Etenik gabeko abestia

Esan bezala, etenik gabeko abestia da Maria Jesus Arregi Uzinen bizitza. Adina ez da muga emakume honentzat, eta egunez egun erakutsi ohi du. Gaur, 68 urterekin, mila jardueratan parte hartzeko ardura hartu du bere gain, eta gauza berriak probatzen jarraitzeko gogoa du. Horren erakusle, aurten (2013) Ipar Euskal Herriko dantzak ikasten hasi da. Lehen dantzaldia ere egin du taldearekin, herriko plazan. Ez du etenik, ez, abestiak.

Heriotzari ez dio beldurrik Maria Jesusek, eta bitartean gelditu ere egin gabe jarraitu nahi du, bizi-bizi.

Maria Jesus da, beste hainbat emakumeren artean, historia emakumeena ere badela erakutsi diguten pertsonetako bat. Egia da aurkikuntza liburuetan gizonen izenak soilik ageri ohi direla, baina hori ez da emakumeak orain arte geldirik egon direlako. Azpeitiar honek argi erakutsi du iraganak ez ezik, etorkizunak ere emakume aurpegia duela.

Uztarriatik datorkit
liburuxkaren eskaintza
esker onean sortzen zait
beraiekin parte-hartzea
gaur eguneko egoeran
garrantzia, lehentasuna
famili, langabeziak
osasuna ta bakea
gorabeherak izan arren
hamaika arazo dira
adostasunak sortuaz
eraiki sendotasuna
indartu gaitezen denok
sustrai sakonak badira
merezi du gure herriak
egin dezagun aurrera

(Maria Jesus Arregi Uzin)