Alabaren bidelagun

Maria Jesus eta Ilazki, Galizia aldeko hondartza batean. 

"Gure ama guztia izan da niretzat: aitarena eta amarena, bien lanak egin behar izan ditu", dio Ilazki Albizuri Arregik (Azpeitia, 1974). Alabak 9 urte zituela hil zen Andoni Albizuri, aita. Marijeri suertatu zaio, beraz, alaba haztea eta heztea. Ilazkik izugarri eskertzen dio urte hauetan guztietan emandako babesa, eta gaur ematen diona. "Bihotz handia du amak, ez zaio kabitu ere egiten barruan. Txikitatik ama arazoei aurpegia ematen ikusi dut, guztiari aurre egiten. Oso indartsua da".

Maria Jesus eredua izan da alabarentzat, umetatik. Ilazkik badaki amak ez duela batere bizitza erraza izan, mila ezusteri aurre egin behar izan diela, eta hark hartutako bidea miresten du. "Egiten dituen gauza guztietan esfortzu handia jartzen du gure amak. Emakume indartsua da, energiaz betea, zintzoa, jakingura handikoa eta umoretsua; oso alaia eta umoretsua".

Marijek bizitzako hautuak egiteko askatasuna utzi dio Ilazkiri. Ikasketak hautatzerakoan, kasu, bidea zabalik utzi zion, gehien gustatzen zitzaiona aukera zezan. "Psikologia ikasi nuen Bilbon, eta hasieratik izan dut amaren babesa eta laguntza; ez dut kexatzeko inolako arrazoirik". Esan gabe doa, Arregik alabari musikarenganako zaletasuna ere erantsi zion. "Gure amaren bizitzako zati garrantzitsua izan da musika, oso bereziak izan ziren harentzat Unai Hirukoan abesten jardundako urteak. Nola ez, gure etxean musikak bere lekua izan du beti: umetan, egongelan esertzen ginen, eta Unai Hirukoaren abestiak kantatzen genituen. Oroitzapen politak ditut". Maria Jesusek bere bizitzako zaletasuna transmititu zion, beraz, ondorengoari: "Oraindik ere abesten dugu, noizbehinka. Amari izugarri gustatzen zaio abestea; egia esan, niri ere bai, baina amarena... harena berezia da".

Urte hauetan, Maria Jesusek ez dio askatasuna soilik eskaini alabari, babesa eta laguntza ere eman dizkio. "Badakit zerbait behar dudan bakoitzean, ama hor egongo dela. Oso ongi konpontzen gara, eta egunerokoan asko laguntzen dit. Haurrekin, adibidez, denbora asko pasatzen du. Denontzat ona da hori: niri laguntzen dit, eta bitartean, hark ere ongi pasatzen du. Nabari zaio bilobak izugarri maite dituela, pare bat egun ikusi gabe pasatzen baditu, haiekin egoteko beharra sentitzen du".

Ama asko bezala, Maria Jesus agintzailea dela ere aitortzen du alabak. "Guztia txukun-txukun izatea, eta gauzak berari gustatzen zaizkion bezala egotea gustatzen zaio. Jenio biziko pertsona da". Bere izaerak eman dio, Arregiri, ziur aski, aurrera egiteko duen indarra. Gauzak oso argi ditu emakumeak, eta horrela egin du aurrera bizitzan.