Lana, komunitatearentzat

Soldatapeko lana ez da izan, ordea, Arregiren eginbehar bakarra. Erretiroa hartu aurretik, baita jubilatu ondoren ere, izerdi asko bota du herritarren alde lanean; saria azpeitiarren eta ingurukoen esker ona da.

Itxaropenaren Telefonoa deritzon irabazi asmorik gabeko erakundean jardun zuen lanean boluntario gisa Arregik, urtebetez. Erakunde horren helburua osasun mentala indartzea eta krisi egoeran dauden pertsonei laguntzea da. Horretarako, herritarren deiei erantzuten diete boluntarioek. "Larunbatetan joaten nintzen Donostiara, hiru edo lau boluntario egoten ginen, eta txandaka hartzen genituen deiak. Gure lana, batik bat, deitzen zutenei entzutea zen. Azalpenak entzun ondoren, laguntza eskaintzen genien. Psikologo talde bat zegoen nahi zuenari laguntzeko, baina herritarrek nahi zutena norbaitek entzutea izaten zen; telefonoaren beste aldean norbait isilik egotea, guzti-guztia entzuten".

Oso lan gogorra zen hura, Arregiren ustez. Mota guztietako jendeak deitzen zuen, edonolako arazoekin. Hark dioenez, pentsaezina da zenbat herritarrek behar duten laguntza. "Gizon batekin izandako elkarrizketa dut gogoan, ez zait ahaztuko. Gizon hark mila arazo zituen, arlo guztietan: lanean, familiarekin, ingurukoekin... Oso gogorra da besteen larruan jartzea".