2. Librean

Kepa Urbieta

Nortasuna

Elizondoko jaialdian kantatu eta hurrengo egunean, Herri Urratsera joateko plana egin zuten Iñaki Murua, Jon Sarasua, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok. Eli-zondoko lanak egin zituzten eta bazkaltzera Amaiurrera joatea pentsatua zuten, hantxe lotan geratzeko. Autora bidean Sarasua jaialdiko kartel bat hormatik kentzen ikusi zuen Lizasok, baina ez zion garrantziarik eman. Hurrengo goizean Senperera bidean zihoazela:

—Gauza bat esan behar dizuet: ez diat nortasun agiririk ekarri, baina atzo kartela hartu nian.

—Horrek zertarako balio dik ba? –galdetu zion Liza-sok.

—Kartelean lauron izenak zaudek. Galdetzen badigute erakutsi eta esango zieat laugarren hau ni naizela.

Ez zuten kartelaren beharrik izan, ez zituzten-eta geratu. Senpera heldu zirenean Jon Sarasuaren anaia Aitor joan zitzaien.

—Kristorena egin diat.

—Zer?

—Ez nauk ba nortasun agiririk gabe etorri! –esan zion Aitorrek Joni.

—Izan ere, beti igual haiz, bat onik ez duk egiten!

Badaezpada, ez zion esan berak ere gauza bera egin zuela...

Denean ona

Goizean lan eginda, zapatu arratsaldeko siestan zegoen Jose Luis Gorrotxategi, hirurak aldean. Telefonoak jo zuen; beste aldetik Andoni Egaña hasi zitzaion hizketan:

—Zubietara joango al haiz bertsotara, Nafarroara?

—Noiz?

—Gaur.

—Gaur? Biok?

—Ez. [Angel] Larrañaga eta hi. Izan ere, ba al dakik zer pasatzen den? Sebastian [Lizaso] eta biok gintuan joatekoak, baina Errioxako bodega batean gaudek, eta horrela ez zagok joaterik. Joan zuek eta esan gu Errioxan gaudela. Bi saio izaten dituk: afalondoren bat eta gauean bestea, plazan. Gauekora azalduko garela esan.

—Zera azalduko zarete gauekora!

Abisua jasota abantatu ziren, neguaren erdian, eguraldi gorria zegoela. Garaje batean, agian, 250 gazte egongo ziren, Zubietan. Bertako eta Ituraingo gazteez osatuta. Hantxe zen afaria. Larrañaga eta Gorrotxategi sarreran geratu ziren, argi askorik ez zen lekuan. Dagoeneko afaltzen hasiak ziren gazteek begiratzen zuten bertsolariak zeuden lekura, marmarra ere ateratzen zuten, baina inor jaikitzen ez. Haiek Egaña eta Lizasoren zain zeuden. Halakoren batean neska bat hurbildu zitzaien:

—Kaixo, zuek bertsolariak al zarete?

—Bertsolariak bai, baina zuek nahi zenituztenak ez –erantzun zion Gorrotxategik.

—Izan ere, gu zain egon gara, baina azaltzen ez zirela ikusita afaltzen hastea pentsatu dugu –neskak.

—Egañak deitu digu Errioxako bodega batean daudela eta ezin dutela etorri esateko.

—Errioxan? Hona etortzekoak ziren-eta! Eta Sebas-tian?

—Ez dugu harekin hitz egin, baina han izango da.

—Beno, ba jarri eta afaldu egingo dugu.

Afaldu, kantatu eta egonaldia egin eta gero, neska bera hurbildu zitzaien gauean plazan kantatzeko ohitura zutela eta ea egingo al zuten galdezka, Egañak esan bezala. Atera ziren frontoitik plazarantz. Aurretik gazte kuadrila osoa, soinujoleekin. Eguraldi kaskarra zegoen, baina gazteei ez zitzaien askorik axola, nonbait. Plaza bete jende zegoen. Kioskoa bistaratu zuten, gerturatu eta haren ondoan, tente, Egaña:

—Baina zer egiten duk hik hemen? –galdetu zion Gorrotxategik.

—Esan ez diat ba etorriko nintzela.

—Eta Sebastian?

—Hura ez duk etorri.

—Eta hi nolatan?

—Esan diat etorriko nintzela.

—Sebastian non utzi duk?

—Utzi edo... Nola nahi duk esatea?

—Zer ba?

—Etxeko atearen parean utzi diat eta...

Saioa egin zutenean Larrañaga eta Gorrotxategi etxera abiatu ziren, eta Egaña han geratu zen.

Bertso parrandan

Bi urtez behin Bertso Parranda antolatzen du Azpeitiko Erniarraitz Bertsozale Elkarteak. Inguruko bertsolari ‘ez ofizialentzako’ aukera ederra eskaintzen duen lehiaketa da. Hirunakako taldeak osatu eta taldeen arteko saioak egiten dira Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Zestoako tabernetan. Onenentsuen ibili diren bi taldeek finala jokatzen dute edizio horretako txapelduna zein talde den erabakitzeko. 2006an, MAK taldea iritsi zen Azpeitiko Gazte-txean egin zen finalera: Haritz Etxeberria Ministro, Ander Urbieta eta Eneko Ibarguren Kurku ziren talde horretako partaideak. Kurkuk, ordea, Palestinara joana zelako, ezin zuen finalean parte hartu; haren ordez Iosu Oiartzabal Xenpelar aritu zen.

Finalaren aurretik afaltzera joan ziren bi taldeak. Ohi bezala jan eta edan zuten. Han zeudela, Urbieta komunerako jaiki zen, eta itzuli zenerako dezente denbora pasatu zen. Handik atera eta autora bidean, berriz, sakelakoa erori zitzaion, eta ez zen konturatu ere egin. Atze-tik zihoan Ministro eta berak jaso zuen inor konturatu gabe, eta zerbait gertatzen zela igartzen hasi zen. Urbietari heldu eta biak kotxe batean joango zirela esan zien Ministrok besteei. Gaztetxera bidean taberna batean geldialdia egin zuen bikoteak. Hasiera batean Minis-trok finalaz ahazteko eskatu zion, gaizki zegoela eta jendeak ulertuko zuela, baina Urbietak ezetz, kantatu egin nahi zuela. Kafe bana hartu eta, hobetoxeago zegoela ikusita, Ministro bera hasi zitzaion animoak ematen.

Gaztetxean jendea zain zegoen, baita taldekoak ere. Inortxok ere ez zekien gertatutakoa. Bertsolariak agurra kantatzen hasi ziren. Urbietak berea bota zuen, eta esertzeko buelta eman zuenean egundoko balantzak egiten hasi zen, Ministrok heldu zion arte. Oholtzatik jaitsi nahi zuen hura Ministrok, baina Urbietak horretarako ere indarrik ez zuen. “Eserlekuan jarri nuen. Ez zuen mugitu ere egin nahi. Joxe Felipe zegoen han, irakasle bat, eta hari eskatu nion laguntzeko. Kanpora atera zuten”. Bazi-tekeen Kurku joatean taldearekiko zuten konfiantza maila haustea eta babes falta sumatzea Urbietak, Ministrok uste duenez, nahiz eta Xenpelar laguna zuten.

Hala ere, badu meriturik Urbietak, hamar minutu geroago berriro oholtzara igo eta saio polita egin zuelako. “Apurua izan zen”, dio Ministrok.

Euskara irakasten

Bertso-antzerkia emanaldia antolatu zuten, Gaintzan. Uste baino jende gehiago joan zen bertara eta, ondorioz, trafikoan arazoak egon ziren. Gaintzako alkatea —emakumezkoa—, Sebastian Lizaso eta besteak afaltzen ari ziren lekura ertzain bat azaldu zen. Euskara ez zuen guztiz menperatzen:

—Alkatea ‘su sara’?

—Ez zakiat, nik ez zioat oraindik antzeman susaran dagoenik, baina hik jakingo duk –erantzun zion Lizasok.

Egundoko barreak egin zituzten denek, ezer ulertu ez zuen ertzainaren harridurarako.

Lehenengoa Txapelekin

Etumetan zegoen 16-17 urteko Joxe Lizaso, Manuel Olaizola Uztapide eta Akilino Izagirre Zepai azaldu zirenean. Goiatzen kantatzetik zetozen. Uztapidek ez zuen hitzik egin, eztarria itxita mutu geratu baitzen. Irunera joatekoa zen, baina egoera hartan ezin zuen kantatu. Beraz, ordezko bat behar zuen, Eusebio Eizmendi Txapel bakarrik ez uzteko. “Joxe, hik joan beharko duk ba”. Entzun zuena ezin sinetsita geratu zen Lizaso. Azaldu zitzaion, ordea, Txapel bere bila. Donostiara trenez joan eta topoa hartuta joan zen herritik kanpoko lehenengo saioa egitera Lizaso. “Txapel zenarekin...”

Loidi-Saletxe ‘Goenkale’-n

Juan Jose Loidi-Saletxe ia aktore egin zen behin. Ez, horrenbesteraino ez, baina alabak hartu zuen pozak ia bihurtu zuen. Alaba txikia zen artean. 1995eko Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finala izatekoa zen, asteburuan. Loidi-Saletxe sailkatuta zegoen. Astean zehar, familia etxean Goenkale ikusten ari zen, eta pasadizoren batean aktoreetako bat bertsotan hasi zen. Orduan, beste aktore batek esan zion:

—Hi bertsotan? Hau duk Loidi-Saletxe hau!

Alabak hura entzun orduko:

—Aita, ezagutzen zaitu! Ezagutzen zaitu!

Alabaren ilusioa! Aktoreak aita benetan ezagutzen zuela sinetsita zegoen. “Aktoreak ni ezagutzeak txapelketako sariak baino gehiago balio zuen alabarentzako”.

Lazkao Txikiren presak

San Inazio egun batean Aretxabaletako elkarte batean kantatu zuten Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki eta Jose Luis Gorrotxategik. Bukatu bezain pronto atera ziren elkartetik, Lazkao Txikik etxeratzeko presa zuelako. Treneko geltokia zenaren aparkalekuan zuten biek ere kotxea utzita. Hara bidean Gorrotxategi norbaitekin hizketan geratu zen une batez. Nahikoa denbora Lazkao Txiki galtzeko. Kotxera iritsi zen Gorrotxategi eta lagunarena oraindik han zegoela ikusi zuen. Agurtzeko zain egotea pentsatu zuen, baina hura azaltzen ez eta joatea pentsatu zuen. Bazihoala, han ikusten du Lazkao Txiki Laja eta Landakanda trikitilarien atzetik, ume pila baten artean.

—Nora hoa, Joxe Migel?

—Buelta bat emango diat hauekin.

—Bale, egongo gaituk.

—Bai. Hi, ondo pasatu saninaziyuek!

Halaxe agurtu zuen presaka zebilen gizona Gorrotxa-tegik. Hurrengo egunean, abuztuaren 1ean, Azpeitiko zezen-plazan zezenak ikustera joan zen Gorrotxategi. Aurrean bi matrimonio zituen, eta haiek:

—Atzo zer moduz gure herrian?

—Zer, Aretxabaletakoak al zarete ba? –Gorrotxategik.

—Bai.

—Ederki pasatu genuen.

—Zer egin zenuen gero?

—Bazkaria bukatu zenean joan egin nintzen.

—Izan ere, Lazkao Txiki han geratu zen.

—Bai. Ikusi nuen soinujoleen atzetik ume batzuen artean nola geratu zen –Gorrotxategik.

—Baina gauean berandu ere bai, eh!...

—Ah, bai?

—Zuek bazkaldu zenuten elkartean afaldu behar ge-nuen geuk ere, baina ogia falta zitzaigun. Senarra tabernara joan zen ogi bila eta han zegoen Lazkao Txiki, mostradorean, andre mordo bat bueltan zuela, txiste berdeak kontatzen.

Arratsaldeko lauretan etxera joan behar zuela esaten hasi zena, gaueko hamarretan oraindik han zegoen, Are-txabaletan.

Sua ala ‘sue’?

Beste batzuen artean, Altzon izan ziren afaritan Lazkao Txiki eta Sebastian Lizaso, San Inazio bezpera batean. Azpeitiarra iristerako euskararen inguruko eztabaidan ari ziren Lazkao Txiki-eta. Afaria bukatu, eta kafearen garaian purua piztu nahi zuen Lizasok:

—Hi, Gaztelu, eman iezadak sua. –Lizasok Imanol Lazkanori.

—Zuek nola esaten duzue: ‘sua’ ala ‘sue’? –Lazkao Txikik, eztabaidarako beste adar baten bila.

—’Poxpoluek’! –erantzun zion Lizasok.

