-6-3. Erdi kalean, etxe berriak egiten ari zirela, aldameneko etxe zaharra pitzatu eta mugitu egin zen. Egun osoan kalea itxita egon zen, eta horma erortzeko zorian.
  • 2005-5-20. Soreasun egingo den kultur gunerako aurkeztutako proiektuek ez zuten Udalaren babesik izan, eta ez zen irabazlerik izan.
  • 2005-5-16. Villena (Espainia) espetxeko funtzionarioek Gotzon Aranburu preso azpeitiarra jo zutela salatu zuen Askatasunak.
  • 2005-5-15. Xabier Iturraldek Gipuzkoako lokotx biltze txapelketa irabazi zuen. Lehia Astigarragan jokatu zuten, eta 6.44ko denborarekin izan zen garaile.
  • 2005-5-5. Beterriko liburua saria irabazi zuen Pako Aristik. Saria 2004an irakurleek gogokoen izan zuten liburuari eman zioten. Aristiren 'Gauza txikien liburua' izan zen gustukoena.
  • 2005-4-21. Bi tximinik su hartu zuten egun berean: Salbe auzoan eta Arana kalean. Ez ziren sute handiak izan.
  • 2005-4-17. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan EAJ-EA koalizioa izan zen irabazle: 4.907 boto (2001ean 6.248). Bigarren indarra EHAK izan zen, 2.059 botorekin (2001ean EHk 1.952).
  • 2005-4-14. Lourdes Arrieta azpeitiarra hil zen Lantziegon (Araba) izandako auto istripuan. Arrieta Lantziegoko Ikastolako irakaslea zen sorreratik (25 urtean).
  • 2005-3-19. Ordura arte inoiz baino partaide gehiago izan zituen Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak: 1.124. Simon Kiprot keniarrak irabazi zuen.
  • 2005-3-12. Azpeitian Gazteok Zer!?-ek I. Truke Azoka antolatu zuten.
  • 2005-3-10. Fagorrek Grumal taldea erosi zion Mascori.
  • 2005-3-4. Garikoitz Etxeberria 'Kafe' aske gelditu zen, lau urtez behin-behineko kartzelaldian egon ondoren 'Haika-Segi auzia'-gatik. Hurrengo egunean omenaldia egin zioten plazan.
  • 2005-3-4. Ibon Odriozolak CAF-Elhuyar sarietako hirugarren saria jaso zuen Lasarte-Orian, Txitxardin Beltza jatetxean.
  • 2005-2-14. Garikoitz Etxeberria 'Kafe' Haika-Segi auzian inputatuak deklaratu eta erakunde horietako kide izatea ukatu zuen epailearen aurrean, Madrilen. Epaiketa otsailaren 7an hasi zuten.
  • 2005-2-12. 18/98+ ekimena aurkeztu zuten Aitonenako aretoan, "eskubide zibil eta politikoen alde egiteko".
  • 2005-2-11. Unai Lizaso atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Hiru egun beranduago aske geratu zen baldintzapean. Lagunek ongietorria egin zioten.
  • 2005-2-9. Espainiako Polizia Iker Iparragirre atxilotzen saiatu zen, baina honek ihes egin zuen. ETArekin lotu zuten.
  • 2005-1-28. Joxe Elizburu kronista hil zen 90 urterekin, bihotzeko arazo batzuen ondorioz. 40 urtean 'El Diario Vasco' egunkarian Azpeitiko kartak idatzi zituen (1994 arte), eta 1960ko hamarkadan parrokiko organista lanak ere egin zituen.
  • 2005-1-28. Uztarria.com-ek 2005eko Sareko Argia saria irabazi zuen. Lasarte-Orian, Txitxardin Beltza jatetxean jaso zuen saria.
  • 2005-1-26. Sanjuandegiko errotonda inauguratu zuten. Ekitaldira Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia etorri zen, besteak beste.
  • 2005-1-13. Alokairu soziala bultzatzeko bizigune hitzarmena sinatu zuen Udalak.
  • 2005-1-12. Almacenes Etxeberria, Memesa eta Lausa enpresek bat egin eta Sein taldea osatu zuten.
  • 2005-1-11. Iñaki Goenaga 'Sistiya'-k 100 urte bete zituen. Udalak omenaldia egin zion bere etxean.
