Jesus Urbieta: "Gerraz oso oroitzapen txarrak ditut baina ahaztu egin behar da, beti ere idealei eutsiz"

Jesus Urbieta (1917), aurten, Azpeitian.  (Ihintza Agirretxe)

Jesus Urbietarentzat (1917) ez da gozoa izan Espainiako Gerrako bizipenez hitz egitea. Oroitzapen txarrak ditu eta zaila gertatzen zaio emozioari eustea; batik bat, izan zituzten traizioak gogoratzean. Den-dena ez zen txarra izango, ordea; batailoi kideekin izandako pasadizoak gogoratzean irribarrea eta zenbaitetan baita barre zabala ere etortzen baitzaizkio.

Herriko nazionalista askoren bide bera jarraituz, Loiolako Santutegian aurkeztu zen Jesus gerra hasi zela jakitean, 1936ko uztailean. Han antolatzen zen Francoren tropen aurkako erresistentzia. 19 urteko ebanista gaztea zen orduan. Irailaren 20an iritsi ziren tropa karlistak herrira eta Jesusek alde egin behar izan zuen. Aurretik zeukaten negu gogorra: gerra ez ezik, kontzentrazio eremuak, 'Trabajadores'-etako gatibu lanak...; urte ilunak, azken batean.

Azpeititik irten eta gero, Gernikara iritsi ziren. Han Eusko Gudarosteko Itxarkundia batailoiko kide egin zen. Araba aldean pasatu zuen gerraren zatirik handiena, eta Gasteiz erasotu zuten behin. Etsaiaren aurrerabidearen poderioz, atzera egin behar horretan, Kantabriaraino (Espainia) iritsi zen bere batailoia. Han atxilotu zuten, italiarrek. Urteak pasatu zituen herrira itzuli aurretik. Gaur egun bizimodu sosegatuagoa darama Jesus Urbietak. Lagun kuadrila mantentzen du, baita egunero txikiteoa egiteko ohitura ere. Gudari askorena da haren historia; milaka historia islatzen dituen narrazioa.

Nola harrapatu zintuen Espainiako Gerrak?

.19 urte nituen. Orduan nazionalistak Loiolan elkartzen ziren, boluntario joandakoak. Mutil gazte ugari elkartzen zen, eta hortik Beizama edo Ernio aldera irteten zuten, handik zetorren fronteari aurre egitera. Eskopetak hartuta joaten ziren, orduan ez zegoelako fusilik ere. Neu ere agertu nintzen boluntario, baina ez nuen inoiz parte hartu ateraldi haietan. Ni konfiskatze lanetan jarri ninduten; uralitak, egurra eta halakoak ekartzen genituen. Horretarako, Pasaiara joaten ginen, Bilbora ere bai, eta behar zituzten gauzak ekartzen aritzen ginen.

Gerraren aurretik, talderen baten ibiltzen al zinen? Parte hartzen al zenuen politika kontuetan?

Gerra aurretik ez nintzen militantea. EAJren aldekoa betidanik, nazionalista beti. Halaxe zen familia guztia. Baina militantea ez nintzen.

Beraz, nola hartu zenuen gerran parte hartzeko erabakia?

Nazionalista nintzen eta, besteak bazetozela jakitean, hanka egitea erabaki nuen. Gainera, Loiolako mugimendu hartan ere parte hartu nuen.

Nola gogoratzen duzu Azpeitiko giroa gerra aurreko sasoian?

Herrian denetik zegoen. Francoren aldeko tropen altxamendua hasi zenean, herriko errekete asko atxilotu genituen nazionalistok. Azkeneko unean, ordea, beste aldekoak gainean genituenean, preso guztiak libre gelditu ziren. Horietako hiru, anaia azkoitiarrak ziren. Libratu genituenean monarkiaren aldeko orroak egiten hasi ziren. Handik zebiltzan CNTko milizianoek harrapatu eta Iraetan fusilatu egin zituzten hirurak, baita hirurekin Azkoitian Juin Jauregian preso egondako beste lau errekete ere.