Gasteiz

Gasteizek lehen bazuen parrandarako sona ikasleen artean. Bat baino gehiagok unibertsitateko ikasketak han egitea erabaki zuen eta, bitartean, parrandak aprobetxatu. Edo bat baino gehiagok parrandak Gasteizen egitea erabaki zuen eta, bitartean, ikasketak egiteko aprobetxatu. Ez baita gauza bera. Bertsolaritzan ere halako zerbait gertatuko da. Agian. Bat baino gehiago hasiko zen bertsotan bizitza parranderoak erakarrita. Atzeraurreraka ere bai: makina bat parrandero hasiko ziren bertsotan... Kontua da Gasteizen bertsolari asko elkartu zirela ikastera joanda. Haietako bat, Urko Egaña.

Astelehenero bospasei bertsolarik, “gutxienez”, Gasteizko parte zaharreko taberna batean ogitartekoa afaltzen zuten, bertso eskolatik bueltan. 21:30ean hasi eta 12:30ak arte. Sekulakoa omen zen lagunarte horretan egotea eta behartu gabe kantatzea. “Ikasi gutxi egin genuen, baina ugari gozatu”, Egañak.

Gaizkileen artean zeuden: Urko Egaña bera, Ander Lizarralde, Egoitz Zelaia, Manex Agirre, Xabi Paia, Rikardo Gonzalez Durana, Ruben Sanchez, Iñigo Izagirre...

Kupela, kupela, sagardoen...

Errenterian Xenpelar sariketa izaten da, abenduan. Egiluze sagardotegian egiten da dena, afaldu eta kantatu. Afaltzen sagardoa mahaira atera ohi dute, baina kupelak zabalik egoten dira. Behin Iban Urdangarin eta Beñat Lizaso joan ziren. Denak mahaian zeudela, biak jaiki eta kupeletara joan ziren. Han zeudela, eraso egin zioten elkarri; jakina, bertsotan. Elkarri handiak esaten, gustura. Konturatzerako sariketa hasteko garaia heldu zen. “Guk ez kafe, ez kopa, ez ezer. Ezer hartzeko denborarik ez genuen izan”, dio Lizasok. Ez, ez zuten astirik izan mahaian ezer hartzeko, baina agurreko bertsoa belarrian purua, eskubiko eskuan kafe katilua eta ezkerrekoan kopa zutela kantatu zuten.

Entzule deserosoa

Entzulerik okerrena, gehien epaitzen duena, bertsolaria izan ohi dela esaten da. Joxe Agirreri, behintzat, ez zaio gustatzen entzuleen artean bertsolariak ikustea, kezka ematen dio, eta bera entzule gisa joaten denetan diskretu pasatzen saiatzen da.

Behin Errezilen, besteak beste, Jon Azpillagak kantatu behar zuen. Agirrek zerbait esan behar zion, eta hara joatea pentsatu zuen, bide batez bertsoak entzungo zituela-eta. Bazter batean ezkutuan egon zen saioa bukatu arte. Orduan, abiatu zen Azpillagarengana.

—Gabon!

—Ene! Hemen al zinen? –Azpillagak.

—Bai, hortxe egon naiz bazterrean.

—Eskerrak ikusi ez zaitudan, Joxe; bestela, urduri jarriko nintzen.

—Propio jarri naiz hor.

Itxura denez, Azpillagak ere nahiago du bertsolaria alboan aurrean baino.

Ur bedeinkatua

Abendua zen, eta Erratzun bertso afarian zegoen Sebas-tian Lizaso. Jendearen harridurarako, ura edaten ari zen.

—Nola litekek ura edan? Horrek ez dik bertsotan laguntzen! –esan zion batek.

—Bertsotan ez, baina etxera itzultzen bai! –erantzun zion Lizasok.

Laguna

Oso ezberdina da elkarte batean afaritan kantatzea edo txapelketan kantatzea. Epaituaren paperetik aritzeak aparteko tentsioa dakar. Eta tentsioak, maniak: jertse zehatz bat janztea, poltsikodun prakak, kantatu behar den lekuan ohi baino lehenago egotea, bakarrik egotea, dena antolatuta edukitzea... “Fetxitismoak”, deitzen dio Haritz Etxeberria Ministro-k, eta bertsolari bakoitzak bereak dituela esaten du. “Jokinek [Urangak] modu batera jokatuko du eta, adibidez, Beñatek [Lizasok]... Beno, Beñati ez dago igartzerik”.

Ministrok Urangarenak ederki ezagutzen ditu, txapelketetako saioetara laguntzen baitio. Behin, huts egin zuen. Bergaran kantatu behar zuen Urangak, beste lagun batekin zihoan autoan, eta Ministrori deitu zion —hau han zen—.

—Mini, ez zakiat non aparkatu autoa!

Kotxe barruan elkarri “ostiaka” ari zirela akordatzen da Ministro. Autoarena konpondu zutenean, medikuak emandako pilulak hartu edo ez zen arazoa. Jendeak Urangari ez hartzeko esaten zion, kalte egingo ziola saiorako. Urangak, berriz, hartu beharra zuela... Minis-trok lasai hartzeko esan zion arte, orduantxe hasi zen lasaitzen.

Ministrok laguna lasaitzeko bere errezetak ditu: “Bakoitzarekin era batera edo bestera jokatu behar da. Batzuei kontra egin behar zaie, nolako paketea den esan motibatzeko. Jokini eguna antolatzea gustatzen zaio. Nik esaten diot lasai egoteko, eramango dudala leku hartara, autoa aparkatuko dugula halako lekutan, non bazkalduko dugun, saioa izango den lekuan utziko dudala halako ordutan... Horrek lasaitzen du Jokin. Zeure buruari konfiantza ematea da, azken batean”.

Eta Urangak, aldiz, egiten duen lanagatik asko eskertzen dio Ministrori: “Bai, eta Ministro horretan onena da! Bezperatik egun osoa antolatu beharra dago eta ahal diren erraztasun handienekin antolatu behar da kontzentrazioa mantentzeko. Egia da, txapelketako saioetan joan eta kantatzeaz baino ez naiz arduratzen. Aparka-tzen pakete hutsa naiz. Gainontzeko guztia Ministroren esku uzten dut. Bergarako hartan konturatu nintzen zein garrantzitsua den lasai egoteko eta guztiaz ahazteko esango dizun norbait edukitzea. Nire ardura bakarra 15 bertso on botatzea dela esaten dizuna. Halako lagun bat kentzea lasterkari bati hanka bat moztea bezalakoa da”.

Etxeko plazan

Ohitura aldaketek garesti irteten dute. Garestia, ordea, ona ere izan daiteke. Ume bat “guztiz hondatu” zuela dio Juan Jose Loidi-Saletxek. Amak eraman ohi zuen alaba ohera. Ipuin txiki bat-edo kontatu eta lo segituan hartzen zuenetakoa zen. Behin Loidi-Saletxek oheratu zuen. Nonbait, amak bezala ez zuen asmatzen, eta ezin umea lokartu. Zer bururatuko bertsotan hastea ez bazen? Umeari gustatu egin zitzaion, eta hurrengo egunean zioen aita behar zuela oheratzeko, eta hurrengoan ere bai, eta hurrengoan... Bertsorik kantatu gabe batere lo egiten ez zuela geratu zen alaba. “Denbora askoan, gainera. Ez zitzaion berehalakoan ahaztu! Adar-jotzea azkenik norberarentzako!”. Plaza asko egindakoa da Loidi-Saletxe etxean...

Poto?

Loidi-Saletxeneko Francisco Mari Eizmendi Begi-haundi “artista” bezala definitzen du Xabier Euzkitzek. Bertso-tan ikaragarri esaten duen horietakoa. Hori bai, poto ugarirekin. ‘Dittuk’-ekin hasten bada, dena ‘dittuk’-ekin errimatzen duena. “Ikusita nago Imanol Lazkano harekin erabat ezinean. Jakina, Lazkanori akats bat bera ere ez zaio barkatzen; Begi-haundiri, berriz, denak. Azkar esaten du eta, gainera, asko”. Behin esne saltzailea-ren doinuan ari zela, “dena poto egiten, Mitxelena bezala”, bota zuen bertsoa eta isildu zen:

.... zelebrekeri latzak gertatuak dittuk, berriz ere honuntza etortzen badittuk kristorenak hartuta bueltatuko dittuk.

—Hi, doinu horrek errepikapena dik, eh! –esan zioten Euzkitzek-eta, eta Begi-haundik erantzun:

—Zer, poto egiteko?

Mitxelenaren gustuak

Uztailaren 18a zen, Oiartzunen Arragun festak ziren, garai hartan ezagunak, eta Joxe Joakin Mitxelenak eta Jose Luis Gorrotxategik kantatu behar zuten. Minifalda agertu berria zen garai haietan, eta ordura arte emakume gutxik erabiltzen zuen.

Bazkaltzen ari zirela wolksvagen eskarabajo bat heldu zen. Bi metro luzeko bikote batek irten zuen bertatik, eta eurekin batera neska gazte eta polit batzuek. Tartean bat gona motz-motzarekin. Denak, ari begira, Gorrotxategi ere bai; Mitxelena bizkarra emanda zegoen, ordea. Alboko mahaitik Mitxelenaren lagun erdaldun batek honi esan zion:

—Joakin, mira atrás!

—¿Por qué?

—Mira que hermosura.

Poliki-poliki bueltatu zen, ikusi zuen neska hori eta:

—Eso, ¿hermosura? Yo a una abuela de 80 años le llamo ‘hermosura’. ¡A eso le llamo ‘basura’!

Kanturako nago ni

1960ko Santo Tomas eguna zen, eta Azpeitian bertsolariak, urtero bezala: Manuel Olaizola Uztapide, Iñaki Eizmendi Basarri, Joxe Lizaso eta Joxe Agirre. Gaiak ematen, berriz, Etxaniz, Sindikatu Zaharreko arduradun, langile eta factotum txikia/handia. Bertsolariei puntuak jartzen ere bera zen, Joxe Mari Iriondok gogoratzen duenez eta... puntuak kantatu ez, baina irakurtzen hasi zitzaien, ohi ez den bezala.

—Ez, ez; puntuak kantatu egin behar dira, kantatu! –esan zioten bertsolariek.

—Ez, kantatu zeuok, horretarako kobratzen duzue-eta –erantzun Etxanizek.

Apaizac ‘okerro’

Elizan meza garaian oraindik ere kantatzen dute bertsolariek. Guztiek ez, ordea. Xabier Amurizak ez, “apaiza izandakoa izan arren”. Errenteriako Zamarbidera Amuriza eta Joxe Agirre joan ziren, Aita Agirretxe errezildarra zenak deituta. Meza garaian Agirrek baino ez zuen abestu, Amurizak ezezkoa emanda. Hau kanpoan egon zen, bukatu artean. Elizatik ateratzean salda-eta eman zieten han bildutakoei, gero berriro elizara sartzeko, bertsotan hasi behar baitzuten Amurizak eta Agirrek. Aita Agirretxe hurbildu zitzaion Orandakoari, Agirreri:

—Aizu, ez ezazu Amuriza zirika; horrek izugarriak botako ditu, bestela.

“Beldurtuta zegoen apaiza izandakoak egundokoak botako ote zituen. Ba al dakizu zer egin zuen beste batean? Nire andrea zenaren hiletetara etorri Bizkaiko puntatik Amuriza eta ez omen zen elizara sartu!”, dio Agirrek.

Pronostikoak

“Ondoko gelan dagoen bat 10 urte baino lehen Euskal Herriko bertsolaririk onenetakoa izango da”. Iñaki Goi-koetxea jesuita eta Loiolako Ikastolako irakaslea zenak bota zuen pronostikoa.

Bota, eta asmatu. Xabier Euzkitzez ari zen.

Euskaltzale eta abertzale purua zen Aita Goikoetxea. Gernikako bonbardaketaz egundoko azalpenak eman zizkien bere ikasleei —tartean, Euzkitzeri—, eta ondoren bakoitzak bonbardaketari buruz zerbait egiteko eskatu zien, nahi zutena. Euzkitzek hiruzpalau bertso egin zituen. Orduan izan zen Aita Goikoetxeak aldameneko gelara joan eta pronostikoa bota zuen unea. Euzki-tzek lagunen bitartez jakin zuen hori, Aita Goikoetxeak ez baitzion ezertxo ere esan.

Harrezkero, ikaragarri begiko hartu zuen hark Euzki-tze. Ikastolan hilean behin meza izan ohi zen. Sermoian zer esan nahi zuen pare bat egun lehenago azaltzen zion Euzkitzeri, honek bertsoak idatzi zitzan, eta elizan sermoien ordez honen bertsoak kantatzen ziren.

Elizatik plazarako jauzia berehalaxe egin zuen Euzkitzek. Eusebio Larrañaga garai hartan Ikastolako zuzendaria zenak deitu zion telefonoz:

—Xabier, Eusebio nauk.

—Zer pasatu da? Zer egin dut? –zuzendariak deitu ziolako beldurrez.