  • 2004-12-18. 2004ko kirolari onenen sariak banatu zituen Udalak, udaletxean. Ilunpe Pilota Elkarteari eman zion lehen saria.
  • 2004-12-15. Iraurgi Saskibaloi Taldeak bere taberna ireki zuen, Ildefonso Gurrutxaga kalean. Irekieran saskibaloi munduko jendea nahiz bestelako lagun ugari bildu zen.
  • 2004-12-8. Bi orduz argirik gabe geratu zen herria, Eliz kale eta Erdi kale arteko kable batzuek su hartu ostean. Udaltzaingora ia ehun dei inguru egin zituzten herritarrek.
  • 2004-11-30. Udalaren eta Azpeitiko gazteen arteko lehen bilera irekia egin zuten. Aurrerantzean astero egingo zituzten bileren funtzionamenduaz hitz egin zuten, besteak beste.
  • 2004-11-20. Imanol Eliasek 'Azpeitia, 500... (azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak)' liburua aurkeztu zuen udaletxean.
  • 2004-11-10. Jose Mari Bastida alkate ohiaren etxe alboan bi kanpingas lehertu zituzten. 1985etik 2003ra artean izan zen alkate Bastida EAJko kidea.
  • 2004-11-3. 2002ko Elegante Egunean Jose Mari Bastida orduko alkatearekin izandako liskarrengatik bina urteko kartzela zigorra eta isunak jaso zituzten bederatzi gaztek.
  • 2004-10-24. Mikel Labaka futbolari azpeitiarrak estreinakoz jokatu zuen Espainiako Lehen Mailako partida ofizial bat, Realarekin. Mallorca taldearen aurka izan zen, eta 2-1 irabazi zuen Realak.
  • 2004-10-24. Joseba Albizu eta Jokin Ormaetxea ziklistek auto istripua izan zuten Itziar inguruan, eta Ormaetxea azkoitiarra hil egin zen.
  • 2004-10-20. Xabier Etxeberria 'Txapi' presoa Fresnesko kartzelatik Muretekora eraman zuten, Frantzian.
  • 2004-10-8. Xabi Bordak bere lehen liburua aurkeztu zuen: 'Birika zatiak'. Poesia liburua zen, Susa argitaletxeak argitaratuta. Donostiako liburutegian aurkeztu zuen.
  • 2004-10-6. Miren Odriozola azpeitiarrak eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarrak Espainiako Auzitegi Nazionalean 'Udalbiltza auzia'-gatik eginiko akusazio guztiak ukatu zituzten.
  • 2004-9-1. Miren Odriozola Euskal Herritarrok-eko zinegotzi ohia, Udalbiltza auzia dela-eta, deklaratzera deitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalera, Madrilera. Deklaratu ondoren aske utzi zuten.
  • 2004-7-15. Horma-irudi batzuengatik gorabehera askoko egunak pasatu ondoren, uztailaren 15ean ireki zuten Gaztetxe berria Loiola'91 bezala ezagutzen den eraikinean.
  • 2004-7-9. 'Azpeitian zezenak' CDa aurkeztu zuen Azpeitiko Musika Bandak. 22 kantuz osatua zegoen, eta horietako bost Jose Luis Frantzesenak konposatuak ziren.
  • 2004-7-9. Presoen eskubideen aldeko Topagunea aurkeztu zuten.
  • 2004-7-7. Turismo informazio puntua martxan jarri zuten Loiolan.
  • 2004-7-3. Azpeitiko V. Erremonte Txapelketa Iribarren eta Gazteluk irabazi zuten. Finalean 40-24 hartu zituzten mendean Matxin IV.a eta Badiola.
  • 2004-6-27. Gipuzkoako Pilotako Herriarteko finala Azpeitiak irabazi zuen, Hernaniren aurka, Donostian. Lehen partida Hernanik eskuratu bazuen ere, ondorengo biak azpeitiarrek irabazi zituzten. Lehen txapela izan zuen Azpeitiak.
  • 2004-6-19. Erdi Aroko azoka ospatu zuten ekainaren 19 eta 20an. Artisau eta animazio taldeak ikusteko aukera izan zen; baita herriko eraikin historikoak ikusteko ere.
