Laxaro Azkune lehendakariaren mezua agur ekitaldian (2008-martxoak 8)

Eguerdion denoi, eta, Uztarriako denon izenean, eskerrik asko ekitaldira etortzeagatik.

Bideoan ikusi dugun bezala, Azpeitian duela 10 urte Euskara, Kultura eta Komunikazioa arloetan oso bestelakoa zen egoera.

Gaur egun normaltzat jo ditzakegun gauzak ez ziren hala orduan:

• Ez zegoen euskara planik, adibidez; ez teknikaririk, ez patronatorik, ez euskara elkarterik…

• Ez kultur azpiegitura egokirik edo haien proiekturik, ez taldeen arteko harremanik, ez agendarik…

• Ez euskarazko herri aldizkaririk, ez webgunerik, ez egunkaririk…

• Eta herrian elkarteen-eta bilgunerik ere ez zegoen.

Baina bazegoen hori aldatu nahi zuen jende bat, herri bat. Horregatik sortu zuten herriko euskara eta kultur taldeek Uztarria Kultur Koordinakundea 1998an.

Zorionez, hamar urte geroago beste egoera batean gaude.

‘Ez zegoen’ hori, ‘badago’ bihurtu da: euskara planak, euskarazko komunikabideak, kultur azpiegiturak bukatzear dira… Euskara eta kultura mahaiak ere sortu dira.

Asko egin dugu aurrera. Denon ahaleginari, lanari eta borondateari esker egin ere.

Gaiak landuta, hitz eginda eta ados jarrita atera izan ditugu aurrera 10 urtean Uztarrian. Ez dugu behin ere bozketarik egin; ez asteroko dinamikan ibili garen kideon artean, ez koordinakundeko taldeen batzarretan, ez bazkideen batzarretan.

Lan egiteko filosofia bat izan da. Gure ustez, ona litzateke jokabide berarekin aritzea aurrerantzean mahai edo bilguneetan.

Etorkizuna eraikitzeko zutabeak jarrita daudelakoan gaude. Herri euskaldun eta euskaltzalearen alde aritzeko, kultur dinamika indartsu baten alde aritzeko, parte-hartzearen alde aritzeko, elkarlana lortzeko… zumeak badaude.

Bide honetan eta, puntu honetaraino iristeko, jende askorekin izan ditugu harremanak: herriko taldeekin, herritar norbanakoekin, Udalarekin, sindikatuekin, alderdi politikoekin, enpresekin... Beti argi izan dugu guztien inplikazioa eskatzen zutela alor hauek. Horretan saiatu gara, inori biderik itxi gabe. Jarrera eraikitzailea izan dugu, aritu izan garen ekimenetan proposamenak eginez, egitasmo positiboak proposatuz.

Utz iezadazue Uztarriak landu izan dituen arlo bakoitzari buruz puntu bat edo beste azpimarratzen:

• Euskararen atala. Herri euskalduna da Azpeitia, baina azpeitiarren artean ere tresna herrena dugu euskara. Ez digu noranahirako balio. Lanean nahiko urri darabilgu, kontsumoan ere ez gehiegi. Oraindik jarraitzen du euskaraz eta erdaraz biak nahasturik hitz egiteko joerak, biak euskaldunak izanda ere. Erdaldun bat tartean sartu orduko hasten gara denok erdaraz, badakigula erakutsi nahian-edo. Zalantzarik ez dago baduela oraindik azpeitiarrak erdaraz ondo egiten ez duen konplexua. Ez da horren hedatua, ordea, euskaraz gaizki egiten duenaren konplexua. Erdaraz erraz eta eroso egiten duena askoz jakintsuagotzat daukagu. Euskaraz bizitzeko kontzientzia falta zaigu. Bien bitartean euskaldun zahar asko ari zaigu hiltzen berekin ondare bikaina daramatela lurpera. Gazte hizkerak euskaran ez du nonbait, erreminta egokirik aurkitzen eta nahiago du beste hizkuntzetako klitxeak errepikatu. Kanpotar asko ari zaigu etortzen eta, 60ko hamarkadan bezala, arriskua daukagu berriz ere etorkinak geure herrian integratzen ez asmatzeko. Aurrekoek bigarren edo hirugarren belaunaldira iritsi behar izan dute integratzeko. Hauekin ez al da horrela gertatuko!

• Kulturaren alorrean Uztarria Koordinakundeak zuen baino eremu zabalago batean dago Azpeitiko kulturaren egungo dinamika. Kultur Mahaian, herriko talde guztiak daude ordezkaturik, eta sinisten dute, gainera, mahai horrek dinamizatu behar duela Azpeitiko kultura. Hau dinamizatzeko Euskal Herrian badaude eredu arrakastatsuak, gurean ondo funtziona dezaketenak. Uztarriak egina du jada horren proposamena. Kultura ezin da erakundeetatik bakarrik egin. Herritik egin behar da batez ere, eta erakundeekin sintonian, elkarlanean, elkar onartuz eta elkarri lagunduz. Horrela ez bada kultura fosilizatua izango da. Beraz, kultur sentsibilitatea duen mundu guztia animatu nahi nuke horretan bustitzera.

• Komunikazioaren atalak eremu zabala hartzen du, hor jarraituko du hileroko aldizkariak, herriko erreferentzia izanez, webgunearen eguneroko martxa dinamikoarekin uztartuz eta Urola Kostako Hitza-rekin elkarlanean. Arlo horretan etor daitezkeen berrikuntzak igarri ezinak dira gaur-gaurkoz. Tokiko telebisten lizentzien banaketaren ondoren proiektuak gauzatu behar dira eta, ez dago zalantzarik, idatzizkoa, Interneta eta telebista elkarlanean gauzatutako proiektuak beharko duela izan, arrakastarik eskuratu nahi badute. Horri erantsi behar zaio, orain arteko argitarapen politikarekin jarraitzekotan, herrirako interesgarri ikusten diren liburuak edo argitarapenak ateratzea, idazle berriak bultzatzea...

Eta orain zer? Uztarriak bukaera eman dio kultur koordinakunde izateari, eta aro bat bukatu da.

Baina hemen ez da ezer bukatu. Uztarria sortzeko arrazoi izan ziren helburuek eta lan ildoek aurrera jarraitzen dute. Hori bai: beste era batera. Aipatu ditugun mahai edo bilgune horien aroa da orain.

Uste dugu bide eraginkorragoa izan daitekeela hori.

Horretarako, jakina, jendea behar da lanerako, eta ez daukagu zalantzarik: badago edota agertuko da jendea, gauzak argi ikusten direnean errazagoa da-eta jendea inplikatzea.

Eta izan dezagun garbi: egoera hobean egon arren, badago zer eginik.

Beraz, bideoan esan bezala, hauxe izan da dena, hauxe Uztarria Kultur Koordinakundeak eman duena.

Uztarriako lehendakari gisa, eskerrak denoi, bazkide, laguntzaile, herritar eta herriko erakunde orori.

…eta segi aurrera!

2008ko martxoaren 8an, Azpeitian,

Laxaro Azkune (Uztarria Kultur Koordinakundeko lehendakaria)