—Ezer ere ez. Gaur badakik, errege bezpera duk, eta Azpeitian kabalgata zagok. Bukatzean hik bertsoak botatzea nahi diagu.

—Zuk zer uste duzu? Nik ez dakit bertsotan! Idatzi egiten dut baina...

—Bai, baina oraindik ordu eta erdi badituk idatzi eta buruz ikasteko. Denbora badaukak.

Ezezkorik emateko aukerarik ez zion eman. Segituan hasi zen Euzkitze hiru bertso idazten, zortziko txikian. Garai hartan Azkoitian bizi zen, eta Azpeitirako bidean ikasi zituen bertsoak, autobusean.

Halako batean heldu ziren erregeak Azpeitiko kioskora. Plaza, ume eta gurasoz beteta zegoen. Euzkitze, be-rriz, dardara batean. Udaletxeko balkoira atera eta hasi zen bertsotan. Lehenengoa kurioso bota zuen. Hurren-goan ari zela, berriz, bigarren puntuan azkena zena bota zuen. Konturatu orduko, plaza gainezka zegoela, bertso erdi-erdian geratu egin zen. “Gerora horrelako okerrak makina bat konpondu ditugu, baina orduan ez nintzen kapaz”.

Natural samar erreakzionatu zuen gerora plaza-gizona izango zenak:

—Ni honetan berri samarra naiz eta barkatu beharko didazue –esan zion jendeari.

Hori esan, atzeko patrikatik papera atera eta hiru bertsoak tapa-tapa bota zituen, irakurrita. Sekula horrelako txalo zaparradarik ez omen du gehiago jaso Euzkitzek bertsoengatik.

.12 urte besterik ez zituen hori egin zuenean.

Sorginkeriak

2007ko Gipuzkoako Txapelketako lehen kanporaketa Ataunen kantatu behar zuen Jokin Urangak. Ohartze-rako eta, horretara jarri gabe, astebete falta zela agurra prestatuta zeukan. “Bertsoak baditu halako sorginkeriak...”, esaten du hark.

Haritz Etxeberria Ministro-k ere aitortzen du bolada batean saiatu zela saioa hasi aurretik agurrik ez prestatzen, “bukaera-edo pentsatuta igotzen”, baina, nahi gabe, oholtzara igo aurretik bertso osoa egina izaten zuen.

Despistea

Bertsoa kantatzetik eseri zen Jose Luis Gorrotxategi. Aulkian jarri zenean, bertsoa errepasatzen hasi zen eta ez zitzaion zuzen ateratzen. Jon Azpillaga zeukan alboan, eta honi zerbait gaizki egin al zuen galdetu zion. Hark ezetz; bera behintzat, ez zela konturatu.

Gorrotxategik dio saio hura grabatu izan balitz ikusi ahalko litzatekeela nola lau puntuko bertsoan bi errima erabili zituen: aurreneko bietan bat eta azkeneko bietan beste bat. Bertsoa goitik behera kantatu zuela badaki, geratu gabe, baina despistatuta laurek elkarrekin errimatu ez zituela uste du.

Hastapenak

Honek egiten dik eta nik ere egin behar diat. Horrela hasitakoa da bertsotan Joxe Lizaso. Anaia kenduta, haien etxean bertsotan aritu den beste inor ez du ezagutu. Anaia, gainera, bera baino hobea zela dio Joxek, baina “lotsagabeena” izateagatik-edo egin duela aurrera be-rak, Joxek. Lagunartean hasitako bertsolaria dela garbi du eta, hori ikusirik, bertsolari izatea berez etortzen den zerbait dela esaten du.

Aberasteko manerak

Hurbil eta urruti. Baserria eta Extremadura. Bata zein bestea ezagutu ditu Urko Egañaren hastapenetako bertsoak. Manuel Olaizola Uztapide-ren lehengusu Arruko Nazario bizi zen baserrian —“liburuetan agertzen ez den hirugarren bertsolaria”—. Uztapide eta Iñaki Eizmendi Basarri bertsotan baldin baziren, hirugarrena Nazario izaten zela dio Egañak. Zestoa, Zumaia, Zarautz eta inguru horietan kantatzen zuen Nazariok. Egañaren aitaren aldetik lehengusu baten senarra zen. “Han egoten zen bere lepoko zapi koloretsuarekin. Harekin hasi nintzen bertsotan 6-7 urte nituela”.

Extremadurakoa, amaren lehengusu baten senarra zen. Udara oro hilabete pasatzera joaten ziren hara, eta hark ere bertsoa kantatzeko eskatzen zion Egañari:

—Ven aquí, Urko. Si me cantas un verso te daré cinco duros.

Ez omen zen diruz aberastera iritsi, baina kantuan zoriontsu zen.

Hanka-sartzea

Goraino beteta zegoen Bermeon Artza pilotalekua, eta han kantatu zuten, besteak beste, Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki-k, Sebastian Lizasok eta Xabier Euzkitzek. Lazkao Txiki azken agurra kantatzen ari zela nahastu egin zen: “...beste bat arte bertsozaleak, beste bat arte Ondarru, ea holaxe elkartzen geran, urtebete barru”. Jendeak algara batean erantzun zion bertsoari, baita gainontzeko bertsolariek ere. Lazkao Txiki, berriz, galduta geratu zen agur serioa bota eta jendea barrez ikusi zuelako. Lizasok orduan hari:

—Zer esan duk? Hau Lekeitio ez duk ba! –oraindik eta gehiago nahastu nahian.

Euzkitzek gertatutakoa kontatu arte Lazkao Txiki ez zen egindakoaz ohartu. Akatsa zuzentzeko, agurreko bertso guztiak bukatu zirenean beste bertso bat kantatu zuen, bermeotarrei barkamena eskatuz, eta hurrengo urteko saioan, hasierako agurrekoan, berriro eskatu zien barkamena.

Ahaztezina ahaztu

Ari zen bezala zerekin ari zen ahaztu! Horrelakorik ere gertatu izan da. Bittor Loidi-Saletxek dio euren anaia Juan Joxeri gertatu zitzaiola: “Gure horrek kontatzen du bertsotan ari zela errima ahaztu zitzaiola. Igual, dezagun-ekin hasi bazen, ahaztu zerekin hasi zen, eta gero zurekin bukatu”.

—Xabier Euzkitze: Potorik ez zuen egingo!

—Loidi-Saletxe: Ez, baina ez du ederra izan behar.

Koplari aberatsa

Lagun bat, anaia Bixente eta Sebastian Lizaso santa eskera atera ziren. Lizasok 10 urte zituen, baina kopla guztiak ez zekizkien alferrik ordurako. Batek soinua jo, besteak poltsa pasatu eta Lizasok kantatu egiten zuen. Oraindik ere gogoan du Azpeitian Landeta auzoko okindegira joan eta jabeak kopla guzti-guztiak nola kantarazi zizkion. Ordainetan, halakorik inork egiten ez zuelako, garai hartako 20 duro eman zizkien.

Birjinitatea galdu

Orain ere gordeko ditu batzuk, ez da komeni denak aireratzea, baina gaztetan bazuen bat ondo ezkutatua Ima-nol Lazkanok. Sekretuak zituen. Bertsotarako grina izan du gaztetatik. Azpeitiko plazan —batik bat, Santo Tomas festetan—, punta-puntako bertsolariak egon ohi ziren Lazkanoren gazte denboran. Kuadrilan inor zalea ez eta bakar-bakarrik joaten zen bertsoak entzutera. “Gehienetan, gainera, han kantatutako bertsoak buruz ikasten nituen; oraindik ere gogoan ditut batzuk”.

Santa eskearen inguruan sortzen zen giroak ere erakartzen zuen Lazkano: jendea bertsolariak noiz etorriko eta zer kantatuko etxeetan zain egoteak; etxeetako bizikideen berri jakin beharrak; bertsolariek guztien berri jakiteko egin behar zuten ariketa mentalak; lehenengo ‘egunon’ kantatzeak, gero santa eskeko pare bat bertso, eta ondoren etxeko bakoitzari banan-banan errepasoa emateak; txaskarrilo ugari kantatzeak... “Orain futbolak be-zala”, kontu asko sortzen zituen ohitura zen: halako bertsolarik halako etxean ez zuela egoki jardun, baina beste hartako etxean asmatu zuela... Bazen, ordea, Lazkanori gustatzen ez zitzaion zerbait: papereko bertsoak ikasi eta haiek kantatzen ibiltzea. Hain justu, bere lagunek egiten zutena.

Lazkanok garbi zuen bat-bateko bertsoak kantatuko zituela santa eskean aterako bazen. Zaletasuna nola sekretua zen, lagunen gonbiteei ezezkoa ematen zien ondorioz. “Gaur arte ez dut ulertzen zergatik egin nuen, zergatik kasketa hori”.

Eizmendineko Sabin zen Lazkanoren lagunartean santa eskeko 30 bertso buruz zekizkiena eta, hargatik, kantatzeko ardura hartzen zuena. Urteekin karguaz nekatzen hasita zegoen. 13 urte izango zituen Lazkanok lagunei esan zienean: “Aurten irtengo naiz, baina baldintza batekin: koplari ni izango naiz”.

Eizmendik gustura utzi zion lekukoa. Hurrengo egunean, han azaldu zitzaion Lazkanori 30 bertsoak txukun-txukun paper batean idatzita, egon daitekeen borondaterik onenarekin egina. Lazkanok, harrokeriz, lagunen aurrean paperak txikitu egin zituen. “Ondradu jarri zen Eizmendi!”, dio Lazkanok. Eta ulertzekoa zen haren eta lagunen erreakzioa. “Eta orain zer egin behar dugu?”; larriturik zeuden, Lazkanok lasaitu zituen arte. Orduantxe, birjinitatea galduz, lagun bakoitzari zortzina bertso bota zizkion, bat-batean.

Mikrofonoa

Ezberdina da bertso eskolan bertsotan aritzea edo jendaurrean aritzea. Saltoa ikaragarria da. Horren jabe dira bertsolari hasiberri guztiak, eta beteranoak ere bai, jakina. Juan Jose Loidi-Saletxek ondo aski daki.

Egurrez egindako mikrofono tankerako bat eskutan zeramala azaldu zen Loidi-Saletxe bertso eskolara. “Ma-kina bati tripako mina jarri zitzaion haren aurrean abestu behar zuela jakitean”, dio berak.

Izan ere, antzeko egoera batean jartzeak mesede egingo ziela pentsatuta egiten zuen hori Loidi-Saletxek. Eta hara non ikusi zuen ikasleek plazetan hartzen diren jokaera berak hartu zituztela. “Inor ez da bertsotan hasiko mikrofono hori aho parean ondo kokatu gabe. Inork ez du mikrofonoaren parera eztula egingo; burua albo batera jiratzen dute”, esaten du Loidi-Saletxek.

Ezustekoa

Hain gizon handia, serioa eta errespetuzkoa ematen zuenarekin ikaragarri harrituta geratu zen Xabier Euzkitze: Iñaki Eizmendi Basarri-rekin, alegia.

Lapurdira joan ziren Martin Treku Mattin-en omenaldira Jose Luis Gorrotxategi, Basarri eta Euzkitze. Egun-pasa polita egin zuten, eta Basarri umore ederrean zebilen. Lapurdiko eta Gipuzkoako lurren arteko mugan Espainiako Poliziak hirukotea geldiarazi egin zuen. Gorrotxategik zabaldu zuen leihoa; haren aldamenean Basarri zegoen eta Euzkitze atzean. Halako batean, Basarrik burua pixka bat jaitsi eta bibotedun polizia bat ikusi zuen: “Buenos días, señor bigotes”, agurtu zuen. Gorrotxategik eta Euzkitzek estuasun handi samarra pasatu zuten abiatzen utzi bitartean:

—Zer, Iñaki? –galdetu zioten Basarriri.

—Zepaik behin halaxe erantzun zion beste bati, eta horrek ere ez al zituen ba biboteak?

Noizko egin!

Bertso-pilota egitekoak ziren Azpeitian Aratz-Errekan, eta Leire Ostolazari eta Beñat Lizasori deitu zieten bertsotan egiteko. Eguerdiko hamabietarako egon behar zuten bertan. Eguna heltzean ordurako azaldu ziren biak. Megafonorik ez zegoela-eta bertso-pilotarik ez zuten egin. Bazkalondoren kantatzekotan geratu ziren.

Bazkaldu zutenean museko partidak iritsi ziren. Hargatik, ezingo zutela kantatu esan zieten, afalondoren egin beharko zutela. Hori ere onartu zuten. Gainera, muserako lagun bat behar zutela-eta animatu zen Lizaso parte hartzera. Afari legea egin zutenean hasi ziren bertsotan. Inork kasurik ez zien egiten. Inor isildu ezean eurak isildu ziren, eta hartan utzi zuten bertsotan egiteko saiakera guztia. Trikitilariei eman zieten txanda.