Gerra hasi zenean, Azpeitian orduko alkatea nazionalista zen: Jose Antonio Oiarzabal. Segituan, ordea, Xiriako Agirre jarri zen alkate eta badakit, behin tropa erreketeak herrian sartu eta gero, Azpeitian gelditu zela. Herrian gelditzea erabaki zuten nazionalistetako batzuk kartzelara eraman zituzten erreketeek, Azpeitia hartu zutenean.

‘Gorriak’, berriz, herrian gutxi ziren. Sozialistaren batzuk eta komunistaren bat edo beste, batere baldin bazegoen; besterik ez zegoen. Akordatzen naiz emakume bat bazela komunista herrian: buzoa jantzita ibiltzen zen. Paulina Bidasoro zuen izena. Bestela, anarkistarik edo halakorik, nik uste ez zegoela.

Tropa erreketeak terrenoa irabazten zihoazen bezala, zuei, nazionalistoi, herritik alde egiteko unea iritsi zitzaizuen. 1936ko irailaren 20an izan zen.

Nik segituan egin nuen alde eta ez nituen herrian sartzen ikusi. Hemendik Saturraranera joan ginen (Mutriku), handik Lekeitiora, eta, azkenik, Gernikara. Hona azkenean armamentua iritsi zen, fusil txekiarrak. Eta batailoiak formatzen hasi ginen: Loiola, Itxarkundia, Amaiur... ziren batailoietako batzuk. Ni Itxarkundia batailoikoa izan nintzen. Gurea, Loiola bezala, gudariz bakarrik zegoen osatuta. Azpeitiar gehienok 'Loiola'-n eta 'Itxarkundia'-n ibili ginen.

Batailoi asko formatu ginen Gernikan, gehienak nazionalistak. Hala ere, bazeuden UGTko batailoiak ere, UGT 14, Perezagua eta halakoak. Batailoi komunista bakarren batzuk ere bai; Meabe, adibidez. Azpeitiarrak, batik bat, gudarien batailoietan ibili ginen. UGTko batailoietan ere baziren bakarren batzuk, baina gutxi.

Batailoiak osatuta, horietako bakoitza destinatzen hasi ziren. Gurea, Itxarkundia, Bermeora bidali zuten. Eta esan beharra daukat Bermeoko herriarekin zor handia dugula guk. Izan ere, mila lagun izango ginen guztira batailoietako kideak, eta erdiak baino gehiago herritarrek beraien etxeetan hartu gintuzten. Arropak garbitzen zizkiguten, jaten eman...; oso ondo portatu ziren bermeotarrak.

Handik frontera bidali gintuzten. Gure batailoia, batik bat, Araban ibili zen, Legutiano aldean, Otxandio inguruetan. Akordatzen naiz Bermeotik Otxandio-raino autobusetan eman gintuztela. Ordurako Gipuzkoa osoa hartuta zuten Francoren aldekoek.

Inguru horietan genbiltzan bitartean, Gasteiz erasotu genuen, Eusko Jaurlaritzak hala aginduta. Udazkena zen, San Andres eguna esango nuke, eta oso eguraldi txarra zegoen. Orduan ere traidore asko ziren, eta agintzen zutenetako batzuk beste aldera pasatu ziren. Horietako bat Cueto teniente koronela izan zen. Horrek asko eragin zuen erasoak gaizki irteteko. Horrela, ez genuen lortu Gasteiz hartzerik.

Traidore asko aipatzen dituzu. Zergatik?

‘Cinturon de Hierro’ delakoa egin zuena ere beste aldera pasatu zen planoekin: Alejandro Goikoetxea. Traidore asko izan genituen gure aldean.

Beste behin, Legutianon inguruan geundela ere, ederra pasatu zitzaigun. Otxandio bonbardatu zuten bezperan. Eta egun hartan beste aldekoen teniente bat eta beste bi militar buru (uste dut kapitainak zirela), bonbardatu zuten lekua ikustera azaldu ziren. Baina deskuidatu eta aurrera pasatu ziren, gu geunden lekura hurbilduz. Akordatu zirenean, buelta hartzen hasi eta pendiz batean behera erori ziren, soro bateraino. Hiruretako batek pistola atera zuen eta tiroka hasi zitzaigun, baina ez zuen asmatu. Azkenean, gutako batek euren tenientea hil zuen, eskapatzen ari zela.

