Patxiren euskaltzain izendatzea

Euskaltzaindia 24 euskaltzain osoz, euskaltzain ur-gazleez eta euskaltzain ohorezkoez osatua dago. Urgazleek —euskaltzain osoei beren egitekoan laguntzen dietenak— eta euskaltzain ohorezkoak, biltzarretan boza baino ez dute; euskaltzain osoek, be-rriz, boza eta botoa.

Euskaltzain urgazleek inoiz euskaltzain oso izateko aukera dute, Euskaltzaindiak hala baderitzo. Horregatik, Euskaltzaindiko aulkia betetzeko, lehenagotik urgazle izan behar da.

1965eko irailaren 24an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazleak izendatu zituen. 32 izan ziren aldi hartan izendatutakoak eta haietako Patxi Altuna bera. Laguntzaile aritu zen, beraz, urte askotan Patxi Euskaltzaindiaren jardunean, 1979an Jose Maria Lojendio euskaltzaina hil eta haren aulkia hu-tsik gelditu zen arte.

Euskaltzain oso bat hiltzen denean, Euskal-tzaindiak beste euskaltzain bat aukeratzen du haren lekua betetzeko, eta bi izan ziren proposatuak Jose Maria Lojendioren aulkia betetzeko: Jose Luis Alva-rez Enparantza Txillardegi eta Patxi Altuna.

1980ko apirilean Euskaltzaindiaren hileroko biltzarrean, Jose Maria Lojendioren aulkia betetzeko hauteskundeak egin ziren. Hiru bozketa egin ziren, baina, hala ere, inork ez zuenez nagusitasun osoa lortu, aulkia hutsik gelditu zen.

Urte bereko ekainean hautagai berriak hautatu behar ziren, eta Patxi Altunaren izena baino ez zen aurkeztu. Uztailean Patxi Altuna bai ala ez bozkatu zen, eta baietza izan zen nagusi. Beraz, Patxi Altuna zen handik aurrera Euskaltzaindiaren hamazazpigarren aulkia bete zuena.

Euskaltzaindian egin ohi denez, euskaltzain oso berriak bere herrian hartu zuen kargua. Gauzak horrela, 1981eko urtarrilaren 24an bildu zen Euskaltzaindia Azpeitiko Udaletxean Patxi Altunaren karguaren hartzea ospatzeko. Ospakizunari hasiera Luziano Lazkano Azpeitiko alkateak eman zion. Ondoren, Luis Villasante euskaltzainburuak Patxiren ibilbideaz hainbat aipu eta laudorio egin ostean, izendapenagatik zoriondu eta Euskaltzaindira ongietorria eman zion.

Villasante zenaren hitzaldi laburraren eta gozagarriaren ondotik, eta ekitaldiotan egin ohi den bezala, Patxiri eman zioten hitza eta honek Ziburuko Ioannes Etxeberriri buruzko sarrera hitzaldia irakurri zuen. Sarrera hitzaldiari, Koldo Mitxelenak erantzun zion, Patxi Altunaren kargua hartzeko merezimenduak aipatuz eta goraipatuz. Eta ekitaldia amaitzeko denak zutik zirelarik, Luis Villasante euskaltzainburuak azpeitiarra euskaltzain aitortu zuen.

Patxi euskaltzain oso izendatu baino lehenagotik ere leial ari zen lanean Euskaltzaindian. Baina izendatzeak indarrak ahitu arte lanean jarraitzera hitz emanarazi zion. Halaxe adierazi zien Euskal-tzaindiko kideei, sarrerako hitzaldian: “Badakit ondotxo izendapen hau ez dela ordain eta sari; ondotxo dakit ez dituzuela nik gaurdaino euskararen alde irabazitako nola-halako merezimenduak sariztatu nahi izan; aitzitik, orain arte, alferkeriaz edo, egin nezakeen baino gutxiago egin dudala ikusirik, lan gehiago egitera deitu eta akuilatu nahi izan nauzuela. (...) Nik neure aldetik hitz ematen eta zin egiten dizuet. Jainkoak osasun eta indar eman nahiko didaino, eginahalean saiatuko naizela zuekin batean egiteko hori burutan ateratzen”.