Langile fina

Bere ametsa musika bazen ere, etxeko ohiturei jarraitu behar izan zien Maria Jesusek: musikako ikurrak zenbakiengatik aldatu zituen. Gazterik hasi zen Arregi lanean, ikasketak amaitzerako. Aitak negozioa ireki zuen, Muebles Arregi, eta hango kontuak eramaten zituen 16 urterekin. Enpresa hura itxi ondoren, Muebles Olatzen hasi zen beharrean. Arregiren aita eta beste bazkide batzuk batu ziren, eta horrela sortu zuten enpresa. Han langileen soldatak eguneratu eta prestatzeaz arduratzen zen Maria Jesus. "Aitaren enpresako kontuak eramaten nituen nik, baina langileek greba edo protestaren bat egiten bazuten, zalantzarik gabe haiekin bat egiten nuen". Azpeitiarrak gaztetatik izan ditu ideiak argi; gaur, oraindik, langileen duintasuna defendatzen jarraitzen du, duela 50 urte bezala.

Enpresa ixtean, Urkide taldeko Maiak kooperatiban egin zuen lana. Urteetan Maiak-en lanean jardun ondoren, Arrasaten egin zuten proba batera aurkeztu zen 1992an, Lagun Aro aseguru etxean posturen bat lortzeko asmoz. "Idatzizko eta ahozko azterketak egin genituen Arrasaten, eta Donostiara joatea suertatu zitzaidan niri; ezin ezetz esan".

Donostian hasi zen, beraz, Arregi lanean, 1992ko apirilean, 47 urterekin. Kontratu iraunkorra egin zioten Gipuzkoako hiriburuan, eta oso nekeza zen harentzat egunero joan-etorrian ibiltzea. "Gizona hil zitzaidala denbora gutxi zen, alaba ere ikasten nuen; pentsatu nuen onena Donostian bizitzea zela". Aitak aholkatuta, Azpeitiko etxea mantendu zuen Arregik, ez zuen saldu, eta gorriak ikusi zituen soldata bakarrarekin etxea ordaintzeko. "Halako batean Lagun Arokoek deitu zidaten, Azpeitian egoitza irekiko zutela eta herrian lana egitea nahi al nuen galdezka. Orduan bai, ederki gogoratu nintzen gure aitarekin".