  • 2004-6-13. Europako Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak izan ziren, eta Azpeitian EAJ izan zen nagusi. %54ko abstentzioa egon zen herrian.
  • 2004-6-4. Milaka arrain hilik agertu ziren Lasaoko araztegiaren parean, Urola ibaian.
  • 2004-6-1. Udal langileek ekaineko astearte guztietan, 8:30etik 10:00etara, lan baldintza hobeak eskatuz lanuzteak hasi zituzten.
  • 2004-5-16. Lagun Onak Futbol Taldeko neskek Espainiako Ligara igoera lortu zuten, azken partida 8-1 irabazi eta gero.
  • 2004-5-14. Biele Azpeitiko enpresak Pyme, enpresa ertain eta txikiei dagokien saria irabazi zuen.
  • 2004-5-7. Herrian zortzi milioi euro tokatu ziren ONCEren zozketa berezian.
  • 2004-4-22. Udalak Soreasu antzokian kultur eta gazte gunea egiteko proiektua aurkeztu zuen.
  • 2004-4-2. I. Pastorkua idi-demak jokatu zituzten zezen-plazan apirilaren 2, 3 eta 5ean. Azken Erretegikoak izan ziren irabazle.
  • 2004-3-26. Jokin Urangak gazteen II. Erniarraitz Bertso Txapelketa irabazi zuen, Soreasun eginiko saioan. Beñat Lizaso bosgarren geratu zen eta Leire Ostolaza seigarren.
  • 2004-3-19. Esteban Larrañaga Trikitilari Elkarteko lehendakari ohia omendu zuen EITBk, Azpeitiko kiroldegian.
  • 2004-3-8. Iraurgi Ikastetxean haurtzaindegi berria ireki zuten, herriko laugarrena.
  • 2004-2-20. 'Urola Kostako Hitza' egunkariaren 1. zenbakia atera zuten.
  • 2004-1-27. Joseba Albizu txirrindulariak Euskaltel-Euskadirekin bi denboraldirako kontratua sinatu zuen.
  • 2004-1-20. Umeen danborradan Juan Antxieta Musika Eskola talde berriak parte hartu zuen.
  • 2004-1-19. Helduen danborradan Oilo Soro talde berriak parte hartu zuen; hemezortzigarrena.
  • 2004-1-15. Andoni Aranaga txirrindulariak profesionaletara saltoa eman zuen, Chocolade Jacques Belgikako taldearekin.
  • 2004-1-14. Iraurgi Saskibaloi Taldeak Azkoitia eta Azpeitirako kirol proiektu ekonomikoa aurkeztu zuen, Soreasun.
  • 2003-12-26. Jokin Uranga bertsolariak, Fredi Paiarekin eta Xabier Silveirarekin, 'Zaharrak Berri Tour' aurkeztu zuen, Zestoan.
  • 2003-12-13. Euskal Herriko Tramitazio Egun Nazionala ospatu zuten herrian, eta Bai Euskal Herriari ekimenak EHNA bideratzeko deia egin zuen.
  • 2003-12-13. Maje Larrañaga Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari izendatu zuten. Lehenengo emakumezkoa izan zen Mendi Bazkunako presidente karguan; denera, elkartearen historiako 26.a.
  • 2003-12-6. Imanol Elias Odriozolak herriko efemerideen liburua aurkeztu zuen, udaletxean. Uztarria Kultur Koordinakundeak argitaratu zuen.
  • 2003-11-29. Uztarria Kultur Koordinakundeak eta Baite Euskara Elkarteak bat egiteko erabakia hartu zuten bi elkarteetako bazkideek, batzarrean, Azpeitiak euskalgintzako eta kulturgintzako erakunde indartsua edukitzeko asmoz.
  • 2003-11-25. Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna azaroaren 25ean izaten dela-eta, Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuak Batzordeak tratu txarren gaia landu eta kaleratu zuen. 2002an, adibidez, herrian tratu txarren 26 kasu salatu zirela esan zuen.
  • 2003-11-21. Askagintzak antolatuta, Ikastola Bizirik ospatu zuten Ikasberri Azpeitiko Ikastolan. Honek ere hartu zuen parte. Frogo-menpekotasunaren prebentzioaren aldeko ekimena da.
