Ideiak eta baloreak argi

Maria Jesus beti saiatu da koherente izaten bere ideiekin, eta hori nabarmena da haren eguneroko jardunean. Gazteen rola sutsuki defendatzen du. Bai duela hogei urte, baita gaur egun ere, gazteen jokaerak berebiziko garrantzia duela uste du Arregik: "Gazteen pentsamoldeak, jokatzeko erak eta ideiek baldintzatuko dute gizartearen etorkizuna".

Bakea du xede Maria Jesusek, eta helburu horretara iristeko bidea jorratzen dihardu. Horregatik hasi zen Elkarrirekin lanean. Elkarrik bat egiten zuen azpeitiarraren asmoarekin: biolentzia alboratuta eta elkarrizketa oinarritzat hartuta, euskal gatazka bakegintzara bideratzea zuen xede plataforma hark. Elkartea 1990ean sortu zen, eta 1993an funtzionatzen hasi zen Azpeitian. "Laxaro Azkune, Aitor Azpillaga eta beste pertsona batzuek osatutako lan-taldea Sanjuandegiko parrokiko lokalean hasi zen biltzen. Talde hura sindikatuekin, alderdi politikoekin eta ikastetxeekin hitz egiten hasi zen".

1995ean sartu zen taldera Maria Jesus. Talde hartako batek animatu zuen Arregi haiei laguntzera. Arregiri asko gustatu zitzaion dinamika, gainera, Martuteneko presoekin hartu-eman handia zuenez, ekarpen esanguratsuak egin zitzakeela pentsatu zuen. "Nahi gabe inplikatu nintzen proiektuan. Elkarri gure herriko testuingurura ekarri genuen, eta Azpeitian hasi ginen elkarrizketa errazteko dinamikak sortzen".

Pentsatu eta egin. Baigerako lokalean alderdi desberdinetako ordezkariak bildu zituzten 1998-1999 urteetan. Bake Forum izena jarri zieten solasaldi haiei. Gazte eta heldu, eskuineko eta ezkerreko, euskaldun eta espainiar: guztiak gela berean bildu zituzten. Helburua herritarrek elkarri entzutea zen: hitzaldiak, mahai-inguruak, eztabaidak... elkarrizketa ahalbidetzen zuten ekitaldiak antolatzen zituzten Elkarriko azpeitiarrek. Joseba Egibar (EAJ), Antton Karrera (EB), Rafa Diez (LAB), Jose Elorrieta (ELA), Gazte Mugimenduetako ordezkariak edo Ricardo Hueso (PP) bezalako pertsona kontrajarriak ekarri zituzten Azpeitira, hitz egitera eta eztabaidatzera.

"Ongi gogoratzen dut PPko Ricardo Hueso Baigerara iritsi zen unea. Eraikina ertzainez inguratuta zegoen; itxura denez, gertatu zitekeenaren beldur ziren". Maria Jesusek berak hitz egin behar izan zuen Ertzaintzarekin, eta gerta zitekeenaren erantzukizun osoa bere gain hartu zuen.

"Horrela kontatuta oso polita dirudi, baina inork ez gintuen ongi begiratzen; ez alde batekoek, ez bestekoek. Niri berdin zitzaidan, gertutik ezagutu dut sufrimendua, horregatik hasi nuen bakearen aldeko bidea Elkarrirekin. Elkarrizketa behar dugu, inposaketak ez baitu funtzionatzen. Uste dut hori frogatu dugula jada".