“Gu atzerriko laguntzaren zain geuden, aeroplanoak noiz iritsiko”

Bonbardaketa asko bizi al zenituzten?

Bai, bonbardaketa asko tokatu zitzaizkidan. Aeroplanoak behe-behetik ibiltzen ziren hegan, ia zuhaitzak jo arte, eta metraila botatzen ziguten. Orduan aeroplano asko ibiltzen ziren, gure aldetik airean kontrariorik ez zutelako. Izan ere, Eusko Gudarostea ia guda hasi orduko hegazkinik gabe gelditu zen.

Lehen aipatu duzu herrian gorriak eta halakoak gutxi zeudela, baina ondoren gerran horietako askorekin ibiltzea tokatuko zitzaizun. Zer oroitzapen gordetzen duzu haiez?

Anarkistak, CNTko jendea, txarrak ziren! Elizetan gauzak harrapatzen ibiltzen ziren. Sozialistak ez horrenbeste, ez ziren hainbeste ibiltzen horrelakoetan. Gainera, sozialistek batailoi onak zituzten: Perezagua, UGT 14...; horiek batailoi on-onak ziren, frontean ardura handia zeukaten batailoiak, hain zuzen. CNTkoak, ordea, ez zitzaizkidan gustatzen; beti etxeetan sartu eta lapurretan ibiltzen ziren.

Azpeitian ere izan al zen halakorik?

Herrian bertan ez zen halakorik egon, baina beste leku batzuetan... Akordatzen naiz behin egun batzuetarako Urduñara bidali gintuztela; garai batean Bizkaiko hiriburu izandakoa zen hura. CNTkoen kontrolpean zegoen Urduña, eta elizako dorretik kanpora Santo Cristoa zeukaten zintzilik jarrita. Gu iritsi ginenean, meza ematen hasi ginen berriro, eta ez dakizu zenbat eskertu zuen hango jendeak gu herrira iritsi izana!

CNTkoekin askotan borrokan ibiltzen ginen; haiek txarrak ziren. Baita komunistak ere, nahiz eta horien artean batailoi onak egon ziren. Sozialistekin hobeto konpontzen ginen, haiek onak ziren.

Eta gerra aurretik, ba al zeneukaten harremanik ezkerrekoekin?

Bai. Behin Fronte Popularra osatu zenetik aurrera, lankidetza eta elkartasuna izan genuen geure artean.

Gerran zineten bitartean, izaten al zenuten etxeko kontuen edo herriko kontuen berri?

Ez, nik ez. Egon ziren zenbait gudari euren familiak gure aldera pasatu zituztenak; oraindik gure kontrolpean edo Eusko Jaurlaritzaren agindupean zegoen zonaldera, esan nahi dut. Baina nire familia Azpeitian gelditu zen eta, gerran egon ginen bitartean, ez nuen euren berri jakin, ezta eurek nire berri ere.

Nire gurasoak eta anaiak gelditu ziren herrian. Zazpi senide ginen eta lau joan ginen gerrara: bi nazionalistekin eta beste bi erreketeekin. Gasteiz erasotu genuenean, bi anaia ibili ziren ehun metroren barruan elkarren kontra borrokan. Beste hiru anaia txikienak herrian gelditu ziren.

Erreketeekin ibili ziren bi anaiak kintoak harrapatu zituzten eta soldadutzara eraman. Eta handik, jakina, gerrara. Bietako bat sukaldaria zen, Donostian Hotel Londresen; hartu eta gerrara eraman zuten. Dena den, ez zen hain gaizki egon: banda militarrean egon zen, danborra jotzen. Eta nola sukaldaria ere bazen, erosketak berak egiten zituen. Hark dirua aurreztu zuen gerran...

Etxean nire berri lehenengo aldiz, harrapatu nindutenean izan zuten, 1937ko udaberri inguruan.

Orduan beste garai bat hasi zen zuentzako, espetxealdi luzeen garaia, ezta?