  • 2003-11-21. Otzaka baserriak su hartu zuen, eta teilatua eta aurrealdea hondatuta gelditu ziren.
  • 2003-11-19. Maider Egiguren atxilotu zuten, Baltasar Garzon Espainiako epailearen aginduz, ETAko kaptazio aparatuko kidea izatea leporatuta.
  • 2003-11-18. Fernando Morillo idazleak haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi Literatura Saria jaso zuen, 'Izar malkoak' lanarekin.
  • 2003-11-7. Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak etorkinei zuzenduriko hiztegia kaleratu zuen, liburuxka moduan, berrehun hitzez osatua. Euskara batutik zazpi hizkuntzara itzuli zituen berrehun hitzok: gaztelera, ingelera, arabiera, frantsesa, kalatana, gailegoa eta portugesa hizkuntzetara. Azpeitiko euskarara ere moldatu zituen.
  • 2003-10-21. Mikel Azkune -hamabi mila euroko bermearekin- eta Eneko Etxeberria libre irten ziren, baina inputatuta. Egunkaria SAko operazioan atxilotu zituzten egun batzuk lehenago. Gero kendu egin zizkieten inputazioak.
  • 2003-10-20. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko lege ordezkaria Espainiako Auzitegi Nazionaleko gelan bertan atxilotu zuten, Juan del Olmo epailearen aginduz, 'Egunkaria'-ren aurkako sarekadan. Libre utzi zuen.
  • 2003-10-16. Mikel Azkune Egunkaria SAren Ardatz enpresako administratzailea atxilotu zuen Guardia Zibilak 'Egunkaria'-ren eta beste enpresa batzuen aurkako sarekadan.
  • 2003-9-4. Habea plataformako lau ordezkariak udalbatzarretik kanporatu egin zituzten. Boto baliogabeak kontuan hartuta Habeari legozkiokeen lau udal ordezkariak udalbatza aretoko mahaiko zinegotzien eserlekuetan eseri ziren eta ez eurentzako espreski jarritako beste mahai batean. Ondorioz, Julian Eizmendi alkatearen eta Habeakoen artean eztabaida sortu zen.
  • 2003-7-30. Saninazioetako txupinazoa Ainara Epelde, Aitor Zubillaga eta Kepa Peñagarikanok bota zuten, Julian Eizmendi alkate berriarekin batera. Ordu arte, beti alkateak bakarrik botatzen zuen txupinazoa.
  • 2003-7-18. 'Literatuzta' literatur aldizkariko 'Orri zuriekin elkarrizketan' izeneko' 1. zenbakia aurkeztu zuten, Enparan Dorretxeko zelaian egindako ekitaldian. Ikusentzunezko aurkezpena izan zen, idazleek euren idatziak irakurri zituzten irudiz eta musikaz lagunduta. Uztarria Kultur Koordinakundeak argitaratu zuen 'Literatuzta'.
  • 2003-7-7. Aitor Zubillaga Munduko Plater Tiroko irabazlea hartu zuen Udalak, zoriontzeko, udaletxeko areto nagusian.
  • 2003-6-24. Izarraizko estazio megalitikoa kultur ondare izendatu zuen Diputazioko Gobernu Batzordeak.
  • 2003-6-19. Udal sustapeneko 57 etxebizitza zozkatu zituzten. 525 lagunek eman zuten izena.
  • 2003-6-14. Maiatzeko hauteskundeen ondorengo kargu hartzea egin zuten. Tentsioa eta istilua nagusitu zen plazan eta udaletxean. Hamabost bozka jaso zituen Julian Eizmendik (EAJ-EA) eta bera izendatu zuten alkate. Boto bat hutsa atera zen. PPko ordezkari Francisco Piñeiro ez zen etorri Azpeitira kargu hartzera. Habeakoek -legez kanpo jo zuen Espainiako Justiziak-, "jasotako botoen arabera'' zegozkien lau zinegotzi aulkiak hartu eta kalera atera zituzten.
  • 2003-6-13. Goizean Goiko kaleko etxebizitza batean sua izan zen, eta arratsaldean Arcelor (Marcial Uzin) lantegiko tranformadore batek su hartu zuen.
