Emakumeen eskubideen alde

Gure Ametsatik danborradan irten ziren lehen emakumeak, 2006an. 

Esan gabe doa, bakegintzan berebiziko garrantzia dute elkarrenganako errespetuak eta berdintasunak ere. Emakumeen eskubideak errespetatu behar ditugu erabateko parekidetasuna lortzeko, eta horretan ere jarri du hondar-alea Maria Jesusek.

Maria Jesus Arregi izan zen Gure Ametsa elkartean sartu zen lehen emakumea. Senarra hil zenean, haren lekua libre gelditu zen, eta elkarteko kide izateko eskubide osoa zuela aldarrikatu zuen Maria Jesusek. Garai hartan, ez zen oso normala emakumeak elkarteetako bazkide izatea, eta bi aldiz zenbatu behar izan zituzten bozak hura onartzeko. Beraz, Andoniren lekua hartu zuen Maria Jesusek. Apurka-apurka bazen ere, ia kide guztiak iritsi ziren elkarteko emakume bakarra errespetatzera: "Begira nolakoak diren kontuak, gero lehendakari jarri ninduten elkartean". Emakumeetan, lehen kidea eta lehen lehendakaria izan da Arregi Gure Ametsan. Bidea ireki zuen, eta etorriko direnentzat errazagoa da ordunik elkartera egokitzea.

Manuel Maria Altuna Bengoetxea Kanpaxa (Azpeitia, 1939) Gure Ametsa elkarteko kidea da, eta oraindik gogoratzen du Maria Jesus soziedadean sartu zen eguna. "Garai hartan arraroa zen emakume bat elkarteko kide izatea. Marije sartu zenean, jendea harrituta gelditu zen hasieran: lehen emakumea zen, eta bakarra. Gainera, bakarra izaten jarraitzen du; haren ondoren ez da gehiago emakumerik sartzea suertatu". Kanpaxak, ordea, ez du uste emakume izateagatik desberdin tratatu denik Maria Jesus: "Batzuei, agian, ez zitzaien gustatuko hura sartzea, baina ez dut uste inoiz arazorik izan dugunik Marijerekin. Guztiz kontrakoa, elkarteko presidente ere hautatu genuen, eta presidentea guztien artean aukeratzen da".

Maria Jesusek ez zuen nahikoa elkarteko lehendakari izatearekin. Behin elkarte barruan, danborradan emakumeek ere parte hartzea nahi zuen: "Zergatik ezin genuen guk danborra jo?", galdetzen du. Taldetxo bat bilduz gero danborra jotzeko aukera izango zutela esan zioten Arregiri. Elizabeth Altuna da danborradan hasiera-hasieratik irteten den herritarretako bat: "Marijek elkartean proposamena egin zuen gaua ederki oroitzen dugu guk. Alboko tabernan geunden emakume taldea, erlojuari begira; hura noiz etorriko zain, hark zer esango ote zigun galdezka. Baiezkoa eman zigun, eta astebeteren bueltan guztia antolatu genuen: taldea, arropak, danborrak... zoramena izan zen. Hala ere, emakumeontzat garaipen bat zen hura". Horrela sortu zuen Arregik, 2006an, Gure Ametsa taldean emakumeentzako lekua: "Oraindik ere irteten dugu danborradan, eta horrela jarraituko dugu".