Etxetik Europara begira

Esparru horretan, Europara begiratzea beharrezkoa da Arregirentzat. Gainontzeko lekuetan, Euskal Herriko gatazkaren gisako arazoak nola konpondu diren ikustea "aberasgarria" da denentzat, haren esanetan. "Hizketan egin dutelako zuzendu dira gatazka eta guda asko, ezin dugu gure zilborrari begira bizi: ireki, entzun eta ikasi egin behar dugu". Horregatik gustatu zitzaion Arregiri Elkarriren filosofia; bide berrietara zabalduta zegoen taldea zen, elkarrizketaren aldekoa. "Badakigu talde honek ez dituela mirariak egin, baina bide batzuk ireki ditu, eta ez da erraza".

"Arazoa latza da; ez dut inolako zalantzarik. Konponbidea iritsiko omen da, baina noiz?". Arregiren ustez, hasteko, parte-hartzea falta da herri mailan, baita erakundeen aldetik ere. "Herria mugitzen ez den bitartean, guztia zailagoa izango da. Bada garaia gatazka bide zuzenetik eramateko, injustizia alde guztietan egon baita".

.2006. urtean Lokarri izena hartu zuen Elkarri elkarteak, Paul Rios koordinatzaile zuela. Lokarri izan zen, hain zuzen, Donostian, Aieteko konferentzia antolatu zuten taldeetako bat. Orain, Maria Jesusek ez du buru-belarri jarraitzen proiektuan, denera ezin baita heldu. Hala ere, bazkide izaten jarraitzen du, eta ahal duenean haiei laguntzen saiatzen da: loteria saltzen, bileretan parte hartzen edo taldeari iradokizunak eta ekarpenak egiten, besteak beste.