07. Kultura

Euskal Jaia. 
Korputzetan Kale Goeneko aldarea 
Sanjoanak 
Amaia Aranaga dultzaineroekin 
Euskal ezteiak 
1976ko Gabon eskea. 
Jabier Arbe, Inaxio Arbe eta Sebastian Xaxurre 
Juan Inazio Errasti, Xaxurre, Pedro Jose Iturralde eta Julian Eizmendi 
Jabier Arbe, Bixente Arbe eta Sebastian Xaxurre 
Amaia Aranaga 
Auntxatarrak Zelatunen 
Inaxio Arbe 
Joxe Arruti 
Donato Aristi organojole eta maisua 
Donato Aristiren omenaldia. 
Pako Aristi eta Joxe Mari Moxorro 
Dantza-soka Ategorrietatik behera. 
Aurreskua Aratzerrekan 
Esku dantza San Pantaleon de Losan, 1978ko uztailean 
San Pantaleonen 1978ko uztailean 
Jautarkol 
Ramon Etxezarreta. 
Pako Aristi. 

Baserrietan izaten ziren egurrezko kutxa handien modukoa da kultura, eta, atea zabaltzera ausartzen bagara, bertan gordeta aurkituko dugu denboran zehar izan garena. Lan zailak erosoago bihurtzeko baliabideak, bizitzak erakutsitako jakintzagaiak, bizimodua edertzen diguten arte mota desberdinak eta arbasoek bildutako jakinduria osoa.

Orokorrean hartuta, edozeinentzako balio unibertsala da kultura. Zentzurik zabalenean hartzen dugunean, herri bakoitzari dagozkion mugak gainditzen ditu. Orduan, kulturak zer ikasia eskaintzen dio edozeini, eta bizitza errazagoa eta ederragoa izateko modua uzten digu eskura gizaki guztioi.

Hori hala bada ere, herri bakoitzaren mugen barruan sartuta, bizimodu desberdinak jasotzen ditu kulturak, herri bakoitzaren ezaugarri sorta bilduta. Eremu horretan, herrietako bizimoduak elkarren artean bereizteko balio du, eta, batak bestearen jakinduriatik ikasiz, elkar aberasteko.

Urrestillak izan ditu eta baditu aparteko bereizgarriak, aleka-aleka herriaren kultura osatzen joan direnak. Gu geu zer garen ulertzeko, urteen joanean gure herrian bizitza moldatu eta gozatu duten bereizgarriok ezagutu beharko ditugu aurrena.

Jaiak eta ospakizunak

Urtero-urtero izaten direnez, jendea elkartzeko arrazoi nagusienetako bat dira herriko festak. Horietaz gain, badira egutegian bestelako egun seinalatuak, eta Euskal Herriko bazter askotan bezala, eskeko kantuak ere izan du Urrestillako herritarrentzako esanahi berezia.

Beste zenbaitetan, ospakizun jakin bat antolatu izan da halako batean, behin edo bitan, eta desagertu egin da hurrengo urteetan. Horietako ospakizuna izan zen, adibidez, Urrestillan euskal ezteiak antzeztea.



Festak, korputzetan eta sanjoanetan

Korputzetan eta sanjoanetan izaten dira Urrestillako festak. Biak dira erlijio jatorriko jaiak, San Joan festak kristautasuna baino lehenagoko ospakizun bat ordezkatu bazuen ere: garai beretsuan ospatzen zen udako solstizioa, eguna mozten eta gaua luzatzen hasten deneko muga.

Korputz jaietan prozesioa egiten zuten herritarrek meza nagusian. Prozesioko ibilbidean bi aldare ezartzen zituzten, Kale Barrenean bata, Laurareneko denda parean, eta Kale Goenean bestea, Txikurireneko taberna aurrean. Herri barruko bideak ihi-belarrez estaltzen zituzten eliztar ilara gainetik pasa zedin. Dena dela, ohitura horren azken urteetan, kaleak apaintzea eragozpena izan zen geroko txirrindulari lasterketarako, ihi guztia jaso beharra izan baitzuten antolatzaileek ziklistak irristatuta eror ez zitezen.

San Joan eguna

San Joan eguna ekainaren 24an ospatzen da, eta bezperako gauean, ohikoa den suarekin batera, lizar luze bat sartzen dute Urrestillako gizonezkoek plazaren erdian. Hantxe tinkaturik egoten da San Joan arbola, jaietako sinbolo nagusia, festak bukatzean botatzen duten arte.

Gaur egun, garai batean baino motzagoak izaten dira San Joan jaiak. Hogeigarren mendearen erdialdean, behintzat, errepikapena (repetiziyue) egiten zuten San Joan igandean. Bertan euskal festa ospatzen zuten urrestildarrek herriko jaietako azken egun bezala.

Labayru ikastegiko herri-ondare arduradun Akaitze Kamiruagak 2009ko ekainaren 24ko Berria egunkarian adierazten zuenez, aspalditik dator San Joan eguneko festaren jatorria. Ibai Maruri kazetariak jaso zizkion honako iritziak:

San Joan jaietako suak leku bat baino gehiago izan ditu Urrestillan, eta azken urteetan bi ezagutu dizkiogu. Orain gutxira arte, erreka ertzean egiten zen, zubi gainetik gertu. Azken urteotan, herriko plazan egiten da.

Gure herrian bizirik jarraitzen duen ohitura da landareena sanjoanetan. Lizar adar bana ezartzen da etxeko ate eta leihoetan, eta Santiago egunean jasotzen. Landare sortari dagokionez, berriz, San Joan eguneko mezetan herriko emakumezko askok sorta bana eramaten dute bedeinkatzera oraindik ere.