Goizeko hiruretan bertako bat hasi zen bertsotan. Ostolazak eta Lizasok jarraitu zioten, eta orduantxe hasi zuten bertso saioa, eguerdiko hamabietarako joanda!

Lagunarteko txapelketa

Lagunarteko txapelketa jokatu zuten Joxe Usabiaga Zamarbide zenak eta Andoni Egañak, Millan Telleriaren eta Sebastian Lizasoren aurka, Añorgako sagardotegian. Sagardotegiko alabak bideo kamera batez grabatu zuen. Aurreneko bikoteak irabazi zuen. Horra arte, dena ondo.

Irabazle bien artetik garaile bat atera behar zela-eta, elkarren artean lehiatu ziren Egaña eta Zamarbide, desenpatea egiteko. Ordurako, Zamarbidek ura ere mozkortuko zuen. Kamera eusten zuen tripodearen heldulekuak bazuen zerbait biribila eta gorria. Egañak hura hartu eta, mikrofonoa balitz bezala, probak egiten hasi zen: mikrofonoari kolpe txiki batzuk eman, “bai?; bai?; entzuten al da?”, esan... Ondo zebilela ziurtatuta hasi zen kantuan.

Zamarbideren txanda iritsi zen. Hartu zuen mikrofonoa. Jesusen builak atera zituen, baina alferrik. Guztiz haserretu eta Egañaren alde jarri izana leporatu zien Lizasori eta lagunei: “Faena egiten ari gatzaizkiola esaten zuen”, dio Lizasok.

Sineskeriak

Bitxia da jendeak nola ikusten zituen gauzak telebistan bertso saioak agertzen hasi ziren garai hartan. Oñatin izan zen Laxaro Azkune saio batean gaiak jartzen. Buka-tutakoan bertso zale batek galdetu zion:

—Noiz botako duzue saio hau telebistan?

—Ez zakiat, hori telebistakoekin hitz egin beharko duk. Nik irratikoa esango diat, baina telebistako berririk ez zakiat.

—Ez, jakin gabe! Bertan agertzen haiz-eta ia astero –besteak, sinesgaitz. Harentzat Azkune telebistan agertzen zenez, telebistan egiten zuen lana. Ez zuen sinesten ezetz esanda ere.

Kontrolatuta

Apotza auzoan, Eskoriatzan, geratu ziren Jon Azpilla-ga, Gregorio Larrañaga Mañukorta eta Jose Luis Gorrotxategi, ostiralez, afaltzeko. Gorrotxategi iristerako ordubete lehenagotik han zeuden beste biak baratxuri zopa ederra eta odolkia janda, botila ardorekin lagunduta. Botila hutsik ordurako. Afaltzeaz bukatu zuten eta etxera joateko ordua iritsi zitzaienean erretiratzen hasi ziren. Mañukorta eta Azpillaga sartu ziren kotxean eta joan ziren. Gorrotxategi bost bat minutu geroago atera zen.

Apotza eta Eskoriatza arteko bidegurutzera iritsi zenean, hara non ikusten duen kotxe batek Apotzarako bidea hartzen duela, ziztu bizian. Atzetik, Ertzaintza. Aurrera jarraitu zuen Gorrotxategik, eta halaxe zen: Ertzaintzaren kontrola. Ez zuten geratu, gaitzerdi, eta poliki-poliki pasatu zen lagunak geratu zituzten ikusteko. Haiek ere ez.

Igandea heldu zen eta Azpillagarekin batera bertsotan egitekoa zen Gorrotxategi. Ez zuen askorik usteko zer entzutera zihoan. Orduan jakin zuen zer gertatu zitzaien ostiral ilunarte hartan: ikusi zuten kontrola, buelta eman eta atzera Apotzara abiatu ziren. Ertzainak akordatu, eta atzetik jarraitu zieten, harrapatu arte:

—Zer gertatzen da? –ertzainak.

—Bertsotan izan gara Apotzan eta jertsea ahaztu zait –Mañukorta kopilotoak erantzun.

—Ba al dakizue zer egin duzuen? Gu ikusita ihes egin! Eta jertse bila diozu? Hara! Segi aurrera eta ez azaldu hemendik, entzun?!

Azpillagak Gorrotxategiri azalpenak ematen jarraitzen zuen:

—Han goitik, Apotzako aparkalekutik, ertzainen kontrola ederki asko ikusten zen. Goizeko bostetan kendu zuten.

—Bostetan? Eta zer egin zenuten bitarte horretan?

—Baratxuri zopa atera ziguten, baita odolkiak ere, eta egundoko ardo goxoa. Kopatxo bat ere edan genuen...

—Orduan harrapatu bazintuzten!

—Barrura seguru-seguru –bukatu zuen Azpillagak.

Bertsolari Eguna

Bazen Joxe Usabiaga Zamarbide ezizeneko bertsolari bat. Bertsotan ikaragarri zelebrea zela dio Xabier Euzki-tzek. “Handia zen, baina ahotsa zortzi urteko ume batena zeukan. Honek ezagutzen zuen ederki”, dio, Izarre Errezilgo jatetxeko Patxi seinalatuz.

—Zein? –galdetu du Patxik, zeinengatik ari diren ez dakiela.

—Zamarbide.

—Jesus, lotsagabea zen!

—Bai, zelebre konpletoa zuan –Euzkitzek.

Lehen Bertsolari Egunean norbaiti omenaldia egin ohi zioten. Zamarbide, itxura denez, zain-zain egoten zen urtero, omenaldia noiz egingo.

—“Niri ere tokatzen zaidak oraintxe!” –dio Izarreko Patxik, Zamarbideren ahotsa imitatuz.

Euzkitzek-eta beti adarra jo ohi zioten Zamarbideri, Bertsolari Eguna antolatzen zuena halako izaten zela esanez. Besteak, berriz, dena sinesten zuen. Harengana joan eta egundokoak esaten zizkion. Beti omenaldiaren zain eta beti huts.

Bertsolari Eguna zen batean elurra egin zuen. Jesus Alberdi Egileor-ri egin behar zioten omenaldia. Jarri zen Egileor aparteko eserleku batean, antolatzaileek esandako lekuan, erdi-erdian, emaztea alboan zuela. Gerora agertu zen Zamarbide, eta Egileor non zen galdetu zuen. Sebastian Lizasok erantzun zion:

—Ez duk etorri.

—Ez dela etorri bere omenaldian?

—Ez duk etorri alu zikin hura.

—Hori nola egin liteke?!

Ohi bezala, bertsolariek ale bana botatzen zioten omenaldia jasotzen zuenari eta Zamarbideri kantatzea tokatu zitzaionean, bere omenaldian ez agertzea ez dela barkatzekoa bota zuen. Atzean zeukan Egileor, ordea...

—Inaxio Goenaga Loidi-Txuri: Egileor atzean! Eta gero eskua ematera joan zitzaion, gainera, Zamarbide! Bostekoa! Telebistan irteten zuen Zamarbidek, ‘deitu zenbaiki honetara!’, esanez. Basarrik jarri zion behin puntua ‘nun bukatzen da itsasoko punta?’, eta besteak erantzun: ‘Zerorrrek beitu zazu barko batean junta’. Basarriri harrigarri kantatu zuela iruditu zitzaion.

Zorrak aurpegiratzen

Jokin Urangaren eta Haritz Etxeberria Ministro-ren arteko ‘ezkontza’ bertso eskolan gertatu zen. Uranga hasi zenerako Ministro irakasleari tenperatura hartzen hasia zegoen: “Maisuari potroak ukitzera dedikatzen zen. Ez zuen bertsotan egiten, kalera bidaltzen zuelako”, akordatzen da Uranga.

.14-15 bat urte zituen Urangak presoen aldeko ekitaldi batera deitu zutenean, Azkoititik. Andoni Larrañagak izan behar zuen bikotea, baina ezbehar batengatik ezingo zuela joan abisatu zuen. Ordezkoa topatu behar eta Urangak Ministro aukeratu zuen. “Beti izan da tipo lantzatua, baita orain ere, eta banekien baiezkoa emango zidala”.

Baiezkoarekin, Azpeitian Enparan atzera joan, Urangak lau bertso egin eta Ministrok bi hartu zituen. “Nik ez nekien bertsotan; ez errimarik, ez doinurik eta ez ezer”, dio Ministrok. Buruz ikasita joan zen. Egin beharrekoa egin eta oholtzatik jaitsi zenean batek esan zion:

—Ministro, ez nekian bertsotan bahakianik.

—Ezta nik ere! –erantzun Ministrok.

Azkoitian ikusi zutenean, saio gehiagotarako deitu zuten. Ondo akordatzen da Ministro Azpeitian manifestazio baten bukaeran kantatzeko esan ziotela. Berak ezetz, ez zekiela bertsotan, baina nork sinetsi Azkoitikoa ikusi eta gero? Hala behintzat, Urangari deitu zion laguntza eske:

—Hi, Jokin, bi bertso prestatu behar dizkidak.

—Ez, ez ditiat egingo. Egin hik.

Idatzi zituenean, berriro deitu zion Urangari. “Hori horrela jar ezak, bestean esaldia aldatu...”, orraztu zizkion bertsoak, eta kantatu zituen.

Beraz, bi zor baditu Ministrok. Batetik, konpromisoari, berak dioen bezala derrigortuta hasi zelako. Bestetik, eta batik bat, Urangak argi eta garbi dio: “Niri zor didala!”

Mañukortaren harridura

Ez da askotan ikusitakoa Sebastian Lizaso gaiak jartzen. Ez da harritzekoa ere bertsolari bat lan horretan ikustea. Beste zerbaitek harritu zuen Gregorio Larrañaga Mañu-korta.

Azpeitiko kiroldegian egin behar zuten saioa, eta Lizasok egin behar zituen gai-jartzaile lanak. Hasi aurreko denbora alferretan, batera eta bestera zebilen. Halako batean, Mañukortak:

—Honek gaiak jarri behar, eta kantatzean baino urduriago zagok.

—Normala. Kantatzean badik bere buruan konfiantza, baina gurekin ez –erantzun zion Iñaki Muruak.

Gogoan duen bertsoa

Anjel Mari Peñagarikanok Gipuzkoako txapela (1991n) jantzi berritan, berriro bildu zituzten finalera iritsitako bertsolariak saio batean. Han, hurrengo txapelketarako pronostikoa jarri zioten gaia Andoni Egañari, eta honek bota zuen Peñagarikanok finalean sartzen lanak izango zituela.

Bertsorik gogokoenetakoa du Urko Egañak Peñaga-rikanok emandako erantzuna:

Zeinen doinu polita den Xabier Leten habanera, hau ikasita joango naiz bertsotarako lanera. Zuk ere igo nahi zenduke onenaren podiumera, hitz baten garbi esanda Anjel Mariren parera. Hamabi bat mila lagun ziran gutxigorabera. Berriz ere izango degu guk probatzeko aukera eta egingo dizut nik lehengo gauza berbera, txulo zabiltzala baina ordun umilduko zera.

Etxeko kontuetan

“Hura ere sano zebilen”, dio Juan Jose Loidi-Saletxek. Gezur bat hainbeste alditan errepikatzean egia bihurtzen dela esaten da, sinetsi egiten dela. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Loidi-Saletxeren aitaren lagun bati.

Santa eskean irten zuten. Joxe Eizagirre Attola koplari hartuta zebiltzan batetik bestera kantuan. Baserri batera bidean aldapa igotzen ari zirela, Attolak eta 16 bat urteko Loidi-Saletxek hitz batzuk egin zituzten:

—Hori duk aldapa dagoena hemen! –Attolak.

—Aldapa? Honi aldapa deitzen al diok? Gure etxeko sukaldean bazagok honenbesteko aldapa –Loidi-Saletxek.

Hasi zen barrez Attola. Grazia egin zion gaztearen ateraldiak. Harrezkero, batean eta bestean zabaldu zuen Loidi-Saletxerekin izandako elkarrizketa hura. Handik pixka batera, Antonio Mari Loidi-Saletxe aita Azpeitiko ferian zegoela gizonezko bat gerturatu zitzaion:

—Hi, gauza bat galdetu behar diat. Zueneko sukaldean egundoko aldapa omen dago. Egia al da hori?

—Bai –aitak, jokoa jarraituz.

—Eta? Mahaia nola jartzen duzue?

—Erraz. Gainaldeko hankak mozten zizkioagu eta azpialdetik jartzen gaituk denok. Ederki konpontzen gaituk.

Zezenetan

Zumaiako San Miguel de Artadin kantatu zuten Jokin Urangak eta Beñat Lizasok. Saioa bukatu zenean, zezen txikiak atera zituzten. Haur ugari zebilen zezenaren bueltan. “Umeak erori ere ez ziren egiten. ‘Banitxik’ esan eta sartu zen erdira Uranga, harrapatu zuen zezenak eta hankaz gora bota. Zerri-zerri eginda itzuli zen. Inor botatzeko gai ez zen zezen txiki-txikiak, jo eta behera bota zuen. Ume guztiek barrez bukatu zuten”. Baita handi batek ere.