Bai, hala da. Ni Santo Cristo de Limpias-en (Kantabria, Espainia) harrapatu ninduten, Santander inguruan. Laredotik 15 kilometrora dago, Asturias aldera. Izan ere, beste aldekoek aurrera egiten zuten bezala, gu atzeraka joan ginen, posizioak galduz, Kantabriaraino iritsi arte.

Italiarrek atxilotu ninduten eta, egia esan, oso ondo hartu gintuzten. Baina badakigu Laredo aldean sartu ziren 'Tercio San Ignacio'-k eta halako erreketeek (azpeitiarrak ziren horiek, gainera) gogor ekin ziotela. Izugarrizko errepresioa erabili zuten horiek.

Atxilotu eta gero, 'Batallon de Trabajadores'-etan ibili nintzen, gatibu lanetan. Denbora asko pasatu nuen hor: kartzela eta 'Trabajadores'-en artean 4 bat urte pasatu nituen. Hasieran Zaragoza (Espainia) aldera eraman ninduten eta handik gertura, Huescara. Zazpi hilabete egon ginen pikatxoiarekin errepide bat egiten. Handik Bizkaira, Lamiakora, eraman gintuzten. ‘Gorrien’ abiazio zelaia izandako lekua zen eta guretzat kontzentrazio esparrua izan zen. Hiru mila lagun inguru egongo ginen.

Handik ofizioa zeukatenak apartatu egiten zituzten eta alde batera edo bestera bidali. Nik, gerra aurretik, ebanista egiten nuen lana. Eraman ninduten hurrengo lekua Bilbotik zortzi kilometro ingurura zegoen, Santurtzi aldera hartuta. Automobilismo tailerra zegoen bertan: automobil berriak ekartzen zituzten muntatzera eta zaharrak konpontzera. Mekanikoak, arotzak, pintoreak, txapistak... mila bat lagun egon ginen han lanean. Ni makinista bezala egon nintzen, nahiko ondo.

Geure ofizioan egiten genuen lan, zortzi orduz, eta jaten ondo ematen ziguten. Soldata ere bagenuen; hiru kategoria zeuden eta azpeitiarrok lehenengo kategorian jarri gintuzten. 4,50 erreal irabazten genituen, guardiak-eta egiten zituzten soldaduek baino gehiago. Pentsa, soldadu batzuek baino gehiago irabazten nuen nik han... Begi txarrez begiratzen gintuzten soldadu haiek.

Esan bezala, azpeitiarrak baginen han. Lau lagun izango ginen gutxi gora-behera. Luxio Azpillaga zen haietako bat; besteekin ez naiz gogoratzen.

Gerrak iraun zuen bitartean, nolako bukaera ikusten zenioten?

Guk ez genuen pentsatzen galtzerik, ezta pentsatu ere! Beti aeroplanoen zain egoten ginen: atzerriko norbaitek laguntzeko zain, alegia. Etorriko zirela aeroplanoak, etorriko zirela, baina beti etortzekotan... Frantsesek eta beste zenbaitek izango zuten hona hegazkinak sartzeko bidea, nahi izan balute. Baina ez zuten nahi. ‘No intervencion’ delakoari eutsi zioten.

Gainera, kainoi gutxi genituen eta besteek, berriz, bazuten nahikoa. Guk fusilak eta metrailadore gutxi batzuk besterik ez genituen armada bati aurre egiteko.

“Herrira itzuli eta lanean hastean, ahaztu egiten duzu hura guztia”

Nolakoa zen fronteko egunerokoa? Pasadizoak ere asko izango dituzu...

Astoarena kontatuko dizut. Artxandan geunden gu. Deriotik italiarrak zetozen, eta beste azpeitiar bat eta ni bonba bila bidali gintuzten, Begoñako elizara. Garai hartan bonba biltegia Begoñako Basilikan zegoen. Hartu genuen, behintzat, bonbak zeuden kaxetako bat, baina ehun kilo pisatuko zituen gutxienez eta gu bion artean ezin genuen altxatu. Norbaitek autoa utzi zigun, baina metrailadorez harrapatu gintuzten eta han utzi behar izan genuen automobila.

