Indian ere armoniaz

Marije Elena koinatarekin eta, Indian, 2000. urteko azaroan. 
Arregi eta haren lagun Azpiazu, Egipton. 

Euskal Herrian soilik ez, hemendik kanpo ere lagundu die Maria Jesusek gehien behar dutenei. Senarraren arrebarekin, Elena Albizurirekin, hilabete pasatu zuen Indian azpeitiarrak. 2000. urteko urrian hilabeteko oporraldia eskatu zuen, eta boluntario gisa joan zen Asiako hegoaldera. Koinata misiolaria da, Indian dagoen oihan batean.

"Hiritik abiatu, eta sei ordu behar dira autoz oihan hartara iristeko, bidea izugarri txarra da. Han goian ez dago estaldurarik, ezta komunikatzeko modurik ere". Maria Jesusek hamabost egun egin zituen oihan hartan misiolari moduan; eta beste hamabost, Kalkuta eta Shillongen: "Esperientzia zoragarria izan zen; hango egoera ez dago hitzez azaltzerik".

Elenita oso maitea du Maria Jesusek. Hunkitu egiten da "emakume handi" hartaz hitz egiten duen bakoitzean. "Elenita eredu bat da niretzako; oso urrun egon arren, gertu sentitzen dut. Haren bizitzeko modua izugarri gustatzen zait, neure burua ikusten dut bere lekuan. Elenarekin sentitzen dudan hurbiltasunak poza ematen dit, konektatu egiten dugu: zoragarria da". Duela 40 urte joan zen Indiako Meghalaya estatura, eta ordutik misiolari lanetan dihardu.

Koinataren lagunak ziren moja batzuekin abiatu zen Maria Jesus Indiarantz. Madrilen hartu zuten hegazkina, eta hara iritsi zirenean ohartu zen ez zuela bisarik. Madrilera bueltatu eta, berriro, Indiara itzuli behar izan zuen azpeitiarrak. "Ez nuen pentsatu bisa beharko nuenik. Hori bai, ez zitzaidan burutik pasatu ere egin Indiara ez itzultzea. Joan egin nahi nuen, kosta ala kosta. Berriro Indiara iritsi nintzenean, pankarta batekin zeuden guztiak nire zain: Txapeldun! Munduari bira eman diozu bost egunetan, jartzen zuen bost metroko pankarta hartan, gorriz".

Elenitak, Arregiren koinatak, eskola sortu zuen Indiako oihan txiki hartan. Horrez gain, emagin lanak ere egiten ditu emakumeak. "Bi erditze ikusi nituen han. Emakumeek ez dute ez hitzik, ez zaratarik egiten haurra izaterakoan; benetan harrigarria da hango kultura".

Maria Jesusi bizitza aldatu zion Indiara eginiko bidaiak: "Han ez dute ezer, oso gutxirekin bizi dira; gu, aldiz, beti kexaka". Begirune handia dio azpeitiarrak Elenari: "Hark oraindik Indian jarraitzen du, galdutako oihan hartan, jendeari laguntzen, bere familiarengandik milioika kilometrora". Bi emakumeek harremanetan jarraitzen dute, eta Maria Jesusi asko axola zaio, oraindik, bailara hartan gertatzen dena. Bidaia hark orban bat utzi zion bihotzean, "beste begi batzuekin" ikusten du hemengo bizitza orain.

Hala ere, Maria Jesusek aitortzen du bizitzan zehar eginiko bidaia guztiak ez direla izan besteei laguntzeko soilik. Bidaia zalea da, izugarri gustatzen zaio abentura, eta bere indarra geldituko duenik ez dago. Musikarekin parekatzen du azpeitiarrak leku berriak ezagutzeko duen grina: "Ni bidaiaria naiz, uste dut musika eta bidaiak nahikoa izango nituzkeela bizitzeko". Jordanian, Egipton, Sirian, Suitzan... leku askotan izan da Arregi.