Kategoria

Iñaki Zelaia, Jose Mari Mujika Anatx, Jon Sarasua eta 14-15 urteko Xabier Euzkitze Lizartzara joan ziren bertsotara. Bertsotan egin eta udaletxeko langile batek esan zien zein jatetxetan zeukaten bazkaria, doan.

Lau lagunentzako lekua eskatu zuten, eta eseri ziren. Zerbitzariak menua irakurri zien: “Fideo zopa eta entsalada hasieran, eta gero xerra...”, eta azkar isildu zen menuaren motzez. Hiru-lau gauza oso xeheak eskaini zizkieten. Bi minutu baino lehen han non datorren zerbitzaria, herio batean:

—Aizue, barkatu! Bertsolariak omen zarete zuek...

—Bai.

—Orduan dituzue: arrain zopa, zainzuriak...

Egundoko aukera ilara bota zien. Euzkitze-eta orduan akordatu ziren bertsolariak kategoria pixka bat izango zuela.

(Euzkitze istorio honen bukaera kontatzen ari zela iritsi zen Dionisio Zinkunegi Hankamotza, eta mahaian jartzea egin zuen “arratsaldeon” esan aurretik bota zuenean: “Ni bezala artzaina izan bahintz, berriz, batere ez!”.)

Egun-pasak

Lehen, bertsotara joateko ibilera zelebreak egin behar izaten zituzten bertsolariek, autorik ezean. Joxe Agirre hiru egun pasatuta dago Uhizin, bertsotara joanda. Azkoitian Martitera bidean zegoen hoteleko andrea zen Uhizikoa, eta hark aginduta joaten zen Agirre Uhizira, San Migueletan.

Bertako etxe batean egiten zuten lo. Jan eta edan ere nahi adina. Bi egun Joxe Joakin Mitxelenarekin eta hirugarrengoa Jon Lopategirekin. “Txarrena, beti jende berberaren aurrean kantatzea izaten zen. Ez da ona hori. Ezin bertso igualik kantatu, beti zerbait esan behar! Hala ere, jendea guri ondo egiteko amorratzen egoten zen. Nik ez dakit zer ginela uste zuten”.

Mallorcan ere bai

Sekula ahaztuko ez duen pasadizoa du Urko Egañak Mallorcakoa. Bertsoekin aspertuta ihes bidea bilatu nahi eta hara katalana ikastera joan behar zuela sartu zitzaion buruan. Badira bost urte. Mallorcako katalanen kanpusean eman zuen izena udara pasatzeko. Bere kasa Eus-kal Herritik kanpora joaten zen lehenengo aldia zuen.

Bilbo-Madril, Madril-Mallorca hegazkinez. Hemengo aireportuan autobusa hartu eta erdigunerainoko ibilbidea egin zuen. Jaitsi zen, eta traste piloa ere jaitsi zuen. Ordulariari begiratu zion: eguerdiko hamabiak. Hitzor-dua arratsaldeko bostetan zeukan egina, kanpuseko kultur etxean. Artean goiz zen, baina gerturatzea nahi zuen. Aitona zahar bat paretik pasatzen ari zitzaion eta hari galdetu zion, katalanez, kanpusa non zegoen ba ote zekien, eta zaharrak:

—Tú no eres de aquí...

—Pues no.

—Ez, hi ez haiz hemengoa –euskaraz hasten zaio.

—Joño! Zer ba?

—Hizkeragatik. Erdara hori ez duk hemengoa.

Mallorcan aurrenetako hitzak, euskaraz... Eta hori ka-talana ikastera joan zela! Aitonak ez zekien non zegoen kanpusa, baina kalean behera eta gora, ezker eta eskuin lagundu zion. Eta nola lagundu ere: bertsotan! Joxe Agirrerekin bertsotan ibilitakoa zen agure hura, gabiritarra. Lan kontuengatik joana zen Mallorcara 40 bat urte lehenago, berriro ez itzultzeko.

Lagun onak

Iñaki Eizmendi Basarri-rekin ibiltzen zen gustura Joxe Lizaso kantuan. Hura oso ona ez, onena zela esatera ausartzen da Lizaso. “Inoiz biderik ez zion itxiko bertsotan lagunari”. Manuel Olaizola Uztapide-rekin ere bai, kontentu jarduten zuen. Gainera, gizon sano-sanoa zela dio. “Eskola handirik ez zuela esaten zuen, 12 urterekin utzi baitzuen. Lanerako gogo handirik ere ez zuen, baina bai bertsotarako”.

Berriketan

Inaxio Goenaga Loidi-Txuri: Hauen aita (Antonio Mari Eizmendi Loidi-Saletxe) zuan bertsolari ona: ugaria, azkarra eta eztarri onekoa. Hura zen bertsolaria.

—Xabier Euzkitze: Azpeitian Bixigu ezagutuko huen, ala?

—Loidi-Txuri: Manuel?

—Euzkitze: Bai. Edozein unetan botako zian bertsoa.

—Loidi-Txuri: Alde ederra zagok!

—Euzkitze: Dudarik ez!

—Bittor Loidi-Saletxe: Errimekin.

—Loidi-Txuri: Zuen aitaren bertsorik eta etorririk duenik ez zagok orain.

—Euzkitze: Doinu zahar-zaharretan, gainera! –kantatzen du.

—Loidi-Txuri: Bai. Bi zeuzkan zortziko txikian eta bostekoa ere bai. Ernioko harkaitzari kantatutako bertsoa zeinek kantatzen du ba?

—Loidi-Saletxe: Bai, ederra zuan hura.

—Loidi-Txuri: Erniora etorri ta hasi otoitzian. Hamalau estazio hor daude haitzian, gurutzian hasi ta buka gurutzian, gero burnietan pasa handik bajatzian, minik izan ez dedin gure gorputzian.

—Euzkitze: Polita.

—Loidi-Txuri: Polita? Errezilen denak elkar hartu eta ez zagok horrelako bertsoa egiterik.

Lehenengo plaza, bigarrena

Sebastian Lizasok 16 bat urterekin egin zuen plazetako debut ofiziala, Gabirian. Edo hala uste izango zuten askok. Denborari aurreratu zitzaion Lizaso. Araotzera joan zen lagunekin, Oñatira, eta bateko edo besteko, azkenean festak parean tokatu zitzaizkien: Trinidadeak. Benito Barrena bakardadean ari zen bertsotan, bertso lagunak huts egin ziolako. Egoera hartan, eta lagunek berotuta, plazan dagoen harrizko aldamio txikiaren gainean egin zuten biek saioa. Hura izan zen lehen plaza Lizasorentzat.

Etxean ez zuen ezer ere esan. Trinidadetik Korputz jaiak berehalaxe izaten dira, ordea, eta Joxe Lizaso aitak Oñatin kantatu behar zuen. Argazki bat eman zioten: bere semea bertsotan agertzen zen.

Argazki haren inguruko aipamenik ez dio egin inoiz aitak semeari.

Bertsoaren ondorena

Bertsolarien bizitza gogorra dela behin baino gehiagotan esan izan da. Ibilerez eta tentsioez gain bada beste lanik.

Xabier Silveirak eta Jokin Urangak Goizuetako auzo batetan kantatzeko ohitura dute, Txinoko festetan. Aurten ere egin dute handik buelta baina, ohi bezala, ez zuten izan parrandan geratzerik. Eta ez zieten barkatu. Jendeak “egundokoak” bota zizkien, “esanez bezala kontratuaren barruan parrandan geratzea dagoela”.

Oraindik ere goizuetar batek Urangari gogorarazten dio, ikusten duen aldiro:

—Hi, hurrengo urtean ez egin halakorik; bestela, ez diagu berriro deituko.

Karterista

Bittor Loidi-Saletxek ez omen du bertso bat bera ere gogoan, baina lagunek badakizkite bat edo beste. Jarri zioten gaia neskatara joan eta diru-zorroa lapurtu ziotela. Lapurra, neska bera izan. Loidi-Saletxek honela bukatu omen zuen bertsoa:

... etorri Bittor majo ta honi zer egin orain gona kendu ta jo!

Ez zitzaion, nonbait, diru-zorro hori askorik inporta Loidi-Saletxeri.

Ikastolen alde

Ikastolen alde diru laguntzak jasotzeko hainbat alditan kantatu izan du Joxe Agirrek. “Abusatzeraino”. Behin batean Imanol Lazkanorekin batera joan zen herri batera. Pena izan zen, baina jende gutxi joan zen bertsoak entzutera. Dena den, bukatu zutenean antolatzaileek afaltzera joateko gonbitea egin zieten. Ezezkoa eman zu-ten, nahiago zutelako han bildutako dirua ikastolarentzako izatea. Antolatzaileak ados, baina eurak afaltzera zihoazela.

—Horrela hartzen al duzue zuek ikastolari laguntzea? Tankera horretan? –Lazkanok haiei.

—Zer egin behar dugu ba? Afaritik mila euro sobratzen badira mila eman, eta bi mila badira bi mila. Horiek eman ikastolari, eta kito.

—Ondo da. Tipo horretan guri gehiago ez abisatu. Gu gustura etortzen gara, baina sakrifizioa guk bakarrik egitekotan ez du merezi –erantzun zien Lazkanok.

Elkartetik elkartera

Gazteei kantatzeko aukerak eman asmoz elkarteetatik bertso sariak antolatzeko bolada egon zen. Behin, Agi-nan, Amaia Agirre, Alaitz Sarasola eta Leire Ostolaza bildu zituzten, trikitilari batzuekin. Guztien artean saio polita egin zuten, eta dena ondo atera zen: 20 bat lagun bildu ziren, denak gustura zeuden, ardoa, patxarana... Ondorioz, txispatu ziren, eta artean gusturago jarrita Sarasolak eta Ostolazak, txandakatuz, panderoa jotzen bukatu zuten eta, bestela, Agirrerekin batera dantzan. “Elkarteko 20 aitonen artean egundoko show-a muntatu genuen”, akordatzen da Ostolaza.

Azpeitian ere gazteak elkarteetara eramateko saiakera egin zen, baina ez zuten arrakastarik izan. Iñigo Man-zisidor Mantxi, Beñat Lizaso eta Ostolaza Zelai Luzeko elkartean bildu zirenekoa da horren adibidea. Sozieda-deko sei lagunen aurrean kantatu behar izan zuten. Haiek, gaiak jarri eta jarri, bertsolariekin esperimentuak egiteko tartea hartu zuten. “Horrela ibili ginen elkarteetan, esperimentuak egiten, utzi genion arte. Horretara-ko, geu elkartu eta geuk kantatuko genuen”.

Bertsolari dokumentatuak

Ezaguna izatea zer den!

Badira hiruzpalau urte Elizondoko trinketea inauguratu zutela. Sebastian Lizasoren Amaiurko lagun batek erosi zuen, eta haren irekierara joan ziren, batetik, Iñaki Murua, eta, bestetik, lizasotarrak: aitona Joxe, aita Sebastian eta Beñat semea. Bueltakoan guardia zibilek alto eman zieten. Gerturatu bat eta barrura begiratu ondoren, “¡las tres generaciones!”. Dokumentazioa erakutsi beharrik ez zuten izan. Nolatan ezagutzen zituzten galdetu zion Sebastianek, harridura kentzeko:

—Azpeitian asko ibilitakoa naiz.

—Ez zait iruditzen. Azpeitiko kuartela aspaldi itxi zu-ten, eta ez zara horren zaharra.

—Bai. Halaxe da, baina hura itxiz gero hasi Zumarragatik eta Zumaiara bitartean, Urola alde horretan, asko ibilitakoa naiz informazioa biltzen, eta Azpeitiaren inguruko berri zuk baino gehiago dakit.

Txokolatearen indarra

Jaialdi bat antolatzeko baimena eskatzeko, Donostian Andia kalera Delegación de Información y Turismo-ra joan behar izaten zen. Joxe Mari Iriondok ezagutu zituen garai haiek. Han, hirugarren solairuan, bazen neska zahar bat, ikaragarri egoskorra. “Vuelva usted mañana, pero traigame los documentos completos”, agindu ohi zuen beti, gogor. Gerora jakin zuen Iriondok, Ez dok amairu taldeko idazkari Nekane Oiarbidek esanda, “gauza horiek askotan txokolatina kaxa on batekin” konpontzen zirela. Inoiz funtzionatu zion, bai.

Goizeko arrosarioa

Asko jota 15 urte zituen Beñat Lizasok Jokin Uran-garekin eta Eneko Ibarguren Kurku-rekin Gasteizera joan zenean. Lanak eginda, ikasketak egiten ari ziren azpeitiar batzuek euren etxean lo egiteko gonbitea egin zieten. Bertsolariek onartu, eta parrandan geratu ziren.

