Etxeko ateak zabalik

Maria Jesus eta Jaione, Pasaian. 
Arregi eta Marikruz eta Arantxa Azkue ahizpak, Martuteneko kartzela atarian. 

Presoen alde bisitak baino zerbait gehiago egin du Arregik. Ez zaio arrazoirik falta Maria Jesusi: amak ongi irakatsi zion pertsonak maitatzen. Preso sozial baten alaba izan zuen etxean, bi urtez: Jaione. Hark hamazazpi urte zituela kartzelara sartu zuten Jaioneren aita, eta adin txikikoa zenez, Arregik bere burua eskaini zuen Jaionek 18 urte egin arte hura etxean izateko. Horrela, alaba bezala eduki zuen Jaione etxean, bi urtez, 2002tik 2004ra, hemeretzi urte egin zituen arte.

Maria Jesusek bihotza eman zion neskari, ahal zuen guztia egin zuen harengatik. Jana eta arropa erosten zizkion, ikastera bidaltzen zuen eta lana ere aurkitu zion: "Nire bigarren alaba izan zen hura". Jaione mutil-lagunarekin bizitzera joan zen Zumarragara, 19 urterekin. Adin nagusikoa zenez, bere bizitza berregiteko askatasuna zuen. Arregik izugarri maite zuen neska hura, eta oraindik asko pentsatzen du beragan.

Izugarri ikasi du presoengandik Maria Jesusek. Haiek ematen omen diote zentzua bizitzari: "Haiei laguntzeak niri ere lagundu egiten dit". Sufritzen ari denari laguntzea du gustuko. "Presoei laguntza eskaini behar diegu, ez baitira egoera onean egoten. Oso erraza da albokoa epaitzea, baina bakoitzaren egia jakin behar da horretarako. Zer egingo genuke guk haien lekuan egongo bagina?".

Iosu Badiola Uzin (Azpeitia, 1970) bat dator Arregiren ikuskerarekin arlo horretan. Espetxe pastoraleko taldean ibili zen Marijerekin Martuteneko presoei bisitak egiten, 2002tik 2007ra. Arregiren bitartez sartu zen Badiola espetxe pastoraleko taldean. "Nik gisa horretako lanen bat egiteko gogoa nuen, eta gure amaren bitartez hitz egin nuen Maria Jesusekin. Oso emakume irekia da, gazteekin ongi konektatzen du, eta segituan hartu genuen konfiantza. Roxario Arrieta, Marije eta hiruok joaten ginen bi astean behin presoak bisitatzera".

Badiolak begirune handia dio Maria Jesusi, eta behar duenari laguntzeko dohain berezia duela uste du. "Sufritzen ari direnekin bat egiten du Maria Jesusek, gaitasuna du horretarako. Presoen artean ezaguna da emakumea; joaten ginen bakoitzean, guztiak harengana gerturatzen ziren. Arazoak entzuteko sekulako gaitasuna du, eta hori izugarri eskertzen dute Martuteneko kartzelan bizi direnek. Zalantzarik gabe, jendearengana iristen da Maria Jesus".

"Pasio handiko emakumea" da Maria Jesus Arregi, Iosu Badiolaren hitzetan. "Ideiak oso argi ditu, eta ez du inongo zalantzarik gauzak diren bezala azaltzeko: presoei argi hitz egiten die emakumeak, zerbait gaizki egiten ari badira. Kartzelako apaizari gauzak aurpegiratzeko ere ez du inongo arazorik. Beti egia esaten du Maria Jesusek, justizia zalea da. Ezagutzen dugunok ongi dakigu: Maria Jesusi injustiziak min handia egiten dio, eta edozer gauza egingo luke hori aldatzeko".

Emakume borrokalaria da Arregi, beraz, Badiolaren ikuspuntutik, baina Maria Jesus ez da hori bakarrik. "Borrokalaria eta dinamikoa izateaz gain, oso alaia da, umorez gainezka bizi da; bere buruaz ere egiten du barre, inongo erreparorik gabe. Hala ere, gauza bat nabarmenduko nuke Maria Jesusen izaeratik; gainera, neu ere, puntu horretan, identifikatuta sentitzen naiz harekin: eztabaidaren bat dagoenean edo norbaitengatik gaizki-esaka ari direnean, Marijek beti ahulenaren alde egiten du. Berdin du harekin ados ez badago ere, momentu horretan gehien behar duenari laguntzen saiatzen da".

Badiolak dioenez, izugarri gustatzen zitzaien presoak bisitatzera joatea: "Haiei laguntzen genien, baina baita gure barrenari ere". Presoren bat gaixo bazegoen, Martutenetik irten ondoren, hura bisitatzera ospitalera joaten ziren hiru lagunak. "Behin, preso batek haurra izan zuen, eta hura bisitatzera joan ginen ospitalera. Harrituta gelditu ginen, haurra gaixo jaio zen, sindrome batekin. Denborarekin sendatuko zela esan ziguten erietxean, baina irudi gogorra izan zen". Horrelako gertaerak gordeta ditu buruan Badiolak, Marijerekin bizitakoak duen guztia baloratzen irakatsi baitio.