Baigeran, gizarteari lotuta

2008ko Baigerako batzordea, Kiruri Jatetxean. 

Askok pentsatuko dute behin erretiroa hartuta, Maria Jesusi ez zitzaiola ezer falta egiteko: abeslari, kudeatzaile, misiolari, kartzelako bisitari, bakegintzako gidari... mila rol izan ditu azpeitiarrak. Emakume honek, ordea, ez zuen etsi jubilatu ondoren. Adinekoei laguntzeko garaia iritsi zitzaiola pentsatu zuen, eta Baigera Jubilatuen Elkarteari ere ekarpen handia egin dio Arregik. Lau urte egin zituen taldeko juntan: 2007tik 2010era bitartean jardun zuen han lanean. Gainera, lau urte haietako azken biak, lehendakari gisa egin zituen.

Itziar Azpiazu Elorza (Azpeitia, 1946) eta Maria Pilar Arruti Azpeitia (Azpeitia, 1942) Baigerako kideak dira, Arregirekin batera. Arruti, gainera, harekin juntan egon zen zenbait urtez. Azpiazuk eta Arrutik diotenez, Arregi juntan hasi zenean abiatu zituen ekimen berriak erakundeak. "Lehendik egiten ziren gauzak ongi egiten ziren, eta horiei eusten saiatu ginen. Horiez gain, ordea, gauza berriak prestatzeko konpromisoa hartu genuen", azaltzen du Arrutik.

Aldaketa bat izan zen Baigeran garai hartan: informazio guztia eta kontabilitatea euskarri elektronikora pasatu zuten, adibidez, erretiratuei lana errazteko. "Proiektu berriekin hasi ginen lanean; ezin esan saiatu ez ginenik. Zerbitzu publikoak hobetzeko hautua egin genuen: inplikazioa, ardura eta konpromisoa erakutsi genuen garai hartan". Haiek presidentzian izan zirenean antolatu ziren, besteak beste, esperientzia eskolak Baigeran. Horietan gai desberdinak landu zituzten, hitzaldien bidez: musika, osasuna, erlijioa, historia, emakumearen rola... Santotomasetako txosna ere aldi hartan jarri zuten lehen aldiz, eta saninazioetako bakailao lehiaketan parte hartzen hasi ziren. "Festarako eta lanerako, denerako, parte-hartzea sustatu genuen. Guztiengana iritsi nahi genuen, gazteengana eta helduengana; herritarren aldetik erantzun ona jaso genuen", gogoratzen dute emakumeek.

Baigerako kideen ustez, Maria Jesusek rol garrantzitsua izan zuen juntan bereziki, eta taldean, oro har. "Talde lana egitera bultzatzen gintuen beti Marijek, berebiziko garrantzia ematen zion horri. Hark ederki zekien taldean beharra nola egin, ongi prestatua zegoen, eta izugarri lagundu zigun denoi. Horrela da, lan asko egin zuen", dio Maria Pilar Arrutik. Baigera izena ere Arregik asmatutakoa da: "Jubilatuen taldeak Aitonena izena zuen. Erreparatzen badiozue, gizonei soilik egiten die erreferentzia izen horrek. Udalak deitura aldatzeko lehiaketa bat antolatu zuen, eta han ere Marijeren proposamenak arrakasta izan zuen: deitura ere aldatu zion taldeari".

Arregirekin jubilatuen taldean ibilitakoek baieztatzen dute, oraindik ere, lan izugarri egiten duela: "Bizi egiten du, hori da hitza. Guztientzako onbidea bilatzen du eta albokoaren parean jartzen daki. Ez da gelditu ere egiten, gaztetako errodajea du oraindik", azaltzen du Itziar Azpiazuk.

Hasiera batean, Baigerak aisia soilik lantzen zuen, baina azken urteetan, Maria Jesus eta beste azpeitiar batzuek alde sozialari heldu diote; horretan ere aitzindari da emakumea. Gaur egun, taldea antolatzen eta informazioa jasotzen ari dira. Jubilatuen egoera, eskubideak, bizitoki duina izateko baliabideak... nolakoak diren aztertzea nahi dute. "Ikusiko dugu herriak zer erantzun ematen dion proiektuari; badago lana egiteko, eta gogoa ere bai".

Nola ez, musikarekin lotura duten jarduerak Maria Jesusek antolatzen ditu Baigeran. Hileko bigarren ostiraletan egin ohi den kantu-poteoa ere Arregiren ideietako bat da. Urteak aurrera doaz, baina gauza batzuk inoiz ez dira aldatuko.