Goizeko bederatzietan bukatu zuten parranda egiteaz. Nahikoa beteta. Neska bati etxe-laguntza egin zioten hirurek. Neska hark etxera laguntzeko, eskolarako trasteak hartu eta azpeitiarren etxeraino lagunduko ziela esan zien, hirukoteak ez baitzekien non zen etxe hori. Igo ziren haren etxera. Lizasok sofa hutsa ikusi bezain laster jakin zuen zer egin behar zuen; esertzerako loak hartu zuen. Bat-batean ‘mekauen!’ oihuek esnatu zuten. Etxe hartan beste pertsona bat zegoen lo: neskaren anaia. Urangak eta Kurkuk hori jakitean, adarra jotzea pentsatu eta haren gelan sartu ziren. “Lasterka batean irten zuten gelatik. 200 kiloko idiskoa zen anaia”, dio Lizasok. Esnaera txarrekoa izan, nonbait.

Azpeitiarren etxera lagundu zien neskak, eta agurtu ziren. Hirukotea etxera sartzea eta etxekoak eskolara ateratzea bat izan ziren. Bakarrik zeuden. Edo hori ematen zuen, Lizasori lagun berri bat agertu zitzaion arte. “Ondoeza” zeukan Lizasok. Oheratu zen, baina ezin egon. Botaka egiteko gogoa zeukan, komunaren aurrean makurtu, bi eskuekin heldu eta, hartan zegoela, balantza egin zuen. Lurrera ez erortzeko indarrez heldu zion komunari, alferrik. Erori zen eta berarekin batera komuna. Azpitik atera zuen. Segituan bete zen komuna urez. Lizaso, “badaezpada”, ohera joan zen.

Azpeitiarrak heldu ziren etxera. Ordurako Lizaso esnatuta zegoen, baina ‘bazatozak’ pentsatu zuen berekiko eta lo plantak hartu zituen. Berriro arrosario bera entzun zuen: “Mekauen!...”.

Antolaketa

Egun-pasa batek antolaketa egokia eskatzen du. Zeresanik ez bik. Zaharrak Berri Show taldeko hirukote ofiziala bildu zen zetorkien erronkari aurre egiteko. Ostiralean, Añorgan bertso afaria zuten, eta larunbat eguerdian bertso saioa, Zamudion. Garai hartan, Xabier Silveira Donostian bizi zen, eta Fredi Paia, Jokin Uranga eta hirurek hartu beharreko erabakia hartu zuten: “Añorgan bertso batzuk bota eta erretiro polit bat egingo diagu Donostiara. Lo egin, eta hirurok batera Zamu-diora”. Joan ziren Añorgara eta afaltzen ari zirela lehenengo ezustekoa.

—Aizue, afalondoren hiruzpalau bertso bota, eta parrandara joango gaituk Hernanira –antolatzaileek.

—Bertso saiora etorri eta hiruzpalau bertso?

—Izan ere, gu ez gaituk batere bertso zaleak.

—Hauek gaur zaletuko ditiagu –bota zien Silveirak Urangari-eta.

Azkenean, hiru orduan kantuan. Hasi ziren bertsotan eta jendeari gustatu. Hiru orduz jardun eta gero, jendeak jarraitzeko eskatzen zieten. Goizeko bostak jo zituzten eta hirurak oraindik elkartean. Nekatuta bukatu zu-ten, eta eguerdia gero eta gertuago zegoen.

—Orain gaztetxera joan behar diagu –añorgatarrek.

—Zamudiora joan behar dugula!

Goizeko hamarrak ordularian. Hirukotea Añorgako Gaztetxean. Añorgatarrak erretiratzen hasi ziren ordurako, eta ordu erdi geroago hirurak bakarrik geratu ziren.

—Zer egin behar dugu?

—Honezkero, Zamudiora joan beharko.

Silveirak autoan zituen amerikana zahar batzuk jantzita, abiatu ziren hara. Iritsi aurretik zenbait geldialdi egin behar izan zituzten, hiruretako bati botagurea sartzen zitzaiolako. Zamudion zirela, parean Ibon Meñika antolatzailea tokatu zitzaien.

—Hauxe ez nuen espero zuengandik, horren goiz etortzea. Seguru nengoen hirurak aldera etorriko zinetela.

—Gu horrela ibiltzen gaituk...

Ahoa zabaldu orduko antzeman zien parranda giroa. Hark ere bertsotarako zaletasunik ez zegoela eta betetze aldera jarri zituztela esan zien. Bi tabernatan egin zuten saioa, eta halaxe gertatu: inork kasurik ez. Paiak soinua jotzen badakienez, bati soinua kendu eta triki-poteoa egiten amaitu zuten. Behin hasita, bazkaltzen ere bertan geratzeko erabakia hartu zuen hirukoteak. Eta bi aldiz hasita, gaueko kontzertuak ikusten geratzea ere pentsatu zuten.

Han datoz berriro goizeko bostak, bigarrengoz. Hartan zebiltzala, hirukotetik bikote izatera pasatu ziren, Silveira eta Uranga, eta Azpeitian lo egitea pentsatu zu-ten. Autoan sartu eta bazetozen.

—Autopistara berehala irten beharko dugu ba?

Abiatu zirenetik 40 minutu pasatu ziren, eta A-8 agertzen ez. Joan, joan eta joan, eta azkenik topatu zuten leku ezagun bat. Berriro Zamudioko txosnen aurrean zeuden, eta “inon bueltarik eman gabe!”. Urangak ez daki gertaera paranormal hura nola gertatu zitzaien, baina zer egin behar zuten oso garbi zeukaten.

—Beno, ni egarritu nauk!

—Baita neu ere.

Halaxe, autoa bigarren ilaran aparkatuta utzi, eta tragoa hartzera joan ziren. Hori bada antolamendua.

Drogatuta

Herriarteko txapelketa batean parte hartu zuten errezildarrek. Taldea osatzen zutenak: Juan Joxe Loidi-Sale-txe, Manuel Agirretxe Ezuitza eta Inaxio Goenaga Loidi-Txuri. Aurrena, Arrasateren kontra egin zuten, eta irabazi. Hurrengoan, Santutxurekin lehiatu ziren, eta hura ere irabazi. Azkenik, gerora txapeldun izango ziren seguratarren aurka galdu zuten, “drogatu egin gintuzten eta! Botila pattar bat eman ziguten, paperean bilduta. Kendu genionean ikusi genuen: Carlos Primero! Joxerra Garziak esan zidan ez edateko, baina biren artean hustu genuen; beste askorik ez zen jardun han... Gero nola kantatuko genuen ba!”, akordatzen da Loidi-Txuri.

Dudak uxatzen

Bertsotan sarri hasiko zen Sebastian Lizaso nondik helduko edo zer erantzungo zalantzari astirik utzi gabe. Alegia, di-da! Hasiberritan halako prontorik ez zuen izan; horrek ez du esan nahi erabakia hartzean iaioa izan ez zenik.

Gabiriatik deitu zioten. Bere aurreneko saioa izango zen, 15 bat urte zituela. Seguraski joango zela erantzun zien. Erabakia hartu beharreko duda hartan aitari eskatu zion aholkua. “Nahi duana egin, baina gaztetan hartutako burukoa gero ere gogoan izaten duk”, erantzun zion aitak, Joxe Lizasok.

Ez zizkion dudak guztiz uxatu, eta bigarren bati eskatu zion gomendioa: Lizasotarrenean askotan egon ohi zen Don Juan Txikia ataundar apaizari eta gai-jartzaileari, hain zuzen. “Joaten bazara, ez zara gaizki moldatuko, baina gaztetan hartutako belarrondokoa gero ere gogoan izaten da”, haren erantzuna. Guztiz konbentzitu zen orduan Sebastian. Biek gauza ber-bertsua esateak zer pentsatua eman zion, eta batere ez joatea erabaki zuen, Gabirian zain egon ziren aitona eta osaben kalterako.

Zaharrak berri

Joxe Joakin Mitxelenarekin askotan kantatu zuen Joxe Lizasok. Egundokoak esandakoa da hari. “Zer esan nizkion Mitxelenari!... Handiagoak ez nizkion esaten, asmatzen ez nuelako”. Iñaki Eizmendi Basarri bezala bertso luzeak botatzen hasten zenetan, ordu erdiko bertsoak botatzen zituen Mitxelenak.

Behin baten Orendainen ari ziren kantuan. Ez zuen egun ona izan Mitxelenak baina, hala ere, bertso luzea kantatu behar zuela esan zion Lizasori. Hasi zen, segitu eta bukatzen ez. Halako batean jendea txaloka hasi zitzaion, eta orduan isildu zen. Etxerakoan esan zion Lizasori:

—Gaur barregarri ibili nauk.

—Zer ba?

—Azkeneko bertso luze horrekin...

—Hi, txalo zaparrada ederra jo ditek ba! Nik ez diat bertsoa jarraitu, baina ezer txarrik ez diat entzun.

—Egia, egia.

Handik urtebetera Abaltzisketan zuten saioa. Biak batera zihoazen, eta Orendaindik pasatzean Lizaso hasi zitzaion:

—Gera hadi pixka batean.

—Zer duk?

—Nik ezer ere ez. Joan hadi horra eta buka ezak aurreko urteko bertsoa. Ezin hasiko gaituk bertso berriekin, zaharrik bukatu gabe! –jo zion adarra Lizasok. Ez omen zitzaion gustatu ateraldi hura Mitxelenari.

Bertsolariaren ikastaroa

Azkar ikasi zuen Juan Jose Loidi-Saletxek bertsolaritzak zer arrisku dakartzan berarekin. Jendaurreko aurreneko kantaldia auzoko baten ezkontza-agurrean egin zuen, aitarekin batera. “Hau ere zelebrea izango da, baina lehenengo mozkorra ere aitarekin harrapatu nuen”. Ezkontza-agur horretantxe. Edan egin zuen alboan zeraman gizonak adina, eta gero komeriak. Baserrira bidean errepiderik ez zeukatenez garai haietan, oinez igotzea beste erremediorik ez zuten. Dituenak baino kilometro gehiago egin zituen egun hartan Loidi-Saletxe gazteak etxera bidean. “Egin zituen barre ederrak gure aitak. Apenas etorri nintzen zuzen...”.

Inork pentsatzen badu aitak errieta egingo ziola, ez zen halakorik gertatu. “Ez zen errieta egitekoa. Sekula ez zuen egingo, ez gaizki esango. Nahi nuke hark guganako izan zuen ulermen hura nik gureekiko izatea”.

Txapela

Joxe Agirre: “Aginan, txapela irabazi nuenean, ez nuen txapelik buruan ibili. Nire koinatuak bai. Neuri laguntzera joanak ziren eta haiek erabili zuten; baita Azpeitian ere. Nik pentsatuko nuen akaso ez nuela merezita eramango, eta ez nuen jantzi”.

Marketin kontua

Batzutan gauzak ez dira diruditen bezalakoak. Batzutan buruak esaten diguna eta begibistan ikusten duguna ez dira ezkontzen. Kasu honetan ezpal berekoak izan zitezkeen, norberak egin dezala juje lana, baina kartel hau egin zuenak marketin eta propaganda lana ederki menperatzen du.

Ezkio-Itsason Egañak, Lizasok eta Agirrek kantatuko zutela jartzen zuen karteletan. Saioa elkarte batean zen. Andoniren, Sebastianen eta Joxeren esanak entzutera lagun asko joan zen, elkartea betetzeraino, baina hara non Urko Egaña, Beñat Lizaso eta Amaia Agirre agertu ziren kantura. “20 urte azpitik izango genituen”, gogoratzen du Urko Egañak. Jendeak umorez hartu zuen pasadizoa, eta gustura bukatu zuten. Izan ere, kartelak ez zioen gezurrik.

Parrandetako aurkezpenak

Leire Ostolazari ez dio graziarik egiten norbaitek gisa honetara aurkezteak: “Hau Leire duk/n, bertsolaria”. Bere burua bertsolari ikusten ez, eta beste norbaitek hori esateak bezain beste beldur ematen dio aurkeztutakoak pentsatuko edo esperoko duenak: “Hau kristorena dun/k”. Hala ere, Azpeitia inguruan ibili izan da parrandan eta lata handirik ez diote eman. Behin, ordea, tipo bat gerturatu zitzaion mingaina potolo-potolo eginda. Bertso aldrebes bat bota zion, jakin gabe Ostolaza bertsotan ibilitakoa dela. Honek bi bertsorekin erantzun orduko buelta hartu eta joan zen tipoa.

Adiskide ona

Mutil kozkorretan eskolan eta antzerkietan kantatzeko ohitura hartan ibili zen Sebastian Lizaso ere. “Buru handia” izanik, bertsoak idatzi ahala ikasten zituenetakoa zen. Soreasu zeneko antzokian auzoko lagun batekin kantatzea tokatu zitzaion, Azpeitian. Lizaso hasi zen, eta lagunak erantzun zion. Bigarrena ere bota zuen Lizasok, eta lagunari erantzuten ari zela ahaztu egin zitzaion esan beharrekoa. “Nik neureak eta harenak nekizkien buruz eta inuzente-inuzente neronek kantatu nituen guztiak, harenak eta nireak. Lekutan geratu zen bestea!”.

Goierritarrak

Errenterian Zamarbide auzoan lan asko eginarazten zutela akordatzen da Xabier Euzkitze. Goizeko hamarretarako mezetara joan behar izaten zuten kantatzera. Han moja azkoitiar “petral” bat egoten zen. Hark bertsolariei, ez bakarrik noiz kantatu behar zuten, zer esan behar zuten ere agintzen zien. Agindu horiek tarteko, Joxe Agirrek ez zuen gogokoa: “Neska zahar hau badabil ba hemen guk zer esan behar dugun aginduz...”, esaten zuen. Elizakoaren ondoren plazan saio dezentea egiten zuten. Gauza jakina zen non bazkalduko zuten: urtero bezala, Frantzilla jatetxe “bikainean”. Tripa bete on-doren ere saio dezentea eskatzen zuten. Arratsaldean, berriz, idi probak zirela-eta, ordu eta erdiko saioa egiten zuten, eta “azkenik, afaltzen geratzeko eskatzen ez bazuten, gustura!”, dio Euzkitzek.

San Isidro egunez, baserritarren egunean, Agirre eta Euzkitze, mezatako lanak eginda, eguerdikoak ere bai eta bazkalondoko saio luzean ari zirela, elkar ados jarri ziren. “Beste dozena erdi bana bota zortziko txikian eta puntutan errematea emango diogu, horrela alde egiteko moduan gara, askorik luzatzea ez da-eta komeni”. Amaiera horretan ari zirela, hara non azaldu zitzaizkien Joxe Joakin Mitxelena eta Bixente Barandiaran. “Gizon zaharra, argal-argala, aurpegi hezurtsu-hezurtsua zuena” zen Barandiaran. Haiek ikusi zituenean Agirre ez zen gustura, derrepente hasi zen marmarrean: “De-dio! Hau da miseria gero, oraintxe beste ordu laurdeneko jarduna egin eta ederki alde egiteko moduan ginen, eta hau ere etorri da ba gero!”.

Bazkalduta agertu ziren arren, Mitxelenak bisigua eta postrea eskatu zituen. “Ez dakit zer bazkalduko zuen, baina ez zen hutsa janda egongo, behintzat. Postrea ere aitaren batean ezkutatu eta eraso zigun”, dio Euzkitzek. Hasieratik elkarri galantak esaten gogor aritu ziren. Euzkitzek Barandiaran adinagatik errespetatzen zuen, baina Mitxelenari berehalaxe galdu zion, hark ere edozer esaten ziolako. Ahul samar harrapatuz gero, gainera, jo eta zapaltzera joaten zen horietako zen Mitxelena.

Luzaroan jardun zuten bertsotan Zamarbiden. Agirre saiatu zen mozten, lehen ere nahikoa lan eginda zeudela eta jendea leporaino egingo zutela argudiatuz. Mitxelenak, dena den, segitu. Halako batean Bixente ere nekatu zen eta azpeitiarren alde jarri zen bukatu beharra zegoen kontuarekin. Orduan eta gusturago Mitxelena hori. Hirurak haren aurka! “Aspertu bazarate, bukatu beharko dugu ba” esan zuen arte jarraitu zuten, eta ondoren agurrak botatzeko nori hasi agindu zion. Bera izango zen azkena. Euzkitzek ez du inoiz ahaztuko Mitxelenak botatako agurra. “Bikaina izan zen. Bukatzen ez zen doinu bat erabiltzen zuen; nahi izanez gero, 800 puntutan ibiltzekoa da. Poto ugaria izaten zuen, eta hitzak asmatu ere egiten zituen”.

Gaur alkar probatzera gerade abittuk, baino batzuk bidian erdiyan geldittuk, Goierri aldetik hiru etorriyak dittuk, ta ni bakar bakarrik nik dizkit merittuk, agur beste batian probatuko gaittuk.

“Haren ustez, nonbait, Oiartzun ez zen beste guztia Goierri zen, eta gu ere harentzako goierritarrak ginen”, Euzkitzek.

Imitazioaren imitazioa

Larriño Aretxabaletako bailara bat da. Jose Luis Gorro-txategik aurreneko aldiz bertsotara joateko gonbitea jaso zuen, Daniel delako batek deituta. Baiezkoa eman, eta laguna zein izango zuen galdetuta, hark Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki erantzun zion.

Atera zen Azpeititik eta, Larriñora heldu aurretik, Aretxabaletan geldialdia egin zuen. Bazen han ‘Pagaldai’ izeneko taberna bat; inguru haietan saioren bat zuen aldiro sartzen zen Lazkao Txiki. Jakina, Gorrotxategi asmo horrekin sartu zen tabernan. Lagun bat egoteko bat falta! Inor ez zegoen.

—Zer, bertsotara al zatoz? –tabernariak.

—Bai, Larriñora joateko asmotan. Lazkao Txiki hona azaldu ote den-edo etorri naiz.

—Ez, ez da oraindik agertu.

—Egon egingo naiz, orduan.

Ordua gainera zetorkion eta Lazkao Txikiren berririk ez.

—Ez zen ba bertara joango berandu zebilelako-edo? Hura batzutan hala ibili ohi da –Lazkao Txiki ondo ezagutzen zuen tabernariak esan zion hori.

—Batzutan ez, gehienean –Gorrotxategik erantzun.

Lagunik gabe abiatu zen Larriñora. Kantu lekura iritsi zen bezain laster Danielek:

—Eta Lazkao Txiki?

—Zein zen hari esatekoa? –gaizki ulertua usaindu zuen segituan Gorrotxategik.

—Hi hintzela pentsatu nian nik.

—Eta nik heu, ‘Lazkao Txiki’ bakarrik erantzun hidaan-eta. Bakarrik etorri nauk ba!

Telefonoa astindu zuten bertsolariei deika, baina inor topatu ezin. Gaiak jartzeko lana zuen Nikolas Segurola Arantzazuko fraideak eta bertsotan lagundu egin beharko ziola agindu zion Gorrotxategik, eta besteak baietz erantzun, aspaldian egin ez bazuen ere lagunduko ziola.

.90 bat lagun bildu ziren, eta haien aurrean bakarrik kantatu zuen Gorrotxategik, gai-jartzailearekin egindako saio batean izan ezik. Bertso zaharrik ba ote zekien galdetu zion Segurola fraideak, eta bai galderarekin asmatu ere! Aurretik etxean jardundakoa zen Basarri, Lazkao Txiki eta abar imitatzen, eta halaxe aritu zen haien ahotsean, nola Larriñon nola jendaurrean estreinakoz. Gerora bat baino gehiagotan imitatu behar izan ditu Gorrotxategik haiek.

Oinen gainean

Santa eskean ibilera “negargarriak” egindakoa da Joxe Lizaso. Matxinbentarrekin ibiltzen zen herrikoekin baino gehiago, eta ‘ibiltzen’ esaten denean ‘ibiltzen’ esan nahi da, literalki. Goizean, Errezilera; handik, Tolosara; eta, eguna zabaldu aurretik, Villabonara; Bentaberrinean bazkari pasara egin eta Elosiagara; ondoren, Urrestillara jaitsi, handik Nuarbera joan eta, azkenik, Matxinbentan bukatu. Santa eske egunean goizean goiz irten eta hurrengo eguneko 12:30ak pasatuta iritsi ziren. Guztiak zain zituzten, batik bat Lizasoren zain, honek 12:30ean kantatzeko hitza emana zuelako. Beste bertso laguna han zeukan aspalditik.

“Halako bueltatzarra egin eta, hala ere, errieta entzun behar...”, dio Lizasok.

Francorenak eta bi

Berak dio. Orain askorik ez du baina, orduan, batere ez!

.15 urte inguru zituela, Leitzara joan zen bertso saioa entzutera. Joxe Mari Aranalde zebilen gaiak jartzen, eta ikusi zuenerako kantatzera deitu zuen Sebastian Lizaso ere. Afalondoan, mahaiaren bueltan berriro hasi ziren bertsotan. Baita Lizaso ere. Lazkao Txikiri ari ziren neska zaharren bat hartu beharko zuelako kontutan. Lizasok gutxi gorabehera esandakoa: “...beste alargun bat hartu eta etxera joatea ez bazaizu inporta / Francon andrea hartu zazu honezkero belaxe libre dago ta”. Bi eskuak ere eskubikoak zituen Leitzako alkatea bertan zegoenez, egundoko iskanbila sortu zen.

Hasieran esan bezala, mutil kozkorrak lotsa tamainan izaten du; orain askorik ez du baina, orduan, batere ez!

Joxe Lizaso, Lazkano eta Euzkitze

Bertsotarako lagun txarrik ez du izan Joxe Agirrek; beharbada, bera norbaitentzako bai izan dela errezelo egiten du. Hala ere, Agirrek nahiago izaten du kontra pixka bat egiten duen bertsolaria kantu lagunerako. Are gehiago, txarrena kontra egiten ez duena izaten dela dio. “Zerbait asmatu beharra izaten da beti, eta besteak botatzen badizu, badaukazu nondik heldu. Bestela, dena zerorrek egin behar al duzu ba?!”. Imanol Lazkanorekin eta Joxe Lizasorekin hamaika saio egin izan ditu, eta “beti gustura” egin ere. “Xabier Euzkitze da beste lagun ona bertsotarako. Nire gusturako bai, behintzat”.

Erotikoarena

Honelako ministroak diren lekutan politika beste zerbait litzateke.

Hernaniko gaztetxea bota zutelako txabola moduko beste bat eraiki zuten hango gazte batzuek, “aldarrikapen” moduan. Beste ekintzen artean, bertso saio erotikoa antolatu zuten, lau bertsolarirekin: Estitxu Izagirre, Alaia Martin, Xabier Silveira eta Haritz Etxeberria Ministro-rekin.

Martinek bota zion: Ministro ezin da geratu dena egin arte, eta Ministroren erantzuna honela bukatu zen:

(...) mihizkatzen dizut suabe-suabe, ta ezin naiz geratu dena egin gabe. (bis) Mihizkatzen dizut suabe-suabe, ajj [eskua mingainera eramanez] ile batzuk oraindik eztarrian daude.

Saioa ezberdina, “katxondoa” eta polita izan zela dio Ministrok.

Sebastian Lizaso argentinarrez

Sekula oraindik kanpora, urrutira, joan gabe zegoen Sebastian Lizaso. 2006an, aurrenekoz, Patagoniaraino joan zen lagun batzuekin.

Argentinan, Buenos Airesen zeudela, bertako batek katedraleko guardia aldaketa oso berezia zela eta ikusi beharra zegoela derrigortu zituen, aholkatu baino gehiago. Joan ziren inolako gogo berezirik gabe. Behin bertan zeudela, argentinar txiki bat hurreratu zitzaion Lizasori:

—¿Vos sois el cantante vasco?

Lizasoren pentsamenduak argentinarrez erantzun zion: “Aiba la ostia!”. Ondoren, zerbait esan behar eta baietz erantzun zion.

—Es que aquí le han reconocido.

Argentinar txikiaren ilobak ezagutu zuen. Ikasketak zirela-eta Katalunian egondakoa zen, eta donostiarren batekin liatu zen. Aitzakia hartan, Euskal Herrira etorri ziren batean Hitzetik Hortzera telebista saioan ikusi zuelako ezagutu zuen Lizaso.

Gizasemea

Joxe Joakin Mitxelena “beldurgarrizko gizasemea” zela dio Xabier Euzkitzek. Denera zela handia baina, batez ere, ipurdi-jira hori omen zuen nabarmenena. “Orain ari dira tailak bateratzeko kontuarekin, baina hark sekula seriean egindako prakarik ez zuen erabiliko. Derrigorrez, beretzako egindakoa beharko zuen. Ameriketan ikusi izan dut halakorik; ez, ordea, Europan. Hark ipurdiarekin jotzen zuen pareta eta bizkarrarekin jotzeko honenbesteko tartea geratzen zitzaion”, dio Euzkitzek. Hormare-kiko tartea bi eskuez adieraziz laburbildu du Mitxele-naren gorpuzkera, eta jarraian dator azalpenaren arrazoia.

