Eliza baino gehiago

Parrokiako Batzordean kolaboratzen hasi zenean utzi zion Arregik telefono dei haiei erantzuteari. Parrokiako Batzordeak gizarteari laguntzea du xede, Elizatik haratago. Maria Jesus junta horretan dago; zehazki, espetxe pastoralean egiten du lana. Espetxe pastoraleko esparruan Azkoitiko eta Zestoako herritarrek ere jarduten dute presoei laguntzen eta bisitak egiten.

Eliza barruan mugimendu asko daudela kontatzen du azpeitiarrak: "Guretzat Eliza ez da eraikinak egitea eta dirua sortzea. Leku guztietan bezala, guztiok desberdin pentsatzen dugu, baina Eliza barruan badaude lan izugarria egiten duten pertsonak ere".

Arregiri asko lagundu dio, pertsona bezala, Elizaren formazioak. Gazte-gaztetatik jaso du heziketa hori, eta leku onetik bideratu du bizitza osoan zehar. "Gaztetatik joan naiz Elizako taldeek antolatutako hitzaldietara, elkarrizketetara, bileretara... eta gaur naizenaren zati bat hortik jasotako heziketari zor diodala sentitzen dut. Eliza ez da Jainkoari errezatzea soilik; Elizako korronte aurrerakoienak erakutsi dit ahulenari laguntzen, guztiei bigarren aukera ematen, edonori akatsak azaltzeko aukera eskaintzen, eskuzabala izaten...". Besteei laguntzeko gaitasuna bakoitzarena den arren, Maria Jesusi bidea argitu dio fedeak, eta horregatik jarraitzen du espetxe pastoraleko taldean lanean.

1990eko hamarkadan hasi zen Maria Jesus kartzelara bisitak egiten, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako espetxeratu politikoei eta sozialei. Gaur, inguruetako hiru preso politiko soilik daude Martuteneko kartzelan, baina gehiago egon izan dira. Arregi bi igandetik behin joaten da Martutenera: "Gure lagunak dira presoak, oso ongi pasatzen dugu haiekin. Ez nioke ezergatik utziko hara joateari". Barrenarekin koherente, hara ere doinu alaiak eta erritmo bizia eramateko asmoa zuen azpeitiarrak, baina presoek zuten gitarra bakarra kartzela-zainek kendu zietela kontatzen du Maria Jesusek.

Arregik eta haren lagunek orduak pasatzen dituzte espetxeratuekin kartzelako patioan. Batzuetan, kafea hartzera gonbidatzen dituzte, eta han pasatzen dute eguna bromaz broma; besteetan, haien arazoak entzutea tokatzen zaie boluntarioei. "Mila mezu izaten ditugu presoen lagun, senitarteko eta ezagunentzat, eta oso gustura ematen dizkiegu eskumuinak presoen ingurukoei. Eginkizun polita da".

Presoek, hasieran, mojatzat hartzen zuten Arregi, hermana deitzen omen zioten. Orain ongi ezagutzen dute, eta han ikusi orduko hasten zaizkio: "Baduzu karamelurik niretzat?, Tabakoa, agian?". Ez sinestekoa omen da zein eskuzabalak diren; beste norbaitek haiei emandako karameluak bisitariei emateko prest egoten dira, nahiz eta eskuartean beste ezer ez eduki.

Bisitez gain, pastoraleko taldeak urtero, Gabonetan, opariak ematen dizkie kartzelan dauden emakumeei eta haien haurrei. "Presoekin hitz egiten dugu eta zer arropa behar duten galdetzen diegu. Gu zerrenda osatzeaz eta opariak Martutenera eramateaz arduratzen gara; Eroskik, berriz, materiala ematen digu". Duela urte batzuk presoek eginiko koadroen erakusketa antolatu zuten Betharrametako erakusketa aretoan.