Halako batean baserri batera iritsi eta bertakoei astoa geuri uzteko eskatu genien, bonbak zituen kaxa eraman ahal izateko. Ez zuten nahi, baina gure batailoiko apaiza hantxe tokatu zen eta hark konbentzitu zituen. Asto hura kendu genien azkenean, gero bueltatzekotan.

Behinik behin, asto harekin iritsi ginen behar zen lekura. Deskargatu genuen astoa eta, bat-batean, dunba! Kainoi tiro batek eman zion asto gizagaixoari! Hauts egin zuen, han gelditu zen zisko eginda! Baserritar hura gogoratuko zen, bai, makina bat aldiz gutaz...

Apaiza ere izaten zenuten batailoietan, beraz.

Bai. Teniente edo kapitainaren kargua izaten zuen, gainera, batailoiko apaizak. Egunero ez, baina jaiero entzuten genuen meza.

Astoarena gertatu zen leku hartan, Artxandan, jende asko hil zen; kantitatea! Bi aldeetatik hil ere, bai gurean eta bai besteenean. Bukaera aldean izan zen hura eta handik segituan hartu zuten besteek Bilbo.

Artxandako hartan, gainera, Jose Antonio Agirre etorri zen gu animatzera.

Nik neuk ez nuen ikusi, baina hala esan zidaten, behintzat. Laguntza etorriko zela esaten omen zuen, aeroplanoak etorriko zirela, eta eusteko. Nik uste dut benetan pentsatzen zuela esandakoa baina... Oso gizon fina zen Agirre.

Herrira itzultzeko unea ere iritsi zen. Zer oroitzapen dituzu?

.1940-1941 inguruan gelditu nintzen aske. Ederra izan zen herrira itzultzea! Batzuek begi txarrez begiratzen gintuzten, baina kasurik ez genien egiten eta kito! Geu ere kuadrila elkartzen joan ginen eta ez zegoen kuidadorik, erraz dominatzen genituen. Gainera, gu etorri ginenerako gauzak baretzen hasita zeuden.

Etorri nintzenean, alkatearengana joan nintzen hitz egitera. “Lanean segitu eta heure bizimodua egin”, esan zidan alkateak. Oso gizon jatorra zen; karlista, baina jatorra.

Anaiaren tailerrean hasi nintzen lanean etorri eta segituan. Gu galtzaileak ginen eta badakit batzuk gaizki ibili zirela lana topatzeko, arazo handiak izan zituztela. Sindikatura aurkeztu behar izaten zenuen eta han bi anaia egoten ziren, txar-txarrak zirenak! Haietako bat apaiza zen. Hara aurkeztutakoan hala esaten ziguten: “Hi al haiz aurrean, frontean ibilitakoa?”. Guk, baietz. Haiek: “Honezkero, latina ere ikasiko huen hik!”. Gerra aurretik ezer ez zeukaten gizajo batzuk ziren bi anaia haiek, prakak ipurdian zulatuta ibiltzen zirenak, baina gerra ondorenean sindikatuan sartu eta...

Anaia haietan apaiza zenak, jaiero-jaiero hala esaten zuen meza garaian: “Otoi Espainiaren alde”. Behin, gainera, norbaitek papera harrapatu zion... Pulpituan edukitzen zuen papera, ‘otoi Espainiaren alde’ jartzen zuen hori. Hala ere, gu oso kristauak ginen, fede handikoak.

Galtzaile gisa, borrokatu zenuten hori bera jasan behar izan zenuten ondorengo 40 urteetan. Nola eraman zenuten egoera hura?

Azpeitira etorri eta lanean hastean, pixkanaka-pixkanaka ahaztu egin nuen hura guztia. Geure artean elkartzen ginenean, jarduten genuen “akordatze al haiz han nola ibili ginen?” eta horrelakoak esaten baina, bestalde, ahanzten joan ginen.

Hala ere, gerora ere EAJko afiliatu jarraitu genuen, batzokietan elkartzen. Nik neuk ez nuen arazo berezirik izan. Hona etorri ginenean, bizimodu normala eraman genuen.

70 urteren ondoren, nola ikusten duzu hura dena?

Oso oroitzapen txarrak ditut gerraz. Baina ahaztu egin behar da eta aurrera egin. Dena dela, beti ere orduko idealei eutsita.