  • 2003-6-8. Zezenketen eta herri kirolen historiaren ehungarren urteko liburua aurkeztu zuten. Zezen-plazaren ehun urteak ospatzeko argitaratu zuten liburua. Imanol Elias, Luis Mari Loinaz, Jose Mari Iriondo, Jose Luis Iriarte eta Markel Mendizabal izan ziren lanaren egileak. Liburuak bi zati ditu: zezenketaren atala eta herri kirolena. Zezen-plaza atarian Antonio Oteizak egindako eskultura erakutsi zuten. Mendeurrena gogoratzeko irudia Zezenzale Elkarteak Azpeitiko herriari egindako oparia zen.
  • 2003-5-25. Udal hauteskundeetan lortutako emaitzak: EAJ-EA koalizioak 15 zinegotzi, PSE-EEk bat eta PPk beste bat. Habea ezker abertzaleko plataformak, berak emandako datuen arabera, 2.027 boto lortu zituen eta lau zinegotzi, baina Habea baliogabe jota zeukan Espainiako Justiziak, ezker abertzaleko alderdi legez kanporatuekin harremana zuelakoan.
  • 2003-5-25. Kepa Peñagarikano pilotariak erraz irabazi zuen Lehen Mailarako pasea. 22-9 nagusitu zitzaion Haritz Berraondori Bigarren Mailako finalean. Sakez 11 tanto egin zituen.
  • 2003-5-9. 'Urrestillako Musika Altxorra' diskoa aurkeztu zuten Urrestillan. Diskoan Urrestillan elizkizunetan eta bestelako ospakizunetan kantatu ohi diren abestiak bildu zituen bertako abesbatzak.
  • 2003-5-6. Iñaki Iribar Salegi Glual Hidraulica S.A. enpresako kudeatzaile ohiak Joxe Mari Korta 2002 saria jaso zuen.
  • 2003-5-4. Habea Azpeitiko ezkertiarren eta abertzaleen plataformaren udal hauteskundeetarako hautes zerrenda baliogabetu egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Batasuna ilegalizatuarekin lotura izatea egotzi zion.
  • 2003-4-6. Korrika 13 igaro zen herritik.
  • 2003-4-3. Habea ezkerreko eta abertzale herri plataforma udal hauteskundeetara aurkezteko sinadura bilketa hasi zuten. 500 sinadura lortu behar zituen (lortu zituen). Espainiako Justiziak gero baliogabetu egin zuen Habea.
  • 2003-4-2. Azpeitiko Udal Euskara Patronatuak www.erabili.com webgunea sarean jarri zuen.
  • 2003-4-1. Baite Euskara Elkarteak Kontseiluaren Bai Euskarari Ziurtagiria abian jarri zuen.
  • 2003-3-30. Giza buruhezurra azaldu zen igandean ibaian. Urola ibaian arrantzan zebilen lagun batek topatu zuen, Zelai Luze parean. Ertzaintzak lekua itxi zuen eta hezur gehiago azaldu ziren sakabanatuta.
  • 2003-3-29. Arkaitz Nogalesek Lausanako Munduko Kros Txapelketan hartu zuen parte, junior mailan.
  • 2003-3-29. Udaletxeko areto nagusian Ildefonso Gurrutxagari buruzko bi liburu aurkeztu zituzten: 'Reflexiones sobre mi pais' eta 'Aprendamos nuestra historia'. Gurrutxaga azpeitiarra abokatua, historiografoa eta politikaria izan zen.
  • 2003-3-25. Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak hegoaldeko bidea hobetsi zuen Azpeitiko saihesbiderako.
  • 2003-3-23. I. Slalom Opena ospatu zuten kiroldegian. Euskal Herritik etorritako hamabost kirolarik hartu zuten parte. Modalitate hori garun paralisia duten kirolarientzako dago diseinatua, eta oztopo ezberdinez osatutako ibilbide bat ahalik eta azkarren betetzean datza, gurpil aulki baten laguntzarekin.
  • 2003-3-16. Goenatxo II.a eta Izeta II.a neurtu ziren 152 kilotako harri kubikoarekin, hamar minutuko hiru saiotan. Izetak irabazi zuen 89 altxaldirekin. Goenatxo erretiratu egin zen, bi lehen saiotan 62 altxaldi eman ondoren Izetak bezala.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan