Melodia tristeekin, aurrera

Garai latzak izan ziren haiek Maria Jesusentzat: Donostiako etxea ordaindu behar, alabaren ikasketak finantzatu behar, etxekoak mantentzeko ardura... denerako soldata bakarra zuen. Emakume langilea zen, baina horrek ez zion bermatzen ongi bizitzea. "Oso gaizki pasatu nuen, asko gogoratzen naiz lagundu zidatenekin; bakarrik nengoen, eta ez zen erraza aurrera egitea".

Garai hark betiko markatu zuen Arregi. Nerbioetatik oso gaizki ibili zen, eta artritis psoriatikoa diagnostikatu zioten. Azaleko eta artikulazioetako gaixotasuna da hori; adituen arabera, oso mingarria eta sendaezina da. Eskuetan eragin zion, gehien bat, gaixotasunak; gaur, oso mugatuta dago eskuekin lana egiteko edo kozinatzeko. Hala ere, lanean jarraitu zuen, Lagun Aron bertan, 60 urte egin zituen arte.

Oroitzapen ona gelditu zaio azken lanetik Maria Jesusi, izugarri gustatzen baitzitzaion bere ogibidea: "Azkenean, guk egia esaten zuenari laguntzen genion; hori lan betegarria da. Aseguruko paperak egiterakoan, segituan jakiten nuen nork esaten zidan egia, eta nork ez". 60 urterekin aurre-erretiroa eskatu zuen Arregik: "Bakarrik bizi nintzen, eta jada ez nuen ezeren zorrik. Pentsatu nuen iritsi zela deskantsatzeko unea". Maria Jesusen arduradunari pena handia eman zion emakumeak lana uztea, baina haren erabakia onartu zuen. Merezia zuen arnasaldia.