Oiartzunen kantatzera deitu zituzten, alde batetik, Lazkao Txiki eta, bestaldetik, Jose Luis Gorrotxategi eta Euzkitze bera. Aurrez, hamaiketakoa egitea pentsatu eta Atamitxe jatetxea zen lekura joan ziren. Jatetxe famatua zen; Luciano Juaristi Atano X.a.-k eta Mitxelenak elkarrekin zabaldu zuten. Han adina bisigu inon jan ez izana gogoratzen du Euzkitzek. Hamaiketakoa egiten ari zirelarik agertu zitzaien Mitxelena, “bere ibilera baldarrarekin eta Oiartzungo hizkeran”.

—Egunon! –aurreneko hitza Mitxelenak.

—Egunon, Joxe Joakin! –eta isildu zen hirukotea.

—Ez al ‘nazute’ deus esan behar?

Beste hirurak elkarri begira geratu ziren agurtu eta zer gehiago esan behar ote zuten ez zekitela.

—Mutilak! Besterik ez al ‘nazute’ esan behar? –berriro Mitxelenak.

—Zer nahi duzu ba esatea? –hirukoteak zer aditu nahi zuen ezin antzemanda.

—Mutilak! Mutilak! Ez al ‘nazute’ deus esan behar? 17 kilo galdu ditiat!

Eta Lazkao Txikik segituan erantzun zion:

—Hori hiretzako zer duk ba? Hik hori kaka eginaldi batean botako duk! “Hainbesteko gizasemea zen, antzeman ere ez zitzaiola egiten 17 kilo galdu zituela”, dio Euzkitzek.

Hiruko afaria

Joxe Lizaso kantatzeko asmotan joan eta alferrikako buelta egindakoa da. Zortzietan zuen hitzordua Lizar-tzako jatetxe batean. Bertso afari batean hartu behar zuen parte. Bide batez, Iruñeraino joan zen egitekoren bat zuelako. Handik Lizartzara abiatu zenean, bi donostiar hartu zituen stopean, Lizartzaraino zihoala eta nahi bazuten eramango zituela esanda.

Lizaso ordurako tabernan zegoen. Taberna huts batean. Egoera hartan tabernariari galdetu zion:

—Aizu, hemen ba al da bertsorik? Zortzietarako esan zidaten, baino aspaldi jo zituen.

—Bai, hemen da. Jendeak, ordea, hamarretan irteten du lanetik, eta haiek dira etortzekoak. Etxera joan eta guztia egin beharko dute. Hamabiak aldean izango dira bertsoak.

—Zenbat bertsolari dira?

—Hiru, uste dut.

—Ederki.

—Prestatu hiru lagunek afaltzeko mahai bat.

Donostiar haiengana joan zen, libre zegoela esan eta hirurek afaldu zuten. Bukatu eta alde egin zuten Lizartzatik, hamabiak arte zain egon gabe.

Gai-jartzaile baten hasiera

Laxaro Azkuneren gai-jartzaile hasiera oso bitxia izan zen. 1985. urtea zen. Bertsolariek beraiek hartu zuten txapelketa antolatzeko erronka. Azkune irratian hasi berri samarra zen, 1983tik zebilen bertan, eta bertsolaritzaz saio bat egiten zuen. Bertsolari taldeak antolaketa taldera deitu zuen eta bileretan ibili zen bera ere. Txa-pelketa antolatzeko gai-jartzaile taldea ere bazegoen, beste lan talde gehiago bezalaxe, eta aurkezle nor izango erabaki beharra zegoen. Tolosan Lizardi kultur etxean izan zelakoan dago: Sebastian Lizasok proposatu zuen bere izena. Azkunek berehala erantzun zion, larritasun puntu batekin: “Ni ez nauk, ordea, behin ere gai-jartzen aritu!”. Lizasoren erantzun azkarra: “Hurrengoan ez duk hori esango”. Ezetz esaten ez zuen jakin eta ge-roztik aurkezle ofiziala izan zen, txapelketa horretan eta ondorengo zenbaitetan. “Dena den, oso esperientzia ederra izan zen taldean gaiak jartzen ikastea. Joxan Ormazabal izan zen nire/gure irakasle nagusia”.

Harria gainera erori

Eibarko auzo batera bigarren urtez jarraian joan ziren Leire Ostolaza eta Beñat Lizaso. Bazekiten lana zein izango zuten: lehenengo, elizan kantatu eta, gero, atarian. Era berean, bazekiten antolatzaileak ezin zuela azaldu eta apaizak egingo zuela haren ordezkari lana.

Sekula baino goizago joan ziren bigarren urte hartan, ordubete bat lehenago. Harria goitik behera ari zuen eta aterki beraren azpian gordeta zeuden biak, eliza atarian. Kokotea bakarrik zuten lehorretik. Gainontzekoa blai. Pixkanaka hasi zen jendea elizara sartzen. Pixkanaka sartu ziren denak barrura, Ostolaza eta Lizaso izan ezik. Inor ez zitzaien hurbildu nora joan, non jarri edo zer egin behar zuten esatera. Blai-blai jarraitzen zuten kanpoan. Hori bai harria! Eta aspertu ziren. Autoan sartu eta alde egin zuten handik Azkoitira, Lajarenean hamaiketakoa egitera; hemen, nonbait, elizan baino harrera hobea egingo zietelakoan.

Amezketara perretxiku bila

Amezketako frontoian ondo osatutako jaialdia antolatu zuten: trikitilariak, dantzariak, musikariak... denetik zegoen. Baita bertsolariak ere: Juan Jose Loidi-Saletxe zen horietako bat. Errezildarra joan zen ordurako, txukun, baina frontoira azaldu zenean inor ez bertan. Han zebilen herritar bati galdetu zion:

—Hi, jaialdia non da? Edo noiz?

—Jaialdia? Goiz habil!

—Zer ordutan da ba?

—Zer ordutan ez, hurrengo larunbatean duk!

Aitormena

Gaur eguneko bertsolariak ez du halakorik ukatzen, zaharrak egoskorragoak izan omen dira horretan, baina Joxe Agirrek aitortu du: saioetan agurra pentsatu egiten da. “Niri behin baino gehiagotan tokatu izan zait Jexux Mari Irazurekin saioa egin beharra. Hasi baino lehenago hark lasai esaten du: ‘Beno, agurra pentsatuko al dugu?’. Eta han hasten da alde batera eta bestera oinez”.

Bi omenaldi bertso batean

Manuel Lasarteri egin zioten omenaldia entzuten izan zen Inaxio Goenaga Loidi-Txuri mutil gaztea zenean. Joxe Lizasok han botatako bertsoa gogoan hartu zuen:

... batzuen oroimenak izaten dituk sartu ta gero lurpien hirekin behintzat oroitu dituk bizi haizen artien.

Gustatu bakarrik ez, handik 15 egunera Kaxianori egin behar zioten omenaldian kantatzea pentsatu zuen Loidi-Txurik berak. Inork gogoan ez zuela izango eta herritarren aurrean ondo geratuko zen ustean joan zen.

Bertsolariak lanean hasi ziren, ilaran, eta Loidi-Txurik Jose Luis Gorrotxategiren ondoren kantatu behar zuen. Baina ezustekoa orduantxe heldu zitzaion: Gorrotxategik bertso bera kantatu zuen!

“Neure artean pentsatu nuen: ‘Hauek ederki ibiltzen dituk!’”.

Telebista

Broma batzuk badira zentzu onekoak. Arazoa, kasu horietan, ez da bromaren edukia izaten, gezurra dela jakitea baizik.

Sebastian Lizasok Andoaingo festetan egin behar zuen bertsotan. Duela hiruzpalau urteko kontua da. Han zebilela, gizon zahar bat gerturatu zitzaion, eta Ataungo hizkera berezi horretan berriketan hasi zitzaion:

—Zu ezagutzen zaitut. Lizaso bertsolaria zara. Tele-bistan ikusi izan zaitut.

—Bai. Eta zu Ataungoa zara.

—Bai. Ezagutzen al nauzu ba?

—Ezagutuko ez zaitut ba! Zer uste duzu, guk ez dugula telebistatik ikusten ala? Hamaika sukalde-bazter ikusi ditugu guk txukuna ez dena.

Zuri-zuri geratu zen aitona. “Hark ez zuen gehiago telebistarik piztuko sukaldea txukundu gabe...”.

Perez eta Garzia

Lekarotzen urtebete egin zuen Xabier Euzkitzek, ikasten. Garai hartan deitu zioten Irungo euskaltegiren batetik-edo bertsolaritzari buruzko hitzaldi bat emateko. Juan Garziak eta biek eman behar zuten hitzaldia.

Itxura denez, El Diario Vasco egunkariko Irungo orduko kronistari ez zitzaion iruditu ‘Garzia’ eta ‘Perez’ —Euzkitzeren lehen abizena da ‘Perez’— abizena zutenak inori bertsolaritzari buruz ezer erakusteko modukoak zirenik, eta izenburua halaxe jarri zuen: Hoy charla sobre el bertsolarismo a cargo de Xabier P. Euzkitze y Juan G. Garmendia. Garzia bera irundarra da eta hark erakutsi zion Euzkitzeri egunkariko pusketa hura. “Orduan ‘Perez’ abizenak atentzioa emango zuen; geroztik zelebreagoak ezagutu ditugu, baina... Barre egin genuen, behintzat”, dio Euzkitzek.

Gazteluko gizagaixoa

Lukas Dorronsoro Gaztelun apaiz egondakoak Ama Birjinaren festetan Joxe Lizasori eta Imanol Lazkanori bertsotara joateko agindu zien, 1978an. Igandea tokatu zen. Zer, ordea, eta Lazkanori informea heldu zitzaion, aurreko ostegunean, Dorronsoro kartzelara sartu zutela. Gainera, Gazteluko gazte jendea aztoratuta zegoela eta festarik ez zutela egin nahi jakin zuen, eta alkateak eta ingurukoek, berriz, festekin jarraitu nahi zutela. Zurru-murruak zurrumurru, Lazkanok pentsatu zuen egoera hartan ezin zela Gaztelura joan. Juli Iraola, Lizasoren emaztea, urduria da eta, hartaz zerbait jakin izan balu, ez zukeen onik izango. Joan zen Lazkano Lizasotarrek zuten tabernara, eta azaldu zion Joxeri entzun zuena.

—Egoera hortan ez zagok joaterik –Lazkanok.

—Ez, ez zagok –Lizasok lagundu.

—Begira: nik bezpera iluntzean deituko diat zuenera, eta Juliri esango zioat Gaztelutik deitu dutela ez joateko abisua emateko, eta hiri esateko. Hartara, bera lasai geratuko duk. Jai goiza heltzen denean, andrea eta alaba hartu eta Bizkaiko kostara joango nauk, eta hik ere Se-bastian hartu eta norabait alde egin ezak, Joxe.

—Getaria aldera aspaldi ez nauk joan, eta kostara joango nauk.

Igande goiza iritsi zen, eguerdiko hamabiek jo zuten Gaztelun, hitzartutako ordua, eta Lizaso eta Lazkanoren berririk ez. Ordubatak, eta oraindik ere ez. Azkenean Lizasoren tabernara deitu zuten, eta Julik:

—Buf! Haiek ez dituzue gaurkoan harrapatuko. Ez joateko abisua jaso zuten, eta gure hori behintzat, egun-pasa joan da Itziar aldera.

—Festarik ez dagoela? Nork esan die hori?

—Ez dakit. Atzo deitu zuen Imanolek azken orduko deia jaso zuela Gaztelutik eta abisua eman ziotela ez joateko.

Julik jakingo balu, egia berehalaxe nabarmenduko zen; hain zen urduria...

Garai hartan Uztapide ibiltzen zen gaur Andoni Egaña bezala, hura baitzen txapelduna. Batetik bestera zebilen batean Lazkanorekin egin zuen topo.

—Lehengoan zer ibili zarete Gaztelu alde horretako jendearekin?!

—Horrela eta horrela esan zigutean, azkeneko orduan, ez joateko, eta ez gintuan joan.

—Horrela izan al zen?

—Bai, bai. Bezperan deitu zidatean. Ez nian aurpegirik ikusi, telefonotik ari ginelako, baina norbaitek deitu zidaan –Lazkanok.

—Fiatuko nindukek zuek biok festa egiteko ere...

‘Nonbait’ hark ederki ezagutzen zituen Lizaso eta Lazkano: “Tontotik gutxi zuen. Azkarra zen hura”, dio Lazkanok.

Handik hilabete batzuetara berriro topo egin zuen Uztapidek Lazkanorekin:

—Barkatu behar didak, Imanol. Joxe eta biok ezagututa errezelo txarra egin nian, baina arrazoia omen daukazue. Jakin omen ditek zein izan zen deitu hinduana.

—Ba oraintxe esango diat egia –eta kontatu zion istorioa Lazkanok.

—Banengoan ba ni! Ez ninduan asko deskuidatu.

Gaztelun errugaberen batek jaso zuen saria. “Norbait geratu zen partxearekin”, Lazkanok.