Urrestillan lizarra da sanjoanetan jasotzen den arbola, lizarraren ahalmena eta sartutako arbolaren esanahia uztartuz beharbada.

Lurralde eta kultura gehienetan du zuhaitzak garrantzi eta esanahi berezia. Izan liteke naturako lau indarrak biltzen dituelako inguruan: zainetatik hostoetaraino doakion ura, zutik eta bizirik mantentzen duen lurra, orrientzako arnasa eskaintzen dion airea eta egurraren bidez pizten den sua.

Bakea eta elkartasunaren ikurra izanik, herrietako ordezkariak aspaldidanik elkartu izan dira arbolaren gerizpean mundu osoan. Besteak beste, Afrikako herrixketan eta gure Euskal Herrian.

Herriko festetan zuhaitz bat lurrean zutik sartzea Europan zehar ere ageri da. Espainiako Gaztelan antzeko zerbait egiten dute zenbait herritan, esate baterako, Soriako Vinuesan. Alemanian, berriz, maiatz arbola apaindua jasotzen dute maiatzaren lehenean ukuilu aurrean edo herriko plazan, eta bai maitearen etxe aurrean urki adartxoa ere. Udaberriarekin batera aberastasuna, osasuna eta amodioa eskatzeko modu sinbolikoa da.

Kristautasuna baino lehenagoko tankera duten ohitura horiek udaberri emankorra eta uzta oparoa izateko nahiarekin lotuta daude. Lurrean zutik sartutako arbolak sinbolikoki lurra ernaltzen du, eta elkartze horretatik emaitza onak izatea espero du herriak. Zenbait ikerlarik zutikako bestelako sinboloekin konparatu izan du tenteka sartutako zuhaitzarena, besteak beste, Antzinako Egiptoko obeliskoak aipatuta.



Euskal ezteiak Urrestillan

Hogeigarren mendearen lehenengo erdian, izan zen Urrestillan euskal jai bat. Antzinako baserrietako euskal ezteiak antzeztu zituzten ospakizun hartan. Badirudi mendearen hasieran, 1910 inguruan, izan zela Urrestillan antzeko beste euskal eztei bat ere, baina ez dago ziur egiaztatzerik.

Xehetasun txikienak ere hartu zituzten kontuan ezteiak irudikatzerakoan: tresna eta erabilgarriz betetako arreoko gurdia, dotore jantzitako senitarteko eta gonbidatuak, bandeja bat eta erlijio irudiak.

Gainera, argazkian bertan ageri dira Sebastian Errasti Xaxurre eta Jabier Goenaga Arbe dultzaineroak, Inaxio Goenaga Arbe danbor jole gaztearekin batera. Bi bertsolari ere aritu omen ziren kantuan egun hartan: Atxubiagako Pello eta Akoteiko Joanito.

Agertokian elizgizonak eta politikoak ere izan ziren, eta haietako batek halakoak esan omen zituen: "Orain behia hemen daukagu, eta errapea Madriden", eta "Zigor makila bakarra erraz hausten da, baina bat egindako hamar ez. Horixe egin behar degu guk ere". Garai hartan ezaguna zen Castelao artista eta politikari galiziarraren ideiak ziren hizlariak orduan erabilitakoak.

Euskal giro abertzalea nagusitu zen, beraz, ospakizun hartan. Harrez gero, Francoren garaian zapalduta egon ziren euskal kulturako ezaugarri guztiak, eta herriko zaharrek ez dute berriro antzeko jairik gogoratzen.



Kantuz eskean

Inork ez daki noiztik datorren Urrestillan diru eskean kantuan ibiltzeko ohitura. Dena dela, aspaldiko ohituratzat dute herriko zaharrenek ere.

Antzerkia

Aspalditik dator Urrestillan antzerkiak egiteko joera. Belada izenez ezagutzen zituzten herritarrek, eta gau ilunak goxatzeko balio izan zuten hainbat urtez. Herriko jendea izaten zen aktore lanetan, gehienetan erlijio taldeek bideratutako gidoiak antzeztuz.

Hogeigarren mendean, Espainiako Gerraren ostean, Eliza inguruko Baserri Gaztediak antolatzen zituen emanaldiak. Denak euskaraz izaten ziren. Halaxe antzeztu zituzten Agustin mutil zaharra komedia eta Hiru ziren antzezlan dramatikoa.

Antzoki bezala herriko jendeak utzitako lokalak erabiltzen zituzten. Esate baterako, Laurareneko garajean eta orain Antxieta elkartea dagoeneko lokalean irudikatu zituzten obra batzuk. Plaza aurreko leku horretantxe antzeztu zuten, gainera, azkenekoa ere: Lehorreko arrantzaleak.

Bestalde, Gabonetan Karidadeko mojek ere antzerkiak antolatzen zituzten Ibarluzen neska koskorrekin. Haiek, ordea, gaztelaniaz idatzitako obrak antzezten zituzten. Jende piloa biltzen zen urtero, ikasleen gurasoez gain herritar asko inguratzen zelako.

Bertsolariak

Historialariek diotenez, euskalduna ehiztaria izan zen lehenengo, artzain ondoren, nekazari hurrena eta, azkenik, olagizon. Artzain bihurtzean hasi zen, nonbait, bertsotan. Izan ere, artzainek oso berea dute apusturako joera, eta bertso saioak dema tankera izaten du askotan. Bada esaera zahar bat, honela dioena: nekazari txarra da bertsolaria, baina ez artzain txarra.

Hain aspaldiko joeran, bertsolari asko izan dira Urrestillan historian zehar, baina ez daukagu haietako gehienen berririk. Azkenaldian, hogeigarren mendearen hasieran, Akotei aita-semeak, Uhexandi eta Artzupako Xendoiye ezagutu zituzten herritarrek, beste zenbaiten artean.

Urrestillan bertso saio bereziak izan ziren joan den mende hasiera hartan. San Joan txiki egunez, zubi gainean eserita aritu izan zen bertsolari bat kantari, eta beste bi zubi ondoko taberna gaineko leiho banatatik, hirurek txandaka osatutako saioan.

Gerora ere izan dira bertsolariak gure artean, eta horra haietako zenbaiten berriak:



Jose Inazio Etxeberria Otalaztegi

Urrestillako Otalaztegi baserrian jaio zen 1894 urteko urriaren 8an. Arotz ofizioa Gasteizen ikasi ondoren, jaiotetxera itzuli zen emaztearekin, aitaren eta arrebaren albora, eta bertan egin zituen hil arteko urteak.

Itxura denez, bertsoak idazten gehiago aritu zen Otalaztegi bat-batean kantatzen baino. Auspoa saileko Mendi-gañetik liburuan bilduta daude Jose Inaziok idatzitako 31 bertso-sorta.



Auntxako Inaxio Aranaga

Ahots ederrekoa eta plazarako bertsolari egokia izan da Auntxa trikitilariaren iloba Inaxio. Zumaian lan egiten zuenean, bertako saio batean aritu zen bertsotan. Urrestillako festetan eta Santa Ageda eskean ere jardun zuen.Irunera joan zen bizitzera, lan kontuegatik, eta Inaxioren seme alabek Auntxa trikiti eskola zabaldu zuten han. Irunen ez omen du bertsotan jarraitu.



Jose Mari Lasa Zamaiye

Urrestillako Zamaiye baserrian jaio zen, eta bertan bizi hil arte. Bertso-plazetan asko ibili ez bazen ere, bertsolari handiekin saioak egin zituen tarteka, inguruko herrietako festetan eta Santa Ageda eskean Urrestillako taldearekin kantatzeaz gain.

Mikrofonoa eta bozgorailuak ezagutu gabeko bertso-eraren ordezkaria zen Zamaiye, bai doinuz eta bai bertso moldez. Urrestillako musika altxorra diskoan jasota dago bere bertso sorta bat.



Bixente Unanue Ugarte

Bertso molde zaharreko bertsolaria, Santa Ageda eskean ibili izan da Urrestillan koplari bezala behin baino gehiagotan. Bertso saioetan ere jardun zuen Durangaldean, Ezkio-Itsason, Arroa Goian eta Azkoitiko Andremaixetan.

Berak aitortzen duenez, ez da plazagizona, estutu egiten delako saioa egin behar duela dakienean. Horrexegatik utzi zion jende aurreko jardunari, ez etorria falta zaiolako. Orain ere aldian behin lagunartean ederki egiten du bertsotan.



Ruben Gorrotxategi Eizagirre

Urrestillako Eizagirre baserrian jaio zen 1983an. Erniarraitz bertso eskolan ikasitako bertsolaria da Ruben. Zenbait bertso afaritan parte hartu izan du, eta Erniarraitzek bailaran antolatutako txapelketan kantatu ere bai. Bertsolari gaztea izanagatik ere, badu garai bateko bertsogintzaren ukituren bat. Urrestillako musika altxorra diskorako grabatu zuen bertso sorta bat.



Mikel Berasategi

Mikelen ama Jose Inazio Otalaztegi bertsolariaren biloba da. Eizagirreko Rubenekin batera, Erniarraitz bertso eskolan ikasitako bertsolaria da Mikel ere.

Lagunarteko saioetan kantatzeaz gain, Erniarraitzen txapelketan ere kantatu izan du. Birraitonaren bertsoak kantatu zituen Urrestillako musika altxorra diskorako Jon Gurrutxaga lehengusuarekin batera.

Musika herrian

Musikariek aspaldidanik jantzi izan dituzte doinuz Urrestillako festa eta ospakizunak, bai baserrietan eta kalean, eta bai eliza barruan ere. Neurri bereko beste herriekin konparatuta, harritzekoa da Urrestillan aspaldiko urteetan bertako herri musikariak, elizako abesbatza eta organista izatea.



HERRI MUSIKA

Dultzaineroak

Dultzainero tradizio berezia izan dugu Urrestillan, XX. mendean bereziki. Izen asko agertzen zaizkigu zerrendan eta kalitate onekoak gehienak.



Trikitilariak



Txistulariak

Hemeretzigarren mendean, Antonio Unanue txistulariak baimena eskatu zion Azpeitiko udalari 1832an, urtero bezala Korputz eta San Joan egunetan Urrestillara txistua jotzera joateko.

Gerora, Azpeitiko agintariek Gipuzkoako gobernadoreari 1857ko urriaren 25ean idatzitako gutunean txistulari bakoitzari zenbat ordaindu zioten jaso zuten:

Domingo Berasategi, Urrestillako txistulariari 300 erreal.
Martin Aiestaran, Urrestillako txistulariari 150 erreal.
Antonio Unanue, Urrestillako txistulari erretiratuari 40 erreal
.

Handik gizaldi batera, Baserri Gaztediak txistu ikastaroak antolatzen zituen Azpeitian, eta Urrestillako mutil batzuk hantxe ikasi zuten txistua jotzen. Demetrireneko Joxe Arrutik eta Auntxako Kruz Mari Aranagak txistua eta danbolina jotzen zuten, eta Erretxingo Joxe Mari Badiolak danborra.

Musika sakroa


ELIZAKO KORUA

Bereziki aztertzea merezi du elizako koruak Urrestillan, marka galanta delako herri txikiko abesbatza batek oraindik ere irautea bertako organista, zuzendari eta guzti. Organoaren inguruan egituratzen da koruaren jarduna, eta aparteko garrantzia izan du azkenaldiko organistak herrikoak izateak gaur egungo egoera ulertu ahal izateko.

Urrestillako koruko organoa 1950eko ekainaren 18an inauguratu zuten, Manuel Aizpuru gotzainak opari eman ondoren. Azpeitiko Organeria Española Oesa etxean egindako organoa da. Lehendik zegoen organo zaharra Aizarnazabaleko elizara eraman zuten. Organoak doinu ahalmen zabala duenez, dotore janzten ditu koruaren kantu hotsak. Horri esker, barru-barruan sentitzen ditugu urrestildarrok hainbat kantu eta doinu.

Han-hemenka, herri txikietan zeuden koru apurrak desagertzen joan izan dira azken urteetan, eta kantore jendeak herri handiagoetako abesbatzetara jo izan du kantu grinak asetzera. Askok kantatzea utzi egin izan du. Gurean, ordea, ez da transmisiorik eten, ziur aski herriko kantoreek herrian bertan erabakitzen zutelako entseguak egitea eta kantura elkartzea.

Gainera, gizonezkoak topatu ezinik ibiltzen dira abesbatzak osatzeko gaur egun, eta Urrestillan, berriz, orain gutxira arte ez da koruan emakumerik izan. Kontu jakina denez, garai batean ez zuten koruetan emakumerik onartzen. Adibidez, ba omen zegoen Azpeitiko parrokian kartel bat emakumeak korura igotzea debekatzen zuena.

Urrestillan, mezetan aldaretik kantatu behar zuten neskek koruan egiten zituzten entseguak, baina meza garaian ezin zuten korutik kantatu. Azkenik, 2002an sartu ziren emakumeak koruan, Urrestillako musika altxorra diskoa grabatzeko kantuak prestatzen hasi baino lehentxeago.

Orain baino lehen, urteko garai berezien aurretik bakarrik egiten genituen entseguak: Aste Santu eta Gabon aurretik bereziki. Azken urteetan inoiz baino hobeto prestatzen saiatzen da korua, ia astero entseatuz. Gainbehera zioan korua indarberritu egin du mende honen hasieran txertatutako emakume multzoak, bai kopuruan eta bai kalitatean ere.

Urrestillako jende askok hartu izan du parte noizbait elizako abesbatzan, baina hiru pertsona izan dira gure garaian lanik funtsezkoena egin dutenak: Donato Aristi, Pako Aristi eta Jose Mari Altuna . Donatok bere lana utzi beharra izan zuenean, Joxe Mari Moxorrok eta Pakok hartu zioten lekukoa, eta koruak bizirik jarraitu ahal izan du.

Hala ere, 2002an emakumeak koruan sartu zirenetik, garrantzi handiko lana egin zuen Mertxe Aizpuruk, haiei solfeoa erakutsiz eta kantura animatuz. Ondoren, Mailo Aristik jarraitu du lan horretan, eta iganderoko mezetan berak zuzentzen ditu emanaldiak.

Donato Aristi

Urrestillan organoa jotzen hasi aurretik, Azpeitiko bandan ibili zen Donato musika ikasten. Organista moduan, partiturari lotutako interprete bezala ezagutu genuen koruko kantoreok.

Urrestillako elizako sakristau ardura izanik, eginkizun horren barruan hartzen zuen korua indartsu mantentzea ere. Mutikoei sei urtetik hasita deitzen zien solfeoa ikastera gurasoen bitartez, eta gutxieneko froga bat gaindituta, haren eskutik hasi ginen herriko ume asko musikaren lehen oinarriak ikasten.

Arratsaldeko seietan izaten ziren entseguak, eskolatik bueltatu eta gero. Solfeoaren aurreneko nozioak ezagututa, kantuak ikasten hasten ginen tipleok, abesti motzak lehenik eta, pixkanaka-pixkanaka, meza osoak ere bai azkenerako. Ume izateari utzita gazte bihurtzean, ahotsa mudatu ahala, tenore edo baxuen partiturak ematen zizkigun Donatok, eta haiek ikasten hasten ginen.

Zahartu zenean, koruaren alde egindako berrogeita hamar urteko lana eskertzeko, omenaldia egin zion Urrestillako herriak. Gerora ere jarraitu zuen korura joaten ahal izan zuen bitartean, berak utzitako lekua Pako Aristik egoki hartu zuela ikustearen patxadaz.

Pako Aristi

Umetan tiplea izan zen, eta Urteberri egunean koruak Villancico de prado doinua kantatzerakoan panderoa ere jo zuen urteren batean. Urteek ahotsa mudatu aurretik, organoa jotzen ikasten hasi zen Donatorekin. Armonia ere organista zaharrak berak erakutsi zion. Gainera, musika ikasten jarraitu zuen bere kasa, eta beste tresna asko jotzen ikasi du Pakok urtez urte. Horietan deigarrienetakoa gaita galegoa da.

Horrela, oso gaztetatik hasi zen mezetan organoa jotzen. Halako batean, Felix Azurmendi apaizak Beizaman jotzea eskaini zion. Onartu egin zuen, eta Beizamatik hainbat buelta egin zituen etxeko Vespa motoan.

Donato adinaren ajeak nabaritzen hasi ahala, hura ordezkatzen hasi zen pixkanaka Urrestillako organoan. Elizetako organistei gutxienez doinu bat konposatzea omen dagokiela dio esaera zahar batek, eta Ama Mariari ondu zuen Pakok 1995ean, kantari bakarrak abesteko pieza.

Herri maitea izanik, egoki bete izan ditu organista lanak. Gainera, Urrestillako musika altxorra diskoa grabatzea ere Pakori zor diogu. Berak izan zuen grabatzeko ideia, eta berak zuzendu zuen egitasmo osoa. Diskoan grabatuta gelditu ziren koruko kantu bereizgarrienetako batzuk, herriko musikako beste zenbait alerekin batera.

Joxe Mari Altuna Moxorro

Urrestillako koruan Donatorekin solfeoa ikasita, tiple bikaina izan zen lehenengo Moxorro, eta maila handiko tenorea gerora. Easo abesbatzan kantatu zuen, eta beste koru batzuetan ere aritua da, Donostiako Gaztelubide elkartekoan, esate baterako. Osaba Erremon Moxorrok koruaren zuzendaritza utzi zuenean, Joxe Marik ordezkatu zuen. Ordutik aurrera, zuzendari eta tenore bakarlari nagusia izan da oraintsura arte. 2008ko udazkenetik, Iñaki Odriozola Panaderok eman dio jarraipena zuzendaritzako lanari.

Koruaren errepertorioa zabaltzen ahalegindu izan da beti Moxorro, meza eta kantu berriak entseguetara ekarriaz. Emakumeak koruan parte hartzea ere berak bideratu zuen. Hala, 2002an sartu ziren ahots zuriak Urrestillako koruan.

Bestalde, Moxorro izan zen Urrestillako musika altxorra diskorako koruko entseguak eta grabaziorako kantuak zuzendu zituena. Gainera, tenore bakarlari bezala ere diskoko hiru kantu grabatu zituen.

Dantza

Gainontzeko herrietan bezalaxe, betidanik izan da jende dantzazalea Urrestillan. Dantza egiteko zaletasunaren erakusgarri da, adibidez, 1704an gotzaindegiko bisitatzaileak eliza barruan egiten zuten Korputz arratsaldeko ezpata dantza debekatzea, dantzariek jendea aztoratzen zutelako.

Baina auzia ez zen hor bukatu. Izan ere, 1723ko maiatzaren 16an, Zabalako Juan Bautista Urrestillako bikarioak gotzainari eskaera bat egin zion. Korputz eguneko prozesioa meza nagusiaren aurretik egin beharrean meza bukatutakoan egitea nahi zuen bikarioak.

Itxura denez, prozesioa bukatu orduko, elizan dantzan hasteko ohitura zuen jendeak, nahikoa egindakoan gelditu arte. Ez zuten, beraz, dantzari buruz 1704an eliz-bisitatzaileak erabakitakoa errespetatzen.

Nonbait, batzutan ordu erdiz jarduten zuten dantzan, eta bitartean apaizak zain egon behar izaten zuen meza ematen hasteko, jendea aldarera igotzea arriskutsua izan zitekeelako. Horrek esan nahi du jende askok zuela dantzarako joera. Azkenean, jai giroan gehiago iskanbilarik izan ez zedin, prozesioa meza ondoren egitea erabaki zuen gotzainak, bikarioak eskatutakoa onartuz.

Horretaz gain, festa eta erromerietan aritzen ziren dantzan garaian garaiko gazteak aspalditik, elkarrekin harremanetan hasteko lehen pauso bezala askotan.

Bestalde, Urrestillako festen barruan bazen ekitaldi berezi bat, herritar askok estimatzen zuena: soka dantza. San Joan bigarrengoz egiten zuten herriko gazteek plazaren erdian, festetako arbolaren inguruan. Dantzariek elkarri eskuak emanda osatzen zuten soka, borobil zabalean. Giza sokaren bi muturretako dantzariek, aurreskuak eta atzeskuak, gidatzen zuten dantza. Berez, gidariek banan-banan ateratzen zuten jendea dantzara.

Urrestillako sokadantzan guk geuk hala ezagutu ez badugu ere, XVIII. eta XIX. mendeetan baziren gidari emakumezkoa zuten sokadantzak: etxeandre-dantza eta neskatxen esku-dantza. Hala jaso zuen Juan Inazio Iztuetak Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan. Gipuzkoan dantzari nagusiak neska ezkongabeak zirela idatzi zuen, eta Bizkaian andre ezkonduak. Geroztik, emakumezkoak galdu egin du orduko dantzetan zuen protagonismoa.

Badirudi sokadantza egindakoan ume izatetik heldu izatera pasatzen zela jendea, horretarako erritua zela garai batean, San Joan garaiko ospakizunekin lotuta. Egun horiek urteko luzeenak izanik, izadiaren emankortasuna erakusten dute, eta landareak biltzen dira natura oparoaren ikur bezala, gaitzak eta trumoiak uxatzen zituztelako ustean.

Hala, aspaldi haietan neskek San Joan bezperan bildutako loreekin egindako koroak janzten zituzten sokadantzetan. Gipuzkoako herri batzuetan, San Joan goizean bildutako loreak hurrengo urteko San Joan sutan erretzen zituzten, nolabait joandako urte aldia agurtzeko eta berria indar biziz hasteko.

Horiek horrela izanik, 1960.eko hamarkadaren bukaeran Urrestillan gorpuztu zen gazte mugimenduaren baitan bazen oso jende dantzazalea. Hori jakinda, Felix Azurmendi apaiz gazteak zaletasun hari egitura bat eskaintzeko bidea jarri zuen.

Gure herrira iritsi aurretik, Trintxerpen izan zen apaiz Felix, eta hango kristau taldeetan zebiltzan dantzari batzuen lagun egina zen. Haietako batzuk Urrestillara ekarri zituen, bertako dantzariei erakustera. Hala ezagutu genituen herrian Pasai aldeko Maddi, Alvaro eta beste zenbait.



Sahatsa dantza taldea

Entseguak herriko plazan egiten zituzten zapatu arratsaldeetan eta jai goizetan. Eta halaxe erne zen dantza talde bat osatzeko asmoa. Izen egokia jartzekotan, udaberrian lehenengo loratzen den landarea hartu zuten gogoan: sahatsa.

Entseguak hasi eta berehala, Itsasi dantza taldea sortu zen Azpeitian. Bi taldeak hurrenez hurren hain jarraian sortzeak zer pentsatua ematen du. Urrestillan Sahatsa sortzeak, Azpeitian lehenbailehen bestea sortzeko beharra eragin zuela dirudi.

Sahatsarako dirurik gehiena festetako poltsatik ateratzen zuten, eta urteren batean Gabonetako eta Santa Agedako eskeetan ere lortu zuten: erdia ikastolarentzat eta beste erdia Sahatsarentzat.

Dantzarako jantzi gehienak dantzarien ama batzuek egin zituzten, eta gainontzekoak Azkoitiko Santa Klarako mojek. Halaxe hasi ziren taldekideak dantza saioak egiten Loiolako San Josetan, Aratz-Errekako San Isidrotan, Nuarben, Matxinbentan, Liernin ezkontza batean, Trintxerpen eta San Pantaleon de Losan.

Sahatsa taldearen lehen arazoetako bat Urrestillan mutil dantzari gutxi izatea zen. Hasierako belaunaldi dantzazaleaz aparte, ia inork ez zuen dantzara lotu nahi. Horrela, azkoitiarrak eta azpeitiarrak sartzen hasi ziren taldean, eta horixe izan zen handik urte gutxira entseguak Azpeitian egiten hasteko arrazoietako bat.

Idazleak gure herrian


Luis Jauregi
(Errenteria 1896 - Zarautz 1971)

1896an Errenterian jaio zen Luis Jauregi, hogeigarren mendearen erdialdean Urrestillan Don Luis izenez ezagututako apaiza. Comillaseko jesuiten ikastetxean Teologia ikasi zuen 1921ean apaiztu aurretik, eta gero Zuzenbide Kanonikoko lizentziatura eta Teologiako doktoregoa lortu zituen.

Comillasen gerora euskal idazle eta eragile izango zen jendea aurkitu zuen. Giro hartan hasi zen Luis olerkiak idazten eta aldizkarietara bidaltzen. Jautarkol ezizenez sinatzen zituen olerkiak, Jauregitar Koldo izenaren silabekin osatutako hitzez.

Hainbat herritan ibili zen apaiz lanetan, eta aldi hartan euskaltzale sutsu bezala nabarmendu zen. Altzo Muinon aritu zenean, adibidez, kulturan eta politikan itzal handiko jendea elkartu zuen. Ospe handia lortu zuen euskal pizkundean, prentsan idazten zituen artikuluengatik, Ipuiak narrazio liburuagatik eta, bereziki, Biozkadak olerki bildumagatik. Anoetan apaiz zegoela, Bedoñan ospatutako Olerti Egunean lehenengo saria irabazi zuen 1935ean.

1936ko irailean matxinatuak Gipuzkoan sartu orduko, euskaltzaleen aurka ekin zioten gogor. Luisen lagun Martin Lekuona eta Jose Ariztimuño Aitzol apaizak fusilatu egin zituzten. Beste batzuk ihesi joan ziren erbestera. Anoetan gelditu zen Luis, politikan inoiz ibili gabea izanda, bakean utziko zutela pentsatuz. Preso hartu zuten, ordea, eta Tolosako Eskolapioetan giltzapetu. Hala ere, bere alde egin zuen apaiz karlista bati esker, aske utzi zuten.

Aratz-Mantximentara bidali zuten eliz agintari frankistek, han bere asmo euskaltzaleak ahaztuko zituelakoan. Hiru urte inguru pasatuta, Urrestillara aldatu zuten. Oso idatzi gutxi argitaratu zuen handik aurrera, frankistek olerkari bikainaren gogoa zapaltzea lortu zutelako, nonbait.

Aberaskume jitea zuela diote gure herrian, besteak beste, gutxik bezalako Guzzi motoa baitzeukan gerra osteko aldi hartan. Herrian guztiek zekiten euskaltzalea zela, eta, jakina, batzuek gogoko pertsona zuten arren, beste batzuek ez. Mexikon bizi zuen anaia, itxuraz oso antzekoa zena. Orduko bi urrestildarrek Azpeitian ikusi omen zuten behin, eta, Luis zela pentsatuta, harrituta gelditu ziren apaiza sotanarik gabe ikusita.

1958an Zarauzko moja karmeldarren komentura bidali zuten kapilau. Gogoko euskal giro gozoa topatu zuen Zarautzen, eta literatur lanean hasi zen berriro. Orduan itzuli zuen euskarara Camilo Jose Celaren La Familia de Pascual Duarte nobela, Paskual Duarteren sendia izenarekin.

Euskaltzaindiko Euskera aldizkarian artikuluak idazten zituen, eta 1965ean euskaltzain urgazle izendatu zuten. Zarautzen bertan hil zen euskal kulturaren pizkundean aparteko lekua merezi duen idazlea, 1971ko negu betean.

Ramon Etxezarreta
(Urrestilla, 1954)

Oso gaztetatik nabarmendu zen Ramon ekimen handiko pertsona bezala, kultura eta politikako alor ezberdinetan. Ia mutil koskorra zenetik, Urrestillan bertan mamitu zituen jarduera asko, baina Azpeitian ere ekintza bat baino gehiagotan izan zen partaide eta eragile.

Aita Erremon Boxke zuen, eta haren ezizena erabiliz, irratiz entzuten zituen Frantziako Tourreko etapen kronikak Ray Bosch ezizenez izenpetuta idazten hasi zen. Haiek gero Migeleneko tabernan jartzen zituen, nahi zuenak irakur zitzan.

1970eko hamarkadako erdialdean, Donostiako Diario Vasco egunkariko egoitzara joan zen, eskaintza bat egitera: Urrestillako kronika astean behin egingo zuen, egunkariko agintaritzak onartzen bazuen. Onartu egin zioten. Tourreko kroniketako Ray Bosch hura nolabait euskaratuz, Erraibotx ezizenez sinatzen zuen Urrestillako karta.

Francoren diktadura bukaerako garai haietan, kronikak erdara hutsean ziren arren, euskarazko esapideak txertatzen zituen Ramonek sarritan. Aldian behin euskal kultura eta politikako erreferentziak egiteko ere moldatzen zen. Erreferentzia horiek zirela eta, aste batzutan ez zioten kronikarik argitaratu.

Handik aurrerako urteetan, kultura eragile eta sortzaile ibilbide oparoa osatu zuen Ramonek. 1974an Urrestillako Txirrindulari Zale Taldea sortzen aritu zen, eta bera izan zen erakundeko arduradun nagusia. Urrestillako festa batzorde berrian ere aurreko puntan ibili zen.

Euskal kultura eta politika giroko jendearekin elkartu zen Donostian, unibertsitatean Filosofia eta Letrak ikasten ari zen garaian. Han ezagutu zituen Koldo Izagirre, Joxean Muñoz eta beste. Giro horretan sartzearen emaitza izan ziren literatura eta liburugintzan Ramonek egindako pausoak.

Hiztegigintzan, Hiztegi erotikoa ondu zuen 1980.eko hamarkadan, aldi hartan sona handia izan zuen bilduma. Haur eta helduentzako literaturako liburu eta liburuxkak euskaratzen aritu zen Etxezarreta gaztetako urte haietan hasita.

Halaxe argitaratu zituen Alfonso Rodriguez Castelaoren Betiko biak eta Gauzak, Kressman Taylor-en Ezezaguna helbide honetan eta Boris Vian-en Egunen aparra. Hindu erlijioak sexualitatea ulertzeko duen modu irekia adierazten duen Kama sutra ere euskaratu zuen, eta hautsak harrotu zituen orduan.

Bestalde, txirrindulari zale amorratua izanik, Marino Lejarreta, hamalau ahaleginetako poza kirol biografia idatzi zuen 1990.eko hamarkadan. Urrestillan lasterketa bat irabazi zuen gaztetan Marinok, eta orduan hasitako harremanaren errematea izan zen liburua.

Ramonen ibilbide politikoa ere luzea eta esanguratsua da, Euskadiko Ezkerra alderdian lehenengo, Euskadiko Alderdi Sozialistan gero. Azpeitian zinegotzi izan zen 1979tik 87ra. Ondoren, Donostiako alkateorde izan zen 1995etik 2007ra arte. Bere ibilbidean zehar, EITBko administrazioko kontseiluko kide ere izan zen bi legegintzalditan. Horietaz gain, lehenenengo Eusko Jaurlaritza sozialistako Hizkuntza Politikarako sailburuorde izendatu zuten 2009an.

Euskal komunikabideetan alor askotan hartu izan du parte Etxezarretak, eta lan horretan jarraitzen du gaur egun, bai ahozko hedabideetan eta bai idatzizkoetan ere.

Pako Aristi
(Urrestilla, 1963)

Irudimen handiko mutil bezala ezagutu genuen Azpeitiko Betharramdar fraileekin lehen ikasketak egin zituen garaian. Abila eta kementsua zen gainera, gainontzeko neska-mutilek egiten ez zituzten lanak egiten ausartzen baitzen Exemako Pakito. Esate baterako, Altunako presa gainean sugeak egoki harrapatzen zituen eta Gabonetan elizako koruan panderoa joaz organoari lagundu ere bai.

Garaitsu hartan hasi zen idazle izateko lehen pausoak ematen. Izeko Felik Olivetti idazmakina bat oparitu zien etxeko ilobei, eta harekin ekin zion Pakok etxetik urrun zituzten senitartekoei idazteari. Orduantxe sendotu zitzaion, ageri denez, hitzak uztartuz mezuak osatzeko joera.

Ondoren, Azpeitiko Batxilergo Institutuan sortutako ekimen bat baino gehiagotan hartu zuen parte, eragile bezala askotan. Beste kontu batzuen artean, Txardango folk taldea sortu zuen ikaskide batzuekin batera. Hiru kontzertu bakarrik eman zituzten, haietako bat Aratz-Errekan. Bestalde, Urrestillan elizako organoa jotzen hasia zen ordurako, eta elizan bertan organo kontzertua ere eskaini zuen.

Batxilergoa bukatuta, kazetaritza ikastera joan zen Leioako EHUaren egoitzara. Oso gaztetatik hasi zen Aristi prentsan kolaboratzen, elkarrizketak, erreportaiak eta iritzi artikuluak idatziz. Unibertsitateko ikasketak bukatu aurretik, hogei urte soilekin argitaratu zuen bere lehen eleberria: Kcappo, tempo di tremolo. Bernardo Atxaga idazleak aurkeztu zuen liburua prentsaren aurrean.

Kazetaritza ikasketak bukatuta, La Voz, Egin, Liberación, Diario Vasco, Euskaldunon Egunkaria, Berria, Euskadi Irratia eta Herri Irratian kolaboratu izan du, ETBn gidoilari eta tertulia kide izateaz gain. Gertakizun eta pertsonaia bitxien alderdirik harrigarrienak bilatzen saiatu izan da beti kazetaritzan, eta jokabide horri esker Rikardo Arregi Saria irabazi zuen bi urtez jarraian, 1992 eta 1993an.

Literaturan, berriz, genero asko landu izan ditu Pakok. Horixe erakusten digute Euskal kantagintza berria saiakerak, Kcappo, Irene, Krisalida eta Urregilearen orduak eleberriek, Auto-stopeko ipuinak bildumak, haur literaturako Martinello eta sei pirata eta Benetako lagunen aterbea bezalako liburuek, Castletown, Oherako hitzak eta Libreta horiko poemak poemarioek eta Gauza txikien liburua eta Note book sailkaezinek. Arte eszenikoen alorra ere urratu du azkenaldian, eta Euskaltzaindia-BBK antzerki saria eskuratu zuen 2008ko abenduan, Josu Dukatiren proposamena lanarekin.

Euskal literaturako egilerik emankorrenetako bat dugu Aristi gaur egun. Hasierako obretan sustraietatik jaiotako etorria zerion, euskal izaeraren dohainak eta miseriak azaleratzen zituen bere kontakizunetan. Gerora, gaiak txandakatzen eta aldatzen joan da, literatura genero batetik bestera ibili izan den neurri beretsuan.

Gero eta idazle aberatsagoa ageri zaigu Pako azken lanetan, fikzioan zein saiakeran, eta bilakaera horren erakusle izan zen Gauza txikien liburuarekin 2005ean Beterriko liburua saria irabazi izana. Gure bizimoduaren ajeak jorratzen ditu askotan, estilo landu eta irakurterrezean banan-banan arakatuta.

Bestalde, 1998an Mikel Markez lagunarekin batera emanaldi bereziak eskaintzeari ekin zion Pakok Euskal Herri osoan eta Hegoamerikako hiri batzuetan. Tribuaren hitz galduak emankizunarekin hasi ziren, Abiadura handiko urte baten kronika eginez jarraitu zuten gero, eta Tabuak saltsa berdean prestatu zituzten azkenik. Literatura eta musika egoki ezkondu izan dituzte herriz herriko ibilian.

Azkenaldian, literaturako tailerrak eta ikastaroak ere eskaintzen ditu Euskal Herrian zehar, idaztea eta irakurtzea atsegin duen jendeari baliabideak eskainiz. Horretaz gain, Berria egunkarian abuztuetan egunero iritzi artikulua argitaratzen aritu da hainbat urtez, eta estimazio handia izan du irakurleen artean. Horrexegatik, artikulu haietako batzuk hautatu eta bilduta, Udan lana egiten zuen gizona liburua argitaratu zuen Erein argitaletxeak 2007an.

Gure kulturaren kronika bat

Urrestillako kulturaren berri zehatza ematen du 1930eko abenduaren 10eko El día egunkari abertzalean Endaizu izenez sinatzen zuen norbaitek idatzitako gure herriko kronikak. Gerra Zibil aurreko giro euskaltzalean, euskara garbiaren aldeko batek idatzia dela kontuan hartuta, hala irakur daiteke Txabarrengo Joxe Urbistondok aurkitutako testuan:

Urrestilla
Ama Garbiaren Sorkunde eguna.

Benetan atsegingarri izan da egun au erri guztiarentzat, batez ere Luistar eta Maria’ren alabentzat. Goizean suziri eta "kanpai" soñuaren indarrak lo goxuan geundenak esnatu ginduzen. Zazpiretan egin zan Luistar eta Maria’ren alaben jaunartzea. Bosteundik gora giñan Aingeruen janaria artu genduanak. Erri ontako mutiltxoak eta Maria’ren alabak guztizko abesti ederrak entzun erazi zizkiguten. Zorionak oyeri, batez ere beren zuzendari Aristi’tar Donatori.
Meza nagusia. – Erriko Txandonburu jaunak itz garbi eta sakonarekin ederki adierazi zigun Ama Sortzez Garbia dala gure eta Josuren Ama dalako bitartekorik aundiena eta ziurrena, Jaungoikoaren aurrean.
Arratsaldeko elizkizunean. – Mendiola’tar Manuel Azpeitiko apaiz jaun gazte agurgarriak itz egin zuan. Aurreko bi egunetan bezela atsegingarri izan zaigu bere Euskera garbia eta egi aundiak entzutea. Elizkizuna bukatu zan Sortze garbiaren iduria Aingerutxuakin lagunduta eta "Euskal erriko seme zintzoak" abestuaz kaleetan eramanaz.
Antzerkia. – Erri hontako neska gazte lirain argiak A. Amundarain’en "Uste dinat" antzestu zuten. Lillulaturik eduki ginduzten berai begira. ¡Bai lilluraturik! ¿Nola ez bada? ¿Nork uste zuan Urrestillen orrelakorik? Nik ez beintzat. Zorionak zuei andere lirañak, jarrai biotzean daukazuten euskaltzaletasuna agertzen. Eskerrak zueri Azkue’tar Rafaela, Barrena’tar Josefa, Atxaga’tar Josefa eta gañerako laguntzalle guziai. Gure Gotzai jaun agurgarria ere ezdet uste asarratuko danik horrela irabazitako dirua artzen duanian. Eta mutillak ¿ez al degu ezer egin bear?

ENDAIZU